Umea altzoan hartuta egin ohi zen kantu-jolasa da, baina ume handixeagoek binaka jarrita egin dezakete, elkarri aurpegia laztanduz.
Mailak: HH
Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Kanta-jolasak
Kanta-jolas hau Elgoibar Ikastolan HHko 4 urteko umeekin landu zuten. Binaka ipini zituzten umeak.
Nola jolastu?
Umeak txikiak direnean, altzoan hartuta egin daiteke, umeari aurpegia laztanduz. Umea gora eta behera mugituz ere egin daiteke. Bukaeran, “xapi-xapi-xapi” esaten denean, katuarena egiten da.
Ume handixeagoek (3 urtetik aurrera) binaka jarrita egin dezakete. Denek batera kantatu dezakete abestia, eta batak besteari aurpegia laztandu.
Partaide kopurua (gutxienez): 2
Katarramixon
Nun ixen?
Gaztelun
Zertan?
Gaztaiña ta ogixa ekartzen
Nun itzi?
Bentanan
Nork jan?
Katuak
Niri bapez!
Zapi-zapi-zapi-zapi!
Arrasateko Begoña Arregiri jasotako kanta-jolasa da. Berak oso ondo azaltzen du umea altzoan hartuta nola egiten zen: hasieran, umeak ikasi arte, helduak umearen eskuak hartzen zituen eta aurpegia laztantzen zion abestia kantatuz. Behin umeak kanta ikasten zuenean, heldua eta umea parez pare jartzen ziren, eta norberak bere aurpegia laztantzen zuen abestia jarraituz.
Mañariako Luzia Inzunzari beste bertsio bat jaso genion, luzeagoa.
Honen antza duen beste kanta bat ere jaso eta landu dugu:
Antzeko beste kanta-jolas bat, baina gaztelaniazkoa, Katalamixiko izenekoa da: Arrasateko Ana Mari Axperi jaso diogu; Aramaioko Kontxi Garitonandiak, berriz, Katamixinika esaten dio kanta horri.