"Markesaren alaba" bertso-sorta antzinako da, ahoz aho iritsi da guregana. Kurtzebarri ikastetxeko haurrek guztien artean ikasi dituzte bertsoak.
Mailak: LH
Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Abestiak
Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxeko LHko 3. eta 4. mailako ikasleek antzerki moduko bat egin zuten, “Markesaren alaba” kanta osatzen duten bertsoak kantatuz.
Nola landu?
-"Markesaren alaba" kantari buruz galdetu. Ea norbaitek ezagutzen duen.
-“Markesaren alaba” kanta entzun.
-Ondoren, guztien artean eztabaidatu, kanta tradizional horrek zer kontatzen duen. Ahoz aho transmititu den kanta da. Benetan gertatu ote zen? Sinesgarria da?
-Bertso-antzerkia antolatu. Nahi izanez gero, erdi mozorrotuta egin daiteke. Taldetxoak sortu, lanak banatu (ikasleek erabaki dezatela nola; guztien artean bertso-antzerki bat, bi taldetan banatu eta bakoitzak bat prestatu…). Pertsonaiak:
Narratzailea(k)
Juanita (Markesaren alaba)
Antonio (marinela)
Juanitaren ama
“Markesaren alaba” kantak 21 bertso ditu, baina 16 bertso proposatzen ditugu guk (gure ustez bizienak eta politenak direlako).
1 Narratzailea
Markes baten alaba
interesatua
marinero bategaz
enamoratua,
deskubritu gaberik
beran sekretua,
amoriua zeban
barrena sartua.
2 Narratzailea + Markesaren alaba (Juanita)
Egun senaile bat zan
goguan hartzeko,
esan ziola horrek
etxera joateko,
-desio dedan hitzak
manifestatzeko:
Ai Antonio zuregaz
nago izateko.
3 Marinela (Antonio)
-Zela esaten didazu
Juanita hitz hori,
tentatzen ai zerala
traza badirudi,
ez zait zure gradurik
tokatutzen neri,
ez ixozu egin burlarik
marineruari.
4 Markesaren alaba (Juanita)
-Eruki dezakezu
ongi sinistua
aspaldian nauala
ni zuri gustaua,
ez zaitut nik utziko
desanparatua,
hala egiten dezu
gaur juramentua.
5 Narratzailea
Konformatu ziraden
alkarren artian
ezkonduko zirala
hurrengo urtian,
eskolak ikesteko
bien bitartian
beraren herritikan
guztiz apartian.
6 Narratzailea
Hola disponiturik
jarri ziran biak
kartaz entenditzeko
alkarren berriak,
formalidadiakin
jartzeko egiak
baiña lo ez ziran egon
ama horren begiak.
7 Narratzailea
Ezin egon zan ama
hitz hori sufritzen
berihala hasia zan
kartak detenitzen,
intenzio haundiaz
ezkontza galdutzen,
Juanitak holakorik
ez zeban pentsatzen.
8 Markesaren alaba (Juanita)
-Alferrik izango dira
haserre gurean
ez naute mudatuko
eternidadean.
Esposatu nahi nuke
kariño onean
Antonio Maria
etortzen denean.
9 Markesa/markesaren emaztea (Juanitaren ama)
-Utzi alde batera
horrelako lanak
ez ditut nik ikusten
zu bezala damak.
Nahi badituzu hartu
onra eta famak
giatuko zaituzte
aitak eta amak.
10 Markesaren alaba (Juanita)
-Ama ez niri esan
horrelakorikan
ez dut nik besteengana
amodiorikan.
Ezin alegre leike
nere barrenikan
komenientzia ona
izanagatikan.
11. Narratzailea
Amaren malizia!
korreora juan da
Antonio hil zala
egin zuen karta;
Juanitaren tristura,
maitia izanda,
engaiñatu du beste
gezur bat esanda.
12. Narratzailea + Juanitaren ama
Amak esaten dio
-Juanita neria
galdu da diotenez
Antonio Maria
Nik bilatuko dizut
beste bat hobia
maiorazko, interes
askoren jabia.
13. Narratzailea
Denpora kunpliturik
galaia abian
zer pasatu ote zan
haren memorian
kartarik hartu gabe
joan dan aspaldian
inozente sartu zan
jaio zan herrian.
14. Narratzailea + marinela (Antonio)
Hau da lehendabiziko
esan zenduena:
-Zer da musikarekin
onratzen dutena?
-Markesaren alaba
kalian barrena
esposariua zala
hark bihar zuena.
15. Narratzailea
Desmaiaturikan egin
zuan ordubete
gero nobia eske
hitz bi egin arte
inguratu zitzaion
makina bat jente
bigarren ordureko
hil da derrepente.
16. Narratzailea
Gaba pasatu eta
hurrengo goizian
entierrua zuen
bigarren klasian.
Markesaren alaba
guzien atzian;
Zer pena izango zan
haren bihotzian?
“Markesaren alaba” kanta herrikoa da, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dena. Kantak 21 bertso ditu, baina 16 bertso proposatzen ditugu guk, gure ustez bizienak eta politenak direlako. Lehenengo seirak Elgoibarren jasotakoak dira, Maria Ormaetxeari.
“Markesaren alaba”
Ahotsak proiektuan elkarrizketatutako lekuko askok esan digute gaztetan “Markesaren alaba” kantatzen zutela (Arrasate, Oñati, Aretxabaleta, Andoain, Donostia, Hondarribia, Urnieta, Errenteria, Munitibar…). Gehienek etxean ikasi zuten, askotan amak irakatsita. Besteak beste lanean zebiltzan bitartean kantatzen zuten: josten, arropa garbitzen, artoa aletzen…
Sarean aurki daitezkeen bideoan artean, Bergarako Urretxindorrak taldeak kantatzen duena dago.