Libiri eta labero

Baserri giroko kanta, ganaduzain egoten ziren umeek elkarri abesten ziotena. Behiren batek ihes egingo ziola ohartarazteko erabiltzen zuten, eta elkarri adarra jotzeko ere bai, ondoko zelaikoa erdi lo edo despistatuta ikusten zutenean.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Eibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Jolas hau HHn landu zuten, Eibarko ikastolan, baina LHko lehen mailetarako ere aproposa da.

Zer behar da?

Soka bat eta leku zabal bat.

Nola jolasten da?

Bi lagunek sokari eragiten diote, eta guztiek batera kantatzen dute. Umeek txandaka egingo dute salto sokan, eta abestia bukatu arte iraun beharko dute saltoka, sokan trabatu gabe.

Abestiaren une batean saltoka ari den umearen izena esaten da, eta une horretan umea jiratu egin behar da, salto egiteari utzi gabe.

Adina:

4-5 urtetik aurrera

Partaide kopurua (gutxienez): 3

 

Eibarko Mogel ikastolan sokasaltoko kanta bihurtu zuten antzinako baserri giroko abestia. Letra ere egokitu egin zuten:

Lai labero
Libiri ta labero
Nun da ganauzaina?
Ganaua laboretan
ta eperra kantetan
Usue landetan
X (umearen izena) Etxeberriko
jira-jirabueltan!

Jatorrizko aldaerak: ‘Testuingurua’ atalean. 

Debagoienan jaso dugu baserri giroko kanta hau. Hainbat aldaera ditu. Arrasateko Faustina Galdosi jasotakoa erabili dute Eibarren, bukaera aldatuta. Esku-jolas bihurtzeko ere aproposa da aldaera hori:

Lai labero, libiri ta labero, 
nun da ganau-zaine?
Ganaue laboretan

ta eperra kantetan,
Usue landetan,

Pedro Etxebarrikok (umearen izena eta baserriarena)
kaka fraketan!

Faustina Galdos (Arrasate)


Beste aldaera batzuk:

Libiri tte labero,
kaka ganau-zaiñe
Uxarteko (baserriaren izena) ganauek
artue gura aiñe.

Patxi Goikolea (Arrasate)


Libiri-labara
Bai ganauzaina, ez ganauzaina
Zumaldeko (baserriaren izena) ganauzaina
Beti lo, beti lo!

Eugeni Olalde (Oñati)

 

Libiri ta labore
Nun da ganauzaiñe? 
Nun da ganauzaiñe? 
Hor goiko estrarruen
Kaka in ezindde

Luzia Arrizabalaga (Aramaio)

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza