Sehaska kanta da, umeei lokartzeko abesten zaiena.
Mailak: HH
Proiektuak: Eskoriatzako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Abestiak
Eskoriatzako bi ikastetxetan landu dute sehaska kanta du, HHn: Luis Ezeiza ikastetxean eta Arizmendi ikastolan, 5 urteko umeekin. Luis Ezeizakoek beraiek grabatu zituzten bideoan umeak.
Lotarako abestia da, eta HHn erabiltzeko modukoa, 2 urtetik aurrera. Txikienekin siesta orduan erabil daiteke. Handixeagoek panpinak altzoan hartuta kanta dezakete abestia. Horixe egin zuten Arizmendin.
Txikitxo polit hori,
zeu nere laztana,
katiatu ninddazun
libria nintzana.
Libriak libre dira,
zu ta ni katigu,
biok biziko gera
zuk gura badezu.
Bideoan agertzen den adinekoa Arrasateko Leandra Otxoa da, eta hark kantatutako aldaera hartu dugu guk; hiztun beraren beste bideo bat ere badugu.
Hori bai, antzinako sehaska kanta hau hainbat lekutan jaso dugu, eta beste aldaera batzuk ere baditu. Hona hemen batzuk:
Txikitxo polit hori, [zer] neure laztana,
katigatu ninduzun libria nintzana.
Libriak libre dira, zu ta ni katigu
Horrek eragiten du sarritan zizpuru.
Zizpuruak zizpuru, zu ta ni katigu.
Faustina Galdos (Arrasate)
Txikitxo polit hori
nola zera bizi
aspalditxo honetan
ez zaitut ikusi
badakit zabiltzana
nigandik igasi
ez didazula ematen
atsekabe gutxi
Txikitxo polit hori,
zu nere laztana
Katiatu ninduzun,
libria nintzana
Libriak libre dira,
zeu ta ni katigu
Horrek eraiten digu
sarritan zizpuru
Carmen Gaztelu (Bergara)
Txikitxo polit hori
zeu nere laztana,
katigatu ninduzun
[libria] nintzana.
Libriak libre dira,
zu ta ni katibu,
librerik hobe dana
guztiok dakigu.
Nere maiterik
ederrenen honi
usakumiak ekarri
beste guztiri
bana edo biña,
Arkaiztxori (umearen izena)
hamabi
Paula Alberdi (Bergara)
Txikitxu politori,
norena, norena?
Norena izango naiz ba,
aitena ta amena.
Celestina Oteiza (Bergara)
“Txikitxo polit hori” kantarekin batera Debagoienan batzuek “Lotxo engañadoria” sehaskakanta ere kantatzen zuten; adibiderako, entzun Bixenta Larrañagari jaso geniona.