II. Errepublikaren erlijio-erreforma

II. Errepublikaren gobernu berriak konstituzio berri bat sortu zuen 1931n. Hainbat erreforma egin baziren ere, garrantzitsuenetako bat – eta Parlamentuan eztabaida handienak sortu zituena– Estatuaren eta Elizaren arteko banaketa izan zen, eta neurri esanguratsuena jesuiten kanporaketarena izan zen. Gobernu errepublikanoaren helburuen artean, Elizaren eragina murriztea zegoen. Garai horretakoak dira, besteak beste: dibortzio-eskubidea, kultu askatasuna, erlijiosoak ez diren ezkontzak onartzea, Elizak ordura arte hezkuntzan zuen eskumenaren debekua...

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak

  • Balio demokratikoak ezagutzeko gogoa izatea.
  • Gizartea aldatzeko gaitasuna sustatzea.
  • Erlijio mota ezberdinekiko errespetua izatea.
  • Askatasun pertsonala zer den ulertzea.
  • Gertakarien eta haien ondorioen inguruko jakin-nahia izatea.
  • Gure historia ezagutzeko interesa piztea.
  • Informazio-iturriak bilatzen eta aukeratzen jakitea.
  • Hausnarketa pertsonala garatzea.
  • Gizaki oro errespetuz tratatzea.

 

Bideoa ikusi aurretik

Gaiaren aurkezpena egin: II. Errepublikaren aldarrikapenaren ondorioz, gobernuak erlijioaren gaian egin zituen erreformak eta hauen ondorioak. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

- Zer uste duzue dela erlijioaren erreforma bat?

- Ba al dakizue zer den estatu laiko bat?

- Zure ustez, zein da gaur egun Elizaren edo erlijioaren eragina estatuan edo hezkuntzan?

- Zer emozio edo pentsamendu sortzen dizkizie erlijioaren eta estatuaren arteko harremanaz hitz egiteak?

- Zer uste duzue gertatzen delav estatua eta erlijioa nahasten direnean? Eman al dezakezue adibideren bat?

- Herrialde guzietan Eliza edo erlijioa berdin tratatzen dela uste al duzue? Zein desberdintasun ezagutzen dituzue (adibidez: Frantzia, AEB, Iran...)?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. (Adib.: “sekularizazioa", "ordena erlijiosoak", "dibortzioa", "kanposantu zibila”…)

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela Argitu zalantzak. 
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

- Zer iritzi duzue bideoan erakutsitako neurriez? Ulergarriak iruditzen al zaizkizue?

- Zuen ustez, estatu batek Elizaren boterea mugatu behar al du? Zergatik?

- Gaur egunon gizartean, ba al dago oraindik tentsiorik erlijioaren eta estatuaren artean? Adibideren bat bururatzen al zaizue?

- Zergatik aldarrikatzen dituzte "askatasuna" eta "eliza behera" bezalako lemak?

 

3. Azken ekoizpena: Azken ekoizpena egiteko lau adibide dituzte hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • Bestearen azalean. Ikasleek albiste bana idatziko dute, 1931ko maiatzean eraikuntza erlijiosoen kontra izandako erasoak ardatz hartuta eta garai hartako pertsonaia baten azaletik. Ikaslea ez da kazetaria izango, beraz, baizik eta gertaerak zuzenean bizi izan zituen pertsona.

Ikasleek hauetako pertsonaia baten rola (edo beraiek aukeratutako besteren batena) aukeratu dezakete:

 

  • Alkate errepublikazale bat (adib. Madrilgoa edo Bilbokoa)
  • Apaiz edo fraide bat (komentu edo parrokiako kidea)
  • Emakume katoliko bat (hiritar arrunta, eliza bisitatzen duena)
  • Gobernu zibileko ordezkari bat (agintari bat, istiluak kontrolatzeko ahaleginean)
  • Gazte errepublikazale bat (manifestazioetan parte hartzen duena)

 

Albisteak lau puntu izan beharko ditu: izenburua, sarrera, gorputza eta amaiera.

 

 

  • Izenburua hartzen den ikuspegiarekin lotuta egon daiteke.
  • Sarrera: gertaera leku eta momentu zehatzean kokatuko du.
  • Gorputza: gertaeraren inguruko azalpenez gain, gertaera horrek pertsonaia nola sentiarazi duen eta bere inguruan zer-nolako ondorioak izan dituen ere azaldu daiteke.
  • Amaieran: hausnarketa

 

Albistea ilustratzeko, argazki historiko bat ere erabil dezakete, benetakoa edo fikziozkoa, eta egunkari zaharraren itxura ere eman diezaiokete.

Azkenik, gelako pareta batean jarriko dituzte testu guztiak, eta, hala, denek izango dute besteen albisteak irakurtzeko eta egin dituzten diseinuak ikusteko aukera.

 

  • Historia egiten. Ikasleek ikerketa txiki bat egingo dute, Espainian gertatu ziren jesuiten kanporaketen inguruan (XVIII. mendean, XIX. mendean eta XX. mendean). Helburua da hiru epealdi ezberdinetako kanporaketaren zergatia ulertzea eta hiruren arteko antzekotasunez jabetzea.

Ikasleek garai bakoitzeko testuingurua ikertu beharko dute, momentu horietan Espainian zer gertatzen ari zen ulertzeko. Antzekotasunak eta desberdintasunak taula batean ordenatu  ditzakete.

Ikerketaren emaitza gehienez hiru orri izango dituen txosten batean jasoko dute. Amaieran, ikertutakoa bateratuko dute, eta jesuiten kanporaketetan errepikatzen diren 2-3 faktore nagusiak arbelean idatziko dituzte.

 

  • Testigantza bila. Testigantzak bilatu, eta haien inguruan hasnartzera gonbidatuko ditugu ikasleak. Ahotsak.eus webgunean, II. Errepublikak erlijioan izan zuen eraginari buruzko hainbat testigantza aurkitu daitezke: gurutzeak kentzea, eliza erasotzea, kantak, anekdotak… Hona hemen adibide batzuk.

 

 

Binaka edo hirunaka jarrita, bideo-pasarte bat aukeratuko dute Ahotsak.eus webgunean bilaketa eginda (https://ahotsak.eus/gaiak/080204/). II. Errepublikarekin eta erlijioarekin (elizak, komentuak, apaizak, mojak…) izango du zerikusia. Interesgarria da talde bakoitzak bideo-pasarte desberdina aukeratzea. Nola egin? Aukeratu ahala, izenburua arbelean ipintzen joan daitezke, eta ezingo da errepikatu. 

Pasartea ikusi, eta iritzi-trukea egingo dute. Ondoren, aurkezpen txiki bat prestatuko dute, gelakideen aurrean azaltzeko, gehienez ere bost minutukoa.

 

  • Ika-mika. II. Errepublikan eztabaida sortu zuten hainbat auzi izan ziren, esaterako, Dibortzioaren legearen ingurukoa edo hilerri zibilen ingurukoa. Ikasleak taldeka jarriko dira eta, garaiko pertsona ezberdinen azalean sartuta, legebiltzar bat antolatuko dute, gisa honetako auziak nola eztabaidatzen ziren jakiteko. Talde bakoitzak bere ikuspegia defendatu beharko du legebiltzarrean.

 Helburua da gizarte-aldaketa sakonen aurrean sortzen diren gatazkei  buruz hausnartzea eta modu baketsuan iritzi desberdinak mahai gainean jartzea. Gainera, erreformei buruzko ikuspegi ideologiko eta sozial desberdinak azatertzeko aukera ere emango die ariketa honek. 

Ikasleak 4-5 laguneko taldeetan banatuko dira, eta talde bakoitzak paper bat aukeratuko du. Ondorengo proposamen hauen artean aukeratu dezakete, edo beste bat(zuk) asmatu.

Errepublikazale laikoak:

  • Erreformak defendatzen dituzte eta gizartea modernizatu nahi dute: emakumeek eskubide gehiago izatea, estatua eta erlijioa bereiztea...

Eliza Katolikoaren defendatzaileak (apaizak eta fededunak):

  • Dibortzioa eta hilerri zibilak santutasunaren aurkakotzat jotzen dituzte.
  • Estatua Elizarekin koherentea izan behar da.

Familia katoliko tradizionala (gurasoak eta seme-alabak):

  • Zalantzati daude. Ez dute Eliza haserrearazi nahi, baina, emakumeak dibortziatu egin nahi du.

Emakumeen eskubideen aldeko talde feminista:

  • Dibortzioaren aldeko jarrera irmoa: emakumeak ez dira senarraren mendekoak izan behar.
  • Hilerri zibila beharrezkoa da erlijio askatasunerako

 

Jarduera prestatzeko, iaksleek hausnarketa egingo dute, honako galdera hauek erantzunda:

  • Zergatik zen dibortzioa polemikoa 1930eko hamarkadan?
  • Zer esan nahi zuen "hilerri zibila" proposatzeak?
  • Nola eragiten zieten erreforma hauek emakumeei eta familiei?
  • Zer ondorio sozial edo pertsonal izan ditzake zuen jarrerak garaiko Espainian?
  • Zer beldur edo arrisku sumatzen dituzue Errepublikaren lege berri hauek onartuz gero?
  • Nola erreakzionatuko lukete garaiko beste talde sozial batzuek zuen jarreraren aurrean?

 

 Talde bakoitzak testu labur bat prestatuko du bere rola ulertzeko, eta       bere rolari dagozkion argudioak prestatuko ditu.

Ondoren, eztabaida publiko bat egingo dute talde guztiek. Talde bakoitzak 3-4 minutuan hitzaldi txiki bat emango du eta, ondoren, galdera eta erantzunen txanda helduko da. Irakasleak moderatzaile lanak egingo ditu. 

Azkenik, bozketa egingo da eta ikasleek banakako botoa emango dute:

Legebiltzarrak onartzen al du dibortzio legea?

Legebiltzarrak onartzen al du hilerri zibila?

 

Bozka bukatuta, rol ezberdineta nola sentitu diren komentatuko dute taldean, eta garai hartako gizartearen sakabanaketa ideologikoaz hausnartuko dute. 

Ikasleek ikerketaren emaitza idatziz emango diote irakasleari. Ondoren, talde bakoitzak ahozko aurkezpen bat egingo du gelakideen aurrean.

 

 

4. Ekoizpena partekatzea. Antzezlanak eta ahozko zein idatzizko aurkezpena egingo dute ikasleek.

 

Ebaluazio-irizpideak

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

  • Ea gaiak interesa piztu dion.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea balioesten duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen. 

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:

 

1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Egungo eta iraganeko prozesu eta gertaera historiko, geografiko eta sozialei buruzko informazioa bilatzea, hautatzea, antolatzea eta komunikatzea, hainbat euskarritan aurkeztuz, eta zereginaren helburuak kontuan hartuz.
  • Aro Garaikideari lotutako gai geografiko-historikoei buruz modu kritikoan argudiatzea, banaka zein taldean, askotariko iturri fidagarriak kontrastatuz eta baloratuz, jakintzagaiaren berezko terminoak eta kontzeptuak egokiro erabiliz.

 

 2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek lurraldean eta paisaian duten eragina ezagutzea, mundu-mailan, natura-, landa- eta hiri-ingurunea kontserbatzen eta hobetzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz.
  • Jarduera ekonomikoek eta mugimendu demografikoek gizarteeetan duten eragina aztertzea, baliabideak modu unibertsal, zuzen eta bidezkoan eskuratzen laguntzen duten portaerak eta ekintzak identifikatuz, gaur egungo erronka demografikoak kontuan hartuta.

 

 3.  konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Gaiaren ulermena islatzen duten produktuen bidez, aro garaikideko antolaketa politikoaren eredu nagusiak mundu-mailan, estatu-mailan eta tokikoan adieraztea eta azaltzea; eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak ezartzen lagundu zuten sistemei arreta berezia eskainiz, eta eskubide eta askatasun horiek erabiltzeko garaian atzerakadak izan zituzten aldiei edo egoerei kontrajarriz.
  • Aro Garaikidean kontzientzia solidarioa sortu, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatu eta desparekotasuna ezabatzeko lan egin zuten mugimenduak eta arrazoiak antzematea, parte hartzeko eta lan egiteko era guztietako estrategiak erabiliz.

 

 4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Historia Garaikidearen eta egungo antolaketa politiko eta ekonomikoaren ezagutza esanahitsua bereganatzea eta eraikitzea dedukzio-prozesuen eta proiektu edo erronken bidezko lanaren bitartez, landutako gaiak ulertzen direla islatzen duten produktuak prestatuz.
  • Aro Garaikideko aldaketa historiko esanguratsuen prozesuak aztertzea, baita gizarteek aurre egindako erronka nagusiak ere, kausak eta ondorioak identifikatuz, jakintzagaiaren berezko termino eta kontzeptu teknikoak erabiliz eta gertaerak sekuentzia kronologikoen bidez erlazionatuz.

 

5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Aro Garaikidean zehar portaera demografikoak, horien eboluzioa, izan dituzten aldaketak eta haien zikloak ezagutzea eta interpretatzea, kontzeptu tekniko zehatzak erabiliz eta gaur egun munduan ditugun arazo eta erronka nagusiekin lotuz.
  • Aro Garaikidean ezagutzen diren bizi-etapen eta bizimoduen ezaugarriak identifikatzea, gaur egungoekin konparatuz, bien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak bereiziz, horien ezagutzak eskaintzen duen aberastasuna baloratuz eta gure inguruan eta ingurune hartan osasungarria eta jasangarria denaren arteko distantzia hautemanez

 

6. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Ekonomiaren garapenaren ideiaren eta horren gizarte-, lurralde- eta ingurumen-ondorioen esanahi historikoaren ezagutza aplikatzea, nazioartean, estatuan eta tokian, agiri ekonomikoen bidez, hazkunde eta atzeraldi erritmoak eta zikloak daudela ulertuz, eta planetaren jasangarritasuna bermatuko duten portaera ekosozialak hartzeko beharra kontuan hartuz.
  • Aro Garaikideko sistema ekonomikoak eta haien garapen-prozesuak aztertzea eta azaltzea, eta elkarren artean alderatzea, haien arteko erlazioak eta baita nazioartean sortu eta sortzen dituzten gatazkak identifikatuz, eta gizarte-eskubideen garrantziarekin eta oinarrizko baliabideetarako eskubide unibertsalaren beharrarekin lotuz.

 

7. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Historia Garaikidean zehar garatu diren kultura- eta politika-prozesuak gaur egunera arte eraiki diren talde-identitateekin lotzea, norberaren eta besteen identitatea osatzen joan diren ezaugarriak ezagutuz eta errespetatuz, eta bakoitzaren esanahi askotarikoak eta kultura unibertsalari egindako ekarpenak aztertuz.
  • Aro Garaikideko ekarpenak identifikatzea eta azaltzea, ondare historiko, instituzional, artistiko eta kulturala munduko herritarren ondare komun gisa aintzat hartuz eta balioetsiz, eta tokiko, autonomiako, nazioko, Europako eta mundu osoko talde-identitateen oinarritzat onartuz.

 

8. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Gaur egungo estatu eta hegemonien sorrera eta garapena ezagutzea, Espainiako estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eraketa barne, eta horiek espazioan eta denboran kokatzea, haiek osatu dituzten elementu historiko, kultural, instituzional eta erlijiosoak integratuz, sortutako errealitate multikulturala azalduz eta haien ekarpen garrantzitsuenak identifikatuz.
  • Jarrera ez-diskriminatzaileak erakustea eta aniztasun soziala eta multikulturala aintzat hartzea, inklusioa, gutxiengo etniko-kulturalen onarpena eta kolaborazioa baloratuz, gizarte-kohesioa bultzatzen duten balio gisa.
  • Gizonen eta emakumeen benetako berdintasunaren alde argudiatzea, hainbat esparrutan aro garaikidean zehar emakumezko pertsonaia garrantzitsuek egindako ekarpena nabarmenduz eta baloratuz, eta edozein egoeratan generoagatiko edozein jarrera eta portaera diskriminatzaileren aurka jardunez.

 

9. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

 

  • Aro Garaikidean zehar, zibilizazioek egindako kultura-, arte-, zientzia- eta pentsamendu-ekarpen aipagarrienak ezagutzea eta azaltzea, eta egungo euskal eta espainiar kulturak garaiko korronte kulturalekin lotzea, egungo kulturen erroak nabarmenduz eta beste edozein adierazpen kultural errespetatuz.

 

II. Errepublikaren aldarrikapenaren ondorioz sortutako gobernu berriak bi erreforma nagusi eraman nahi zituen aurrera: Elizarena eta Hezkuntzarena. Elizaren erreformaren helburua ordura arte honek gobernuan zeukan indarrarekin apurtzea zen, hau da, Estatuaren eta Elizaren banaketa ematea.

Iñaki Iñurrieta (Soraluze, 1918): Lehenao, ba, Elixia zan Estaduan gehixen aintzen ebana. Ta ya “separación de la Iglesia y del Estado” ein zeben.

Espainiako gizartean sekularizazio prozesu bat bultzatzeko, zenbait lege eta neurri hartu ziren: Elizarentzat dirulaguntza publikoak kentzea, Elizaren kontrola murriztea eta haren ondasunak konfiskatzea izan ziren haietako batzuk. Elizak eta komentuak erre zituzten eta Elizarekin lotutako askok ihes egin behar izan zuten.

Lucia Egues (Berastegi, 1925): Errepublikanuak apaiz jendia persegittua zuen.

Kontxita Zaldua (Urnieta, 1924): Nola erre zan hoi, ta Santa Barbaratik bota zittuen ez dakit zenbat bonba, ta… sutan ikusten gendun guk basarritikan hoi. Baiña komentu ikaragarria zan. Gu han gaudela, fuera platera guzik eta elizako traste guzik eta. Gu han jarri hairi begira, “esto fuera, y el otro fuera y el otro fuera”, ta denak txikitu zittuen.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Notre Dameko moja gaixuak egondu zian basarri batian ikuilun atzian gordeta; eta gero, Baionatikan etorri kotxe bat eta in zittuen eraman.

Estatu laiko bat eraikitzeko sortutako konstituzioaren neurrien artean, II. Errepublikak ezkontza zibilaren legea eta dibortzioarena onartu zituen 1932an, eta kanposantu zibilak eraikitzeko baimena eman zen baita ere:

Candido Eguren (Eiibar, 1906): Hiltzen zianak, elizatik ez zianak pasatzen, terrenua aparte zeuan. Entierro zibiletakuak, horrek, “en tierra no bendita”. Horrek Republika denporan kendu zian horrek paretok eta bat ein zan ha. Marzelino Baskaran zan lehenengo…”el cura laico”.

Hezkuntza laikoaren aldeko lanean oso polemikoa izan zen beste erreformetako bat hezkuntza erlijiosoarekin bukatzea izan zen, honek Elizak zuen kontrola murriztuko zuelako. Ordura arte, ordena erlijiosoek zeukaten hezkuntzako eskumena, eta, batez ere, jesuitek. Ondorioz, 1932an, jesuiten ordena desegitea, fraideak Espainiatik kanporatzea eta haien ondasun guztiak nazionalizatzea erabaki zen. 

Cecilia Kortabarria (Antzuola, 1928) eta Luis Anduaga (Antzuola, 1922): Cecilia: Relijiñua dana... Luis: Dana kendu zeban. Cecilia: Dana kendu Republikiak.

Elizaren erreforma honek erresistentzia eta tentsio handiak eragin zituen politikan, sektore kontserbadoreetik eta Elizatik batez ere, klerikalismoaren defentsan. Gizarteari begira, ordea, errepublikak zekarren askatasunaren aldeko kantak eta Elizaren kontrakoak abesten ziren nonahi.

Mercedes Telleria (Eibar, 1913): “Floriente primavera del año 31, contigo ha florecido nuestra libertad...”

Luciana Larrreategi (Eibar, 1912): “... como una rosa roja que nace en la tierra, regada por la sangre de Hernandez y Galán. Cantemos españoles, rompamos las cadenas…”

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Ta guk tabernan entzuten giñun abestik…

Mertxe Hidalgo (Gernika-Lumo, 1928): “Si supieran los curas y frailes la paliza que les iban a dar...”

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): “... subirían al coro cantando...”

Jose Mari Anitua (Markina-Xemein, 1924): ”... Libertad, libertad, libertad”.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza