Matxismoa ezkutuan?

Eguneroko bizitzan eragiten diguten mikromatxismoei buruzko bideoa. Normaltzat hartzen dugun hori bat al dator genero-berdintasunarekin?

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna

2,81 puntu 5 izarreko maximotik
37 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzea
  • Genero-indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea
  • Emakumeen ahalduntzerako tresnak ezagutu eta erabiltzeko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

Gaiaren aurkezpena egin: eguneroko bizitzan eragiten diguten ohitura eta jarrera sexistei buruzko bideo bat ikusiko dugu. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Berdintasunean bizi al gara? Parekidetasuna ikusten al duzue gizartean? Zer eremutan?

- Neskok eta mutilok berdin jokatzen al duzue, adibidez, parranda giroan?

-Berdin janzten al zarete? Zer diozue nesken/mutilen modari buruz?

-Bururatzen al zaizue genero aldetik baldintzatzen zaituzteten aurreiritzi, rol aedo estereotiporik? Bota ba!

-Zer da “sexismoa”? Zertan desberdintzen da matxismotik? Lotuta al daude? Eta zer da “mikromatxismoa”?

 

Argazki hau ikusi eta komentatu egin daiteke. Gucci markak, estereotipoei aurre egiteko asmotan, mutilentzat ateratako arropa:

Irudia: Gucci

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan har ditzatela, eta ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

    -Bat al zatozte bideoan esan dituzten gauzekin?

    -Zuen ustez, ilea kaskamotz jartzen duena edo beti txandalean dabilena berdin hartzen al da neska ala mutila izan?

    -Argaltasuna eta gizentasuna berdin neurtzen al dira nesken eta mutilen kasuetan? Eta edertasuna?

    -Egia al da emakumeen arropak gero eta txikiagoak direla? Arazorik izan al duzue arropa erostera joan izan zaretenean?

    -Edertasun kanonen gurpilean ez sartzea zaila dela diote Saioak eta Rinak, ia ezinezkoa. Ereduak erreproduzitzen ditugula, nahi gabe ere. Zer iritzi duzue zuek?

    -Mutila noiz etorriko zain egotea ohikoa al da gaur egun ere? Iniziatiba mutilak hartzea, mutila neskarengana joatea “keinu erromantikoa” iruditzen al zaizue? Zergatik?

    -Neskek zaintzaile papera errazago hartzen dutela ere badiote bideoan, eta eskatu ere egiten zaiela, lagun ona izateko baldintza moduan. Ados zaudete?

    -Mutil askorekin ibili den neska oso kritikatua izaten da. Orain ere bai?

    -Zer iritzi duzue izebergaren metaforari buruz?

    Mutil moduan sozializatua izateak zer suposatzen duen azaltzen du bideo-pasarte honetan Iñigo Etxezarretak.

    Ur handitan saioko bideo hau ere ikus daiteke: Mikromatxismoak

  3. Pablo Vidalek egindako ikerketa baten arabera, nerabeek zailtasunak dituzte publizitateko sexismoa hautemateko. Zortzi ikastetxetan egin zuen galdeketa, 15 eta 16 urteko DBHko 500 ikasleri. Hona hemen ikerlanaren ondorio nagusiak:

 

  • Sexismoa lehenaldiko zerbait bezala ikusten dute nerabeek, berdintasunean oinarritutako oraingo gizarteari ez dagokion zerbait. Baina era berean, bere egiten dituzte publizitateak, duela 40 urte bezala, hedatutako emakumeen estereotipo eta aurreiritzi ugari.
  • Gazte gehienak (% 66) ez dira jabetzen publizitatean erabiltzen den lengoaiaren manipulazioaz. Esplizituki iraingarriak edo agresiboak ez diren mikromatxismoak onartu egiten dituzte, ez dituzte sexistatzat jotzen: “Publizitatean ikusten dena errealitatean ere gertatzen da. Horrelakoa da publizitatea”, diote erantzunetan.
  • Ezberdintasun handiak daude nesken eta mutilen artean. Mutilen gehiengo batentzat onargarria, normala eta justifikagarria dena, gaitzesgarria, desegokia edo matxista da neska askorentzat. Sexismoa onartzea naturaltzat ikusten dute mutilen % 70ek eta nesken % 30ek, gizartean ohiko eta berezko zerbait bezala ikusten dute emakumeak modu sexistan aurkeztea.

 

Ikerlanean erabili zituzten hiru irudi:

iragarki bateko irudiairagarki bateko irudia

Irudien iturria: Nerabeek ez dute publizitateko sexismoa hautematen - Zientzia Kaiera

 

Kolonia iragarkiak aipatzen ditu Saioak bideoan. Ikus ditzagun eta komentatu Paco Rabannen bi iragarki hauek: 1 eta 2. Beste iragarki hau ere ikus daiteke.

-Iragarki sexistak iruditzen al zaizkizue? Zergatik?

-Emakumea objektu sexual bezala agertzen al da?

-Hautematen al dugu publizitateko sexismoa?

-Ohituta al gaude leku guztietan emakumeak erdi biluzik ikustera eta normaltzat hartzera?

 

Jantzi ditzagun “betaurreko moreak”, gure ingurua hobeto ikusteko eta, ondoren, matxismo-egoerak identifikatzeko eta ekiditeko.

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • ”Bestearen azalean”. Antzerkia egingo dugu. Gizontasuna eta emakumetasuna antzeztuko ditugu. Hitzik gabe eta mugimendurik gabe: estatua bat edo argazki bat bagina bezalaxe.

Bi taldetan banatuko gara. Talde batekoek antzeztu egingo dute eta bestekoak publikoa izango dira, eta, ondoren, alderantziz.

Lehenengo ariketa, berotzen hasteko:

  • Gorpuztu emakume bat

  • Gorpuztu gizonezko bat

  • Batetik bestera pasatu: orain emakumea, orain gizona

 

Zer ezaugarri dituzte? Gorputz-atalen jarrera, aurpegiaren espresioa... Zer transmititzen du estatua bakoitzak? Segurtasuna, gogortasuna, ahultasuna... Denen artean ondorioak atera.

Bigarren ariketa: emakumetasun edo gizontasun rolekin lotu ditzakegun hitz edo kontzeptuak pentsatu, eta antzeztea; besteek (publikoak) asmatu egin beharko dute. Adibideak: ama talde bat, gizon-taldea txikiteoan, familia eredugarri bat, emakume feministak, gizonak gimnasioan, pasarelako modeloak, basamutilak...

Antzerki esketxak egin ostean, agertu denari buruz hitz egingo dugu:

-Zer rol eta estereotipo agertu dira?

-Zer ezaugarri ditu genero bakoitzak? (ahultasuna, indarra, agresibitatea, lotsa/ausardia, irribarrea/seriotasuna...)

-Eta zer keinu/jarrera darabiltzagu? (hankak gurutzatuta, hankak zabalik, ipurdia kanporantz aterata, paparra puztuta...)

-Erraza al da hitzik gabe, gorputzarekin bakarrik, gizon-emakume rolak antzeztea?

 

Bukatzeko, kontrakoa egiten saia gaitezke: estereotipoak hausten eta egungo errealitateko beste eredu batzuk antzezten (aita umezainak, eliteko kirolean dabiltzan emakumeak, baleta egiten duten mutilak...). Erraza al da? Zer zailtasun ditugu?

 

  • ”Sormena lagun”. Argazkilaritza izango da gure tresna jarduera honetarako. Gizonezkoak sarri mozorrotzen dira emakumez, baina alderantziz gutxitan. Gainera, hori gertatzen denean, ohikoa da estereotipoetara jo eta emakumeak barregarri uztea (titi handiak, ipurdia bistan, etab). Interneten ere emakumeen poseak imitatzen dituzten gizonezkoen argazki ugari aurkituko ditugu, baina oso gutxi alderantziz. Izan ere, emakumeen parodia egitea barregarritzat eta dibertigarritzat hartzen da; kontrakoa, berriz, ez.

 

Lan honen helburua ondo pasatzea da, eta, aldi berean, hausnarketa bultzatzea: zer da barregarria eta zer ez? Nork erabakitzen du hori? Zeren arabera? Irauli ditzagun eskemak!

Lehenengo, bilaketa egingo dugu sarean: emakumeak gizonezkoak imitatzen eta gizonezkoak emakumeak imitatzen. Zer eredu agertzen dira? Adibiderako, argazki hauek edo beste hauek ikus daitezke eta komentatu: barregarriak al dira? Komentatu beste hauek ere:

Gizonezkoak mozorrotuta

Ondoren, gure txanda izango da. Parodiatu ditzagun gizonen jarrerak (garagardozale tripontziak, borrokalariak, gizon gogorrak, gaizto aurpegia jartzen dutenak, arreta erakartzeko tontakeriak egiten dituztenak, gizontasuna erakusteko arrautzak ikutzen dituztenak...). Hainbat aukera daude:

  1. Sarean aurkitutako argazkiak imitatzea, adibidez, gizonezko pertsonaia famatuenak (esaterako, Rambo). Bi argazkiak elkarren ondoan ipini daitezke gero.
  2. Guk asmatutako jarrerak izan daitezke, gizarteko ereduak eta estereotipoak kontuan hartuta. Gelako mutilek mutilen roletan posatu dezakete; ondoren, neskek imitatu egingo dituzte eta bi argazkiak elkarren ondoan ipini daitezke gero. Talde argazkiak ere izan daitezke.

Jarduera hau binaka edo taldeka egin daiteke. Bikote edo talde bakoitzak egindako lana erakutsiko du, eta gelakideei azalduko die zer egin duen, aurkezpen txiki bat eginez.

Aukeratutako argazkiekin argazki erakusketa ere antolatu dezakegu ikastetxean (ikasleenak eta Internetetik ateratakoak).

 

  • ”Jolasten”. Jostailuak eta jolasak, berdinak al dira neskenak eta mutilenak? Pentsatu erosi aurretik bideoa ikusi eta gelan komentatu. Ondoren, begiratu ingurura, bakoitzaren herrira. Arreta jarri publizitatean eta baita gertuko umeengan ere. Argazkiak atera, propaganda-aldizkariak gelara eraman... Aldaketa positiboak nabarmendu, genero-bereizketarik gabeko jolas eta jostailuak.

 

Collagea egin daiteke, jasotako argazkiekin eta marrazkiak eginez. Aukera bat: jarduera eredugarriak eta eredugarriak ez direnak konparatzea. Gabon inguruan eta taldeka egiteko jarduera izan daiteke. Ondoren, ikastetxeko pasabideetan jar daitezke, denek ikusteko moduan.

 

5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere, eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea feminismoaren historia eta historian zehar eskuratutako lorpenak ezagutzen dituen.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Rina Cabeza (Azkoitia, 2002): Neri bai iruditzen zatela gizartiek dauzkela bi bloke, esango genuke gizonena eta emakumiena, eta bloke hortan eredu jakin bat zabaltzen dula, edo nahi dula gizartie eredu mota hortara moldatzie, ez?

Saioa Mateorena (Leitza, 1999): Neskak ya denak gaude sartuta, ni ere bai sartzen naiz talde hortan, pues, politta izateko… edo mutillek, nere institutoan behintzat, ez die bat´e kezkatzen zer arropa jantzi edo deus´e, joaten dire denak txandalakin, behar den bezela. Eta neskak, denak, pues polittego egoteko, denak makillatuk joan beharra, denak ilea txukun-txukun, denak polittek-polittek prestatuk... eta eske hain da diferentea neskantzako daon rola bezela eta mutillentzako daon rola...

Rina Cabeza (Azkoitia, 2002): Emakumin kasun, ba, ez dakit, argalak izetie, titi haundixek eukitzie, ile luze-luzie, takoiek ibiltzie eta minifaldie, ez? Osea… esan nahi det… Eta eredu hortara askotan ez bazea amoldatzen, ba, ez dakit, adibidez emakume lodi bati zenbat aldiz kritikau zako lodixe egotie, ez? Baiño emakume argal bati argal egotie zeba ez? Atzenin gizartiei interesatzen zakolako, ba, eredu forma hoixek sortzie. Ez? Emakume batek burue rapatzen du eta zenbat pertsonak komentauko du? Eta ez onerako, ez? Atzenin, hori, ez? gizartiek espero dulako emakume forma bat eta gizon forma bat.

Saioa Mateorena eta Andoni Amadoz (Leitza, 1999):

- Saioa: Joaten zarenean dendara ikusten dittuzun manikik, denak, galtza bakeroak eta eramaten dittuenak, pues, exajeratu gabe, holako iztarrakin. Eta hoi irreala da, persona batek...

- Elkarrizketatzailea: Ez dugu ikusi.

- Saioa: E?

- Elkarrizketatzailea: Ez dugu ikusi.

- Andoni: Hola itteko.

- Saioa: A! Holakoa. Eta hoi irreala da, persona bat… persona erreal batek ezin do horren gutxi pixatu.

 

Rina Cabeza (Azkoitia, 2002): Zenbat aldiz jun erropa denda batea ta, nere kasun, nik galdeu XL bateatik eta “no, es que aquí no vendemos tallas grandes”, eta neri XL bat ez zat iruditzen talla haundixe daniken, ez?

Saioa Mateorena (Leitza, 1999): Duela bi urte galtza bat erosten ziñun 36 eta nik oaiñiken ondo euki nezakeen, baiña oain 40 bat hartu beharra dozo. Eta itten dittue tallaje gero ta ttikigoak, pues, zure burukin gero ta okerrago sentitzeko, nere ustez, eta ni oso presionatua sentitzen naiz. Igual zu mutilla zeala ez hainbeste, baiño neskak batez´e presionatzen gaittue tallajekin asko eta moda kontuk. Ta ikusten dittuzu modeloak denak diela palillo fin bat, eta sentitzen dozo, ta hoi… zuk daukezo barneratue hoi dela, politta izatea hoi dela. Ta, ordun, saiatzen zea hoik bezelakoa izaten. Eta tallaje gero eta ttikigoa, gero ta ttikigoak... eta ordun zure burukin iñoiz ez ongi sentitzea eta gero eta gehio erosi... eta hoi. Eske, ez dakit, saiatzen zea zirkulo hortan ez sartzen, baiño igual azkeneako inkoszienteki bukatzen dezu hor.

Rina Cabeza (Azkoitia, 2002): Bukle baten gaudela, ez? Iguel askotan kritikatzen deu gizartik eredu… bai, emakume eredu hori zabaltzie, baiño gero geu gea askotan, ez dakit, ba, holako erropie erosten deunak edo pixket bolie ematen dixounak asunto horri. Ordun, denbora osun bueltaka gaude, ez? Askotan baitte ez dakigulako nola erten hortik, baiño...

Saioa Mateorena  (Leitza, 1999): Neri iruditzen zait kolonian anuntzio askotan edo kasi gehienetan, adibidez, anuntzio hoi nazkatue naona ya ikustez… Paco Rabannen anuntzioak? Dago neska pues izango bazen bezela jostailu sexual bat. Hoi, hoi erakusten due. Eta gero, holako anuntzioak, gainera, botatzen duela Paco Rabannen anuntzioa bi minututik behin ikusten dozola anuntzio hoi, gero ez zait harritzen… osea, bost urtetan egiten dozon lana ya anuntzio horrekin jun iten zaizu. Eta gero indarkeria matxisten aurka hasten zara zerbaitt´e eitten eta, holako anuntzioak onartzen baldin badie, da deus ere egingo ez baziñu bezela, okerrera joaten dela.

Miren Artetxe (Hendaia, 1985): Azken baten, zertako gauden hezita, ez? Neska bezela sozializatuta edo gizon bezela sozializatuta gauza desberdinak eskatzen zaizkigu. Ordun, gaitasun desberdinak garatzen ditugu.

Saioa Mateorena eta Andoni Amadoz (Leitza, 1999):

- Saioa: Edo juergatan, adibidez. Beti mutilla joan beharra dela neskangana, edo, nahiz eta bik nahi elkarrekin, pues, mutille joan beharra dela neskangana. Beti… Nolabait esateko, neska daola mutillen mende bezela.

- Andoni: Nik uste hoi´re bai izan daittekela... ni, adibidez, neska izango banintz, ba, igual gesto hori, igual zerbaitt´e romantikoa bezala hartuko nuke.

- Saioa: Beti neska itxoiten egoten dela mutille, edo kasi beti. Beti… ez dala… gure gizartean beti ikusten dela mutille joaten zaiola neskangana, ez neska mutillengana joan eta esan: “E! goazen zerbaitt´e hartzea eta ez-dakit-zer”.

 

Miren eta Gorka Artetxe (Hendaia):

- Miren: Neri iruditzen zait igual neska kuadrillan, neska gazte kuadrilla baten, batenbati gehiegi edan dulako-edo ematen dio atakiak o botaka jartzen da bi kotxen tarten ta dazka laguntzen bi-hiru neska hantxe... kuadrillak zaintza rola hartzen du. Mutil bati gertatzen baldin bazaio, igual utziko due hor txoko baten eta pasatzen zaionen etorriko da. Beti´re zainduta hola, baiño ez hainbesteko atentzioakin edo. Nik neska lagun bati hori gertatzen bazaio, nik ez badiot lagundu, laguntasunen ari naiz fallatzen. Eta ni mutilla baldin banaiz eta hola baldin badao, bihar parre ingo diot eta ez det lagun bezela fallatu. Izan naiz kabroi bat. Eta parre ingo dit edo nik ingo ingo diyot edo bazilada egongo da, baiño igual ez deu lagun bezela fallo bat bizi izan ez batek eta ez bestiak. Neska utzi izan banu hor eta ni hor ondon egon parrandan... mmm, hor ya laguntasunan kodigok´e desberdiñak diala. Eta beti zaintza hoi, elkarren zaintza hoi ta... Ez dakit.

- Gorka: Azkenean, ez dakit zein dan egokia, ez?

- Miren: Ez, ez, ez dakit.

- Gorka: Batzutan hor uztiak´e ez du kalteik iten ta.

 

Saioa Mateorena (Leitza, 1999): Adibidez, beti aitzen den kasue: mutil bat neska askokin egoten dana hori da “el puto amo”, idoloa; eta neska joaten dena mutil askokin zorra bat. Hoi da daon adibiderik garbina, hoi deskribitzeko, daon… daon rola neskakin. Oaindiken gauza asko in beharra die, asko.

Miren eta Gorka Artetxe (Hendaia):

- Miren: Igual “mutil batek egin dezake hau, baina neska batek ez, eta hori sexismoa da”, hori azkenean danok alleatzen gea harrapatzea. Zailagoa dana da hor gertatzen dian gauza xumegok ikustia. Azkenen nola alleatzen gea hortara, ez? Heziketa prozesun, hoi, esateako, osea tipo horrek putatzat eukitzeako hirukin liatu dan neska eta bere burua, berriz, pues harrotuta jartzeko, berak hirukin ligatu dulako, hor prozesu bat dao eta hor pasa dia gauza txiki pilla bat eta mezu pilla bat hoi gertatu ahal izateko. Eta hoiek dia harrapatzen zaillak.

- Gorka: Bai, bai, azkenen, gauza potolonak pixkat borratzen eta kentzen saiatzen gea, baina azkenean egunerokotasun hortan bizi dian egoera bortitz txiki hoiek, baina potolok bezain bortitzak dianak, hoiek ez diala hainbeste zaintzen.

 

Miren Aranguren (Iruñea, 1981): Mikromatxismo hitza erabiltzen degu bereziki konsziente izateko jendarte honetan sufritzen ditugun diskriminazio guztiak ez dirala makroak, ez dirala oso haundiyak, eta ez dirala oso ikusgarriak. Bai? Dagola egunerokoa gauza txiki eta ikusezinagoez osatua.

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Lehen erabiltzen zen gehio mikromatxismoa, orain ez da erabiltzen horrenbeste, kategorizatzen zituelako pixkat erasoak. Nik uste modu baten hasi zela erabiltzen izendatzeko eraso kategoria hartzen ez zituzten jarrera batzuk, ez? eta igual hor pixkat hasi ziren mahai gainean jartzen eraso batzuk ez zirenak oraindik kontsideratzen eraso sexistak, ze horrekin pedagogia bat egin behar izan da, ez? Duela bost urte esatea eraso sexista bat zela ez horren handia edo ez horren intensoa, jendearentzat exajerazio ikaragarri bat zen. 

Miren Aranguren (Iruñea, 1981): Izeberga… Bueno, danok dakigu zer dan, bai? Ba daka punta bat agerian gelditzen dana, uretatik ateratzen dana, eta gero daka oinarri oso-oso-oso sendo bat, ikusten ez dana, eta… baino askoz ere handiagoa dana, puntatxo horren oinarria– hain justu ere– dalako, ez, punta hori azaleratzeko, ba, oinarri handi hori behar dulako. Orduan, nik esango nuke mikromatxismoak dirala ur azpian dauden jarrera pilla hoiek. Bai? Ez diranak hain agerikoak, ez diranak hain errex manifestatzen, askoz sutilagoak izan daitezkeenak, identifikatzen zailagoak, baina sostengatzen dutenak, ba, oso-oso jarrera matxista izan daitekeen bat, ez? Esatea emakume batei ba “zuk ez dezu ezertarako balio”. Ez? Adibidez, hori izan daiteke matxismoaren oso jarrera agerikoa, bai, baina horren atzean egon daitezke gauza sutilagoak mezu iguala izan dezaketenak edo. “Bai, seguru al zaude zuk hori nahi dezula egin?”, ez, zalantza etengabe bat edo “zergatik zuk ez dezu egin hau? Zu zergatik ez zera ama izan?”. Galdera hori erantzun behar badezu behin, pues erantzuten dezu, baina erantzun behar badezu ez dakit zenbat aldiz horrek ya beste oinarri bat daka, ez? Eta beste… zurekiko beste eraso mota bat da. Orduan, oso zaila da esatea: hau da mikromatxismoa, hau da matxismoa. Bai?

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Baina inportanteena dena da ikusten ez diren gauza hoiek existituko ez balira, goikoa ez zela existituko.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza