Katu beltzaren ipuina

Animalia bihurtzen diren sorginen ipuin asko daude. Josek eta Mirenek katu beltz bihurtzen den sorginarena kontatzen dute. Istorio beraren bi aldaera dira.

Mailak: DBH, LH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskal mitologia, Ipuinak

4,09 puntu 5 izarreko maximotik
827 iritzi guztira

Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn eta bai DBHn ere.

Bideoan ikusitakoari buruz galdera hauek egin ditzakegu:

-Ipuinak ondo kontatuta daude? Nola hobetu daitezke? Kontuan izan: erritmoa, ahotsaren tonua, keinuak, hitzen egokitasuna...

-Ipuin kontalariek aurrez prestatzen dituzte ipuinak. Bideoko gizonak eta emakumeak aurrez prestatuta zituztela uste duzue ala bat-batean kontatu dituztela, ipuinik badakiten galdetu dietelako?

-Zein da hartzailea? Berdin kontatuko lukete aurrean umeak egongo balira?

Ikus katu beltzaren ipuina, Joxe Mari Karrere ipuin kontalariak kontatua: Katua gorutan. Komentatu. Ondo kontatuta al dago? Prestatuta al dauka ipuina? Nori zuzentzen zaio?

Proposamena: katuaren ipuina ikasleek beraiek kontatzea, bideoan ikusitakoa moldatu eta haurrentzat egokituta. Ikasle bakoitzak bere bertsioa sortuko du. Horretarako, lehenengo ipuina idatziz jarri eta txukundu egingo dute, eta ondoren ahozko baliabideak kontuan izanda prestatu, jendaurrean kontatzeko. Aukera bat: marrazkiak egin, eta bideo-ipuina egitea, taldeka jarrita. 

DBHkoen kasuan, narrazioa ahozko testu-generoa aztertu daiteke. Horretarako, lehenengo narrazioa testu-generoaren ezaugarriak ezagutuko ditugu. Testu-genero hori sakonago lantzeko, ikus beste bideo hau:

Ipuinak eta txisteak

 

Jose Azkarate (Eskoriatza, 1915-2012):
Andreak josten -Sorginenak, ba esango dotsut sorginen kontu bat. Etxe baten, baserri baten, etxeko andre, etxeko andre zaharra, ezta? Geratzen zan goruetan, e. Goruetan badakizu ze dan, ez? Goruetan, harixa eitten, bai. Ardatzian edo, goruetan geratzen zan gabian berandu arte, ezta? Danak uhera joanda, bera egoten zan oraindik su onduan, eitten. Eta etortzen zitzaion, gau batzuetan etortzen zitzaion tximiniatik behera katu baltz bat. Katu baltza. Eta katu baltz hori ibiltzen omen zan han, eta gero jun, iges egiten omen zuen lehengo bidetik. Eta hori behin eta berriz pasatzen zitzaion, eta esan omen zion bere senarrari: “Zu, hauxe pasatzen zait ba. Gauero etortzen da katu zahar bat. Katu baltz bat etortzen da, eta hantxe ibiltzen da”. Eta: “Joño, ba bakitzu ze egingo dogun? Neu geratuko naiz zure lekuen, e? Neu geratuko naiz zure lekuen, ta ardatzian banebil bezela, e?”. Eta ba hoixe egin zotsen. Bestian joan zian ohera, eta geratu zan etxeko hori… Eta orduen etorri zan zera, etorri zan katu baltz hori, eta ibili zan hara ta hona, hara ta hona. Ta halako baten, arpeire begiratu omen zion katu horrek, eta esan zion: “Zu, gizona izanda ardatzian, e? Goruetan?”. Ta bestiak: “Ta zu katua izanda barriketan?”. Ta hartu makilla bat eta jo omen zuan, baina jota gero ere iges egin omen zuan zerak, katuak, bai. Eta ordun, hurrengo egunean entzun zan baserri, urrutiko baserri bateko atsua, amandre zaharra bizkar-hezurra apurtuta zeola. Eta zan katu itxura hartuta sorgina.
Miren Arantzeta (Elgeta, 1921-2011):
-Etxe baten zebizen goruetan. Holan, eitten, ezta, gabian. (…) Gizona ta andria. Badihardue goruetan. Ta katu haundi bat... katu haundi bat bentanara. Ta: "Gizona izenda, goruetan?", katuek esan otsen, eta bestiak: "Katua izenda, barriketan?". Joten dau goruakin katua bizkarrian, ta urrumaka-urrumaka-urrumaka hor doia katuoi. Eta hurrengoko egunian, auzuan bizkar-hazurra apurtuta euela atsua. Holakotxiak. Sorgiñen kontuak dia horrek, e!

  • Katu beltzaren ipuinak aldaera asko ditu. Jose Migel Barandiaranek jaso zituen horietako batzuk.
  • Goruetan egitea: emakumeek goruarekin eta ardatzarekin egiten zuten haria; linuaren landarea erabiltzen zuten horretarako. Linugintza esaten zaio horri.
  • Gizonezkoek txabilarekin egiten zuten haria, eta artilea erabiltzen zuten. Horregatik harritzen da katua, gizona emakumez jantzita haria egiten ikusita: “Gizona eta goruetan?”.
  • Animalia itxura hartzen zuten sorginen ipuin gehiago ere badaude. Akelarretan, esaterako, deabruak aker itxura zuen. Lamiek ere ahate hankak zituzten.
  • Sorginkeria kentzeko, katuaren itzalari egurra eman behar zaiola uste dute batzuek.
  • Ipuinak sutondoan kontatzen zituzten lehen. Askok sinesten zuten sorginengan.
  • Sorginak gauez agertzen ziren, ez egunez. 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza