Neska-mutikoek txirikiletan jolasten zuten lehen, batez ere Garizuma garaian. Jolas horren bertsio bat proposatzen dugu bideo honetan, txirikilaren jaurtiketan oinarritutakoa.
Mailak: LH
Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Jolasak
Jolas hau Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean landu zuten, LHko 6. mailan.
Zer behar da?
Bi makila. Bat 20 zm ingurukoa, puntak zorroztuta dituena: txirikila. Bestea metro erdi ingurukoa: galderoia edo mazetia. Jokalari denentzat bi makila izatea aski da. Izan ere, aldiro pertsona bakarra izango da txirikileroa (txirikila jaurtiko duena). Txirikila puntaduna izatea nahi ez badugu, beste aukera bat lurrean egurtxo bat jartzea da, eta txirikila haren gainean (horrela egin dute Kurtzebarri ikastetxekoek). Espazio zabala behar da jolas honetan aritzeko, eta txirikila jaurti behar den lekuan inor ez egotea, minik ez hartzeko.
Nola jolastu?
Txirikila airean hartzen saiatzea (jolasteko modu tradizionala) arriskutsua gerta daiteke, alde biak zorroztuta izaten dituelako. Istripu arriskurik ez izateko, gure proposamena txirikila jaurti eta ondoren jaurtiketa neurtzea da. Horrenbestez, inor ez da txirikila erori daitekeen eremuan egongo.
1-Taldeak osatuko dira. Taldeak osatzeko, zotz egin daiteke. Taldeak egiteko beste modu batzuk, txirikila erabilita: Bi-hiru metrora marra bat marraztuko dugu klarionarekin (belarretan baldin bada, makila bat jarri daiteke lurrean). Bi lagunek txirikila jaurtiko dute, galderoiarekin jota. Txandak jaurtiko dute, eta txirikila marratik hurbilen uzten duenak bere taldekideak aukeratuko ditu, eta, gainera, beraiek hasiko dira jaurtitzaile moduan. Bi talde osatuko dira.
2- Txirikila ahalik eta urrutien bidaltzea izango da jolasaren helburua; distantzia makila luzearekin neurtuko da (adib. 12 kalderon).
3-Talde bakoitzeko ordezkariek banan-banan txirikila jaurtiko dute (hiru aukera izango ditu bakoitzak) eta gero distantzia makilarekin neurtuko da.
Bi pauso ematen dira jaurtiketan: makila luzearekin (kalderoia edo mazetia) makila txikia (txirikila) jotzen da, puntan, eta, txirikila airean dagoenean, berriz jotzen zaio kalderoiarekin. Txirikila hegan ateratzen da. Jaurtitzera doan aldiro, jaurtitzaileak oihu egingo du: “Galderon!”. Hala, beste taldekoak adi jarriko dira (eta istripuak ere saihestuko dira). Beste aldekoek “Jo eta bertan egon!” erantzungo dute.
4-Puntu edo kalderon gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du.
Jolasteko modu tradizionala:
1-Lurrean biribil bat marraztuko dugu: torria deituko diogu; hortik jaurti behar da txirikila.
2-Lehenengo taldeko lehenengo jokalaria hasiko da: hiru aukera izango ditu txirikila airean botatzeko. Jaurtitzera doan aldiro, jaurtitzaileak oihu egingo du: “Galderon!”. Hala, beste taldekoak adi jarriko dira (eta istripuak ere saihestuko dira). Beste aldekoek “Jo eta bertan egon!” erantzungo dute.
3-Jokalariak ez badu txirikila botatzea lortu (bertan geratu bada), taldeko hurrengoaren txanda da. Txirikila jo eta airean bidali badu, berriz, beste taldekoek txirikila hori hartzen saiatu behar dute. Ezin dira jaurtitzailea dagoen tokitik oso gertu jarri. Airean hartuz gero (gonan, jertsearekin, eskuetan...) jaurtitzailea kanporatuta geratuko da. Lurrera erori ondoren hartuz gero, dauden tokitik mugitu gabe jaurti behar dute, eskuarekin, biribilerantz. Biribilera sartzen bada, talde aldaketa egongo da. Txirikila biribilera sar ez dadin, jaurtitzaileak biribila kalderoiarekin defenda dezake: makilarekin jo, eta txirikila aldendu.
4-Txirikila ez bada biribilean/torrian sartu, jaurtitzaileen taldeak puntu bat lortuko du, eta taldeko hurrengo jaurtitzailearen txanda izango da. Taldekide denek jaurti dutenean, talde aldaketa egingo da. Hori bai, txirikila torrian sartu bada, talde aldaketa une horretan bertan egingo da, eta puntua beste taldeak lortuko du.
5- Puntu gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du (adibidez, 10 puntu).
Adina:
9 urtetik aurrera.
Partaide kopurua (gutxienez): 2
Txirikila makila labur punta-zorrotzari esaten zaio (txikola ere bai); luzeari, berriz, galderoia, mazetia edo mazia. Txirikiletan jolasak beste izen batzuek ere baditu: txirikilan, txirikolan, txikolan, estrinka, pitxeka, kalderonka, kalderonketan…
Aretxabaletan txirikiletan jolasten zuten; bertako jolasteko modua ekarri dugu hona. Legazpin, jaurti aurretik jaurtitzaileak “kalderon!” egiten zuen oihu, eta beste aldekoek “jo eta bertan egon!” erantzun; Debagoienan ez dugu esaera hori batu, baina kontatu digute kalderonka aritzen zirela (Antzuolan, adibidez; Aretxabaletan mazetia edo galderoia, bietara deitzen zioten makila luzeari) eta polita iruditu zaigu oihu hori ere berreskuratzea.
Txirikiletan egiteko hainbat modu daude. Munduko toki askotan jolasten da. Europan ez ezik, baita Asian eta Ameriketan ere. Katalunian, esaterako, txapelketak ere antolatzen dituzte: jolasak bèlit dauka izena han.
Hona hemen Urtxintxakoek egiten duten proposamena.
Bideoan ageri diren adinekoak: Julita Arregi (Eibar), Mari Karmen Agirre (Eibar), Benigna Sarasketa (Eibar), Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta), Rufino Segura (Eskoriatza), Patxi Abasolo (Aretxabaleta), Jesusa Zabala (Legazpi), Xabier Zubizarreta (Aretxabaleta), Esteban Arrieta (Eskoriatza) eta Pakita Errasti (Urretxu).