Sasoi batean, Santa Agedan mutilak bakarrik irteten ziren kantu-eskean eta dantzan. Denborarekin neskak ere parte hartzen hasi ziren. Hori nola gertatu zen kontatzen dute bideo honetan. 2008. urtetik neskak mutilekin batera irteten dira plazara dantzara.
Mailak: DBH
Proiektuak: Eskoriatzako Udalak babestuta, EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza, Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Ohiturak
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik
-Zer dakizue Santa Agedako kantu-eskeari buruz? Badakizue nola eta noiz sortu zen?
-Zer da tradizioa? Tradizioei eustea garrantzitsua al da? Zergatik?
-Badira eztabaidak eta ezinikusiak sortzen dituzten tradizioak, emakumeek ezin dutelako parte hartu: desfileak, dantzak, danborradak... Ezagutzen duzue halako kasurik? Kontatu dakizuena.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa ikusi ondoren
-Zer iruditzen zaizue neskek Eskoriatzako Santa Agedako dantzetan parte hartzea? Ohiturak eguneratzea, gaurkotzea, beharrezkoa al da?
-Neskek zergatik ez zuten Santa Agedako kantu-eskean eta dantzetan parte hartzen?
-Zuen ustez, parte hartzen hasteko prozesua gatazkatsua izan al da? Erraza al da ohiturak aldatzea? Ausardia behar al da? Egingo al zenukete zuek horrelako zerbait? Begi onez ikusiko zenituzkete aldaketak?
-Ezagutzen al duzue horrelako aldaketak egin dituzten beste tokirik? Eta lortu ez dutenik?
Ondoren, iritzi-trukea egin daiteke, talde txikietan jarrita. Zeintzuk dira batzuen eta besteen argudioak? Zergatik gaiztotu da hainbeste egoera? Zer-nolako sentipenak eragiten dizkigu?
Hausnarketarako, baliagarria gerta daiteke Valentziako bi kasu hauek ere ezagutzea:
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke, talde txikietan. Bost adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
Bertsoak sortzeko arbel digitala erabil dezakegu (izena eman behar da) eta doinua aukeratzeko, berriz, doinutegia.
Binaka egiteko ariketa da. Ahal dela, umorea erabiltzea komeniko litzateke. Behin prestatu ostean, gela osoaren aurrean aurkeztuko dute egindako lana, kantatuz, rapeatuz, antzeztuz edo ozenki irakurriz.
Elkarrizketa bideoz grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak). Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke grabazio horrekin:
Egindako lana gelakideei aurkeztea eta azalpenak ematea izango litzateke betiere azken pausua (elkarrizketatuaren biografia laburra, elkarrizketaren zergatia eta abar).
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
Hona hemen aztertu daitezkeen adibide batzuk (ikasleek beste batzuk ere proposatu ditzakete):
Tolosa | 2013an neskak bordondantzari atera ziren lehendabizikoz (albistea). |
Zumarraga | Antigua ermitako ezpata-dantzan 2015etik hartzen dute parte neskek, eta prozesua naturaltasunez egin zen (ikus albistea). |
Durango | 2015ean hasi ziren neskak dantzari-dantza egiten (Ixone Aroma dantzaria) |
Otxandio | 2017an emakumeen soka-dantza berreskuratu zuten (ikus albistea). |
Luzaide | Bolant egunean 2017an hartu zuten parte emakumeek lehen aldiz, herrian galdeketa eginda (ikus albistea). |
Lekeitio | Kaxarrankan emakumeak 2017an hasi ziren parte hartzen, arraunlari moduan (ikus albistea). Kaxa gaineko dantza ere egin izan dute, besteak beste, Argentinan 2018an (ikus albistea), lekeitiarren babesarekin. |
Oñati | 2018. urtean Corpuseko prozesioan neskek lehen aldiz egin zuten dantza (albistea Goienan). Oñatiko aldaketak Boisen (AEB) ere eragina izan zuen: 2019an hiru neskak hartu zuten parte (albistea). |
Aduna | Axeri-dantza 2018tik da mixtoa (albistea). |
Goizueta | Zahagi-dantzan 2019an hasi ziren parte hartzen neskak (albistea). |
Berriz | 2019an hasi ziren emakumeak ezpata-dantza egiten (albistea). |
Lesaka | 2019. urtean lehen aldiz emakumeek ere egin zuten zubigaineko ezpata-dantza (ikus albisteak: 1 eta 2). |
Markina-Xemein | Saragi-dantzan 2020. urtean estreinatu ziren neskak (albistea). |
Eltziego | Lehen mutilena zen dantza bat berreskuratu zuen emakume talde batek, 40ko hamarkadan, eta emakumeen dantza bihurtu (artikulua). |
Gaia testuinguru orokor batean kokatzeko, Oier Araolaza dantzari eta antropologo eibartarraren elkarrizketa hau interesgarria gerta liteke; Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan doktorego-tesia egin du Araolazak (2020)
Gela erdiak gai bat jorratuko du (Cadizkoa) eta beste erdiak bestea (Olentzero). Talde bakoitza bi taldetan banatuko da (guztira lau talde): alde batetik Inauterietako Jainkoaren edo Maridomingiren figura sortzearen aldekoak egongo dira, eta, bestetik, kontrakoak.
Eztabaida ahoz egingo da. Ikasleei eztabaida formalen ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak eta testu-antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da, erabil ditzaten (irakaslearentzat lagungarri gerta daitezke: sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak, eta beste adibide hau). Eztabaidarekin hasi aurretik, euren iritzia eta jarrera defendatzeko argudioak taldean pentsatu ditzakete ikasleek. Helburua: nork bere iritzia defendatzeko argudioak izateaz gainera, gainerakoen iritziak ulertzea eta errespetatzea.
Hausnarketarako bide batzuk:
Aukera batzuk: mozorroarekin bat datorren abesti bat aukeratu, eta Lipdub bat egitea mozorro-festaren egunean. Antzerki-esketx txikiak ere egin daitezke taldeka.
4. Ekoizpena partekatzea. Ekoizpen guztietan ahozko jarduna (aurkezpena, eztabaida, erakustaldia...) izango da bukaerako emaitza. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Pepe Barandiaran (Eskoriatza, 1924): Oin eitten daue neskak-eta alkarrekin eitten daue, baiña gure denporan mutillak bakarrik ibiltzen gitzen.
Mari Karmen Eraña (Eskoriatza, 1933) eta Begoña Eskibel (Eskoriatza, 1925):
-Mari Karmen: Orduen ez auen eruten neskaik.
- Begoña: Ez, orduen ez auen neskaik, e. Mutillak eurak eitten auen afaixe euran zeretik eta ya esta. Oin neskak. Lehen-lehenau ez, ezton, Mari Karmen? Ez.
Gadea Errasti (Eskoriatza, 1990): Baiña gero, ez dakit, urten baten, ba, igual ez zekixen iñok ez trikitixaik jotzen, ez panderoik jotzen, ta orduan edadeko neskei eskatu jakuen, ba, bazekixielako. Ez dakit… Ez nabil… ez dakit ze urtetan, e! Eta hortik aurrera, ba, ya hasi zien neskak be urteten, baiña eskian. Eta gu be eskian… ya ez da… ez da dudau be eitten danok urteten dozuenik. Edadeko danok urteten die eskian.
Ba nobedadia izen zan, plazan hasieran mutillak bakarrik agertzen dianian plazan, ba, mutillen artian gengozela Eli eta ni. Eta hoixe izen zan urte hartan nobedadia. Dantzara jun aurretik plazara, bueno, ba, batenbatzuk erakusten doskue dantzan, ez? Ta itten dittugu, ba, juntaiza batzuk, ba, dantzan ikesteko. Eta, orduan, faten gara danok, mutil eta neska… bueno, lehen behintzat faten gitzen danok, mutil eta neska, neskak atian egoten gitzen geldi, ikusten mutillek zela ikesten zabien, ba, banakua itten ta aurreskua itten eta guk gero danok batera eitten gauen arin-ariña eta fandangua ikasi. Eta nik uste dot izen zala, ba, begira gengozen lehenengo ensaiuan edo bigarrenian, ba, ez dakit, ba, ondokuai komentau: “Jo, ba, nik be ikasiko nauke; ba, ni be urtengo nitzake plazara dantzara”. Eta nik uste dot hola izen zala. “Ba ni baitta”. Eta biri sartu jakun hor begi eta begi artian eta baietz, baietz, guk be dantza ein biher gauela ta… ta hola. Ta hurrengo ensaiuan esan ein gauen: guk be bai ein biher doula dantza.
Jota Arrieta (Eskoriatza, 1958) eta Jon Errasti (Eskoriatza, 1957):
- Jota: Hor sartu zan beste eztabaida txikitxo bat, baiña garaixen egon zana: neskak zelan jantzi. Eta lehenengo urtien alabiek-eta urten abien…
- Jon: Bai, bueno, baserrittar…
- Jota: Baserrittar, baiña ez baserrittar gizonezko.
Gadea Errasti (Eskoriatza, 1990): Baserrittar jantzitta. Bai, beste neska danak moduan gengozen, baiña hasieratik plazan.
Neskak baezen batzuk, ba, hori: ondo ikusten zaurienak guk be dantza eittia, baiña igual, ba, ez zien atrebitzen. Azkenian iñok ez zaben ondiokan dantza ein neska izenda Eskorietzan. Orduan, ba, batenbatzuk ez zien atrebidu. Beste batzuk igual sinplemente ez zielako abillak dantzan, erabaki zauen nehikua zaukela arin-ariña ta fandangua ikestiakin ta punto, ez zauiela sartu gura holako bestelako… Eta mutillak, ba, danetik egon zan, egixa esan. Batenbatzuk ez zoskuen ezer esan. Ez dakit ondo pentsauko jakuen edo ez, ez zien sartu. Besten batzuei ondo pentsau jakuen. Iñok ez zoskun esan: “A! Brabo, ze ondo” ta halakoik ez zan egon, e. Baiña… Eta besten batzuei ez jakuen gustau, bape. “Ez, ez” eta “ez” eta “ezin dozue dantza in, ze hau mutillek itten daue bakarrik ta neskek ez dozue ein sekula” eta… Eta, egixa da, egon zien pare bat ensaio nahiko… nahiko gogorrak. Alde in… Ba akordatzen naiz lehenengo ensaiuan Elik eta bixok alde in gauen ensaiotik. Ez gauen ulertzen zela jarri ahal zien holan mutillak. Ez gauen ulertzen zeatik. Ze eurak esaten zuskuen: “Bai, baiña hau mutillak bakarrik itten daue, ze lehen soldauskara juten zienian itten zan – Santa Agedan asunto hau soldauskara jun biher zien mutillek itten zauien– eta hortarako itten zan eta, ba, mutillek bakarrik”. Eta guk esaten gotsen: “Ya, eta zu soldauskara jun biher za, ala?” eta “Ba ez”, “Ba orduan ez ein zuk be ez”, “Ya, baiña…”, “Bueno, edo, bestela, gaur egun neska eta mutil juten die soldauskara, ba, orduan guk be ein ahalko dou”. Osea, ezin dozuena da esan “etorri, etorri gurekin…”, bai, trikitixia eta panderua jotzen daki… bueno, nik ez, baiña batenbatzuk neskek bazekixielako, ondo etortzen jakuen, ez? Trikitixia ta panderua jo, jente gehixao gitzen kantuan-ta juteko, baiña gero plazan “dantza ez, dantza guk ingo dou”. Eta egon zien pare bat ensaio apur bat burruka ein biher izen gauenak. Baiña, bueno, guk… guk dantza in biher gauen ta… Eta gu be zutik jartzen gitzen dantza ikastia tokatzen zanian eta bukaerarako ohittu zien. Ta punto. Azkenian erabaki gauenian Elik eta nik “Bai, guk dantza in biher dou”, alkarri esaten gotsan: “Jo, ta zer, ba, bakarrik banakua eingo dou edo, behin hasitta, ba, zu za zaharrena eta ni gaztiena ta bixok beltzez urten biher ga edo…?” apur bat noraiño, ez? Noraiño in ta noraiño… Baiña, bueno, ikusitta… azkenian lortu gauen dantza ittia eta ikusitta hori ya taldian behintzat ya onartu zauiela, ez gauen forzau gehixau asuntua. Porke esan gauen “aber, oindiokan… ez doskue…” aber, “ez doskuen itxi bihar”… ez da “ez doskuen itxi bihar”, baiña bai asuntua asko gaiztotu biher dan eta gero azkenian… Aber, da egun batzuk ondo pasetako baitta, ez da… Orduan, ez. Guk in gauen banakua, baiña ez aurreskua, ez desafixo, ez… banakuakin ta pozik, gaiñera, banakua ittiarren.
Guk be, esan gauenian, jo, gu etxera fan gitzen eta “Jo, ba, hau ta hau ta pentsau dou dantza ittia ta ze pentsetan jatzue?”, ez? Porke ikusitta jente bati ez jakola gustau, esan gauen: “Gaizki ibiliko ete gare? Ez dakit… ze…?” eta etxian, ba, por supuesto, “Ba in! Zeatik ez dozue in bihar?”. Klaro, etxian be zer esan biher dutsue, ez? Baiña, klaro, ba, gero etxekuak hasten die komentetan bat eta beste eta, ni akordatzen naiz, txistularixak urte hartan esan zeben: “Ez badotsue… benetan kapazak baldin badie esateko ez dotsuela ixten dantzan itten, topatzeko beste txistulari batzuk. Ez dauke deretxoik zuei esateko ez dantza itteko”. Orduan, ni akordatzen naiz, bueno, ba, ezaunak-eta txistularixen artian, ez? Ta, ba, familixakuak eta abar, eta “Ez, ez, ez, ba, ez badotsue ixten dantza itten, topatzeko beste txistulari batzuk, guk ez dogula joko”. Ta, orduan, ba, danetik: jentia posizionatzen zan alde eta, bueno, niri ez jat tokau iñor be kalian etorri eta esatia “zuk ezin dozu dantza in”. Holakoik ez jaku tokau ezta. Eta plazan txalo igual-igual in zoskuen, e! Asike… Igual gehixau ta dana! Asike…
Jota Arrieta (Eskoriatza, 1958) eta Jon Errasti (Eskoriatza, 1957):
-Jota: Eta orduen beste txalo neskei ez jakue ein sekula.
- Jon: Bai, izen zan…
- Jota: Neskei kolektibo moduan. Txalo danai, pertsona moduen.
- Jon: Bai, oso momentu…
- Jota: … baiña momentu hartan izen zan…
- Jon: Bai, berezixa.
- Jota: Bai. Hala.
Mari Karmen Eraña (Eskoriatza, 1933): Mari Karmen: Ba niri ondo pentsetan jat. Nik orduen be esaten nauen: “Zeatik ez dou fan bihar neskak be?”. Baiña niri ondo pentsetan jat neskak fatia. Danok dia kinttuak, porke oin ez dia faten soldauskara. Orduen soldauskara faten zien. Baiña oin ez die faten.
Gadea Errasti (Eskoriatza, 1990): Ta apur bat atento ibili gitzen hurrengo urtian, e? “Ze pasauko ete da? Urtengo ete die? Ez die urtengo? Danak urtengo die? Ez?”. Eta bai, urten zien. Gu ez dakit zenbat neska izengo gitzen gu, hamabost edo hola? Bik bakarrik urten gauen. Baiña hurrengo urtien ya danak urten zien.
Tradizioz mutilak ziren Santa Agedan kantu-eskean ateratzen zirenak, soldaduskara joan behar zuten "kintoak", hain zuzen ere. Kopla kantari dirua eta jatekoa batu, eta afari eder bat egiten zuten. Eta plazan dantza egiten zuten. 1876. urtean euskal foruak galdu zirenetik 2001. urtera arte, soldaduska derrigorrezkoa izan zen, "kinto sistema" indarrean zegoen. Soldadu joan behar ez izateak Santa Ageda ohituran ere aldaketak ekarri ditu, pixkanaka. 2008. urtetik aurrera, 18 urte betetzen dituzten neskek eta mutilek berdintasunez jarduten dute kantu-eskean eta dantzan Eskoriatzan.
Santa Agedaren bilakaerari buruzko dokumental laburra ikusteko: