Nola kontatu ipuin bat?

Ipuin-kontalarien lana ezagutuko dugu, ipuinak kontatzeko orduan zer izaten duten kontuan, alegia. Amaia Elizagoienek, Joxe Mari Karrerk eta Josune Diaz de Mendizabalek istorioak kontatzeko darabiltzaten tekniken berri ematen digute bideo honetan.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara, Ipuinak, Antzerkia

3,13 puntu 5 izarreko maximotik
439 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Fikziozko istorioak sortzeko eta kontatzeko irrika
  • Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo dugu: kontalaritzari buruzkoa da ikusiko dugun bideoa. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Beti gaude kontatzen, nahiz eta ez garen konturatzen. Trebeak al zarete gauzak kontatzen?

-Zer da kontalaritza (kontatzearen artea)? Gustatzen al zaizue txisteak eta anekdotak kontatzea? Badakizue arreta erakartzen? Barre eginarazten?

-Ipuinzaleak zarete? Zer ipuin dakizkizue? Kontatu!

-Zer ezaugarri dituzte ipuinek (definizioa)?

 

Ipuina narrazio mota bat da, fikziozkoa. Ikus ahozko testu-generoak (Jean-Michel Adam, 1987).

Ipuina edo istorio laburra: irudimenak sortutako kontakizuna, bereziki alegiazkoa (baina ez beti), denbora tarte batean eta toki batean pertsonaia bati/batzuei gertatutako ekintzak kontatzen dituena.

-Nola kontatu ondo ipuin/istorio bat?

-Zer izan behar da kontuan (ahots-tonua, erritmoa, gorputz-adierazpena…)? Zerrenda osatu!

-Zertaz hitz egitea gustatzen zaizue? Zeintzuk dira zuen gustuko gaiak?

-Ikasi al daiteke istorioak/ipuinak ondo kontatzen ala kontalariak berezko dohaina izan behar du?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitarteakoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, Amelik bere euskalkian esandakoak, nafarreraz: arrunt (oso), gan (joan), erran (esan), aunditz (asko), aise pendientiago (askoz pendienteago), bertzea (bestea)…

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Gustatu al zaizue bideoa? Ondo azaltzen al dute istorioak nola kontatu? Zerbait falta al da?

-Inoiz egon al zarete helduentzako ipuin-saioren batean? Ezagutzen zenituzten bideoan agertu diren bi kontalariak eta aktorea?

-Nabari da bideoko kontalariek ondo pasatzen dutela kontatzen. Garrantzitsua da egiten duzunarekin disfrutatzea (sentitzea, sentiarazteko)?

-Esan dituzten gauza guztietatik, zer iruditzen zaizue egiteko zailena? Zergatik?

-Ipuinak buruz ez ikastea, “testutik urruntzea” inportantea dela diote. Baduzue ohiturarik horretarako?

-Hitzei egundoko garrantzia ematen diegu. Alabaina, hitzak komunikazioaren ehuneko 30 inguru omena dira (gainerakoa, gorputz adierazpena). Asko ala gutxi iruditzen zaizue?

 

3. Nahiz eta batzuetan muga lausoa izan (era guztietako antzezlanak daudelako), interesgarria gerta dakiguke bereizketa egitea: kontalaritza vs antzerkia. Kontalaritzan:

  • Narratzailea zu zeu zara, ez pertsonaia bat: ez duzu antzeztu behar
  • Inprobisaziorako aukera handiagoa duzu: istorioa publikoaren, lekuaren eta egoeraren arabera alda dezakezu
  • Ez duzu ezer behar (atrezzorik, mozorrorik… eszenatokirik ere ez)

Ipuin beraren bi aldaera ikusiko ditugu, “Hontzaren ipuina”ren bi adibide

Hauxe da ipuinaren jatorrizko bertsioa, Aramaion jasoa Ahotsak.eus proiekturako.

-Eman iritzia jatorrizko ipuinari eta kontalarien bi bertsioei buruz

-Konparatu bi bertsioak: musikarekin ala gabe nahiago?

Bi bertsioak berriz ikusi, oraingoan darabiltzaten kontaketa-estrategiei erreparatuz (binaka jarrita egin daiteke, bikote bakoitzak kontalari bat aukeratuta):

Tonua

 

 

Erritmoa

 

 

Pertsonaien izaera

Ahotsa

Keinuak

 

 

Hizkuntza-baliabideak

Onomatopeiak

Esamoldeak

Formulak

Errepikapenak

Exajerazioa

 

 

Kontalariaren gorputz-adierazpena

Keinuak

Begiradak

Espazioaren erabilera

 

 

 

Nahi izanez gero, ipuinaren egitura eta edukia ere landu ditzakegu (ipuinak sortzeko baliagarria gerta dakieke):

Lekua eta denbora

 

 

Pertsonaia(k)

 

 

 Egitura: hasiera-gertaerak-bukaera. Arazoak, ekintzak eta konponbideak

 

Denbora:orainaldia ala lehenaldia? Ordena: kronologikoa ala saltoak denboran?

 

 

Narratzailea: 1. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa?

 

 

 Ekintzen narrazioa, azalpenak, deskribapenak eta elkarrizketak identifikatu

 

 

4. Kontaketa-laborategia. Bideoan aipatu dituzten kontalaritza-estrategiak lantzeko, esperimentu batzuk egingo ditugu: esaldi eta testu laburrekin jolastuko dugu, talde txikietan jarrita (4-5 lagun):

a. Tonua: “Gaur amonaren etxera noa” esaldia esan, ahotsa aldatuz: otsoa izanda, umea izanda, triste, pozik, gogaituta, haserre, misteriotsu… bururatzen zaizkien aukera guztiak, txandaka.

b. Pertsonaien izaera: Ahotsa eta keinuak. Aurkezpen txiki bat egin. Adib.: “Otsoa naiz eta jan egingo zaitut!”. Pertsonaiak aldatzen joan: gaiztoa, eroa, inuxentea, lotsatia, bihurria, lotia, erretxiña, alaia, tristea, kexatia…

c. Espazioa: “Ikusi, hor/han dago!” eta “Badator, badator…” esaldiak erabili. Egoera: iratxo bat, erraldoi bat, txori bat, mamu bat, erle bat… guregana gerturatzen ari da.

d. Inprobisazioa: Taldeko pertsona bakoitzak hitz bat esango du, eta 4-5 hitzak paper batean idatziko dituzte. Guztien artean istorio txiki bat asmatuko dute, 4 hitz horiek erabilita. Bat-batean egitekoa, istorioa idatzi gabe. Aukera bat: gero gelakideei kontatzea.

 

5. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide  eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere.

 

  • Jolasten”. Jolas bat egingo dugu, gorputz-adierazpenaren garrantziaz jabetzeko.4-5 laguneko taldeetan banatuta egingo dugu. Hitzen ordez, bala-bala hizkuntza erabiliko dugu (hitz egin beharrean bala-bala esatean datza)Zakutxo edo poltsa batean sentipenekin lotutako hainbat hitz sartuko ditugu, papertxoetan idatzita: harridura, beldurra, tristura, barregura, etsipena, nazka, haserrea, poza, jakin-mina...

Talde bakoitzak bere papertxoak izango ditu (talde guztiek berdinak), eta taldekideak bertatik paper bana ateratzen joango dira, ondokoei erakutsi gabe. Hala, taldekide bakoitzak bala-bala hizkeran bere kontaketa egin beharko du, besteek hitza asma dezaten (adibidez, tristura baldin bada: aurpegi tristea jarriko du, tonua baxua izango da eta erritmoa motela; hasperen egin dezake eta baita negar ere; eskuekin aurpegia estali, burua makurtu…). Jolas honen helburua, ondo pasatzeaz gainera, gorputz-adierazpenaren eta hitzezkoak ez diren baliabideen garrantziaz ohartzea da.

    Ondo legoke ariketa grabatzea, gero ikasleek euren buruak ikusi ahal izateko.

 

  • “Bestearen azalean”. mikroipuinak erabiliko ditugu langai gisa, eta bi lanketa sakon egingo ditugu mikroipuin horiekin.
  1. Ozenki irakurtzea: irakurketa antzeztua
  2. Ipuin-kontaketa

Bi molde ezberdin dira, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Jarduera honen helburua biak lantzea da, eta bi moldeen ezaugarriez jabetzea. Izan ere, literatura eta ahozkotasuna askotan ez datoz bat: ipuin batzuk irakurtzeko aproposagoak dira kontatzeko baino.

Hasteko, ikasleak binaka ipini eta bikote bakoitzak gustuko mikroipuin bat aukeratuko du (posible da beraiek asmatua izatea ere). Adibiderako, mikroipuin hau erabil dezakegu (mikroipuinak.eus webgunetik hartua):

AMAIERA

Boligrafoa neke itxurarekin gerturatu zait.
—Ezin dut gehiago! —ziurtatu dit berehala—. Agortuta nago!
—Ni ere bai —onartu diot.
—Bi urte daramatzat zure ipuinak idazten —gaineratu du—, eta laburrak izan arren jada ez zait tintarik gelditzen.
Kexua espero nuen, ezer ez baita betirako. Nik ere ideiak agortu ditudalakoan nago, baina hala ere, azken ahalegin bat eskatu diot:
—Lagundu ipuinak zenbatzen.
Halaxe egin dugu. Banan-bana zenbatu ditugu ipuin guztiak 99ra iritsi arte.
—Ehun ipuin idazteko erronka jarri nion nire buruari —esan diot orduan boligrafoari—. Gai ikusten al zara azken ahalegina egiteko?
—Zuri zer iruditzen? —erantzun dit harro, nire eskura salto eginez.
Pentsakor gelditu naiz une batez, azken ipuina izango denaren gaia erabakitzeko. Berehala ohartu naiz, ordea, ez dela oso erabaki zaila, eta boligrafoaren tinta-hondarrak astinduz azken ipuinaren titulua idatzi dut: AMAIERA

 

1. Mikroipuina ozen irakurriko dugu. Horretarako, Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40)

Aukeratutako testua aztertu, eta ikasle bakoitzak zer zati irakurriko duen erabakitakoan, tonoa eta erritmoa erabakiko dute, probak eginez: zer tonotan irakurri (umorezkoa, serioa, lasaia…), pertsonaien ahotsak nolakoak izango diren, non egin geldialdiak, zer hitz nabarmendu…

Testua barneratuta dutenean (markatu egin dezakete, nahi badute):

  • Ozen irakurriko dute ikaskideen aurrean. Ahotsak grabatu (bideoan ere graba daiteke. Adibiderako, ikus: Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan).
  • Sentsazioaren berri emango dute: Gustura sentitu zara? Eroso, deseroso? Urduri, lasai? Disfrutatzen, bukatzeko irrikitan? Beldurrik piztu zaizu (gaizki egitekoa, erridukulua egitekoa…)?
  • Gustura geratu ez badira, hobeto prestatu, eta berriz irakurri eta graba dezakete (adibidez, bakarrik egonda).
  • Bi aukera:                                            

-Audio-ipuina egitea: ahotsari musika eta soinuak gehitzea (edizio-programaren bat erabiliz).

-Bideo-ipuina egitea: ipuina bideo bihurtzea, marrazkiak/irudiak, soinuak eta musika ipinita (edizio-programaren bat erabiliz). Adibiderako, ikus Aittu.eus webguneko ipuinak.

  • Emaitza ikaskideekin partekatu, eta sare sozialen bidez ere bai.
  1. Mikroipuina kontatzeko garaia da orain! Irakurtzea eta kontatzea ez dira gauza bera. Desberdintasun nagusiak:
  • Publikoaren aurrean zaude: zein da hartzailea? Ez da gauza bera 3 urteko umeei edo helduei kontatu. Ikus Doña Karmenen ipuina eta Yolanda Arrietaren Oinutsik jauregian
  • Gorputz-adierazpena: ahotsa bezain inportantea da, edo gehiago! Begiradak, keinuak, espazioaren erabilera…
  • Ez duzu paperik behar: ez zara testuan oinarrituko. Istorioaren eskema ezagutzea da garrantzitsuena.

Aurreko adibidera joko dugu, “Amaiera” izeneko mikroipuinera: Ahoz kontatzeko idatzita al dago? Zer dago sobran? Zer moldatuko zenuke?

Moldaketa posible bat:

Ez dakizue zer gertatu zaidan! Gaur boligrafoak ez dit ba boikota egin? Bai, boligrafo honek (poltsikoan izan dezake, agerian, eta seinalatu). Ipuin bat idazteko hartu dut eta (boligrafoa eskuan hartu; beste eskuan paperak izan ditzake):

-Ezin dut gehiago! Agortuta nago! (boligrafoaren ahotsa eta kontalariarena diferenteak izango dira: adibidez, boligrafoak baxu eta astiro hitz egin dezake, kostata, nekatuta dagoelako)

Agortuta? Ai ene… (publikoari begira)

-Puff… Ni ere bai (neke keinuren bat egin: burua makurtu, putz egin…)

-Bi urte daramatzat zure ipuinak idazten, eta, laburrak izan arren, jada ez zait tintarik gelditzen. (boligrafoari begira)

Ez da harritzekoa… (publikoari begira) Ehun ipuin idazteko erronka jarri nion nire buruari! (erronkaren handitasuna nabarmentzeko, ‘ehun’ hitza indartu) Kexua espero nuen, bai, ezer ez baita betirako... Nik ere ideiak agortu ditudalakoan nago, baina hala ere, azken ahalegin bat eskatuko diot:

-Lagundu ipuinak zenbatzen, faborez (boligrafoa begien parean ipini eta hari hitz egiten, “errukitu nitaz” keinuarekin).

Halaxe egin dugu (boligrafoarekin paperak zenbatzeko keinua egin). Bat, bi, hiru… hamaika, hamabi… Banan-banan zenbatu ditugu ipuin guztiak 99ra iritsi arte. 99! Aiba! Bakarra falta da ehunerako!

-Gai ikusten al zara azken ahalegina egiteko? (ilusio-aurpegiarekin, boligrafoari)

-Zuri zer iruditzen? (boligrafoaren ahotsa aldatu egingo da: indartsua da orain; gora eta behera mugituko du, saltoka ari balitz bezala)

Ikusten duzue? Paparra puztu zaio! Bai, hori da nahi nuen jarrera! (pozik)

(Pentsakor geldituko da) Jo, baina zeri buruz idatzi dezaket? Azken ipuina da… Badakit! (boligrafoaren tinta-hondarrak astinduz, letra batzuk idatziko ditu paper batean, eta gero publikoari erakutsi, pozik): AMAIERA

 

Eskema posible bat. Buruan izan behar ditugun ideiak, ipuina kontatu ahal izateko (kontatzerakoan, hitzak berez aterako dira, eta berdin du ez badira testuko berak!).

Adibidez:

Boligrafoa kexuka: agortuta

2 urte lanean: 100 ipuin idazteko erronka

Zenbatzen lagundu! 99 ipuin: 1 falta!

Azken ahalegina

 

Pauso posibleak:

1-Ikasle bikote bakoitzak bere mikroipuina moldatuko du: kontatzeko bertsio bat egin.

2-Ipuinaren eskema egingo dute: ideia nagusiak atera

3-Kontaketa prestatu. Binaka presta dezakete, elkarri laguntzeko, baina gero bakarka kontatuko dute. Izan ere, pertsona bakoitzak bere erara kontatzen du, bere estilora, bere hitzekin eta keinuekin. Hori du polita ipuin-kontalaritzak. Aurrez landutakoak kontuan izango dituzte:

              -Tonua eta erritmoa: umorezkoa, tristea, misteriozkoa… Zein da hartzailea?

-Erritmoa: bizia, motela, aldakorra, isiluneak…

-Pertsonaien izaera: ahotsak, keinuak

-Hizkuntza-baliabideak: onomatopeiak, esamoldeak, erregistroak…

-Gorputz-adierazpena: keinuak, begiradak, mugimendua, espazioaren erabilera, arnasa…

4-Ipuin-kontaketa egin ikaskideen aurrean. Bideoan grabatu.

5-Ipuin-kontaketa publikoari zabaldu. Hiru aukera:

-Grabazioa editatu eta sare sozialetan zabaldu.

-Beste gela batera joan, ipuinak kontatzera. Iritzi-trukea egin.

-Mikroipuin-kontaketa maratoia antolatu, egun batean, ikastetxeko areto batean.

 

  • Sormena lagun”. Ipuinak/istorioak asmatzea, gero kontatzeko. Horixe izango da erronka. Ipuina norberak sortutakoa denean, barrurago sentitzen dugu, eta sentimendu gehiagorekin kontatu ohi dugu. Hasteko, hauxe da ikasleei galde diezaiekeguna:

Zer kontatu nahi duzu? Zer iruditzen zaizu interesgarria? Zer entzungo zenuke edo entzuten duzu gustora? Nolako istorioak gustatzen zaizkizu?

Bidea errazteko, bi proposamen ditugu:

A aukera. Aurpegiak eta keinuak ikusita, istorio bat asmatzea. Karrere eta Ameli ipuin-kontalarien fotogramak erabiliko ditugu. Ikasle bakoitzak bietako bat aukera dezake:

Karrere fotogramak

Ameli fotogramak

Zortzi fotograma horiek izango dira ipuinaren bizkarrezurra. Eskema klasikoa erabil dezakegu:

-Hasiera: pertsonaia batzuk, leku bat eta egoera bat deskribatu

-Korapiloa: arazo bat, gertaera batzuk azaldu

-Bukaera: istorioa ixteko modu bat (ez dauka amaiera alaia izan beharrik)

Pausoz pauso:

-Istorioa pentsatu, eta zenbaki bakoitzaren ondoan gertatzen dena idatzi, esaldi gutxitan

-Istorioa gelakideekin partekatu: fotograma bakoitzean zer jarri duzun azaldu

-Istorioa kontatu, paperik erabili gabe, ateratzen diren hitzekin (berdin du istorioaren zatiren bat ahaztuta/aldatuta ere). Aurretik landutakoak kontuan izan (tonua, erritmoa, espazioa, keinuak, begiradak…).

B aukera: Ipuin ezagunak aldatzea, neurri batean egitura nagusia mantenduta. Adibidez, Txanogorritxo makarra bat da (ez du amonarenera joan nahi), otsoa ez da gaiztoa (amonaren etxera laguntzen dio) eta amona ez dago etxean (oporretara joan da).

Ipuina prestatu eta kontatu. Aurretik landutakoak kontuan izan (tonua, erritmoa, espazioa, keinuak, begiradak…).

 

  • “Hitzen arrastoan”. Hizkuntza-baliabideak oso inportanteak dira kontatzeko garaian. Euskara jator eta aberatsa erabiltzeak kolorea ematen dio kontakizunari.

Gure aitona-amonek, esaterako, euskara oso aberatsa dute. Ikus bideo hau, eta hitz egiteko moduari erreparatu (besteak beste, darabiltzaten onomatopeiak apuntatu): Ipuinak eta txisteak (proposamen pedagogikoak ere baditu bideoak)

Onomatopeiak aldatu egiten dira hizkuntza batetik bestera. Euskarazko onomatopeiak landuko ditugu. Hona hemen adibide batzuk:

Kolpea makilarekin (kaska!)       kolpea atean (dan-dan!)             jipoia (dinbi-danba) masailekoa (zapla)                erori (plaust)               pausoak (tipi-tapa)         zurrunga (zzzzz)         haginkada (drausk)              edan (dzanga-dzanga)                    ura irakiten (bor-bor)         zerbait puskatu (krask)   zerbait ireki (kliski-klaska)    leherketa (braun)       uretan ibili (plisti-plasta, txipli-txapla)     tripa-hotsa (grrrrr)       barre motak (gaiztoa, urduria, alaia, bihurria… jojojo, jijiji, jajaja, jejeje)                       zaldiaren trosta (trakatan-trakatan)                    euri erauntsia (zarra-zarra)          trumoia, tximista, motor hotsa (burrun-burrun)     azkar (zirt-zart, ri-rau)  kolpera agertu (braust)             tantoak erori (tan-tan-tan)     balantzaka (binbili-bonbolo)       ziburuan (dilin-dalan)       txakurra (zaun-zaun, txau-txau)

          -Taula osatu: onomatopeia gehiago ipini. Animalienak, adibidez.

-Ikasle bakoitzak egoera bat, istorio labur bat asmatuko du, onomatopeiak erabiltzeko: gutxienez 3 onomatopeia sartu. Adibidez:

Aurrekoan kalean zehar nindoan, tipi-tapa, tipi-tapa, lasai asko, eta bat-batean krask… zerbait zapaldu nuen! “Ai ama… zerbait apurtu dut”. Makurtu egin nintzen zer zen begiratzeko, eta ez nuen ezer ikusten… baina bat-batean braust! Igel berde bat agertu zen!

-Sortutako istorioa gelakideei kontatu. Kontatzeko garaian, aurrez landutakoak kontuan izan (begiradak, keinuak, espazioa…)!


6- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: ikus-entzunezkoa, ipuin-kontaketa, audio-ipuina… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak: 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

-Ea aktiboki hartzen duen parte dramatizatze-, birsortze-, memorizatze- eta errezitatze-lanetan,

eta, erritmoa, ahoskera, azentua eta intonazioa zaintzeaz gainera, antzezpen-estrategia errazak erabiltzen dituen.

- Ea ipuinak, pasadizoak... etorri handiz eta bizi narratzen dituen.

- Ea kontakizun laburrak irakurri eta entzuten dituen, gure kulturako eta beste kultura batzuetako mitoak eta kondairak barne, literatura kontakizunaren elementuei eta haien funtzionaltasunari erreparatuz.

- Ea ipuinak eta kontakizun laburrak iruzkinak eginez eta espresioa landuz irakurtzen dituen, eta istorio-elementuak, hasiera formak, garapen kronologikoa eta amaiera bereizten dituen.

- Ea literatura-ereduak sormenez erabiltzen dituen.

- Ea aurreko belaunaldien testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).

- Ea lotzen duen edukia historia- eta gizarte-testuinguruarekin.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

-Ea hautematen dituen gizarte-, arraza-, sexu- edota kultura-bazterketa adierazten duten irudiak eta adierazpenak (genero ikuspegiari lotutakoak bereziki), eta, horrez gainera, berak sortzen dituen testu mintzatu eta idatzietan adierazpen horien erabilera baztertzen duen.

- Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Nola kontatu ipuin bat?

 

TONOA ETA ERRITMOA

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Bueno, lehenik eta behin aukeratuko dugu ipuina eta erabakiko dugu ipuin hori zer den. Hau da, umorezko ipuin bat den, tristea den, misteriozkoa den… orduan hor erabakiko dugu zer tonokin kontatuko dugun. Neretako jolastia ipuinen barnian tonoekin da arras dibertigarria.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Hor azkenean ikasi behar da… erritmoak kontrolatzen jakin… gauza planoak ez esaten… tonoak… Ez da berdin beldurrezko istorio bat kontatu edo parrezko istorio bat kontatu… Hor asko jolasten du erritmoekin, ahotsaren tonoarekin…

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Zuk baldin baduzu publiko bat erabat aztoratue da arrunt zaila hastia xuabe kontatzen ze engantxatu behar dituzu lehenik. Ordun hasi beharra zara pixkat bixiago igual, ez? Engantxatzeko. Baino gero ezin duzu segitu ritmo hortan ze lehenengo ipuinean baldin bazaude hemen, bigarrenean nora zoazi? Orduan gan behar zara egiten pixkat hau, ez? Baino arrun modu sutilean.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Zuk anekdota halako pasarte bat kontatzen duzunean ez duzu hola plano egiten “eta kalera etorri zen eta etorri zen tipo bat eta esan zidan zerbait e gertatu zaizu? Bueno, mina bai baina bueno, lasai nago eta gero etorri zen anbulantzi bat, anbulantzitik atera ziren hiru-lau tipo, etorri zien kamillakin, eta nahi duzu? Ez, ez dut nahi. Eta orduan jendea inguratu zen eta… Jendea ya” puff, hasten da horrela, “hartuko diau zerbaite?”. Ya ez zaie interesatzen batere! A, bale, erori hintzen, ezta? Bai, baina kriston mobida… Gero zer? Bueno, etorri zen mumumumu… ez! Eta etorri zen anbulantzia! Mekauenlaley! Benga jendea, inguruan, balkoietatik jendea eta eee, zer gertatu da? Ezerrez, joe!!

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Neretako ipuinak badu inprobisazioa, jakin  momentuan ze publiko dugun, tonua jartzeko orduen, egokitzeko orden, eta nik erraten dut: nik baditut ipuinak helduekin kontatu izan ditutenak eta helduek negar aunditz in dutenak eta Lehen hezkuntzako 6. mailan kontatzen dituztenak, baina tonoa aldatzen da, ez dut berdin kontatzen.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Moldatzen duzu dena según, ez da berdin 2 urteko haur bati kontatu edo 80 urteko amona bati kontatu. Ez da berdina. Ipuin berdina kontatu dezakezu, ipui berdina kontatu dezakezu, baina ez duzu berdin kontatuko, noski. Ze zuk bi urteko haur batekin, hiru urteko haur batekin ez duzu hitz egiten heldu batekin bezala. Edo 10 urteko haur batekin edo 14 urteko gazte batekin.

ISILUNEAK

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Isiluneekin jostatu. Ongi dago, adibidez niri gustatzen zait pilla ze badugu ipuin bat nahiko aktiboa dena, zaldiekin ibiltzen gara, ez dakit zer, eta momentu batean gelditzen naiz… erraten diet: “Eta badakizue zer pasa zen? Puff”. Eta igual pasten ditut bi-hiru segundo nere buruan erraten ze astokeri pasatu zena, eta denak daude erraten: “zer pasatu zitzaion?”. Eta agian da munduko tonterik handiena baino ya ari naiz sortzen espektatiba batzuk daudela denak erranez  “benga, arranca!” Eta hori ere gustatzen zait aunitz. Horrekin jostatzia, ez?

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Nik esaten badizut: “Hara, atzo”… hitz egiten badut horrela: “atzo”, ez? Derrepente hor isilune bat dago. Eta isilune horrekin markatzen duzu zerbait, ezta? Edo ez baduzu egiten, ziztuan hasten bazara hizketan: ta-ta-ta-ta-ta-ta, beste, hau da, ia-ia semikortxeatan hitz egiten baduzu, edo, ez? Beste efekto bat lortzen duzu. 00:49

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Edo momentu tragikotan ere bai. Osea neretako 02:12 isiltasuna momentu aunitzetan da bua, ematen dio ipuinai kriston bizie, ze bapatean nahigabian publiko guztia lortu duzu egotia hor, ze ari dire esperuen, falta zaie zerbait.

JAKIN-MINA SORTU

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Behar duzu zerbait beste norbaiti kontatzeko irrika, ze hori kristona da. Garai batean ziren sorginen istoriak eta holakoak eta gaur da ez dakit, ez? Burua moztu zuena edo guija bat egiten ari zela ez dakit zer gertatu zen edo etxe batean mamu bat dagoela edo gauza arraroak gertatzen direla… edo auskalo zer, ezta? Gazteek eta hori kontatzen dittuzte istorio asko. Zer da, “bazen behin”… ez. Baina beharbada esango dute: “Ez dakik zer gertatu zaiten gaur” edo “gaur kontatu didate gauza bat” edo “Interneten ikusi dut gauza bat harrigarria”. Eta hor hasten da istorio bat kontatzen.

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Horrekin jostatzia, ez? Pixkat interesgarria edo lotsa… zerrek sortzen ahal duen publikuangan sentitzia. Nere ustez sentitzia da klabia. Sentiaraztea.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Eta orain zer? Hori eduki behar du. Parrezkoa izan, beldurrezkoa izan, pasadizo bat izan… eta orain zer? Eta hau eta hau eta hau… Eta orain ze? Eta orain jendia eta orain zer? Orain zer?

PERTSONAIEN IZAERA

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Ipuin bat hartzen dugu, pixkat aztertzen dittugu zeintzuk diren pertsonaiak. Neretako interesgarria da pertsonaia ezberdinei ba ahots diferentiak patzia. Ez beti, ze bertzela zaude aise pendienteago ahotsa kontrolatziaz ipuina kontrolatiaz baino… ordun kontaketa batian baldin badaude imajinatu ipuin baten barnian hiru-lau pertsona, ba agian batek, badituela ezaugarri konkretu berezi batzuk, edukitzen ahal du ahots konkretu berezi bat, ez?

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Zer egiten duzu? Istoria ez duzu aldatzen bainan personaien izaerarekin jolasten duzu: nolakoa den ama… horregatik imajinatu behar ditugu istoriak. Institutoetan eta esaten duzu: nola hitz egiten du Txanogorritxuk? “Bai, ez dakit zer…” Ez, da neska bat baina ez tonta, ez? Da neska bat. Zergatik hitz egin behar du “aiii ni naiz txanogorritxu…” ez? Eta orduan hitz egingo du zuk nahi duzun bezela. Eta zuk nahi duzun bezela hori zer da? Izaera ematen diozu, horrela hitz egiten du, egiten du hori.

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Nik ere jostatzen dut ba jestuekin. Pertsonai bakoitzai jartzen dizkiot batzutan, ez beti, jestoren bat, ez?  Lotsatia baldin bada ba igual ukitzen du ilia… holako tontakeriak bai sartzen ditut.

EZ BURUZ IKASI

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Eta batez ere historia kontatzeko, istorioaren eskema atera. Hau da, abandonatu buruz ikasi behar diren gauzak alfabetatuak garelako, imajinatu,  analfabetoa zara baina historia asko gustatzen zaizu, nola gordetzen duzu buruan istorio hori? Nemoteknia bat dago, ezta? Ba hasten da horrela, garatzen da horrela, gertatzen da hau eta ta-ta-ta.

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Batzutan ez egotea horren pendiente ipuina kontatzia ongi eta ez dakit ze… ikasi beharra dituzu ipuinan lau elementu klabe, ezin direnak mugitu, eta bertzia fantasia! Ateratzen bada gaur zaudetela hondartzan eta ez badu inportan izan hondartza edo mendia eta hurrengo egunean zaudelako ez dakit Baztanen, nahi dezu kontatu mendie dela, nik holakuak… nik itsasua bihurtzen dut erreka eta errekak itsaso egunan arabera.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Zergatik da inportantea istoriaren egitura barneratuta egotea? Ze zerbait gertatzen bazaizu, historia ez duzu galduko. Testua buruz baldin badakizu eta halako interrupzio bat badago, mozkor bat sartzen dala tabernan eta: “eee, hori ez da horrela!” Eta holakoak, derrepente puf, galtzen duzu haria eta ostras, nun nengoen? Orain hartu, ber-hartu behar dut textoa… baina nik ez dut ber-hartzen textoa. Ber-hartzen dut istoriya. Ze hitzekin? Ez dakizu. Hitzak ez dituzu jakingo kontatzen hasten zaren arte. Orduan zer da garrantzitsua? Hizkuntza ondo ezagutzea, orduan rekurso gehiago izango izango dittuzu.

ONOMATOPEIAK

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Onomatopeiak. Klasikoena kokoriko, kikiriki, kukurruku, ezta? Frantsesez, gazteleraz eta euskeraz, ezta? Hau da, animaliek ere bere hizkuntza, hau da, euskaraz hitz egiten dute edo frantsesez onomatopeia hoietan. Oilarrarena, hori da klasiko bat eta argi-argia. Bainan txakurrak nola egiten du? Zaunk, zaunk, zaunk? Bai, txakur haundi bat bada. Beharbada. Txau-txau-txau. Txakur txikia bada. Baina esaterakoan ere ez dakit zer lekutan, zakurra gauza bat da, txakurra veste gauza bat da eta xakurra beste gauza bat da, ezta? Eta dena animali bera da, ez, baina da tamainaren arabera. Orduan bere onomatopeia desberdina izango da: zaunk-zaunk-zaunk edo txau-txau-txau-txau. Txau-txau ez du egingo txakur haundi batek. Orduan gauza hoiek kolorea ematen diote denetari

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Segun ze alderditatik baditu pilla bat errekurtso eta nik aprobetxatzen dut aunditz, edo saiatzen naiz bai, onomatopeiekin eta jostatzen ahalik eta gehien. Bai, gainera gustatzen zaizkit aunditz.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Hizkuntzaren errejistroak, hizkuntzaren baliabideak… ze horrek baliabide gehiago emango dizkizu kontatzerakoan, ezta?

GORPUTZ ADIERAZPENA

Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977):

-Komunikatzeko gaitasuna ez da bakarrik hitzarekin, ez? Askotan jotzen dugu horretara, baina bai, gorputzarekin gauza asko kontatzen ditugu. Nik egiten badizut hau, ez dut hitz egin behar, ta yasta, ikusten duzu nola nagoen.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Kuriosoa da keinuak. Keinuen mundua da beste mundu bat, ezta? Esaten duzu “Ta hara, akabo!”, ez? Hori zuk idatzita, nola jartzen duzu? “Eta akabo”. Ba eske ez du esan… “hara... akabo”. Ezberdina da oso, ezta? Hori esaten dute hizkuntza bat ikasten duzunean, hizkuntza berri bat, zailena da telefonoz hitz egitea. Hau da, hizkuntza berri horretan telefonoz hitz egitea zailena, zergatik? Ze bakarrik ahotsa duzu, ahotsa eta tonuak… eta hori, keinuak ez. Orduan, oso zaila da ulertzea, ezta? Eta orduan keinuak… orduan zer egin behar duzu? Ba beharbada gorputzaren espresioa ere landu.

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Bai, mugimedua parte da, ta adibidez ni pilla bat mugitzen naiz: eskuak eta baditut pilla bat keinu…

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Esaten dute, hori kalkulatu dute, ezta? gure komunikazioan ehunetik hogeita hamar edo halako bakarrik dala hitza.

Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977):

-Gorputzak ere askotan laguntzen digu gauzak kontatzen, askatzen… arnasa hartzea ere oso inportantea da. Jajaja Hori askotan esaten digute “arnasa hartu!” Eta esaten duzu “Hombre! Bestela ez nintzateke hemen egongo” baina derrepentean egiten duzu “aiiiii ba bai! Nengoen hor… ez? “Ba hori!

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963):

-Espazioaren erabilera ere, oso inportantea. Espazioan nun kokatzen zaren, nola erabiltzen duzun espazioa… nola jokatzen duzun espazioarekin… horrek komunikatzen du gauz asko, ezta? Ez da berdin esatea ez dakit, “eta etorri zen urrutitik” edo “etorri zen urrutitik”, ez? Ulertzen? Derrepente uff markatu duzu espazio bat. “Eta bazetorren, bazetorren, bazetorren… eta ti-ta eta joan zen berriro”. Eta markatzen duzu eta gauza guzti horiek komunikatzen dute ezer esan gabe.

Amaia Elizagoien (Oronoz, 1994):

-Ikustia, itia momentu batian: “Ta han dago!” eta denek itia, eskola oso batek itia zum, ta begiratzea, ez? Non dago? Ta ez dago. Gauza hoiek gustatzen zaizkit pile bat.

Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977):

-Oso polita da be bai nola jasotzen duten beraiek, eta nola ikusten duzun beraien begietan ari direla bidaiatzen, ez? Zuk kontatutako istoria horri esker. Orduan hori… neretzat da ba hori, pasa duzula froga! Jajaja

-Ipuinen sailkapena: barregarriak, animalienak, erlijiosoak, erromantikoak… http://ahozkoliteratura.eus/?page_id=1131

-Bideoak:

Ipuinak eta txisteak

Antzerkia: tradizioa vs modernotasuna

Maria Dolores Agirre

-Ikasleak irakurketa ozena egiten, elgoibartarrez:

Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza