LGTBIQ+ kolektiboa

LGTBIQ+ kolektiboa osatzen duten taldeen errepaso txiki bat egiten da bideo honetan, letra bakoitzari buruzko azalpenekin, eta kolektiboarekin lotutako beste kontzeptu batzuk ere aletzen dira.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Bizikidetza, Genero-aniztasuna

4,67 puntu 5 izarreko maximotik
12 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Nortasun sexualarekiko eta orientazio afektibo-sexualarekiko errespetua erakustea
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Diskriminazio guztiekin kritiko agertzea
  • Homofobiaren eta transfobiaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea
  • Inguruan dugun aniztasuna ezagutu eta baloratzeko nahia izatea

 

Bideoa ikusi aurretik

  1. Gaiaren aurkezpena egin: LGTBIQ+ kolektiboa. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

    -Ba al dakizue LGTBIQ+ kolektiboaren hizki bakoitzaren esanahia?

    -Badakizue hizki bakoitzaren atzean dagoena azaltzen? Letraz letra joan gaitezke, errepaso azkar bat eginez.

    -Zein da letra ezezagunena zuentzat? Zergatik?

    -Zer da “queer” izatea?

    -Ezagutzen al duzue kolektibokoa sentitzen den inor?

    -Erraza al da “armairutik ateratzea” gaur egun?

    -Igartzen al duzue jarrera homofoborik edo transfoborik inguruan?

  2. Ekain Perrinori gertatutakoa ere komenta daiteke.

Bideoa ikusi aurretik, bideoan agertzen diren hiru adituei buruz hitz egin dezakegu. Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta Eihera kooperatibako kideak dira eta ikastetxeetan formakuntzak ematen dituzte. Josebe Iturrioz ere aditua da LGTBIQ+ gaietan; telebistan ere agertzen da errealitate horiei buruz hizketan. Hirurak dira militante feministak, eta LGTBIQ+ kolektiboa mugimendu feministarekin lotzen dute.

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apunta ditzatela. Adibidez, homogeneo, heteronorma edo heteroarau, zis, hormona, transgenero, pertsona bitar, transitatze, hermafroditismo, enpirikoki, polisemia, subersibotasun, mainstream, hegemoniko...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-”Heteroarauak suposatzen duen indarkeriarekin amaitzea” da LGTBIQ+ kolektiboaren helburua, Iñigoren arabera. Zer da heteroaraua, zuen ustez? Eta nola baldintzatzen du gure bizimodua?

-Kontzeptu guztiak argi geratu al zaizkizue? Zalantzarik piztu al zaizue? Denon artean argitzen saia gaitezke, berriro letraz letra joanda.

-Egia al da lesbianak ezkutuan geratzen direla, nahiz eta borroka guztietan parte hartu?

-Eta bisexualak inork ez dituela serio hartzen? Zergatik gerta daiteke hori?

-Ezagutzen al duzue pertsona transik? Gehiago jakiteko, bi neska transen esperientziei buruzko bideoa ikus daiteke (DBH-2rako prestatu duguna): Trans izatea.

-Ezagutzen al duzue pertsona intersexualik? Agertzen al dira hedabideetan? Kattalinek dio intersexualitatea dela letra ezezagunena, nahiz eta portzentajea aldetik dezente diren. Zer iruditzen zaizue?

-“Genero ez bitar” moduan agertzea -ez emakume ez gizon- erraza ikusten al duzue gure gizartean? Zer zailtasun izan ditzakegu horretarako? (komunak, aldagelak, mediku-sistema, lana aurkitzeko garaian, jendearen erreakzioa...)

-Ikusten al duzue aukerarik egunen batean mutil-neska sailkapena aldatu eta zabaltzeko?

-Zuen ustez, etiketak beharrezkoak al dira? Zergatik?

-Batzuek identifikatuago sentitzen dira “transmaribollo” izendapenarekin LGTBI siglekin baino. Zer iruditzen zaizue iraina aldarrikapen-tresna moduan erabiltzea?

-Kontrakorik esan ezean, pertsona guztiak heterosexualak direla pentsatu ohi dugu. Naturala eta ohikoa al da ingurukoei sexu-lehentasunaz galdetzea? Ala deserosoa da? Hauetako zer galdera erabiliko zenukete eta zergatik?

a. “Zu heterosexuala/homosexuala al zara?”

b. “Zu marika/bollera al zara?”

c. “Zu lesbiana/gaya/bisexuala al zara?”

d. ”Zuri mutilak/neskak/mutilak eta neskak gustatzen al zaizkizu?”

-LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko lanetan dabiltzan erakunde eta elkarteei buruzko informazioa bilatu. Zer egiten dute?

Badago termino bat bideoan azaltzen ez dena: pansexuala. Bisexuala eta pansexuala kontzeptuak antzekoak dira: zer desberdintasun dago bien artean? Joseberen azalpena ikus daiteke.

LGBTIQ+ kolektiboan errealitate asko batzen dira. Sexualitatea bizitzeko modua, genero-nortasuna, genero-adierazpena eta sexu-lehentasuna aipatzen ditu Iñigok bideoan. Hitz egin dezagun kontzeptu horiei buruz, askotan nahasgarriak gerta daitezke eta. Taula hau baliagarria gerta dakiguke.

 

KONTZEPTUAK ARGITZEN

  • Genero-nortasuna: Ni X naiz. Emakumea, gizonezkoa edo genero ez bitarra (ez naiz ez gizon ez emakume sentitzen, ala biak batera). Jaiotzean ipini didaten sexuarekin bat etor daiteke (zis) ala ez (trans).
  • Sexu-orientazioa edo sexu-lehentasuna: Niri X gustatzen zait. Heterosexuala, homosexuala, bisexuala, pansexuala... izan naiteke, nire harreman sexual-afektiboetan. Bizitzan zehar gustuz aldatzea ere gerta daiteke.
  • Sexu-adierazpena: Ni X bezala agertzen/adierazten naiz. Neure burua erakusteko modua. Bi adibide: 1. Neska naiz, baina genero ez bitar bezala agertzea gustatzen zait, heteroarauari kontra egiteko diskurtso moduan. 2. Mutila naiz, eta neskendako diseinatutako arropak janztea gustatzen zait.
  • Praktika sexualak: Nire intimitateko praktikak X dira. Zer-nolako harremanak ditut nire gorputzarekin eta beste gorputzekin, harreman sexual-afektiboetan.

 

3. Josebe Iturriozek “luma heterosexualak” aipatzen ditu. “Heterosexualitatea antzerki hegemoniko bat da”, dio. “Antzeztu emakume bat” edo “antzeztu gizonezko bat” esanez gero, denok jakingo genuke zer egin. Ala ez? Proba dezagun: gelako neskek mutilak imita ditzakete, eta mutilek neskak. Bi taldetan bana daitezke, eta elkarri begira jarri. Ea zer gertatzen den.

Mugimendu gutxiko antzezpenak izango dira, ia-ia estatuak bezala, eta soinu txikiak egingo dituzte, Josebek bideoan aipatutako “ai” horren parekoak.

Ondoren, azter ditzagun agertu diren ezaugarriak (bi zerrenda osa ditzakegu arbelean, Neskak eta Mutilak):

  • Gorputz-adierazpena. Keinuak eta mugimenduak: eskuak (airean, poltsikoetan, zintzilik, genitaletan...), hankak (zabalik, elkartuta, gurutzatuta...), burua (tente, okertuta, makurtuta...), aurpegia (serio, irribarretsu, haserre, pozik...), beste gorputz atal batzuk (ipurdia kanporantz ala barrurantz, aldaka albo batera, paparra aterata...)
  • Soinuak (sendoak, agudoak, bolumen handikoak, sotilak...)
  • Transmititutako emozioak/jarrerak (indarra, ahultasuna, sumisioa, erakarpena, agresibitatea...)

Atera ondorioak, guztien artean. Esan al daiteke antzeztutako nesketako batzuk “lumadun neskak” direla? Antzeztutakoa bat al dator errealitatearekin? Nolakoak gara?

 

 4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Elkarrizketatu LGTBIQ+ kolektibokoa den norbait edo letra horietako batekin lot daitekeen pertsonaren bat. Kolektibo horren alde lanean dabilen militante bat izan daiteke, edo herritar xume bat. Beste aukera bat: errealitate horiei buruzko ezagutza eta onarpen-maila zenbatekoa den -eta izan den- jakiteko elkarrizketak egitea; adibidez, adinekoei: euren gaztaroan homosexualitatea nola ikusten zen eta orain nola ikusten duten konta dezakete.

Lana binaka egin dezakete. Elkarrizketatua nor izango den pentsatzea eta elkarrizketa lotzea izango da lehenengo lana. Ondoren, galdetegia prestatuko dute. Elkarrizketak laburrak izango dira eta bideoz grabatuko dituzte —bideokamera edo sakelakoa erabilita—, gero gelakideei erakusteko. Hona hemen grabazioak egiteko kontuan har ditzaketen jarraibide orokorrak.

Lana amaitutakoan, aurkezpen txiki bana egingo dute bikote guztiek, bideo-pasarte batzuk erakutsiz, eta elkarrizketatuari buruzko datuak ere emango dituzte (izena, adina, nongoa den, nolatan aukeratu duten...).

Grabazio guztien artean pasarte egokienak aukeratu eta bideo-muntaia egin dezakete, OpenShot programarekin, elkarlanean. Nola erabili erakutsiko zaie. Bideo hori ikastetxean eta herrian zabaldu daiteke.

Posible da grabazioak gero ahotsak.eus proiektura bideratzea ere.

 

  • “Gaur egunera begira”. Zer jakin nahiko genuke LGTBIQ+ kolektiboaren inguruan? Ezezagunenak egiten zaizkigun errealitateak ikertuko ditugu, gaur egungo egoera (eta azken urteetakoa). Banaka edo binaka egiteko lana izan daiteke, eta Internet-a ezinbesteko tresna izango da horretarako.

Hona hemen beste gai batzuk:

  1. Intersexualitatea
  2. Drag King eta Drag Queen
  3. Transexualitatea
  4. Queer

Bi lan-ildo proposatzen ditugu, aukeran:

Ikasleek egindako ikerlanaren ahozko aurkezpena egingo dute, 5-10 minutukoa. Horretarako, egoki iritzitako baliabideak erabiliko dituzte: ikus-entzunezkoak, ppt-ak, argazkiak, marrazkiak, antzerkia...

 

  • ”Bestearen azalean”. Gizon eta emakume moduan sozializatzen gaituzte: nola jantzi, nola ibili, nola hitz egin, nola begiratu... erakusten digute, egokitu zaigun generoaren arabera. Ariketa performatibo bat egitea proposatzen dugu: Drag Queen-King tailerra. Maskulinitate- eta feminitate-rol hegemonikoen arabera “mozorrotzea”, baina ez beste generoaren parodia egiteko eta haren kontura barre egiteko (inauterietan mutil askok egiten duten bezala). Helburua hauxe izango da: benetan bestearen azalean jarrita zer sentitzen den jakitea.

    Josebe Iturriozek Drag King tailerrak eman izan ditu. Genero-ikuspegia lantzeko eta emakumeak ahalduntzeko balio dezakete halako tailerrek. Hona hemen berak emandako azalpenak:

     

Drag King eta Drag Queen izatea zer den probatu nahi duten boluntarioak eskatuko ditugu. Guztira lau taldetan banatuko da gela (Drag King eta Drag Queen kopurua parekoa izatea komeniko litzateke):

  1. Drag Kingak: gizonez jantziko direnak
  2. Drag Queenak: emakumez jantziko direnak
  3. Drag King tailerraren arduradunak (jantziko den pertsona bakoitzeko arduradun bat egon daiteke)
  4. Drag Queen tailerraren arduradunak (pertsona bakoitzeko bat)

Hurrengo pausoa Drag King eta Drag Queen bihurtzeko pausoak ezagutzea izango da. Hainbat bideo daude Interneten, azalpenekin: nola makilatu, nola jantzi, zer osagarri erabili... Modu profesionalean egiten saiatuko gara, ahalik eta sinesgarriena izan dadin. 

Aukera bat Drag Queenak eta Drag Kingak aparte egotea da, talde bakoitzak bere prozesua egin dezan eta, elkar ikustean, sorpresa handiagoa izan dadin. Egun batean Drag King tailerra eta hurrengo batean Drag Queenena egin daiteke (hori izan liteke aukera onena transformazioa ikasle guztiek edo gehienek egin nahiko balute edo denbora aldetik mugatuta egonez gero).

Eta ondoren zer? Proposamen batzuk:

  • Laborategia 1: Itxura-aldaketa. Aurretik arropa, ileordeak, osagarriak eta makilajea lortu. Tailer bakoitzeko arduradunek itxura-aldaketa egiten lagunduko diete ikaskideei.
  • Laborategia 2: Nola ibili, nola mugitu, nola hitz egin, zer keinu egin... esperimentatu!
  • Erakustaldia: Taldeka oholtzara igo eta karaokea edo play-back-a egin. Onena bakarka irtetea izango litzateke, bakoitzak abesti bat aukeratuta (lotsatienek bikoteka egin dezakete).
  • Argazki-saioa: Aurretik, bitartean eta, batez ere, ondoren, gerora ere eraldaketaz jabetzeko. Argazkiak ateratzea arduradunen lana izan daiteke.

 

Oso garrantzitsua da bukaeran prozesuari buruz hitz egitea eta esperientzia-trukea egitea.

Ausartenentzat beste proposamen bat ere badaukagu: kalera irtetea, espazio horretan, beste rol batetik bizita, zer sentitzen den jakiteko. Adibidez, supermerkatura joatea edo herriko kale nagusian paseatzea. Ea nola sentitzen diren, ea jendearen begiradak eta jarrerak nolakoak diren... Ziur asko esperientzia desberdina izango da neskentzat eta mutilentzat, desberdin sozializatu izan direlako. Gomendioak:

  • Bakoitzak bere pertsonaia serio hartzea (parodia baztertzea; helburua ez da inori graziarik egitea).
  • Neskak talde txikietan irtetea kalera (2-3 pertsona, taldearen babesa sentitzeko), eta mutilak bakarka (taldean badaude, oso posible da festa-giro maskulinizatua piztea, inauterietan gertatu ohi den legez, eta ez da hori interesatzen zaiguna).

 

5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo emanaldia egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

Ea gaiak bere interesa piztu duen.

Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.

Ea trans kolektiboaren historia eta historian zehar eskuratutako lorpenak ezagutzen dituen.

Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, haien orientazio afektibo-sexuala edozein izanik ere.

Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari edo LGTBI kolektikoari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.

Ea emakumea edo LGTBI kolektiboko kideak gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.

Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen edo LGBT koletiboaren diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.

Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.

Ea transexualen kolektiboari buruzko informazioa bildu duen eta haien aldarrikapenak barneratu dituen.

Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen trans kolektiboaren egoeraren inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.

Ea trans kolektiboa gutxiestea, diskriminatzea eta/edo haren aurkako indarkeria sustatu eta justifikatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak gaitzesten dituen.

Ea Naizen elkartearen ezaugarriak, funtzioak eta programak ezagutzen dituen.

Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Nik uste det LGTBIQ+ dela heteronormatik kanpo beraien sexualitatea, genero-identidadea, genero-adierazpena eta sexu-lehentasuna bizitzen duten pertsonen babesgune bat. Bueno, babesgune bat eta identifikaziorako espazio bat ere bai, ez? Errealitate ezberdinak daude, ordun, LGTBI kolektiboa ere ezin da ulertu zerbait homogeneo bezela, e? Hor errealitate eta zapalkuntza oso desberdinak daude, baina bada bada bilkura bat, beharrezkoa, eta heteronormatik kanpo gelditzen geran pertsona guzti hoientzat… bai, babesgune bat.

 

L

Kattalin Miner (Hernani, 1988): L lesbiana, ez? izango litzateke.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): L. Lesbianak hortxe gaude. Bai, bai. Eta jarri zan lehena garai… denbora askoan zan GL... T edo... G… beti gayak, ez, aurretikan eta, ba, horregatik L-a jarri zan aurrean. Eta esango nuke, lesbianak nahiz asko garen, joe, gero politikoki, LGTBIQ politika hoietan, beti-beti gutxien ikusienak lesbianak izango direla. Beti egon gara lesbianak ia borroka guztietan eta aitortza oraindikan jaso gabe. Lesbiana izateko modu asko daude, oinarrian dagoena da erakarriak sentitzen direla beste emakume batzuengatik eta emakume hoiek normalian ere apurtu egiten dittuzte heteroarauaren rol hoiek.

 

 G

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): G. Ba hauek dira gayak, gizonezkoak beste gizon batzuengatik erakarriak sentitzen direnak, edo harreman sexoafektiboak dituztenak. Eta gauza bera, gertatzen zaigu lesbianekin gertatzen zaizkigun gauza berak. Hau da, gertatu daiteke mutil bat izatea mutil gaya zisa, jaiotzez ez duena aldaketarik egin eta, eta beste bat izan daiteke mutil transa, eta mutil bezela identifikatzea. Aurkittu ahal dittugu hola bi mutil dirudienak ejertzitotik atera dianak, oso-oso maskulinoak, eta batera daudenak, aurkitu dezakegu, deitzen da... hau oso polita da, “luma”, ez? Noraino nabaritzen zaizkigun gure... eta gero luma heterosexualak ikusi behar dira! Jendeak pentsatzen du heterosexualak ez dakatela luma; neretzako heterosexualitatea da antzerki hegemoniko bat. Osea, antzezten ari dira denak hor emakumearen paper hegemonikoa eta gizonaren paper hegemonikoa. Ez? Bainan bakarrik jendea konturatzen da bapatean mutil batek egiten badu “ai”, eta hori da luma, ez?

 

T

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): T trans definitzeko erabiltzen da. Beraiei egotzitako genero-identidadearekin ados ez eta bestelako identidade batera trantsitatzea erabakitzen duen pertsona.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Normalean denek lotzen dute transexualitatearekin. Pertsonak diagnostiko bat eman zaiela jaiotzerakoan eta beste generoa ,bueno, ba, hartzen dutela, ez? Normalian, transexuala hitza erabiltzen genuenean, ebakuntzak eta aldaketa fisikoak egoten zirenean, ez? Horrekin lotzen genuen. Transgeneroa izan daiteke pertsona bat, adidibez, diagnostiko batekin ez dana eroso sentitzen, baina izan daiteke bai definitzen dana, ba ni, adibidez, emakume bezela esan didate jaio naizela emakume bezela eta gizona naiz, bainan ez ditut hainbeste ebakuntza egiten. Adibidez, ez ditut titiak kentzen. Edo titiak kentzen ditut, baina ez ditut hormonak hartzen. Edo baita ere izan daiteke: bai, transgeneroa naiz, baina ez naiz gizon sentitzen.

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Beste batzuk erabakitzen dute inungo genero batera ez trantsitatzea eta jende ez bitarra izaterako trantsizio bat egiten dute.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Eta, azkenik, dakagu trabestiak. Trabestiak dira zoragarriak. Trabestiak oinarrian daude. Hau da, ebakuntzak egon baino lehenago, genero-aldaketak onartu baino lehenago eta, denak ginan trabestiak. Hau da, gure roletatik –trabestia jazkeratik dator, ez?–, gure roletatik ateratzea eta ukatu zaigun genero bat errepresentaztea edo izatea, edo genero horren parte batzuk, ez?

 

B

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): B izango zen bisexuala.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Bisexualak, zer dira? Bisexualak dira pertsonak, emakumezkoak ala gizonak, trantsexualak izan daitezke, nahi dutena, eta hauek, pentsa, ze suerte dakate, gustatzen zaizkielako, printzipioz, bai gizonezkoak, bai gizonezkoak... nahiko irekiak izaten dira. Badaude pertsona batzuk egon daitezkeela lasai asko pertsona batekin, generoa demagun emakumezkoa dela, harreman hori bukatzen denean bukatu da eta hurrengo harremana arazorik gabe gizon batekin izan. Eta hori ba oso osasuntsua iruditzen zait. Bainan bai konturatu naiz denborarekin bisexualek ere diskriminazio pila bat jasotzen dutela gaixoek, zeatikan iñorrek ez dittu serio hartzen.

 

I

Kattalin Miner (Hernani, 1988)

Iruditzen zait dala hor dagon sigla bat, baino ezagutzen ez degun errealidade bat, inundik inora, eta eskola danetan irakasle edo ikasle, edo dana dalakoarekin dala, gehien landu beharreko zera bat da, ez? Ezezagunena, ikusezinena daona eta tapatzen dana gehiena. Intersexualidadea da bulgarki eta urteetan zehar hermafroditismo deitu izan zaiona. Aparentementeki eta lehenengo kolpean esan dezakegu zure genitalak, kanpo genitalak, hasiko gea hortik, ez daudela definituta edo anbiguoak dirala. Demagun daukazula klitori oso haundi bat ez dakiguna zakil bat dan edo ez, eta bagina daukazula, edo dituzula barrabilak eta klitori bat. Edo… bueno, ulertzen didazu, ez?

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Zer dira intersexualak? Intersexualak dira, azken finean, kategoria hoietan, ez arra eta ez emea, hori ezin diogunean aplikatu.

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Ez zazu pentsa dagonik bat ez dakit zenbat milloitik; ez, ez, ehuneko altu bat da. Porzentaje txiki bat, baina ehuneko potente bat da gure gizartean. Ze pasatzen da honekin? Urte askotan in dana da interbenitu, azkar.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Pertsona intersexualek… gainera, oso konfliktuatuak bizi izan dira. Zergatik? Askotan ez zekitelako intersexualak zirenik, ez zekiten txikitan ebakuntzak egin zitzaienik eta ez zekiten hartzen zituzten bitamina hoiek benetan hormonak zirenik. Ez? Intersexualitate hau errealitate oso ukatu bat da. Gainera, da errealitate bat enpirikoki demostratzen duena arra eta emea ez direla nahikoa gizakiak klasifikatzeko.

 

Q

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Momentu batzutan uste dut bai sartzen naizela Queer etiketa horretan, nire estetikak diskurso bat duelako eta mezu bat ematen duelako eta ideologia bat ematen duelako.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Hori nortasun bat izan beharrean posizionamendu politiko bat da.

Kattalin Miner (Hernani, 1988):  Queer teoria Estatu Batuetatik datorren mugimendu bat da. Azkenean, bueno, beti esaten da, ez? hitza bera insulto bat da, esan nahi du bestea, “bicho raro”, desbideratua, eta abar, ez? Marika, marikei deitzeko zea da asko…

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Hartzen dute inglesetikan “queer”a, “queer”a da irain bat, normalian pertsona arraroei, frikiei… Hitz polisemiko bat da, esanahi asko ditu. Orduan, zuk “queer”a erabili ahal duzu pertsona arrazializatu bat iraintzeko, elbarritu bat iraintzeko, homosexual bat iraintzeko, lesbiana bat iraintzeko... osea, irain bezela polisemia hori dauka, orduan queer kontzeptuak bilatzen zuena zan,, bueno potentzialidade politiko bezela erabiltzea polisemia hori.

Hau da, iraintzen gaituzte guzti honengatik, opresio guzti hauek lotuak daude, eta goazen erantzutera aliantza horretatik, ez?

 

+

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Hor, plus horretan, sartzen dira bestelako erabaki, lehentasun edo identidade batzuk, pues, adibidez, jende ez bitarra izan daitekeena identitarioki, asexualitatea, jende… edo demisexual definitzen dena... eta bestelako lehentasun batzuk existitzen dira hor.

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Maila ezberdinetako asexualitateak daude. Ez? Orduan, egon daitezke pertsona asexualak, bainan harreman romantikoak dituztenak, maitemintzen direnak baina sexurik gabe, beste batzuk harreman sexualak dituztenak baina beraientzako sexua ez da batere inportantea, batzuk ez dituztenak harreman romantikoak ez sexualak...

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Ba, adibidez, demisexuala den jendeak aipatzen duelako berak edo beraiek, erakarpen erotiko bat eukitzeko, beharrezkoa dutela lehenik eta behin binkulo afektibo bat euki pertsona hoiekin, ze bestela ez dago hor binkulo erotikorik.

 

Transmaribollo

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Instituzionalki, lanean nagonean, nik ere LGTBIQ+ erabiltzen det, e? Baina transmaribolloakin adibidez askoz gehiago zeatzen naiz, ez? Marika horrekin, trans horrekin, bollera horrekin... pixka bat subersibotasun hori euki dezaketen espazioekin, ez? Azkenian kontzeptu hoiek espazio batzuk sortzen dituzte baita ere, ez? Neri oso raroa egiten zait nere lagun bati esatea gaya dala. Marika izango da seguraski.

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Nik oraintxe bertan eske… bua, super arrotza egiten zait esatea “gay naiz”, ez? Oraintxe bertan justo daude marikak beren buruari deitzen marika, ez? Horrek egiten du modu baten desarmatzea marika hitza bera, ez? Ordun, izan zitekeen estrategia bat, eta gero ere erabiltzearena marika eta bollera hitzak beste konnotazio feministagoak dituelako. Ezta? Ze igual lesbiana eta gay esateak diskurtsiboki telebistetan eta instituzio batzuen bitartez –ez dakit– eman zaio pixka bat perspektiba paternalista 'mainstream' bat, ez? Como 'love is love'... 'lesbianas y gays'... como… pixka bat perspektiba karitatibo bat eman zaio. Ez? Pixka bat paternalista, pixka bat biktima ikuspegitik...

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Eta horregatik nik nere burua bolleratzat daukat eta ez lesbianatzat, ez? Lesbiana izango litzateke sozialki onartua dagon figura hori, normalitatean sartuko litzatekeen sigla komodo hori eta bollera da reapropiazio bat insulto horrena, kontra egin nahi diona normaltasun horri, ez?

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Heteronormak suposatzen duen biolentzia guztiarekin amaitzea. Hori izan daiteke aldarri super argi bat guztiontzat, ezta?

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Baina politena da ya siglak ez zaizkigula sartzen: hainbeste forma daude eta, gainera, hainbeste gorputz daude ya ez dutenak nahi heteroak bezela irakurriak izan, nahiago dute bere sigla propioa edo plus batean sartu edo dena delakoa. Ez?

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Jende batek esaten duenean, ba, etiketen kontra dagola, eta ez ditula etiketak erabili nahi... eta, noski, ulertzen dugu etiketak direla puf, ez dakit, batzutan desagertuko direla, urte batzuk barru igual ez direla beharrezkoak izango, eta direla momentu horretan diskurtso baten parte sentitzeko tresna, e. Baina beharrezkoa da jende batentzat, sentitzeko zerbaiten parte, konektatu ahal izateko beste jende batekin horren baitan... erreferentzia batzuk eukitzeko. Klaro, normalean etiketen kontra edo etiketak beharrezko ikusten ez dituen pertsona hori pertsona heterosexual bat da. Klaro, zure inguru guztia heterosexuala delako, gizartea heterosexualitate kolektiboa. Ez?

  • LGTB Harrotasunaren nazioarteko eguna, Gay Harrotasunaren eguna, ekainaren 28an ospatzen da.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan LGTBI kolektiboa babesten duten elkarte batzuen zerrenda. Aipatzekoa da Eihera kooperatiba ere.
  • Erakunde publikoek sortutako zerbitzu batzuk: Berdindu (Eusko Jaurlaritza; Aldarte, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen bitartez ematen du laguntza), Eraberean (Eusko Jaurlaritza), LGTBI-Berdintasuna (Nafarroako Gobernua).
  • EAEko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtuala.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza