Tortolosak II: Jiratzea

Tortolosekin nola jolasten zuten azaltzen dute adinekoek bideo honetan, eta umeek, berriz, tortolosen aldeen izenak ikasteaz gainera, pilota airean dagoen bitartean tortolosak jiratzen dituzte.

Mailak: LH

Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

4,63 puntu 5 izarreko maximotik
1.518 iritzi guztira

Jolas hau Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean landu zuten, LHko 3. mailan.

Zer behar da?

Tortolosak (gaur egun plastikozkoak saltzen dituzte, koloretakoak) eta pilotatxoa (kanika ere izan daiteke).

Nola jolastu:

1- Jokalari denak lurrean eseriko dira, borobilean. Lehenengo, jokalarien ordena aukeratu behar da: nor den lehenengoa, bigarrena… Zotz egin!

2- Bost tortolosarekin jolastuko dugu. Tortolosek lau alde dituzte:

Saka (etzanda, zuloarekin)
Pon (etzanda, zulo gabe)
Kulo edo Kuku (tente, zuloarekin)
Karne (tente, zulo gabe)

Tortolosen aldeen ordena zehaztuko da: zein aldetara jarri behar ditugun tortolosak. Horretarako, tortolosa bat bota: zein aldetara geratzen den, horrelaxe jarri beharko ditugu tortolosa denak. (Adibidez, Kulo aldera)

3-Lehenengo jokalariak bost tortolosak hartu eta dadoen modura botako ditu lurrera, “Kulo!” (edo erabakitako aldearen izena) esatearekin batera. Tortolosak zein aldetara geratu diren begiratuko du. Aurrez erabakitako aldera begira jarri beharko ditu denak (adibidearekin jarraituz: denak Kulo aldera jarri beharko lituzke). Horretarako, pilotatxoa gora bota, airera, eta esku horrekin tortolosa bat mugituko du, alde egokira begira jartzeko. Pilota berriz bota, eta gauza bera egingo du oker dagoen beste tortolosekin, banan-banan. Jiratzeko ahalegin bakoitzean, tortolosak zenbatzen joango gara:

Kulo (edo dena delakoa: Pon, Saka, karne) bat!

Kulo bi!

Kulo hiru!

Kulo lau!

Kulo bost!

4- Huts eginez gero, hurrengo jokalariaren txanda izango da.

5- Tortolosa denak aurrez erabakitako aldera begira jartzea lortzen duenak duenak irabaziko du.

Beste aukera batzuk, tortolosekin trebatzen doazenentzat:

A. Bukatzeko, jiratutako tortolosa denak banan-banan hartzea (ikus Tortolosak I jolasa).

B. Tortolosak lau aldeetara begira jartzea, aurrez erabakitako hurrenkeran (adibidez, 1. Kulo, 2. Saka, 3. Pon eta 4. Karne. Lehenengo denak Kulo aldera jarri beharko lituzke; hori lortuz gero, denak Saka bihurtu, ondoren Pon eta bukatzeko Karne).

C. Hauxe da modu tradizionala, ohiko jolasteko modua. Tortolosak lau aldeetara begira jartzea (B aukera) baina aldi berean jiratuz eta hartuz: bat jiratu, eta aurrez jiratutako beste bat hartu, pilota airean den bitartean; hori erraz egiten zuten lehen, oso jokalari trebeak baitziren. Hementxe azalpena, Aramaioko Ana Mari Axperen ahotik

Adina:

6 urtetik aurrera.

Partaide kopurua (gutxienez): 2

 

Badakizu tortolosak zer diren? Arkumeen hanketako hezurrak dira tortolosak: bakoitzak bi ditu, atzeko belaun bakoitzean bana; ardiarenak edo ahariarenak ere izan daitezke.

Dadoen aurrekariak dira, lau alde desberdin dituztelako. Oso antzinatik jolasten da tortolosekin, munduko toki askotan. Antziako Grezian eta Erroman, esate baterako. Grezian astragaloi deitzen ziren eta Erroman tali. Etorkizuna iragartzeko ere erabiltzen zituzten (astragalomancia).

Tortolosetan jolasteko pilotatxo bat edo kanika bat ere erabiltzen da. Pilotatxoa gora bota eta berriz hartu behar da, baina bitarte horretan tortolosekin jolastuz. Nesken jolasa izaten zen normalean. Guk bi proposamen ditugu, zailtasun mailaren araberakoak (umeen adinaren arabera):

  • Tortolosak hartzea. Pilota airean dagoen bitartean, tortolosak hartzea. Ikus Tortolosak hartzea bideoa. 
  • Tortolosak jiratzea (zailagoa). Pilota airean dagoen bitartean, alde jakin batera begira dauden tortolosak hartu behar dira, eta besteak jiratu, egokitu den aldera begira jartzeko. Bideo honetan proposatzen duguna hauxe da.

Tokiaren arabera desberdin deitzen zaie tortolosei: Tortolisak, tortolatxak, asakasak, sakak, sakaponaksakalaponakaponaktxarpakkaloakkaioak, unetakoak, kurkuluxak,  tabak (gaztelaniatik hartua)...

Hauek dira Debako bailaran jaso ditugun izenetako batzuk: Aretxabaletan tortolosak esaten zaie: tortoliska ibiltzea. Eibarren, Tortolisak edo aponiak  (baita asajietan egitea ere). Elgoibarren, sakaponak izena ere jaso dugu. Arrasaten eta Aramaion asakasak, Oñatin sakaponak... 

Tortolos hezurraren lau aldeek ere ez dituzte izen berak toki guztietan. Debagoienan bertan izen desberdinak jaso ditugu: Saka edo asakas (zabala, zuloarekin), Pon edo pones (zabala, zulo gabe), Kulo edo kuku (zulodun estua) eta Karne edo karnes (zulo gabeko estua). Izen laburrenak aukeratu ditugu, ikasteko errazagoak izango direlako. Eibarren, esaterako, aldeen izenak honakoak dira (“Eibar aldeko hiztegia”-ren arabera): putzasajebixakhirurak eta  erregiak. Elgoibarren ez dugu aldeen izenik jaso, baina Saka eta Pon aldeak zeudela pentsa daiteke (bestela ez zieten sakaponak deituko). 

Bideoan ageri diren adinekoak: Ana mari Axpe (Arrasate), Luzia Inzunza (Mañaria), Jesusa Zabala (Legazpi), Cresen Urkidi (Aulesti), Josefa Iparragirre (Antzuola), Bitoriana Artola (Lezo), Miren Zuazabeitia (Aretxableta) eta Teresa Jaio (Durango).

Ikus Urtxintxa Eskolakoen proposamena

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza