Zenbakiekin jolas egiteko eta zenbatzen ikasteko kanta da Kiskilla-Miskilla.
Mailak: LH, HH
Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Kanta-jolasak
Kanta-jolas hau Elgoibar ikastolan landu zuten, HHko 4 urteko umeekin. LH hasieran erabiltzeko ere aproposa da.
Zer behar da?
Objektu txiki bat: giltzak izan daitezke, pilota bat, kaxatxo bat…
Nola jolastu?
1-Ume denak, bat izan ezik, lurrean eserita jarriko dira, biribil bat osatuz. Zutik dagoenak objektu bat izango du eskuetan. Ume hori nor izango den erabakitzeko, boluntarioak eskatu daitezke, edo bestela zotz egin.
2-Lurrean eserita dauden haurrek kanta abestuko dute, begiak itxita eta eskuak begien aurrean jarrita. Bitartean, biribiletik kanpora dagoen umea kanpoko aldetik bueltaka ibiliko da, eta abestia amaitu aurretik eskuetan duen objektua lurrean utzi beharko du, umeren baten atzean. Eta bera ere han geratuko da, objektuaren ondoan.
3-Kanta amaitzen denean, ume guztiek begiak irekiko dituzte, eta atzera begiratuko dute, objektuaren bila. Bere atzean objektua ikusten duen umea jaiki egingo da, eta objektua jarri dionaren atzetik hasiko da korrika: harrapatu egin beharko du.
4-Objketua jarri duen umeak egin behar duena: biribilari bi buelta eman, eta hutsunea geratu den tokian eseri, beste umeak bera harrapatu aurretik. Bitarte horretan beste umeak harrapatzen baldin badu, zutik geratuko da berriro, objektua jartzen. Ez baldin badu harrapatzen, berriz, beste umearen txanda izango da.
Partaide kopurua (gutxienez): 4
Hiru ta hiru sei
Hiru bederatzi
Hamar hemeretzi
Bat hogei
Kiskilla ta miskilla
Hirurogei!
Guk proposatzen dugun kanta Amorebieta-Etxanoko Josebe eta Mila Ibaibarriaga ahizpei jasotakoa da. Aldaera gehiago ere badira. Ramon Maria Azkuek jasotakoan, esaterako, “miskilla eta miskilla” esan beharrean “talo ta bizkaino” esaten da.
Antzinako esaera-kanta hau zenbakiak ikasteko aproposa da, eta ume txikiekin erabiltzen da. Kantatu egin daiteke, beste barik, baina jolasaren bidez errazagoa da umeek kanta ikastea, behin eta berriz errepikatuko delako. Hainbat jolas egin daitezke kanta honekin. Objektua ezkutatzeko jolasa egin zuten Elgoibarren. Sokasaltorako ere aproposa izan daiteke. Lehenengo, abestia kantatu daiteke, eta bukaeran kontatu: 1, 2, 3, 4, 5… saltaginak huts egin arte.