1937ko maiatzetik aurrera gerra Bizkaira iritsi zen eta, bonbardaketa gogorren ondorioz, egoera gero eta larriagoa bihurtu zen. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eta nazioarteko hainbat erakundek milaka haur atzerrira ebakuatzeko planak antolatu zituzten. Ume askok gurasoak Euskal Herrian utzi behar izan zituzten, eta gehienak gerra amaitu ondoren itzuli baziren ere, batzuk ez ziren inoiz itzuli etxera. Garai hura bizi izan zutenen testigantzak entzun ditzakegu bideo labur honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Oroimen historikoa
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:
- Zergatik erabaki dezake familia batek bere seme-alabak bakarrik bidaltzea beste herrialde batera?
- Nora uste duzue joan zirela Euskal Herriko haurrak 1936an?
- Zer dakizue "Habana" barkuaren edo "gerrako umeen" inguruan?
- Zer uste duzue gertatzen zela haurrak helmugara iritsitakoan?
- Zer da zuentzat “erbestea”?
- Zer uste duzue sentitzen zutela familia utzita joaten ziren haurrek eta gurasoek?
- Nola imajinatzen duzue izango zela 1936an barku batean joatea familia utzita? Eta gaur egun?
- Zure familian edo inguruan inork kontatu al dizue gerrako edo ihesaldiko pasadizorik?
- Behatu irudietan gurasoen eta umeen agurrak: nolakoa da giroa?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Nola sentitu zarete bideoa ikustean?
- Zer ondorio psikologiko eta emozional ekar ditzake horrelako esperientzia batek?
- Ba al dago halako ihesaldi edo ebakuazio kasurik zuen herriko historian?
- Zer antzekotasun daude gaur egungo iheslarien eta bideoan agertzen diren haurren artean?
- Nola uste duzue aldatu dela erbesteratzeko modua garai hartatik hona?
- Zer iruditu zaizue umeek euren kabuz (maindireekin) espazioak banatzearen kontua?
- Nola deskribatzen dute harrera-familiekiko harremana?
- Zer sentipen eragiten dizue "Frantziako amak" umea ez soltatzeko zuen asmoak?
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.
Dokumentala ikusi aurretik, irakasleak azalpen txiki bat emango du. Dokumentaleko protagonistak adinekoak diren arren, kontatzen dutena haurrak zirenekoa dela azpimarratuko da.
Ikus-entzunezkoaren hitz-gakoak idatziko dituzte ikasleek koadernoan,kontzeptualak (gaiarekin lotutakoak) eta baita emozioei lotutakoak ere (tristura, beldurra, harrera, hizkuntza…). Jarraian, dokumentaleko une bat aukeratzeko eskatuko zaie (portuko agurra, kanpamentuak, gutunak etxera, itzulera…), hausnartu dezaten. Azkenik, 1937ko gerrako ume baten tokian jarrita, gutun bat idatziko diote 80 urteko euren buruari. Honako galdera hauek lagungarri izan daitezke gutuna idazteko:
|
Gutunak idatzi ondoren, anominoak izango diren bi papertxotan idatziko dituzte, batetik, dokumentalak sortu dien sentimendu nagusia (bat baino gehiago izan daiteke) eta, bestetik, gutuna idaztean burura etorri zaien ideia garrantzitsu bat.
Paper guztiak kaxa batean sartuko dituzte eta irakasleak irakurriko ditu ozenki, gela osoak elkarrekin hausnartzeko eta ikasleen intimitate emozionala errespetatzeko.
Ikasleak zazpi taldetan banatuko dira eta dokumental txiki bat (2-3 minutukoa) egingo dute, erbesteratze historiko bat eta gaur egungo kanpamentu bat konparatuz:
Dokumental laburrerako gidoiak beti bi dimentsio izango ditu: garai batekoa eta gaur egunekoa. Hona hemen gidoia egiteko txantiloi bat:
|
DOKUMENTALAREN GIDOIA EGITEKO TXANTILOIA:
Erbesteratze historikoaren testuingurua o Zergatik joan ziren? o Nork hartu zituen? o Nolakoa izan zen harrera? (familia, lana, eskola…) Gaur egungo kanpamentuaren errealitatea o Zenbat haur, egoera fisikoa, emozioak o Zenbat urte pasatzen dituzte o Zein dira arazo nagusiak? Konparaketa zuzena o Zer antzekotasun dute? o Zer da guztiz ezberdina? o Zer aldatu da munduan 100 urtean? Amaierako mezua o Ideia nagusia modu indartsuan erakutsi |
Dokumental laburraren aurkezpena egiteko ikus-entzunezko formatua erabiliko dute. Hau da, irudiez eta testu laburrez osatutako off-eko ahotsak erabiliko dituzte. Bideoak gehienez 2-3 minutukoak izango dira.
Ez dira ebaluatuko bideoaren arlo teknikoak, baizik eta ikerketaren sakontasuna, konparaketa egokiak eta mezu humanitarioak.
Amaitzeko, talde bakoitzak bere dokumentala aurkeztu ondoren, horman egongo den mapa handi batean bi erbeste lekuak kokatuko dituzte, eta irakasleak gidatutako hausnarketa egingo dute:
- Zergatik ziren irekiagoak herrialdeak lehen?
- Zer aldatu da geopolitikan eta mugen politikan?
- Zer ikasi dezakegu erbesteratze humanitarioetatik gaurko egoerari begira?
- Zer egingo zenuke zure herrian edo inguruan erbesteratu-kanpamentu bat balego?
Pasarte bakoitza arretaz entzun ondoren, Margaritaren tokian jarriko dira ikasleak eta, enpatia erabiliz, galdera batzuk erantzungo dituzte. Ez da Margaritak esaten duena hitzez hitz idatzi behar; egoera bakoitza nola bizi izan zuen ulertu beharko dute ikasleek. Hona hemen pasarte bakoitzerako erabil ditzaketen galderak:
|
Bilboko bonbadaketa / Erbestera bakarrik joan beharra Zergatik eta nola antolatu zen Belgikarako ebakuazioa? Zer dokumentu prestatu behar izan zituzten? Zein leku zehatzetan egon ziren Frantzian? Zein ziren instalazioak? Zein jatorritako haurrak eraman zituen berak? Zergatik da garrantzitsua datu hori?
Erbesterako bidea eta Frantziako egonaldia Zergatik joan zen Margarita bakarrik eta ez lagunekin? Nolakoa izan zen barkua betetzeko prozedura? Zer zen Cervera eta zergatik aipatzen du beldurrez? Zer arrisku zeuden irteera momentuan?
Erbestealdia: umeekin izandako gertaerak Zer baldintzatan egon ziren La Rochelle inguruan? Nola antolatzen zen haurren egunerokoa? Zergatik ez zuten elkar aurkitzen Margaritak eta beste euskaldun batzuek?
Erbesterako bidea; Belgikan izandako harrera Zer informazio zuten haurrek (eta berak) gurasoei buruz? Zergatik zegoen egoera hain gogorra umeentzat? Nolakoa izan zen Belgikako harrera-familien antolaketa? Zer arazo izan zituzten hizkuntzarekin?
Erbestealdia Belgikan: familien harrera eta La Concordia bulegoa Nola antolatzen zen gurasoek bidaltzen zituzten gutunen banaketa? Nor arduratzen zen gutunak itzultzeaz? Zer arrazoi linguistikogatik “galdu” zuten umeek berehala erdara? Zer adibide pertsonal aipatzen du Andoni Gisasolari buruz?
Gerrako umeak: erbestetik etxerako bidea Zergatik ez zuten lortzen itzultzeko baimenik? Nola sentitzen zen Margarita itzulera gertu zegoela pentsatuz? Zenbat denbora egin zuten Belgikan? Zein hizkuntza ikasi nahi zuten baina azkenean ez zuten ikasi? Zergatik?
Euskaldunen laguntasuna erbestean Nola eta zergatik azaldu zen Gregorita Olañeta? Nola laguntzen zien Eibarko emakume horrek? Zer ekintza kultural antolatzen zituzten umeei laguntzeko? Zer nolako harremana sortu zen euskaldunen artean?
Atzerrian bizi diren euskaldunen laguntza erbesteratuei Zergatik da garrantzitsua Gregoritarekin topo egitea? Zer nolako aukerak eman zizkien euskaldun helduei (otorduak, laguntza, interpretazioa…)? Zergatik dio kontu horiek “kasualitatea” direla baina oso garrantzitsuak
Erbestetik itzulera: hutsetik hasi beharra Noiz itzuli zen? Zer egoera politiko zegoen? Zergatik ezin izan zuen eskoletan lan egin? Zein “zerrenda beltz” aipatzen du? Nolakoa zen etxean ireki zuen eskola pribatua? Zer beharri erantzuten zion? |
Galderak erantzun ondoren, beste bi galdera hauei ere erantzungo diete, hausnarketa gisa. Idatzia pertsonala izango da eta ez dute gelakideen aurrean irakurri beharrik. Hala ere, norbaitek irakurri nahi badu, aukera emango zaio.
- Zein da Margarita Murgizuren bizipenen artetik gehien hunkitu zaituzten pasartea? Zergatik?
- Zein da gaur egunera ekar dezakegun ikasgai nagusia, gerratik ihesi joandako haurren eta hezitzaileen inguruan?
- Prest egongo al zinatekete Margariitak egindako esfortzua egiteko eta haurrekin erbestera joateko?
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak, aurkezpen artistikoak, idatzizko gogoetak eta hausnarketa pertsonalak egingo dituzte ikasleak.
Ebaluazio-irizpideak
Unitate didaktiko honen ebaluazioak izaera jarraitua, hezigarria eta integrala izango du. Helburua ez da soilik ikasleek azken emaitza batean lortutakoa baloratzea, baizik eta ikaskuntza-prozesu osoan zehar egindako aurrerapena identifikatzea eta ikasle bakoitzari bere ikaskuntza hobetzeko orientabideak eskaintzea.
Horretarako, ebaluazioa hiru ikuspegitatik ulertuko da: ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa, irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa eta unitate didaktikoaren ebaluazioa.
Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa
Ikasleen ikaskuntza hiru unetan baloratuko da: hasieran, garapenean eta amaieran.
Hasierako ebaluazioaren helburua ikasleen aurretiazko ezagutzak, interesak, aurreiritziak eta gaiaren inguruko bizipenak ezagutzea izango da. Horretarako, unitate bakoitzaren hasieran proposatutako galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak eta hausnarketa laburrak erabiliko dira.
Prozesuko ebaluazioa unitate osoan zehar egingo da. Irakasleak ikasleen parte-hartzea, lankidetza, ikerketa-prozesua, ahozko zein idatzizko adierazpena, iturri historikoen erabilera eta pentsamendu kritikoa behatuko ditu. Aldi berean, ikasleei etengabeko feedbacka emango zaie, beren ikaskuntza hobetzen joan daitezen.
Amaierako ebaluazioan, unitate bakoitzean egindako azken ekoizpenak eta aurkezpenak baloratuko dira. Ez da produktu finala soilik kontuan hartuko; prozesuan izandako bilakaera, lankidetza, autonomia eta hausnarketa-gaitasuna ere ebaluatuko dira.
Ebaluazio hori egiteko hainbat tresna erabiliko dira:
Autoebaluazioaren bidez, ikasleek beren ikaskuntzaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, unitate bakoitzaren amaieran galdera labur batzuei erantzungo diete, hala nola: Zer ikasi dut? Zer egin dut ondo? Zer hobetu dezaket?
Koebaluazioaren bidez, berriz, talde-lanetan parte hartu duten ikasleek elkarren ekarpena baloratuko dute aurrez adostutako irizpideen arabera (parte-hartzea, errespetua, lankidetza, komunikazioa eta ardura).
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa
Ebaluazioak irakaslearen jarduna ere barne hartuko du. Unitate didaktikoaren amaieran, irakasleak bere esku-hartzea aztertuko du, egindako plangintzaren egokitasuna eta erabilitako metodologiaren eraginkortasuna baloratuz.
Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
Hausnarketa hori irakaslearen autoebaluazio-fitxa baten bidez jasoko da, hurrengo ikasturteetan unitatea hobetzeko proposamenak egiteko.
Unitate didaktikoaren ebaluazioa
Azkenik, unitate didaktikoaren beraren balorazioa egingo da. Horretarako, ikasleen iritzia ere kontuan hartuko da galdetegi labur baten bidez. Galdetegi horretan, jardueren interesa, zailtasun-maila, motibazioa, erabilgarritasuna eta proposamen metodologikoaren egokitasuna baloratuko dituzte.
Lortutako informazio guztia (ikasleen emaitzak, irakaslearen autoebaluazioa eta ikasleen iritzia) batera aztertuko da, etorkizunean unitate didaktikoa egokitzeko eta hobetzeko.
Ebaluazio-tresnen laburpena
|
Ebaluazio mota |
Helburua |
Tresnak |
|
Hasierako ebaluazioa |
Aurretiazko ezagutzak eta interesak identifikatzea |
Galdera-sortak, ideia-jasa, ahozko elkarrizketak |
|
Prozesuko ebaluazioa |
Ikaskuntzaren jarraipena egitea eta feedbacka ematea |
Behaketa sistematikoa, kontrol-zerrendak, koadernoa, ahozko aurkezpenak |
|
Amaierako ebaluazioa |
Ikaskuntzaren lorpen-maila baloratzea |
Errubrikak, azken lanak, ahozko aurkezpenak, autoebaluazioa eta koebaluazioa |
|
Irakaskuntza-prozesuaren ebaluazioa |
Irakaslearen jarduna hobetzea |
Autoebaluazio-fitxa eta hausnarketa pedagogikoa |
|
Unitate didaktikoaren ebaluazioa |
Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna baloratzea |
Ikasleen galdetegi laburra eta irakaslearen ondorioak |
Miren Egaña (Donostia, 1946): Antolatzen ai zian umeak gerratik ateratzeko bidaiak. Batzuk joan zian bestaldea, Belgikara… Bera joan zan Inglaterrara. Habana barkuan. 4500 ume joan omen zian 500 irakaslekin.
Ramon Huizi (Andoain, 1931): Han jun giñan izugarrizko pilak. Eta desenbarkatu gendun zean, en La Rochelle, Frantzin.
Roberto Altuna (Eibar, 1930): Nere aittak Rusiara bialtzia nahi zestan. Eta hor txartel batzuek ipini zeskuen. Akordatzen naiz txartel batzuk ipini zittuela, ba, itxuria, Rusia, Francia… lekuren batera ta, ez dakit, ba, neri “Francia” ipini esten itxuria.
Belen Esnal (Soraluze, 1932): Gure amak ez ekixan nora zoiazenikan be. Harek hartu ta barkuan. Ta ni txikiña nitzalako, baiña harek danak, ba, Belgikara.
Benita Gallastegi (Soraluze, 1923): Ta jente dana negarrez, danak negarrez. Bai, ba, biajera zoiazten mutikuak eta neskak eta. Txikixak eta. Pena bat emoten zeban…
Maria Iruretagoiena (Getaria, 1928): Ta Burdeosen sei hillabete in giñuzen. Konbentuak, leheno mojak eta hola zienak, danak in zituen bialdu, eta gero, ba, lokal haietan gu.
Roberto Altuna (Eibar, 1930): Hara allegau giñan Franziara ta koloniak, ba, berrogeta hamar ume edo… ume mordo bat.
Domeke Elexpuru (Aramaio, 1919): Kuartel haundi baten egon gintzen, e? Lo ittten esteretan, horrek egurrezko… literatan. Baiña asko egon gintzen! 150 lagun-edo egon gintzen kuartelien.
Milagros Zubillaga (Durango, 1925): Egon giñen gu, han diñuena, hauxe lokalau ixetie moduen, baiña handixe zan. Kuartuek, bakotxak bere kuartuek, eitten giñuzen ixerakin. Ixerakin ta mantakin, kordelak ipini, ta bakotxak bere errepartimentuek eitten giñuzen.
Kontxa Intxausti (Ormaiztegi, 1919): Eskolako pabelloia libre zeon. Ta ordun in ziguen buelta guztin ohiak jarri. Ohiak... Bi banketa, hiru tabla eta gaiñeen txorrokakin eindako koltxoiak. Badakizu txorroka zer dan? [Bai, artuan…] Azal lehorra.
Maria Iruretagoiena (Getaria, 1928):Eta gero iten zituen jaso etxetaa, hola, txikiyenak. Eta ni egon nitzan matrimoniyo baten etxian.
Roberto Altuna (Eibar, 1930): Matrimonixo bat etorri zan, ta ume bat nahi ebala. Familia horrekin bizi izan nitzan hiru urtiok.
Luzina Arriola (Gernika-Lumo, 1925): Bai, ederto, baiña triste lehelengoan. Triste, beti negarrez ta. Ta… Bai, beti negarrez ni. Ene… familixe… “recordando a la familia”.
Xexili Mintegia (Gernika-Lumo, 1927): Zelako tristezixegaz… ai… etxekoan akorduegaz, etxekoan akorduegaz. Lehenengo kartie –jakin be ez asko, 10 urte ta, baia– aittek eskribidu oskun letrak aittuteko moduen, zera, baia familixe bat ixen biher dala ta. Guk zenbat negar… zenbat negar, hartu kartie ta. Ta esan: “Ze pasetan jatzu?”, “Etxera gure dot –beittizu –, etxera gure dot”.
Domeke Elexpuru (Aramaio, 1919): Orduen Frantzian eman otsien gure auenak – emon oskuen– gure auenak eitteko libertadie: gure auenak Ameriketara fuen, pasaportie preparauko… tan oiela, ta gure auienak bertan geldittu be bai, ta gure auenak etxera bueltau, be bai. Ta guk zelan relaziñue kartaz gauken aitte-amakin ta, ba, etorteko etxera ta etorteko etxera.
Garbiñe Jauregizar (Bermeo, 1913): Esan doskuen gura badou Barzelonara edo etzera. Ta guk esan gendun “Barzelonara gerrara ostera be? Etzera”. Ta ekarri […] etzera.
Roberto Altuna (Eibar, 1930): Franziako amak: hemengo ama ez bada etortzen beran besuekin ez destala soltatuko. Ez esten nahi soltatzerik.