Gabonetako eske-kanta da "Urte berri-berri", urte berrikoa hain zuzen.
Mailak: LH, HH
Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Abestiak
Elgoibar ikastolan HHko 4 urteko umeekin landu zuten kanta hau. Elgoibarren erabiltzen zuten umeek sasoi batean, Gabonetan kanta-eskean ibiltzeko. Ume nagusiagoekin ere erabil daiteke, LHn adibidez.
Ikastetxean bertan kanta daiteke, baina politena Gabonetan kanta-eskean erabiltzea izango litzateke, herriko ohitura berreskuratzeko. Sasoi horretan, baina umeak oporretan egoten dira. Horregatik, beste aukera bat hauxe izan daiteke: urte hasieran ikastetxean kanta-eskea egitea, umeak eskolara bueltatzen diren egunean. Umeek denek batera kantatu, eta irakasleek intxaur, hurra edo goxoki bana eman diezaiekete. Urteroko ohitura bihur daiteke.
Beste aukera bat: kanta esku-jolas bihurtzea. Umeek beraiek asma dezakete (LHrako aproposagoa).
Urte berri-berri
txarri belarri
dakanak ez dakanari
nik ez daukat eta neri
Kantaretan bat
kantaretan bi
Ekatzu aginaldo,
Jaungoikoagatik!
Aginaldo, aginaldo,
gaztainak bota eta isildukooo!
Posible da letra pixkatxo bat moldatu, eta kutsu erlijiosoa kentzea: “Jaungoikoagatik” hitzaren ordez “poltsia zabalik” esan daiteke.
Sasoi batean, herri batzuetan urte hasieran neska-mutikoak eske-kantuan ateratzen ziren. Intxaurrak, hurrak eta txanponak ematen zizkieten. Guk Elgoibarren jaso dugu eskerako kanta hau, Itziar Ajuriari eta Miren eta Maite Vallejo ahizpei, baina badakigu Deba eskualdeko beste herri batzuetan ere egiten zutela (Eibarren eta Arrasaten, adibidez).
Urte barri barri,
daukanak ez daukenari,
nik ez daukat eta niri,
niri emuten ez dostena,
txarri belarri!
Patxi Goikolea (Arrasate)
Kanta honek hainbat aldaera ditu. Toki askotan jaso dugu, Bizkaian batez ere (Bermeo, Erandio, Derio…). Hona hemen jasotako bi aldaera polit, lehenengoa barregarria:
Urte barri-barri
Txarri-belarri
Daukonak ez daukanari
Emotia sarri
Intxaurtxu bi
Hiru gaztaina
Atsuak dauko uzkar usaina
Aguriak dauko popan berakatza
Pru-pru-pru!
Jesusa Akarregi (Lekeitio)
Urtebarri karri
Txarri belarri
Dekonak ez dekonari
nik ez dekot eta niri.
Apalazixo zaldune
geur Urtebarri egune,
zotzak eta paluek
Txori bixarten kontue.
Emongo bozu, emoizu,
bardin emongo badozu.
Zeure begire gagozen artien
emoten jaku berandu.
Hemen gatoz lau,
kanpak joten bi,
emoizu limosnie
Jangoikoagaitxik.
Eup!
Presen Alberdi (Gernika-Lumo)
Euskomediako kantutegian antzeko beste aldaera bat dator, Ramon Maria Azkuek 1922an jasotakoa.