Txafos

Harrapaketan egiteko jolasa da "Txafos". Jokalariak bi taldetan banatu, eta elkar harrapatzen saiatzen dira, abantaila txiki bat emanda.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Elgoibar ikastolan HHko 5 urteko umeekin landu zuten, herrian jasotako jolasa berreskuratzeko.  

Zer behar da?

Espazio zabala. Klariona, lurrean marrak margotzeko (bestela, zinta erabil daiteke eta lurrean itsasi, kentzean markarik uzten ez duen horietakoa).

Nola jolastu?

1-Lurrean marrak marraztu: lau marra paralelo. Alde batean bi, elkarrengandik nahiko gertu (2-3 pausora), eta handik 8 pausora beste biak. Umeen adinaren arabera erabaki distantziak.

2-Umeak bi taldetan banatu. Taldekideak aukeratzeko, zotz egin (ikus zotz egiteko kanta-jolasak). Bi taldeek kide kopuru bera izango dute, eta talde bakoitzari jolastokiaren alde bat egokituko zaio (etxe bat). “Epailea” ere izendatu behar da (heldua edo beste ume bat).

3-Aldiko bi jokalarik egingo dute korrika. Txandaka: lehenengo alde batetik eta hurrengoan bestetik. Beste taldeko umeari (bisitariari) abantaila emango zaio korrika hasteko garaian: 2-3 pauso aurrerago egongo da, hanka bigarren marran jarrita duela. “Epaileak” seinalea ematean, korrika hasiko dira biak. Etxekoa bisitaria harrapatzen saiatuko da, hura bere taldekideengana (bere etxera) iritsi aurretik.

4-Etxekoak bisitaria harrapatzen baldin badu, bisitaria jolasetik kanpo geratuko da. Ez badu harrapatzen, etxekoa geratuko da kanpoan. Beste aukera bat (jokalariak gutxi direnerako aproposa): inor ez kanporatzea, eta harrapatutakoa taldez aldatzea (etxez aldatzea).

5-Taldeetako bat jokalaririk gabe geratzean amaituko da jolasa.

Partaide kopurua (gutxienez): 5

Adina: 5 urtetik aurrera

Oharra: Elgoibar ikastolan ume guztiak aldi berean korrika jarri zituzten, bi taldetan banatuta (gorriak eta urdinak) elkar harrapatzen. Hori beste aukera bat izan daiteke. Dena dela, hainbeste umerekin denak batera korrika jartzea arriskutsua ere gerta liteke. Gure ustez hobe da umeek txandaka egitea korrika, binaka, eta taldekideek haiei animoak ematea.

“Txafos” jolasa Elgoibarren jaso dugu, Itziar Ajuria eta Miren Vallejo elgoibartarren ahotan. Baliteke beste herri batzuetan ere umeak harrapaketa jolas horixe bera egitea, baina beharbada beste izenen batekin. 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza