Baserritarrak gutxietsita

Baserritarrak izateagatik eta erdaraz ondo ez moldatzeagatik diskriminatutako lekukoen testigantzek osatzen dute bideo hau. Diskriminazioaren faktoreak eta zergatiak aztertzeko balio du. Eta gaur egungo beste diskriminazio egoera batzuk identifikatzeko abiapuntua izan daiteke (adimenarengatik, arrazarengatik, jatorriarengatik, generoarengatik etab).

Mailak: DBH

Proiektuak: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Bizikidetza

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Bizikidetzarako jarrera erakustea

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Norberaren autonomia garatzeko eta zapaldua ez izateko irmotasuna

-Diskriminazio egoerak identifikatzeko interesa eta haiekiko jarrera kritikoa erakustea
 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak, eta ikasleak hausnarketara eta iritzia ematera bultzatu. Ideia–jasa egingo da, galdera hauek abiapuntu hartuta:

-Zer da diskriminazioa? Hitz horrek zer esan nahi du? Zein arrazoirengatik gerta daiteke?

2-Ondoren, ikusiko dugun bideoaren izenburua esango diegu ikasleei. Eta burura etortzen zaizkien ideia guztiak botako dituzte (ez da inongo ideiarik baztertuko, eta gutxieneko gidaritza bat egongo da: hitza txandaka eman...).

-Zer datorkizue burura “baserritarrak gutxietsita” entzuten duzuenean?

-Baserrikoa denik ba al da hemen? Eta baserriarekin harremanik duenik? Zein dira baserrian bizitzearen abantailak? Eta desabantailak?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. (Adib. “Itaurrean ibiltzearen" esanahia zein den)

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1- Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, lehenaldia eta orainaldia konparatuz, euren bizipenetan oinarrituz.  Hona hemen egin daitezkeen galdera batzuk:

-Espero zenuten ikusi duzuena? Zerk deitu dizue arreta? Zer nabarmenduko zenukete?

-Noizko kontuak dira? Oso aspaldikoak? Etxean entzun duzue horrelakorik?

-Zergatik uste duzue gertatzen zela (edo gertatzen dela) baserritarren eta kaletarren arteko bereizketa hori? Gaur egun bereizketarik egiten da baserritarren eta kaletarren artean?

-Lehengo baserritarren eta oraingoen artean badago desberdintasunik? Zertan, adibidez?

-Nola sentitu zarete bideoa ikusi duzuenean?

-Bereziki baserriarekin loturaren bat duzuenok: nola bizi duzue gai hau? Sentitu al zarete noizbait bideoko pertsona horien antzera?

-Bideoaren amaieran aipatzen da: “Baserritarrak kalen eozer gauza egin daike, kaletarrak baserrin ez”. Zergatik dio hori? Ados al zaudete horrekin?

3- Baserriko lanekin eta baserriko tresnekin zerrenda bana osatuko dugu, lauzpabost laguneko taldetan jarrita. Gero, hitz guztiak arbelean jartzen joan gaitezke. Dakienak emango ditu azalpenak, ez dakitenentzat (adibidez, karramarroa edo segapotoa zer diren, eta zertarako erabiltzen diren). Aukera bat: Interneten lan eta tresnei buruzko argazkiak bilatu (ikasle bakoitzak bat ala bi), eta guztion artean horma-irudi bat osatzea.

4-Jolasa. Diskriminazio positiboa zer den ulertarazteko jolasa. Hiruko sei talde osatuko ditugu (18 ikasle), eta gainerako ikasleak “behatzaileak” izango dira (gelan ikasle gutxi baldin badira, hiruko hiru osa daitezke). Hirukote bakoitzean, bat “ikaslea” izango da eta beste biak “laguntzaileak” (“1 laguntzailea” eta “2 laguntzailea”). Zein da jolasa?

  • Biribil erdi bat osatuko dute taldeek, eta “laguntzaileek” begiak estaliko dizkiote “ikasleari”, zapi edo fular batekin.
  • Lurrean 15 boligrafo, 15 borragoma eta 15 arropa-pintza jarriko dituzte “behatzaileek”, sakabanatuta, baina isiltasunean (toki zabal samarra behar da jolasa egiteko; gelatik kanpora ateratzea onena).
  • 1. ariketa. Ikasle guztiek ez dute baldintza beretan jokatuko: guztiek izango dituzte begiak estalita, baina bi ikaslek eskuak aurrean lotuta izango dituzte. Eta beste bik eskuak zein hankak lotuta. “Laguntzaileei” sokak eta papertxo bana emango dizkie irakasleak, haien eginbeharrekin (“ikasleek” ez dute ezer jakin behar). “1. Laguntzaileak” eskuak/hankak lotuko dizkio bere “ikasleari”, haren papertxoan hori jartzen baldin badu. Eta agindu hau emango dio “ikasleari”: “Hor aurrean lurrean boligrafoak daude. Zuk sei boligrafo hartu behar dituzu. Aurrera!”.  (Ez dira beti boligrafoak izango: bi ikaslek seina boligrafo hartu beharko dituzte, beste bik seina borragoma eta beste biek, berriz, seina pintza). Ez dio ezer gehiago esango. Laguntza eskatuta ere ez dio erantzungo. Ikasleek bost minutu izango dituzte objektuak lortzeko.

 “1 laguntzailearen” papertxo adibidea (irakasleak soka bat emango dio honi):

- Lotu iezazkiozu eskuak zure ikasleari: eskumuturretatik, aurrean.

-Esaiozu ikasleari zer egin behar duen: “Hor aurrean lurrean borragomak daude. Zuk sei borragoma hartu behar dituzu. Aurrera!”. 

-Ez azalpen gehiago eman ikasleari, eta ez haren galderei erantzun.

  • 2. ariketa. “Ikasleek” begiak estalita (eta lotuta) jarraituko dute, eta aurreko ariketa bera egingo dute. Hori bai, laguntza gehiagorekin. “2. laguntzailearen” txanda da orain. Hasierako puntura eramango du bere ikaslea. “2. laguntzailearen” lana “ikaslea” gidatzea da. Behar dituen azalpen denak emango dizkio, eta bere ondoan egongo da, nora joan behar duen eta noiz makurtu behar duen esaten.

“2. Laguntzailearen” papertxo adibidea:

-Azaldu zure ikasleari jolasa zertan datzan: lurrean borragomak, boligrafoak eta pintzak daudela, eta berak sei pintza hartu behar dituela, bost minutuan.

-Egon bere ondoan, eta esan ezkerrera edo eskuinera joan behar duen, aurrerago ala atzerago, noiz makurtu... pintzak hartzen joan dadin. Animatu ezazu. Bukatzean, hasierako puntura itzuli.

  • Gelara itzulita, esperientzia komentatuko dugu. Nola sentitu dira “ikasleak” 1. ariketan? Nola “laguntzaileak”? Nola 2. ariketan? Zer ikusi dute “behatzaileek”? Ikasle guztiak baldintza beretan zeuden? Eta haien egitekoa berdina al zen? Nolakoak izan dira emaitzak? 3. ariketa bat prestatu beharko dute, guztien artean. Helburua: ikasleen baldintzak kontuan izanda, antzeko emaitzak lortzea ahalbidetuko duen jolasa. Diskriminazio positiboa egitea, alegia (adibidez, hankak eta eskuak lotuta dituenak seiren ordez hiru objektu hartzea, edo eskuak lotuta dituenak sei objektu baina denetik: borragoma, pintza zein boligrafo). Beraiek diseinatuko dute jolasa, eta jolastu egingo dute, hurrengo egunean. Hausnarketendako tartea emango da orduan ere.

5-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Ika-mika”. Eztabaida egingo da gelan. Irakasleak eztabaida formalen ezaugarriak azalduko dizkie ikasleei, ezagutzen ez badituzte. Ikasle bati moderatzaile rola banatuko zaio (boluntarioa eskatu) eta gainerakoak sei-zortzi laguneko taldetan banatuko dira. Talde bakoitzean bi azpitalde egongo dira: batzuek kaletarrak izango dira eta besteak, aldiz, baserrikoak. Beraz, bi azpitalde horien artean debatea sortuko da: baserrian edo kalean bizitzearen alde onak eta txarrak, diskriminazioa... gisa horretako gaiak abiapuntu hartuta. Azpitalde bakoitzak argudioak prestatuko ditu, berea defendatzeko. Ondoren, talde bakoitzak eztabaida egingo du, gela osoaren aurrean, txandaka.
  • Eman iritzia”. Noiz dira zilegi estereotipoak? Komedietan, esaterako, exajerazioak ondo funtziona dezake. Gure buruari buruz barre egitea osasungarria izan daiteke... Ikusi “Kutxidazu bidea, Ixabel” filma. Zein da baserritarren irudia film horretan? Nolakoak dira? Iraingarria iruditzen zaizue? Non dago muga, zuen ustez? Iruzkin kritikoa egin, banaka, eta gero ikaskideen aurrean irakurri, ahoz gora.
  • Gaur egunera begira”. Diskriminazio mota asko daude. Ikastetxe batzuetan bulling kasuak izaten dira... Zergatik uste duzue gertatzen dela hori? Nor izaten dira normalean diskriminatuak? Zer egin daiteke halakorik gerta ez dadin? Albisteetan bulling adibideak topatu, eta gelara ekarri (binaka egin daiteke): gertaera azaldu ondoren, eta iritzia eman, horren inguruan hausnartuko dute gelan. Amaieran, bizikidetzarako dekalogo bat sortu, guztien artean. Ikus dekalogo baten adibidea.
  • Bestearen azalean”. Lau-bost ikasleko taldetan diskriminazioarekin lotutako egoera bat (adib: genero-bereizketa, arrazakeria, bulling egoera, behar bereziak dituztenen bazterketa) pentsatu beharko dute, jokaera txar bat, gidoitxoa prestatu, eta gero antzeztu. Behin antzeztu ondoren, gainerako taldeek egoera hori nola aldatu proposatuko dute (pertsonaien jarrerak, egoera bera...). Talde guztiekin berdin egingo da, eta beste saio bat hartuko da antzerki-gidoiak moldatu eta jokaera berri horiek antzezteko. Antzezteko unean, edukiaz gainera, hauek ere kontuan izan daitezke: espazioaren erabilera, begirada ikusleei zuzentzea, pertsonaien gorputz-adierazpena, ahotsaren entonazioa…

6-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitza ezagutarazteko (azalpena, antzezlana, eztabaida...). Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin (ondo egindakoez eta hobetu beharrekoez jabetzeko, eta etorkizuneko  beste ekoizpen batzuekin alderatzeko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

  • Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak  interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion. 

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin. 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan hartu ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea bizikidetzarako jarrera erakusten duen.

- Ea gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa adierazten duen, denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea erakutsiz.

- Ea aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa erakusten duen.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

 

Rosario Kortabarria (Oñati, 1908-2014): Eskolara ez giñan faten, eurixa zanetan ta holakuetan bakarrik.

Josefa Iparragirre (Antzuola, 1920): Eskola gutxi ta. Ordun lana zeuan basarrixan ta.

Xabier Zubizarreta (Aretxabaleta, 1941): Zenbat eta nausixauek faltau gehixau eitten euen, udan bereziki. Neguen, egualdi txarrakin, ba ala! Danak eskolara. Baiña egualdi onakin, ba ke si bedarretan, edo basora fan biha zala edo ittaurren ein biharra edo ganauzain edo hau edo hori…  Betik egoten zan zerbaitt eitteko, ezta?, baserrixetan.  Ta bereziki hola apur bat  ya nausitten hasittakuak, hamaika-hamabi urtetik aurrerakuakuak, ya gehixao faltetan auen.

Joxe Aierbe (Donostia, 1934-2012): Etxian zai egoten zian. “Bai, ganau jatenak…” edo “belarra ekarri behar diau ta guazen belarra biltzea” eo. Segan egiteko gauza ez bagiñan, belarrak bildu behintzat bai, ta geo ganaduakin, behiyakin ibiltzen giñan. Gurdiya ta behiyakin, ta behiyak eamaten eo behiyai kontu iten eo... beti, beti...Ta eskolara joan gabe ere urtearen buruan egun dexente. Batez ere udaberri aldean edo udan o lan asko izaten zanean. Bi anai, bi zaharrenak behintzat, urte ta gutxin tartea degu, oso bata bestian atzetik, eta biok txandan ibiltzen giñan. “Gaur ni geatzen banaik, bihar hi geatuko haiz etxian”, txandaka, aitai laguntzeko, e. Ordun, eskolara jun gabe geatzen giñan.

Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940): Nik asko faltatu det eskolatikan, asko fallatu det. Batian umian kontu in beharra, bestian amak ez dakit nora jun bihar zula lana itera, batian belarra biltzera ta... nik eskolara asko faltatu det.

Miel Etxeberria (Astigarraga, 1939): Beti izaten zan: batian itaurrian ibili biharra, bestian belarra zabaldu biharra, bestian ez dakit zer... ta eskola ez baldin bazea egunero juten, bestiak aurrea juten zaizkizu, ta zu han gelditzen zea ardi galdu bat bezela atzian.

Maria Luisa Zabala (Aduna, 1930): Bai, bai, sumatzen zan, bai.  Eunero juten zianetatik gutxigo juten giñenetikan sumatzen zan. Haik beti´re aurrerago ikusten zien.

Bixente Pagoaga (Arrasate. 1946-2012): Guri burla itten oskuen, eta orduen izaten zan insultue, baserritarrendako izaten zan: “Caseros boronos”. Abarka-galtzakin, sekule kuadernoik be ez: pizarrie kolkuen, eta pizarriñia. Ta ba “caseros boronos”.

Eugenio Sagastizabal (Arrigorriaga, 1928): Haik pentseten euen ba gu holango... euskera iten gendun moduen, euskera eta beti atzeratute, berbaz be ondo jakin ez erderaz, ta bakizu, txarto. Beti lotsa edo…. kobarde, kobarde eskolan. Ta horreik, horreik e euken aurpegi bat eurek... Gu langoari gero: “Aldeanos, burros... boronos”. Bai, joder.

Juliana Olaizola (Azpeitia, 1928-2011): Hori beti. Kalekok baserritarrai burla beti.

Joxe Mari Irizar (Donostia, 1940): Pasa nittun lau urte Lasallen eta han ere erdera zan. Gu ordun giñan han sei bat mutil o hola, euskeraz itten genunak, eta beidatzen ziguten... “aldeanos, caseros”, ta hola deitzen ziguten.

Mariano Izagirre (Urretxu, 1937): A, bai, burla itten ziguen, bai. Guri itten ziguen burla, bai: “kaxeros, kaxeros” ta...

Isabel  Izagirre (Urretxu, 1936): Bai. Gaur kaletarra ta baserritarra ya berdi  ikusten da, baiño lehen oso desperdiña zan.

Bixente Pagoaga (Arrasate, 1946-2012): Eta gu egoten giñen, marjinauta egoten giñen; baserriko umiek giñen marjinauak. Ba izengo giñen e… ba dozena bat mutiko, ta beste dozena bat neskatilla edo. Eta beti marjinauta eoten giñen.

Felipe Korta (Ordizia, 1928-2014): Baiño ez genekigun ezer, ez erderaz eta ez ezer,  ta jarri giñuzen hiru-lau lagun kartel baten. Hola, kartel haundi bat, paretan kontra, bestengandik aparte, ta han zeren ba karikatura batzuk eta: A, E, I… ta nola esaten zien. Ta klaro, bialtzen zeben mutiko bat hara, ya zaharrenetako mutiko bat hara bialdu, eta benga, guri erakutsiz A-E-I-O-U… ta bera zan erakusten guri. Ez dakit zenbat denporan egon giñen. Ta badakizu, ordun e mutil-koskorrak ba gaiztuk izaten die askotan. Ta asko sufritu gendun han. Neretzat izen zan oso gogorra. Ohitute nere bizimodue han (baserrin, libre) era batera, baserrin, eta han: alde batetik kriston disziplinea, eta bestetik ba bestiok baino askoz´e gutxio nitzela iruditzen ziten.

Joxe Pablo Aranzadi (Donostia, 1932): Eta ni ibiltzen nintzan, baiño gaixki, pasatzen nun oso gaixki. Eta izen politena: “Peio”.  Peio. Holaxe. “Tu eres un Peio”.

Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934): Eta ni ez nintzen tontana. Gutxi juten nintzen baiño tontana ez nintzen. Eta eze jakin gabe zer nekin eta zer ta zer, ala! Al pelotón de los torpes!, atze-atzera uzten ninduen… Eta egun baten enkaratu nintzen, zea, señoritakin;  esan nion ni ez nintzela tontana, ni Ataunen eoten nintzelako eta baserritarrakin eoten nintzelako tontana ez nintzela, eta bestek bezela mahaietan jartzeko.

Maria Dolores Arruabarrena (Andoain, 1935): Baserritarrak beti tuntunak. Bu, tuntunak eta tontuak, atrasaus. (Bai, e?) Bueno… ta burla in: kalekumiak burla in. Eskolara etortzen giñenen burla itten ziguen. Karo, konparazioko: artua iteko ta goldiakin lurra jiratu bihar izaten zen eta, egualdi ona baldin bazan, hura aprobetxatu in bihar izaten zen. Eta ordun eskolara etortzeik ez gendun izaten. Ebiya iten zunian, eskolara. Ta danak parre itten zien. Ta nik jesus… zenbat piper in nun... nundik nora gorde ez nakin, ibiltzen… Gero doktriña´re astero eman bihar izaten zan… ez nun ikasten! Ta doktriña ematen zun harek errita eman eta kastiguk ematen zizkiten, ta beti gordezka nola ibiltzen nitzan. Batian gezurra esan, bestian gezurra esan... ta amai esaten niyon ta: “Gaixua, bai, sinisten det baina ez dakazu ba... lana daonian hemen geldittu biharra dakazu ba. Ebiya ittian jungo zea”. Eta segi!

Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940): Nik asko fallatu det, asko fallatu det. Ta gero, ordun eskri…  zea ematen zizuen, leziyua: pa mañana hau estudiatu bihar dezu, Enziklopedian. Ta bakarra zan, ta ni hua estudiatzen ari nitzan bitartian beti umen bat banun besuan, ta beste bat aldamenian´re bai. Batek heldu iten zian… bestiak esku zikiñekin... ta nik beti puskatuta eta zikiña, ta ze lotsak pasatzen nitun...

Maria Etxebarria (Aramaio, 1930): Bueno, igual lagunekin ta oin esaten daue bulling ta hori… ba orduan be itten zan, e. Ez pentsau. Orduan be itten zotsuen burle eta igual egoten zitzen egun batzutan billurrez eskolara joateko...

Mari Carmen Ibarbia (Beasain, 1941): Ba nik behin batekin euki non diskusio bat. Baserritarrak ez ziela hain azkarrak. Ta esan nion: “Zuk ez diazu esango zu ni baiño azkarragoa zeanik”. “Nik ez det hori esan nahi! Ez det...”. “ Ez, hori esan diazu ta ez, ni ez naiz zu baiño tontagoa, e! Zu ez zea ni baiño azkarragoa, e! Tontagoa´re ez, baiño azakarragoa´re ez, e!”.

Isabel  Izagirre (Urretxu, 1936): Ba, “caseras” betik. Eta nere gizonak ohitturea zon esateko: “Caseras y con honra” o “caseros” igual da, “con honra”. Eta ni oain, ordun ez, ordun bajezie iruitzen zaten neuri´re, besten alden, ezta? Baiño gaur ez. Gaur esaten det: baserritarrak kalen edozer gauza ein daikela, baiño kaletarrak basarrin ez.

-Gai honekin lotuta, bada kontuan izan beharreko faktore garrantzitsu bat ere: euskararen zapalkuntza egoera. Gaztelania eta frantsesa euskararen gainetik egon dira denbora luzez (1936ko gerraren ostean egoerak okerrera egin zuen, baina aurretik ere euskaraz hitz egiteagatik zigorrak jartzen zituzten eskola batzuetan, Euskal Herri osoan). Baserritar gehien-gehienak euskaldunak ziren. Askok euskara baserriarekin lotzen zuten, eta gaztelania, berriz, modernotasunarekin eta aurrerapenarekin. Ikus Juanito Gallastegiren testigantza: http://www.ahotsak.eus/durango/pasarteak/dur-022-010/

Hainbat bideo ditugu euskararen zapalkuntzarekin lotuta, gai hau sakondu nahi izanez gero:

Euskara galarazita eskolan

Euskara debekatua kalean

Gerraostea: euskararen zapalkuntza

-Ipar Euskal Herrian ere jaso ditugu baserritarren diskriminazio egoerak. Extefana Irastortzak dioenez, eskolako ume kaletar batzuek ez zuten beraiekin, “kanpainakoekin”, jolastu nahi izaten: 
http://www.ahotsak.eus/hendaia/pasarteak/hen-001-007/

-Bizikidetzarekin lotutako beste fitxa batzuk. Proposamen pedagogikoak dituzte hauek ere:

Elkar errespetatzea

Auzolanaren kultura

Etorkinak eta integrazioa

Utzi zure ekarpena