Umorearen mugak

Umorea egiteko garaian ba al dago mugarik? Goitik beherako umorea, behetik gorakoa... umorista batzuek gai horri buruz hitz egiten dute bideo honetan.

Mailak: LH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza, Balio etikoak

Gaiak: Bizikidetza

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak

  • Bizitza umorez hartzeko gogoa
  • Umorearen gaia bizikidetzaren ikuspegitik lantzeko irrika
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa
  • Umorea eta burla bereizten jakiteko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik

  1. Aurrezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa umorearen mugei buruzkoa dela aipatuta:

    -Zer da zuentzat umorea? Non egiten da? Nork egiten du?

    -Zeri buruz egin daiteke umorea? Bota adibideak!

    -Umorea egiteko garaian, ba al dago mugarik, pasa ezin daitekeen lerro gorririk?

    -Antzerkigintzan zer baloratzen da gehiago, umorea ala drama?

    -Umorea egitea ala drama egitea, zer da zailagoa? Barre eragitea ala negar eragitea?

  2. Bideoan agertzen diren aktoreak nor diren aipatu daiteke, ea izenez ezagutzen dituzten: Ainara Ortega, Aitziber Garmendia, Bea Egizabal, Kepa Errasti eta Jon Plazaola.

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Ezagutzen ez dituzten kontzeptuak edo erreferentziak apuntatu.

 

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela. Argitu zalantzak.
  2. Partekatu bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak:

    -Ezagutzen al zenituzten bideoan agertu diren aktoreak? Nondik?

    -Aitziber Garmendiak eta Kepa Errastik diote ezinezkoa dela inor minduko ez duen umorea egitea. Zer iruditzen zaizue zuei?

    -Garmendiak ez dauka batere garbi umorearen mugak zein diren, zeri buruz ezin den umorerik egin... Eta zuek?

    -Bea Egizabalek argi dauka umorea goitik beherakoa eta behetik gorakoa izan daitekeela. Zuen ustez, zein dago goian eta zein behean? Zeren araberakoa da? Adibideak jar ditzakegu (maila ekonomikoa, arraza, generoa, sexu-joera, ezaugarri fisikoak...).

    -Egizabalek dio badagoela jendea kartzelan behetik gorako umorea egiteagatik. Zeri buruz ari da? Adibidez, Espainiako erregeari buruz egin al daiteke umorerik?

    -Umore arrazista, umore matxista... aipatzen dira bideoan. Ezagutzen al duzue txiste matxista, arrarzista edo homofoborik? Jar ditzagun adibideak, guztion artean, eta aztertu.

    -Zer da "bullying"a? Zer ezaugarri dauzka?

    -Zer diferentzia dago burla egitearen eta adarra jotzearen artean? Zer diferentzia dago norbaiten kontura barre egitearen eta norbaitekin barre egitearen artean?

    -Umorea egitean, giltzetako bat nork bere buruari barre egitea da. Geure buruaz ari garenean, zailagoa da (ez ezinezkoa) beste batzuk mintzea.

     

    Umorea hiru multzotan banatzen dute adituek: umorezkoa, satirikoa eta ironikoa. Hona hemen umorearekin lotutako hitz batzuk: barrea, dibertsioa, tontakeria, txistea, txantxa, adar-jotzea, grazia, ironia, satira, sarkasmoa eta zinismoa. Esanahiei buruz hitz egin dezakegu. Zein dira positiboenak?

    Azken urteetan eta, bereziki, ikastetxeetan asko entzuten den hitz baten bueltan aritu gaitezke: “bullying”a edo eskola-jazarpena. Pertsona bati iseka egitea edo burla egitea izango litzateke, bereziki haren izaera, jokabide, erreakzio eta ekintzekin lotuta, modu errepikakorrean eta pertsona hori mespretxatzeko, gutxiesteko edo beraz barre egiteko asmoarekin. “Bullying”ak ez dauka zerikusirik umorearekin, baina askotan umorea iseka egiteko aitzakia moduan erabiltzen da: txantxak direla esaten da.

    Iseka egitearen eta adarra jotzearen arteko aldeak argi izateko, taula hau erabili daiteke:

     BULLYING-A  ADARRA JOTZEA EDO TXANTXAK EGITEA
     Edozein tokitan gerta daiteke  Bereziki lagunartean gertatzen da
     Min emateko intentzioa dago  Ez dago mintzeko intentziorik, jolasa da helburua
     Taldean egiten da, min handiagoa emateko  Taldean egin daiteke ala ez
     Boterea dutenak, besteengan  eragina dutenak, daude taldean   Berdintasuna dago kideen artean
     Errepikatu egiten da  Ez da errepikatzen
     Intimidazioa gertatzen da: erasotuak ez dauka hitzik  Errespetua dago: geratzeko eskatuz gero, geratu egiten dira

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikitan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • "Besteen azalean". Baztertuen antzerkiko teknika erabiliko dugu, bost pertsonako talde txikitan antzezlan laburrak prestatzeko. "Bullying”a izan daiteke gaia edo beste edozein bazterketa. Ez dago atrezzo beharrik, eta ezta interpretazio-araurik ere (nola mugitu, zer keinu egin...). Altu eta garbi hitz eginda nahikoa da, ulergarria gerta dadin. Ariketa honen helburua ez da artistikoa, emozionala baizik: baztertuekiko enpatia sentitzea, haien lekuan jarrita.

Protagonista baztertutako pertsona bat izango da kasu guztietan (hainbat izan daitezke arrazoiak: generoa, ezaugarri fisikoak, izaera, jatorria, maila ekonomikoa...). Baztertzen duten bi etsai izango ditu eta lagundu diezaioketen beste bi pertsona ere egongo dira. Bi aldiz antzeztu beharko da: egoera bera bi modutan.

15 minutuan

  • Egoera bat asmatu, gatazka bat
  • Pertsonaiak pentsatu
  • Pertsonaia bakoitzak izango duen jarrera pentsatu
  • Pertsonaien arteko harremanak zehaztu

5 minutuan

Aurrez pentsatutakoa taularatu, inprobisatuz

5-10 minutuan

  • Publikoak bukaerari buruz hitz egingo du
  • Denen artean bukaera on bat pentsatuko dute

Pertsonaia bakoitzak zer egin/esan behar du hori gerta dadin?

5 minutuan

Antzezleek bukaera berria duen antzezlana taularatuko dute, inprobisatuz

 

Adibide bat:

  • Lehenengo antzezpena. Ikaskide bati 'tximu' deitzen diote, txikia eta iletsua delako. Inguratzen den bakoitzean, gelako bik burla egiten diote eta tximu-soinuak egiten hasten dira. Beste bi gelakidek ez diote burlarik egiten; "ez pasatu" bezalako esaldiak esan ditzakete, baina ez dute ezer egiten egoera hori eragozteko. Protagonista bakarrik eta zapuztuta geratzen da, lur jota.
  • Bigarren antzezpena. Ikaskide bati 'tximu' deitzen diote, txikia eta iletsua delako. Inguratzen den bakoitzean, gelako bik burla egiten diote eta tximu soinuak egiten hasten dira. Beste bi gelakidek kontra egiten diete, eta bakean uzteko esaten diete. "Txantxetan ari ginen...". "Ba ez dauka graziarik!". Protagonistari animoak ematen dizkiote: "Ez egin kasurik. Haiek bai direla tximuak!".

Talde bakoitzak 15-20 minutu beharko dituela kontuan izanda, ariketa hau egiteko beharko den denbora kalkulatu daiteke. Bi-hiru saiotan egin daiteke, ikasle guztiek parte hartu dezaten.

 

  • “Sormena lagun”. Umorezko bakarrizketa laburrak prestatu eta taularatuko ditugu. Kasu honetan, antzezteko erak garrantzia izango du eta baita gidoiak ere. Binaka prestatu ditzakete, hala ideia eta pasadizo barregarri gehiago bururatzeko. Pasadizoak edo anekdotak benetan gertatutakoak zein asmatutakoak izan daitezke, baina norberari gertatutakoak balira bezala kontatuko dira. Pertsonaiak norberaren antza izan dezake edo erabat asmatua izan daiteke. 5 minutuko antzezlanak izango dira, laburrak.
  1. Gai bat edo anekdota bat aukeratu.
  2. Gidoia idatzi:
    • Pertsonaia pentsatu
    • Ideia nagusiak, puntu nagusiak, pentsatu (gero ez dago hitzez hitz esan beharrik, inprobisatu egin daiteke)
    • Hasiera bat eta bukaera bat pentsatu
  3. Entsegu pare bat egin, konfiantza hartzeko
  4. Entsegu pare bat egin, konfiantza hartzeko
  5. Ikaskideen aurrean antzeztu

KONTUAN IZAN!

-Ez hitz egin oso azkar

-Argi hitz egin, ez ahopean

-Begiratu publikoari!

-Ez egon geldi: egin keinuak (triste, pozik, haserre...), mugitu eskuak, hartu espazioa...

-Kontrolatu denbora: ez izan presarik, baina ez jardun hitz eta pitz pentsatu gabe

 

Antzezpen guztiak egun bakarrean egin daitezke, elkarren segidan. Nola sentitu diren galdetuko zaie, eta balio handiagoa emango zaio horri ondo antzezteari baino. Ondo egindakoak nabarmenduko dira.

Posible da grabatzea, gero ikusi eta aztertu ahal izateko; hala, hurrengo baterako ikasten jarraitzeko aukera izango dute (euren buruak ebalua ditzakete).

 

  • “Eman iritzia”. Ikasle bakoitzak euskarazko umorezko bakarrizketa edo esketx bat aukeratuko du, bere gustukoa dena, eta ikaskideei erakutsiko die. Aukeraketa ETB1eko Barre librea telesaioko umorezko bakarrizketa laburren artean egitea proposatzen dugu: hemen 250 bideo baino gehiago daude

Aukeratutako bideoari buruzko aurkezpena egingo dute:

  • Zer aukeratu duten. Nor da aktorea (hari buruzko zertzelada batzuk eman: adina, jaioterria, egin dituen lan esanguratsu batzuk) eta zein da bakarrizketako gaia?
  • Bideoa erakutsi (gehienez 10 minutu)
  • Iritzia eman (zergatik aukeratu duten, gustatu zaien ala ez, zer iritzi duten gai horri buruz...)
  • Ikaskideei iritzia eskatu eta iritzi-truke txiki bat gidatu (gehienez 5 minutu)

 

4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo antzezpena egingo dute ikasleek.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko emanaldian edo antzezlanean lasai sentitu den eta nahi zuena egiteko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen emaitzarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:

1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den norberaren kontzeptu egoki bat eraikitzeko, gainerakoekin eta naturarekin lotuta, modu seguru eta kritikoan, identitateari buruzko ezaugarriekin lotutako informazio analogikoa eta digitala eta adierazpen artistikoak antolatuz eta sortuz.
  • Ea gai den bere autoestimua eta autonomia garatzeko, besteekin harmonian, emozioak adieraziz eta identifikatuta eta desirak eta helburuak argituz.
  • Ea gai den identitatea garatzearekin lotutako oinarrizko kontzeptuen inguruan gogoeta egiteko (emozioak eta sentimenduak, autoestimua, adiskidetasuna, maitasuna, familia, kultura...), banakako eta taldeko ikerketa-dinamiken bidez.

 

2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea posizio moral autonomoa sortzen duen, deliberazio arrazionalaren bidez eta beste batzuekiko errespetuzko elkarrizketaren bidez, zenbait balio eta bizimoduren inguruan.
  • Ea bizikidetza baketsua, errespetuzkoa, demokratikoa eta bidezkoa sustatzen duen, baita gatazkak konpontzeko konpromisoa ere, halakorik dagoenean, gizakiaren izaera sozial eta politikoari buruzko ikerketatik abiatuta.
  • Ea genero-berdintasuna, indarkeriaren gaitzespena eta gutxiengoekiko eta identitate desberdinekiko errespetua bezalako balioekin konpromiso aktiboa hartzen duen, balio horiekin lotutako arazo tokiko eta globalei buruzko argudio-elkarrizketatik abiatuta.

 

4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea galderaren izaera kontzeptu gisa ulertzen duen, zalantzan jartzeak giza jardueran duen garrantzia baliaraziz eta ingurune hurbilean esparru etiko-zibikoko galderak identifikatzeko eta lantzeko gaitasuna garatuz.
  • Ea elkarrizketa kooperatiboaren bidez besteekin interakzioan jarduten den, jokabide gizalegezko eta demokratikoak eta balio komunek, errespetuak eta enpatiak bideratutakoak modu arrazoitu eta autonomoan hartuz.
  • Ea pentsamendu konplexua oinarritzen duten pentsamendu-trebetasun nagusiak garatzen dituen: pertzepzio-trebetasunak (entzutea, behatzea...), ikerketa-trebetasunak (hipotesiak formulatzea, aukerak hautatzea...), kontzeptualizazio trebetasunak (definitzea, alderatzea...), arrazoitze-trebetasunak (arrazoiak ematea, zatiak eta osotasuna erlazionatzea...) eta itzulpen-trebetasunak (interpretatzea, inprobisatzea...) dinamika gidatu indibidual eta kolektiboen bidez.

 

5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea norberaren eta besteen emozioak eta zaintza modu orekatuan kudeatzeko jarrera garatu duen, norberaren emozioak identifikatuz, aztertuz eta modu asertiboan adieraziz eta besteenak antzemanez eta baloratuz, sormen- eta hausnarketa jardueren inguruan.
  • Ea adiskidetasunean, maitasunean eta besteen eta ingurunearen zainketan oinarritutako jarrera hartzen duen, beste pertsona batzuekiko eta ingurunearekiko interakzio zibiko eta etikoaren esperientzia afektibotik eta horren inguruko gogoetatik abiatuta.

Ainara Ortega (Hernani, 1980): Umorea da... flotadore bat eta ni flotadore horrekin bizi naiz beti.

Bea Egizabal (Lasarte-Oria, 1971): Umorea bizirauteko estrategia bat da, osea, estrategia, tresna bat da. Orduan zuk egin dezakezu umorea ondo pasatzeko, osea, ere da ludikotasun hori... baino bestea da arintzeko minak.

Ainara Ortega: Umoreak dakana da beste era batera esan ezin dianak ere esaten dittuzu, baiña horretarako injenio bat behar dezu, horri buelta emateko. Esan det beste era batera eta, gaiñera, arindu du egoera. Jo, eske iruditzen zait kriston inbentoa! Ez dakit zeinek inbentatu dun, baiño...

Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981): Umoria hain da pertsonala eta hain da partikularra, osea, oso zailla da mundu guztiantzako umoria ittia eta jendiak zure umoriakin konektatzia.

Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982): Gai askoren inguruan umorea ittea ez da errexa: heriotzaren inguruan umorea egittea, gorputzaren inguruan umorea egittea askotan ez da errexa iñor mindu gabe... Gero ulertzen dezu umorean iñor mindu gabe aritzea ez dala posible.

Kepa Errasti: Ba, ez dakit, kontatzen zabiltzen hori berak modu dramatikuau baten bizi dauelako edo kontatzen zabitzen horrekin berak sufridu ein dauelako... eta zu hortaz parre itten zabitz.

Jon Plazaola (Urretxu, 1982): Nik uste det ia-ia eziñezkoa dala, ez esateagatik eziñezkoa, iñor mindu gabe umorea egitea, ez?

Aitziber Garmendia: Ni txikiekin sartzen baldin banaiz, egongo da txiki bat –bueno, ni txikia naiz, claro–, beti ere identifikatuta sentittuko dana eta erasotua sentittuko dana, bera hala sentitzen bada. Baiña ilehoriekin sartzen baldin banaiz, ilehori pilla batek esango dizute: “Jo, eske ilehorien txiste hoiek ya…”, baiña eske beltzaranekin sartzen baldin banaiz ere, “eske beltzar...”.Ya. Baiña eske beti umorea itten da zerbaitten inguruan eta zerbaitt hori beti eukiko du batenbatek. Ordun... zaille da iñor ez mintzea.

Kepa Errasti: Danari buruz in leikela umoria. Danari buruz. Eta uste dot jakin in bihar dala umoria eitten eta jasoten be bai. Bi gauzak jakin bihar diela itten. Jasoten be bai. Oso inportantia da. Ze, gaiñera, eske umoriakin jasota gauzak pixu haundixa galtzen dauie. Ta oso inportantia da. Bestela beti pixu horrekin baldin bagaz... puff.

Jon Plazaola: Beti izan da, ez dakit, “alaba txikia”, ez? Askotan umorea, ba, ez dakit, zerbait errexagoa edo… bai, errexagoa edo, ariñago bezela tratatu dala, baiño umorea gauza oso serioa da. Askotan esaten dan gauza bat da hau, baiña umorea… umoreak lan asko dauke atzetik .

Agurtzane Intxaurraga (Orozko, 1966): Neretzako, umorea egitea, umore azkarra egitea, oso gatxa da, eta hori baloratzen dot ikaragarri. Orain, umorea umoreagatik, betiko... gaiñera, esango neunke hori, ez? ba, mikromatxismoekin osatua egoten dan hori, nahi gabe ez zarena ezta konturatzen, puff, horrekin ya nazkatuta nago.

Anttoni Nazabal (Zaldibia, 1956): Guk, adibidez, entzun dizkiñagu –eta ez gaittun eskandalizau– txiste batzuk –hobe beharrez kontatzen zutenak mutillek–, esaten den “joder, eta parre egiten genuen txiste horren aurren!”.

Jon Plazaola: Saiatu gea, ba, bueno, umore zuritik pixka bat alde egiten, ez hain umorea umoreagatik egiten, eta benetako garrantzia askotan mezuari ematen, ez? 

Kepa Errasti: Bueno, zentzu hortan erantzunkizun bat dauku baitta umoria ittiakin.

Aitziber Garmendia: Ta gero, bueno, ba etengabeko eztabaida hoi: zein dia umorearen mugak? Ez dakit. Eske ez dakit batenbat badaun.

Kepa Errasti: Honbre, beti egon behar diez be bai mugak. Esan gura dot: mugatxo batzuk beti egon behar diez. Ez?

Bea Egizabal: Dao goitik beherako umorea, behetik gorako umorea eta parez parekoa. Zuk egin nahi badezu goitik beherako umorea, egin dezakezu. Nola ezin dezula egin? Bai, baino leku batean jartzen zaitu: zara zapaltzailea umorearekin. Eta ez da hori bakarrik; orain ya jendea ez da isilduko eta esan egingo dute: “umore hori arrazista da”, “umore hori matxista da”. Orduan, zuk askatasun osoa daukazu egiteko, baina aldameneko jendeak esateko ere bai. Pues, publikoak erantzun dezake. Eta gartzelan ez dago inor umore homofoboa, arrazista, matxista… egiteagatik ez dago inor. Aldiz, behetik gorako umorea egiteagatik badago jendea.

Kepa Errasti: Oso debate interesgarrixa da. Bai, bai. Ze askotan esaten da: “Umorea betik egin biher da behetik gora. Sekula ez goitik behera”. Klaro, baiña eske igual batentzako behetik gora ittia da gauza bat eta beste batentzako, egoera berdiñian dauen beste pertsona batentzako, igual ez da behetik gora. Eske pufff… hain da konplikaua!

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza