Aniztasun handia daukagu, kultura- eta hizkuntza-aniztasun izugarria, gure herrietan eta ikasgeletan. Bideo honetan hainbat ohiturari eta hizkuntzari buruz hitz egiten dute elkarrizketatuek; asko gure ikastetxeetako ikasleak eta gurasoak dira.
Mailak: LH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza, Balio etikoak
Gaiak: Integrazioa, Bizikidetza
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Aurrezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa gure inguruko aniztasunari buruzkoa dela esanda:
-Nongoak dira zure gurasoak? Kanpokoak direnak, nolatan etorri ziren Euskal Herrira?
-Jatorrien zerrenda bat egin dezakegu eta munduko mapan kokatu.
-Nolakoak dira aipatutako herri/herrialde horiek? Zer berezitasun dituzte? Kontatu nolakoak diren! Zein da urrutien dagoena? Zein da desberdinena? Zergatik?
-Zenbat hizkuntza hitz egiten dira guztira gela honetan? Hizkuntzen zerrenda egin dezakegu eta hizkuntza horietan "kaixo" hitza idatzi.
-Zer abantaila eta zer desabantaila ditu "desberdina" izateak? Zuen ustez, baloratzen al da hizkuntza- eta kultura-aniztasuna?
-Aipatu zuen etxeetan mantendu diren ohiturak: jakiak, jantziak, ospakizunak (adibidez, kuskusa, matea...).
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Zer da integrazioa? Nola ulertzen duzue? Noiz dago pertsona bat herri batean integratuta?
-Elkarrizketatu guztiek euskaraz hitz egiten dute. Zuen ustez, euskarak balio al du errazago integratzeko?
-Ezagutzen al zenituzten bideoan aipatu diren herrialdeak, hizkuntzak eta ohiturak?
-Ba al zenekiten armenieraz eta euskaraz hitz batzuk berdin esaten direla?
-Ospakizunak aldatu egiten dira kultura batetik bestera. Ba al dakizue Txinan urtea ez dela urtarrilean hasten? Noiz hasten da?
-Ba al dakizue zer den Ramadana? Noiz izaten da? Zergatik egiten da? Zer erlijio ezagutzen dituzue?
-Gabonak erlijio katolikoarekin lotuta daude, eta ez dira toki guztietan ospatzen. Oparien ohitura ere aldatu egiten da toki batetik bestera. Hona Olentzero eta erregeak etortzen dira... eta beste toki batzuetara?
Gelan bertan dagoen aniztasunaz jabetzeko, collage batzuk egitea proposatzen dugu, gelako atean edo Ikastetxeko korridoreetan jartzeko, bertatik pasatzen direnek ikus ditzaten. Mapa bat ere izan daiteke, toki desberdinetako ezaugarriak erakusten dituena.
Azkar egiteko modukoa baina aldi berean ikusgarria izatea komeniko litzateke. Ikasleak taldeka banatuko dira, eta talde bakoitzak panel bat prestatuko du, egoki iritzitako eran. Koloretako kartoi meheak erabil daitezke horretarako. Margoak, koloretako paperak, argazkiak, marrazkiak... Irudimena erabiltzera gonbidatuko ditugu
3. Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak. 101 L webgunea ezagutuko dugu. Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jaso eta ezagutarazteko sortu zen egitasmo hori, 2015. urtean. Ehun hizkuntza baino gehiago jaso dituzte. Ikasleak webgunean sartu, eta arakatzera gonbidatuko ditugu. Modu asko daude bilaketak egiteko: herriaren arabera, hizkuntzaren arabera, elkarrizketatuen izenaren arabera eta proiektuaren arabera.
Binaka edo talde txikitan ipini, eta taldetxo bakoitzak hizkuntza bat (ezezaguna zaiona) aukeratu dezake eta taldekideekin hizkuntza horren gainean hausnartu. Ondoren, taldeko bozeramaileek hizkuntza horren berri emango diete gelakideei, ahoz eta gehiegi prestatu gabe (modu nahiko inprobisatuan): non hitz egiten den, zer berezitasun dituen, zergatik iruditu zaien erakargarria...
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete. Proposamenak ikasleen gaitasunen eta erritmoen arabera moldatu daitezke; irakasleak erabakiko du hori nola egin.
|
|
|
|
|
|
|
Grabazio guztiak ez daude sareratuta oraindik. Ikasleek hala nahi badute, posible da 101l.ahotsak.eus webguneko beste elkarrizketatu bat aukeratzea ere, euskaraz hitz egiten duena; hona hemen adibide batzuk: Khalila, Sidi, Wednesday, Ding Chen, Petra Elser, Jordi Serra, Zishan Tariq, Barry Manley, Aritz Branton, Aurel Ibo, Miki Lamedica, Thomas Pierre, Cristina, Hassun...
Ikasleek ahozko aurkezpen labur bat egingo dute, egokitu zaien pertsona horri buruz eta iritzia ere emango dute. Aurkezpena prestatu egingo dute; pantaila bat eta bozgorailua beharko dira, bideo-irudiak ikusteko.
|
Ariketa honek bideoan agertu diren pertsonak gehiago ezagutzeko eta gertuago sentitzeko balio dezake, eta inguruan daukagun aniztasunaz hobeto jabetzeko.
Hona hemen herri/herrialde horri buruz lortu dezaketen informazioa:
Ikasle bakoitzak ahozko aurkezpen txiki bat egingo du aukeratu duen herriari edo herrialdeari buruz. Argazkiak erakutsiko ditu, inprimatuta edo pantaila batean, azalpenei laguntzeko. Posible da baita ere PPT bat edo antzeko aurkezpenen bat prestatzea, aurkezpena aberasteko.
Munduko mapa batean edo bola batean jatorri guztiak ipintzen joan daitezke ikasleak; txintxetak erabil ditzakete horretarako.
Lau adibide dakartzagu hona, baina posible da ikasleek beste eskulan batzuk proposatzea ere. Hori bai, munduko beste toki bateko eskulana izatea komeni da, ez Euskal Herrikoa.
Behar den materiala:
|
Politena ikasleek “piñata” modu tradizionalean egitea izango litzateke. Adibiderako, ikus bideo hau. “Piñata”k egitea nahiko langintza luzea izaten denez, hona hemen “piñata”k erraz egiteko bi adibide: 1. “Piñata” erraza paperezko lanpararekin (soketatik tiraka irekitzen da; ez dago makilarekin jo beharrik: arrisku gutxiago). 2. “Piñata” kartoizko kaxarekin.
b. "Amets-harrapatzailea". Ipar Amerikako herri indigenen ohitura da. Amesgaiztoak uxatzeko balio du: amets politenak soilik uzten ditu pasatzen; amesgaiztoak katigatuta geratzen dira. Armiarma sare baten antzekoa da, eta zintzilik ipintzen da, normalean logelan. Norberarentzat egin daiteke edo norbaiti oparitzeko.
Behar den materiala:
|
Nola egin erakusten duen bideo bat. Modu askotakoak daude; ikasleak bere gustukoa aurkitu dezala.
c. "Origami". Japoniako eskulan bat da eta "papera tolestea" esan nahi du. Hainbat forma egin daitezke papera tolestuta: animaliak, loreak... Hori bai, debekatuta dago guraizeak erabiltzea!
Behar den materiala:
|
Origami loroa nola egiten den ikus daiteke bideo honetan. Ikasleek nahi duten forma aukeratu dezakete, noski. Posible da hainbat forma egiten ikastea ere! Adibidez, taldekide bakoitzak forma bat egiten ikastea eta gero lagunei nola egin erakustea.
d. "Pazkoako arrautzak". Europa ekialdean eta erdialdean arrautzak margotzeko ohitura dute, Pazkoa garaian. Ondoren, ezkutatu egiten dituzte, eta umeek topatu egin behar dituzte. Arrautza egosiekin egin daiteke eta baita ere arrautzei zulotxoa egin eta barrutik hustuta. Arrautza egosiak direnean, erabiltzen den pintura berezia da, eta arrautza jan egin daiteke. Arrautza hutsek, berriz, apaingarri moduan balio dezakete, ez baitira usteltzen.
Behar den materiala:
|
Hona hemen arrautzak margotzeko modu bat, janarirako koloragarria erabilita.
Talde bakoitzak egindako eskulanaren ahozko aurkezpena egingo du. Nongo ohitura den, zer material erabili duten, nola egin duten… eta, bukaeran, emaitza erakutsiko dute.
Hemen Aniztasun Festa horretako osagai posible batzuk:
"Brigadeiro" OSAGAIAK:
|
Aukera bat: familiako norbait edo lagunen bat gonbidatzea Aniztasun Festara. Ikastetxe osoko festa ere izan daiteke. Festa grabatzea proposatzen dugu, gero ikusi eta baloratu ahal izateko. Irudiekin bideo bat osatu daiteke, egoki iritzitako eran zabaltzeko: posible da, adibidez, hurrengo ikasturtean ikasleei erakustea.
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo emanaldia egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ahal dela, jarduerak grabatu egingo dira, bideoz (ondo egindakoez eta hobetu beharrekoez jabetzeko eta etorkizuneko beste ekoizpen batzuekin alderatzeko). Festaren kasuan ere txoko guztietako jarduerak grabatzea proposatzen da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarriak gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.
Ebaluazio-irizpideak
A) Ikasleen autoebaluazioa. Ikasle bakoitzak zertan ikasi duen, zer ikasi duen eta talde gisa zer ikasi duen zehaztu beharko du. Ikasleek euren autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ea gaiak interesa piztu dion.
Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikaziorako gaitasunei buruz
Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
Ea balioesten duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
B) Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan hartu ditzakeen irizpideak, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:
1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Ea gai den norberaren kontzeptu egoki bat eraikitzeko, gainerakoekin eta naturarekin lotuta, modu seguru eta kritikoan, identitateari buruzko ezaugarriekin lotutako informazio analogikoa eta digitala eta adierazpen artistikoak antolatuz eta sortuz.
Ea gai den bere autoestimua eta autonomia garatzeko, besteekin harmonian, emozioak adieraziz eta identifikatuta eta desioak eta helburuak argituz.
Ea gai den identitatea garatzearekin lotutako oinarrizko kontzeptuen inguruan gogoeta egiteko (emozioak eta sentimenduak, autoestimua, adiskidetasuna, maitasuna, familia, kultura...), banakako eta taldeko ikerketa-dinamiken bidez.
2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Ea posizio moral autonomoa sortzen duen, deliberazio arrazionalaren bidez eta beste batzuekiko errespetuzko elkarrizketaren bidez, zenbait balio eta bizimoduren inguruan.
Ea bizikidetza baketsua, errespetuzkoa, demokratikoa eta bidezkoa sustatzen duen, baita gatazkak konpontzeko konpromisoa ere, halakorik dagoenean, gizakiaren izaera sozial eta politikoari buruzko ikerketatik abiatuta.
Ea genero-berdintasuna, indarkeriaren gaitzespena eta gutxiengoekiko eta identitate desberdinekiko errespetua bezalako balioekin konpromiso aktiboa hartzen duen, balio horiekin lotutako arazo tokiko eta globalei buruzko argudio-elkarrizketatik abiatuta.
4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Ea galderaren izaera kontzeptu gisa ulertzen duen, zalantzan jartzeak giza jardueran duen garrantzia baliaraziz eta ingurune hurbilean esparru etiko-zibikoko galderak identifikatzeko eta lantzeko gaitasuna garatuz.
Ea elkarrizketa kooperatiboaren bidez besteekin interakzioan jarduten den, jokabide gizalegezko eta demokratikoak eta balio komunek, errespetuak eta enpatiak bideratutakoak modu arrazoitu eta autonomoan hartuz.
Ea pentsamendu konplexua oinarritzen duten pentsamendu-trebetasun nagusiak garatzen dituen: pertzepzio-trebetasunak (entzutea, behatzea...), ikerketa-trebetasunak (hipotesiak formulatzea, aukerak hautatzea...), kontzeptualizazio trebetasunak (definitzea, alderatzea...), arrazoitze-trebetasunak (arrazoiak ematea, zatiak eta osotasuna erlazionatzea...) eta itzulpen-trebetasunak (interpretatzea, inprobisatzea...) dinamika gidatu indibidual eta kolektiboen bidez.
5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Ea norberaren eta besteen emozioak eta zaintza modu orekatuan kudeatzeko jarrera garatu duen, norberaren emozioak identifikatuz, aztertuz eta modu asertiboan adieraziz eta besteenak antzemanez eta baloratuz, sormen- eta hausnarketa jardueren inguruan.
Ea adiskidetasunean, maitasunean eta besteen eta ingurunearen zainketan oinarritutako jarrera hartzen duen, beste pertsona batzuekiko eta ingurunearekiko interakzio zibiko eta etikoaren esperientzia afektibotik eta horren inguruko gogoetatik abiatuta.
Yu Shuan: Nire izena Yu Shuan da eta nire gurasoak txinatarrak dira.
Stefia: Ni Stefia naiz eta 9 urte ditut.
Cecilia: Cecilia Ruiz Montoya. Mexikon, Iparralden, Chihuahua estatuan.
Quico: Ni Quico naiz. Katalana naiz.
Mohamed: Ni Mohamed naiz, 11 urte ditut.
Sadina: Sadina naiz. Ni Albanian jaio naiz.
Vahe: Vahe naiz, Vahe Papyan. Armeniarra naiz.
Malaika: Ni Malaika Ihsanullah naiz, Pakistaneko herrialdetik etorritakoa.
Emilio: Ni Emilio naiz. Italiarra naiz.
Irina: Bueno, ni Irina naiz. Errusiakoa naiz.
Aisha: Ni Aisha Ourdi El Alaoui naiz. Jatorriz Marruecosekoa naiz.
Mia: Ni Mia naiz. Mia Rissanen da nere izen osoa eta suomitarra naiz, Finlandian jaio nintzen.
Awa Balla: Ni Awa Balla naiz eta nire ama Senegalekoa.
Mia: Negu aurretik justu iritsi ginen eta Gabonen zain negon eta Gabonak neretzat ez ziren iritsi, hola esateko modun. Bueno, egia esan, Gabon guztiak Finlandian pasa nitulako eta han beti zuritu iten da, oso iluna da, eguna motz-motza da, ez dago ezer berderik naturan… Ordun, hemen hainbeste berde ikusita, belarra hazi eta hazi eta hazi urte guztian zehar, ba, neretzako Gabonak, bueno, dekorazioan-eta zerbait nabaritu nun, baiño ez ziren iritsi urte horretan.
Malaika: Hasieran hori bai, kostau… “Nun dago Meca?”. Pixkat ni hasieran Googlemaps hartu, “Aber, bale, Meca dago hor”, ba, pixkat bale, mobilla hartu ta jun bihar gara hemen, edo hor.
Aisha: Aber, ramadama eitten dana da “ayuno” moduan. Hogeta hamar, hogeta bederatzi egun… hilabete bat. Goizeko bostetan eta bederatziak arte ezin zara ezebez jan, ez ura, ez janaria… ezebez. Eta azkenian da mentalizatzia, e! Jentiak esaten dau: “Jo, baiña nola egongo zara kafia edan barik edo ura edan barik?”. Baiña, azkenian, da… vamos, konbenzitzen zara ezin dozula jan eta ez dozu jaten. Purifikatzeko eta gero beste… hori da, ez dakatenai… bere lekuan pixkat egotia, esaten “jo, ni nago egitten, baiña hauek urte osuan dauz holan”.
Cecilia: Nire alaben urtebetetzeetan piñata egiten diet eta gustatzen zaie pilla. Kartoizko bolatxo bat eta barrun sartzen ditugu goxokik eta makil batekin puzten duzu eta goxoki guztik ateratzen die. Ordun, pues, umeak juten dia goxokin billa.
Sadina: Hemen baserritarrez janzten garen bezala, ba, han horrela janzten da. Adibidez, hau horrela da, baina ere daude kolore gehiagokin. Adibidez, txalekoa ere ahal da izan arrosa, urdina…
Quico: Niretzat oso polittak dira eta oso karakteristika dira… da barretina. Barretina da txapel bat gorria edo morea eta da “tipo bolsa”; parte beltza daka eta da “tipo bolsa”. Eta normalean edo enrollauta dakazu edo doblauta, en plan pitufo bezala.
Mohamed: Da janari bat Marruekosekua eta kuskusa deitzen zaio. Daka oilaskua, patatak, arroza moduko zerbait eta nahi badozu gehitu gauza gehiago, ahal dituzu.
Yu Shuan: Txinan palilloekin jaten dira eta egurrez… normalean egurrezkoak dira. Batzuk metalezkoak ere bai. Baina metalezkoekin da zailago janaria hartzea.
Stefia: Dago janaria gustatzen zaidana gehiena da fufu. Egiten da yukaren hautsakin, ura… ur berotxoarekin botatzen dute hor hautsa eta juten dira bueltak ematen eta gelditzen da masa bat bezela. Eta hori da fufu.
Sadina: Baklava deitzen da bat, baina bakarrik jaten degu urte bukaeran. Guk etxean egiten degunak dauka ura limoiakin eta azukriakin eta ere ahal da egin pistatxuekin eta fruto seko guztiekin.
Awa Balla: Ceebu jen, arraiña eta arroza eta pixkatxo bat tomate. Batzuetan nire amari laguntzen diot egiten, nik ikasteko.
Emilio: Etxean sarritan egiten dut pizza. Irina ta legamia, ura, olioa… ondo nahastatu eta gero, bueno, mozzarelarekin, tomatearekin eta nahi duzun elikagaiarekin eta labera sartu behar duzu.
Quico: Nire hizkuntza katalana da, català da. Eta niretzat dago gauza oso-oso berezia: Italian, irla batian badau zona txiki-txiki-txiki bat, Alguer, eta han dialekto bat hitz egiten dute.
Mia: Finlandian hizkuntza ofizialak bi dira: finlandiera eta suediera. Arrazoi historikoengaitik suediera ondo babestutako minoria bat da gaur egun. Eta gero beste minoria bat da – errekonozimendu txikiagoa jaso duena– samiera. Eta samierak berak ere baditu bost aldaera ezberdin.
Irina: Bueno, Errusia hain handia da eta uste dut gaudela ehun eta berrogei miloi pertsona. Orduan, errusiarrez danek hitz egiten dute, hori hizkuntza estatala da, baina, horretaz aparte, nola errepublika autonomoak pila dauden, eta zona ere eta… bueno, ordun hizkuntz pila hitz egiten deu.
Vahe: Han badaukagu hitz asko –bueno, nik badakit hiru edo lau– hitz asko berdin-berdinak direla armeniarrez eta euskaraz. Osea, daukate komunean asko. Adibidez, bueno, hau beti esaten dugu: hartza, garia, ura… Baneukan hiztegi txiki bat –berrogeita hamar hitz uste dut zeukan– berdin-berdinak zirela armeniarra eta euskera.
Aisha: Hau da berebereko amazigeko alfabetua. Oin arte ez da ematen eskolan, baina oin hasi da, ez dakit, igual zazpi urte, zortzi urte, hasi dia ya ematen eskoletan.
Yu Shuan: Hau da “euskara”, txineraz idatzita.