Honi buruz

Ahotsak Ikasgelan egitasmoa

Ahotsak.eus egitasmoaren helburua ahozko ondarea bildu eta erabiltzaileen esku jartzea da. Hasieratik pentsatu dugu jasotako materiala ikastetxeetan oso erabilgarria izan daitekeela, bai hizkeraren ikuspegitik eta baita gure historia ezagutzeko ere. Belaunaldien arteko transmisioa egiteko beste modu bat da, azken batean: lehen etxe barruan, sutondoan, egiten zena orain ikasgelan egitea, teknologia berriak lagun hartuta.

Irakasleen eta hezitzaileen aldetik ere interesa nabarmena zen, aspalditik. Horregatik hasi ginen hezkuntzako proiektuarekin, 2010. urtean. Eta horrela sortu zen  Ikasgelan webgunea, sortzen ari ginen materiala partekatzeko.

Lanketa eta proba ugari egin ditugu azken urteotan, eta webgunea ere urtez urte hazten joan da. Bideo-fitxak dira gure materialaren oinarria: bideoa eta bideoari lotutako proposamen zein azalpenak. Materiala atalean ditugu jasota guztiak. Bi motatako bideo-fitxak ditugu:

  • Fitxa didaktikoak: Gaikako bideoak. Edukia lantzeko bideo-fitxak dira, gai askori buruzkoak.
  • Kanta eta jolasak: Adinekoei jasotako kanta eta jolasak, ikastetxeetako haurrekin landuak.

Bideo-fitxa guztiak mailaka, gaika eta ikasgaika daude sailkatuta, irakasle bakoitzak interesatzen zaiona erraz aurki dezan.

 

Parte-hartze zabala eta 150 bideo-fitxa baino gehiago

Hainbat udalek hartu dute parte gure hezkuntzako proiektuetan: Aretxabaleta, Eskoriatza, Eibar, Elgoibar, Pasaia, Ordizia, Tolosa, Lekeitio, Arrasate… Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan. Kantu eta jolasak lantzeaz gainera, bideo tematikoak ere prestatu ditugu ikastetxeetan zein euskaltegietan erabiltzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA 2.0. proiekturako ikasmateriala sortzen ere bagabiltza 2015. urteaz geroztik. DBHrako 35 bideo-fitxa gertatu ditugu orain arte, beren proposamen pedagogikoekin eta gida didaktikoekin.

Oroimen historikoari, genero ikuspegiari eta beste hainbat gairi buruz egindako bideoak ere ekarri ditugu Ikasgelan webgunera, ikastetxeetan erabiltzeko aproposak direlakoan.

Mila esker laguntzen ari zareten guztioi! Zuei esker guztira 150 bideo-fitxa baino gehiago daude, erabiltzaileen eskura. Anima zaitez erabiltzera!

Proiektua interesgarri egiten bazaizu, jarri gurekin harremanetan eta prest egongo gara gure esperientzia azaltzeko. Eta, nola ez, baita zure ahokuak zein ekarpenak jasotzeko ere!