Auzolanaren kultura

Elkarri laguntzeko ohitura ezaguna da Euskal Herrian. Auzolanean hainbat lan egiten zituzten, bereziki baserri eremuetan. Etxeetako ateak zabalik egoten ziren. Elkarbizitzarako balioak eta auzolanaren kultura lantzeko bideoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Ohiturak, Bizikidetza

5 puntu 5 izarreko maximotik
4 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu
:

-Gure arbasoen bizimodua ezagutzeko interesa

-Bizikidetzarako jarrera

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Laguntasunik ezarekiko jarrera kritikoa

 

  • Bideoa ikusi aurretik

1-Girotze-jolasa (lore-jolasa): Ikasleei paper zuri batean lore bat egiteko eskatuko zaie. Lore handi bat egingo dute eta petaloak gelakide kopuruaren araberakoak izango dira. Hau da, gelan 20 badira, 20 petaloko lorea egin beharko dute. Nork bere lorearen erdian bere izena jarri beharko du. Behin hori eginda, taldekide bakoitzak bere gelakidearen loreko petalo batean pertsona horrek gelari zer ekarpen on egiten dion idatzi beharko du (elkarlana eta talde-lanarekin lotura eginez). Azkenik, nork bere lorean norberaren alde on bat jarri beharko da. Amaieran, hausnarketarako tartea eskainiko da:

-Nola sentitu zarete zuen taldekideek idatzi dizuetena irakurritakoan?

-Zer da gehien gustatu zaizuena?

-Zer da gehien kostatu zaizuena? Zergatik uste duzue izan daitekeela?

2-Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu talde handian. Ba al dakizue zer den auzolana? (norbaitek baldin badaki, ez dezala esan erantzuna)

3-Jarraian, hiruzpalauko taldeetan jarriko dira ikasleak eta orri zuri bat banatuko zaie. Orduan, aurretik egindako galderaren erantzuna idatzi beharko dute orri zurian, baina ez edonola: orria haizemaile (abaniko) eran tolestu beharko dute, eta taldekide bakoitzak banan-banan auzolanari buruz zer dakien edo zer den uste duen jarri beharko du. Bakoitzak berea idatzi ostean, orria tolestu eta beste taldekide batek berdina egin beharko du (bestearena ikusi gabe), guztiek egin arte. Denek idazten dutenean orrian zerbait, orria albo batean utziko dute.

 

  • Bideoa ikusi bitartean

 1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.

2-Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik, dituzten zalantzak argitu. (Adib. “Herri-bideak” eta “gari-jotzea” zer diren)

 

  • Bideoa ikusi ondoren

1-Galdera batzuk egingo dira ikasleak hausnarketara bideratzeko, talde handian:

-Zuen herrian egiten al da auzolana? Eta lehen?

-Zergatik uste duzue gaur egun gutxiago egiten dela edo ez dela batere egiten? Ba al dago oraindik horren beharrik?

2-Bideoa ikusi aurretik idatzitakoari begirada bat emateko aukera eman. Hasieran idatzi duzuena eta orain idatziko zenuketena berdinak dira?  Zer da orain zuentzat auzolana?  Aukera eman orrian idatzi duten informazioa osatzeko, taldeetan. Behin informazioa osatu ostean, ikasleek taldeka zer idatzi duten partekatu beharko dute gainerako taldeekin. 

3- Jolas bat egin daiteke, auzolanari buruz ahalik eta informazio gehien jasotzeko, lauko taldetan. Talde bakoitzak bideoarekin lotutako bi galdera prestatu beharko ditu. Galderak bere alboko taldeari pasako dizkio, eta horrela etengabe talde guztien galderak erantzun arte. Talde bakoitzaren galderak erantzuteko bi minutu izango dituzte. Amaieran, bizpahiru minutu emango dira gelakideekin erantzunak osatzeko. Helburua ahalik eta informazio osatuena izatea da, guztien artean elkarlana eginez.

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke, talde txikietan. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • “Testigantza bila”. www.ahotsak.eus webgunean arakatu, eta testigantza esanguratsu gehiago bilatzea. Bideo pasarte bat aukeratu, eta kontatzen duenaren laburpena egin, zure hitzetan jarrita. 
  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Herriko zaharren egoitzara (zaharren egoitza ez badago, adineko pertsonak kontaktatzen saiatu) joan auzolanari buruzko galderak egitera bizpahiru laguneko taldetan. Helburua, herrian edo bailaran auzolana nola, noiz, zergatik… egiten zen,  nork egiten zuen… jakitea izango da. Horretarako aurrez galderak gelan prestatu beharko dituzte.  Gisa honetako galderak izan daitezke:

-Lehen egiten al zenuten auzolana?

-Baserrian ala kalean egiten zen auzolana?  Zergatik?

-Kontatuko al diguzu nola egiten zenuten auzolana?

Behin nahi adina informazio eskuratutakoan (ahal dela bideoan grabatu, bideokamerarekin edo sakelako telefonoarekin; posible da gero ahotsak.eus era eramatea ere), hurrengo urratsa gelan aurkezpen baten bidez informazioa partekatzea izango da.  

  • “Gaur egunera begira”. Gaur egun “auzolan” hitza asko erabiltzen da, “elkarlan” hitzaren sinonimo gisa. Ikasleek gaur egungo auzolan-eredu edo ekimen bati buruzko informazioa bilatu beharko dute (adibidez, ibaia garbitzeko elkartzen den taldea). 
  • “Historia egiten”. Auzolanari buruzko ikerketa txiki bat egitea. (Adibideak: auzolanari buruzko ikerketa honetako puntu esanguratsuenak laburbildu eta auzolanari buruzko antzinako argazkiak aurkitu…). Lortutako informazioa eta argazkiak kartoi mehe/panel batean jarri, gero ikaskideekin partekatzeko. 

5-Azken ekoizpenaren emaitzak partekatzea, gelan aurkezpen txiki bat eginez. Gomendagarria da aurkezpenak grabatzea. Alde batetik, era horretan hurrengorako zer hobetu daitekeen azaldu daitekeelako eta, bestetik, hurrengo batetan ahozko ekoizpen bat egiten denean batetik besterako aldea ikusteko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

Ebaluazioa grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea balioesten duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan hartu ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko adinekoekin.

- Ea auzolana eta gaur egungo gizartearen inguruan ze lotura egiteko gai den.

- Ea gai den lotura egiteaz gain, hausnarketa egiteko lehengo bizimoduaren eta oraingoaren artean.

- Ea azaltzen duen elementu kulturalak identifikatzeko gai den

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Elkar laguntzeko prest

Ramon Zabala (Aduna, 1931):  Auzolana zer den ez dezue jakingo…

Juana Txurruka (Elgoibar, 1928): Lehen auzolana iten zan asko. Konparazioko:  zuk bihar bazenun langilia ba auzokuak laguntzen zizun, baina ez zan kobratzen orduan: batak bestiari laguntzen zan. Auzolana asko egiten zan.

Eusebio Areizaga (Urretxu, 1935): Bata bestiai laguntzen bate kobrau be, karo, gero beste batek laguntzen bazon besteri, ba hura etortzen zan geo, hurrengo egunen eo handik bi lau egunea ta.

Manuel Odria (Azpeitia, 1943): Auzolana izeten zan gerotxo arte gure baillaran iraun zun, ta ite zan egun baten zure etxen ta hurrengo egunen gure etxin eta hurrengun beste leku baten, auzoko jendea juntauta.
 

Auzoko lanak

Maria Ubillos (Urnieta, 1925): Urtian behin itten zittuen, bide danak garbitzen zittuen: ‘auzolan’ itten zan, esaten dana.

Santos Esnaola (Legorreta, 1930): ‘Herri bidea’ esaten zaiona ta oain hemen bidetxurre goitik behera zeon hau, guk in gendun auzolanen. Hau ein zan goitik hasi barrion goe-goenetik ta  beheraino.

Joxe Mari Agirre (Altzo, 1928): Batzuk e ganauekin,  harrik garraittu, ta bestek lurre kendu ta zabaldu´re bai atxurren ta…

Santos Esnaola (Legorreta, 1930): Ba astokin eamaten zan  hondarra eta porlana re bai, eta masa ein… lekua… tabladura bat jarri, masa eitten gendun eta benga!

Eusebio Areizaga (Urretxu, 1935):  Zulo haundik baldin bazeren haik bete, eta pixkat kuriosotu.

Joxe Azpiroz (Berastegi, 1915-2010): Auzoai hots ein, ra bidea eitten ari behar izaten gendun: ‘auzolana’ esaten genion, ta herrik ardoa ematen zun; hue atsalde hartan eo egunero itten baldin bazan igual, ardoa ematen zun.

Maria Ubillos (Urnieta, 1925): Herriyak jartzen zun ardua, arrantxua jartzen ziyen, ‘arrantxua’ esaten ziyen, eta auzolana: dana bildu, zea, baserritarrak, holako ordutarako ta astien bitan eo danak garbittu itten zittuen zeien.

Juan Urrestarazu (Idiazabal, 1931): Litro erdin bat ardo ematen zuen ayuntamentun, ta  beste sardina zaharren bat eo merindatzeko ta… holaxe ibiltzen giñen, negun.

Antonio Jauregi (Tolosa, 1931): Txiki bat ardo,  auzolanera juteko, eta ogi koxkor bat baldin bazan ogi hure jan, ardoa ean…

Martin Elgarresta (Bergara, 1937): Urtian auzo gehixenak eitten eban  egun bateko auzolana zeozetan generalmente.

Miel Etxeberria (Astigarraga, 1939): Oain hoi re auzo zea hoi ta, hoi re puxka puxkat galtzen dijua. Guk hemen obrak e haundik in dittugu, batek bestiei lagunduz.

 

Baserriko lanak

Rafaela Nazabal (Ordizia, 1929): Bueno, auzolana izaten zan garai baten… oain baiño hobetogo e. Por ejemplo, zuk baserri baten ikusten zendun garie ebaitzen, eta, hara, han hasi die garie ebaitzen ta danak hautza jun ta launtzen zuen, beste baserritarrak danak, danak. Ta gero han afarie ein ta etxea etortzen zan, eta gure etxen igual: beste baserrikok ikusten zuenen gue etxea, gue etxea etortzen zien hak.

Martin Elgarresta (Bergara, 1937): Garixa ebaitzen hasten zan han behian ta hemen akabatzen zan, hau gorengo etxia zela dan. Hemen atzenengo izaten zan garixa heltzia ta atzenengo guria izaten zan, atzenengo, bai garixa ebaitzen eta bai garixak joten.  Eta gari joten be izaten zan ba: hasten zan beheko baserrixan ba 7 etxe o 8 izaten zien, eta behian hasi eta egun batean bata, bigarrenian bestia, bestia bestia bestia...

Maria Urizar (Soraluze, 1919): Ta beste  8 edo 10 baserrittatik bajatzen zian behera; goizeko 9etan edo etorten zian, eta bazkaldu eta meriendau ta dana gure etxian. Entenditzen dostazu? Haik eta garixak ebai arte, e. Ta gero guriak ebaten zianian, faten giñan berenak ebatera gora; beren baserrixetara gero, joan bihar izaten giñuan.

Maritxu Ezenarro (Getaria, 1929): Eta danak alkartzen zian alkarri laguntzen, garixa jo arte.

Martin Elgarresta (Bergara, 1937): Lan gogorra izaten zan, baiña pasatzen zan oso ondo.

Rafaela Nazabal (Ordizia, 1929): Ta gero afarie jartzen zan, ta afaltzen geo.  Ta geo dantza itten gendun, radiokin,  apalondon gaztek.

Agurtza Osa (Ondarroa, 1930): Juerga, pipa! Ta pozik eoten ginen, ba, dana kanpoko jenti etxera ta gu ba oso pozik.

Martin Elgarresta (Bergara, 1937): Klaro danak, auzo danekua juntatzen zan ta, izaten zan. Ta gero ba, bueno, akabatzen zanian, ba zeoze: gaztaia ta ogixa ta tragotxo bat ta izaten zien ta ba… pixkat e, pixkat e zea izaten zan, politta izaten zan.

Rafaela Nazabal (Ordizia, 1929): Bai, bakallaue generalen tomatekin, afarie, izaten zan.

Antonio Oregi (Soraluze, 1926): Ta generalen leka patatie izaten zuan, earrak e; etxeko lekak eta patatia, nahi beste. Eta gero tomatiekin ta ensaladakin ta gauzak eta. Gozau? Ha zuan gozatzia, haura.

Asentxio Sarriegi (Donostia, 1936): Bost eta sei lagun jarrita ta aitzen giñan, segan ordun. Batian auzo batian igual, bestia geo hangua hona etorrita igual eta…

Maria Ubillos (Urnieta, 1925): Artua in bihar zan garayian e bai. Juntatzen zian baserrita,r zeak:  in biharra… auzuai uju in igual, alkarrei, zea , ta “bai, gaur in bihar diau”  ta  “beno, jungo gattuk” ta atxurrak hartu ta etortzen zian.

Xanti Lasarte (Urnieta, 1925-2012): Han ai baldin bazian, hor,  Matxaren, atxurrak hartu ta hara. Ez zeon abixatzen ta in beharrik. Ikustian, martxa!  Danak, lau o bost baserritakuak arto ittea.

Antonio Eizmendi (Aia, 1931-2013): Bai oan belaxe jungo huke, oaingo jendia…  Ez, leheno holakotxek baikiñan: launtzeko beti dispuesto, beti ,e.

Javier Arregi (Arrasate, 1925): Hori, hori e baserriko edukaziño bat da: bata bestiei launtzia ta hori. Hori galtzen badogu ba ez da egongo ezer, e.

Josefa Agustina Barriola (Gaztelu, 1924): Nik e hori esaten det:  gaurko eunen hemen ez dao hainbeste konfiantza.

Maritxu Goitia (Errenteria, 1923): Leheno ez gendun atia sekulan giltzakin ixten. Atia irikitzeko ez giñan bildurrak.

Josefa Gabilondo (Elgoibar, 1920): Pentsau re ez genduan e.. dihar eitteik eta atian… aurrera, ta sukaldea, ta eurek e berdin guretan ta…

Arantxa Jauregi (Errenteria, 1926): Hola, beste beste...

Pepi Mitxelena (Errenteria, 1926): Itxekoak bezela.

Arantxa Jauregi (Errenteria, 1926): Itxekoak bezela.

Delia Huici (Andoain, 1928): Eozein gauzetako gainea, e. Hoi gauza. Ta oain ez, batez. Oain ez do.

Xanti Lasarte(Urnieta, 1925-2012): Gaur ez dakit asko eongo diran, jute dianak launtzea, ez dakit.

Javier Arregi (Arrasate, 1925): Horreik e zereatik erakutsi behar daue eskolatik eta… Bai oin, oin eskolatik. Lehen baserrittik, baserrixa zan eskolie lehen, eta oin hori galdu da. Ue, hutsuna haundixe, eta, karo, hor e… ba oin esate jakona teknikoki aurreratuko gara, baina guk eitten bau gizarte bat txarra, gizarte bata bestei ez errespetetako eta lapurretan eta eta… gezurretan ta… Hori, hori gizarte hori eitten badogu orduan ezingo gara ondo bizi, e. 

-"Auzolana" edo "auzolanean jardutea/ibiltzea" lanen bat elkarri lagunduz egiteari esaten zaio, trukean dirurik ordaindu/jaso gabe. Gaur ere badira auzolanean, elkarri lagunduz, aurrera ateratzen diren proiektuak. 

-Hitzaren jatorrizko adiera, baina, ez da hain zabala. "Auzolana" auzokoek kobratu gabe egin beharreko lana izaten zen, baina derrigorrezkoa; auzoko lanak (baso bideak, auzo elizak, auzo eskolak...) halaxe egiten ziren. Denentzat ez zen positiboa izaten auzolana. Baserri bakoitzetik pertsona bat joan behar izaten zen; auzolanera joaten ez zirenei isunak ere jartzen zizkieten toki batzuetan. Ikus Adunako Ramon Zabalaren testigantza.

-Auzolana esaten zitzaion baserriko lanak elkarri lagunduz egiteari ere. Zabor bilketa ere auzolanean egiten zuten toki batzuetan. Baserritarrek galera batekin biltzen zuten zaborra, gero konpostatu eta ongarritarako erabiltzeko. Joxe Mari Irizarrek kontatzen du hori, bideo honetan: Dena aprobetxatzen zen

-Gehiago jakiteko, hona hemen auzolanari buruzko ikerketa bat: Auzolanaren kultura (Jasone Mitxeltorena)

-Bizikidetzarekin lotutako beste bideo batzuk, proposamen pedagogikoa dutenak:

Elkar errespetatzea
Etorkinak eta integrazioa
Baserritarrak gutxietsita

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza