Harri-harrike edo txingoka

Lurrean zenbakidun laukiak marraztu, harri bat jaurti eta hanka bakarrarekin saltoka egiten den jolasa.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Jolas hau Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean landu zuten, LHko 1. mailan, 6-7 urteko umeekin. HHko azken urteetarako ere aproposa izan liteke.

 

Zer behar da?

Klariona eta harritxo bat. 


Nola jolastu
?

1-Klarionarekin laukiak marraztu lurrean (ikus marrazkiak). 7 edo 9 lauki izan daitezke. Lauki bakoitzari zenbaki bat jarri (batetik seira edo batetik bederatzira).

2- Harri bat jaurti, eta marra jakin batetik gertuen uzten duena izango da jolasten lehenengoa.

3- Txingoka (hanka bakarrarekin) egin beharreko jolasa da. Banaka egiten da, txandaka. Lehenengo jokalariak harria hartuko du, eta lehenengo laukitxora botako du. Harria laukitxo barruan geratzen bada, marrarik ukitu gabe, jokalari hori hasiko da jolasten.

4-Hanka baten gainean taulaz taula saltoka joango da jokalaria. Bi zenbaki elkarren ondoan daudenean (gurutzea sortzen den tokian), hanka bakoitza zenbaki batean jarriko du aldi berean, baina bestela beti txingoan ibiliko da; (marrazkiaren arabera, buelta emateko laukia ere atseden-lekua izan daiteke). Bueltako bidea egitean, bigarren laukian dagoenean, makurtu eta harria hartuko du 1.go laukitik, hanka bakarrarekin betiere.

5-Bide guztia marrak zapaldu gabe eginez gero, jokalariak harria bigarren laukira botatzeko aukera izango du. Bigarren laukiko harria hartzeko, txingoka egin beharko du bidea, marrarik zapaldu gabe, eta 3.etik hartu 2. Laukiko harritxoa. Zenbaki guztiekin egin beharko du gauza bera.

6-Harria ez bada dagokion laukian erori, hanka gainean ibiltzean marrak zapalduz gero, hanka lurrean jarriz gero edo txingo egiteari utziz gero, txanda hurrengo jokalariarena izango da.

7-Zenbaki denak egiten dituenak irabaziko du, ibilbidea osatzea lortzen duenak.

 

Adina:

5-6 urtetik aurrera.

 

Partaide kopurua (gutxienez): 1

Txingo, txingoan edo txingoka ibiltzea: oin bakar baten gainean saltoka ibiltzea, bestea airean dagoela. Hiztegietan datozen sinominoak (Labayru, UZEI eta Harluxet): txangika, xingilkaoinka-oinka, kisketean, intxintxorreantrinkitinxingilika eta xingili

Txingoka egiten diren bi jolas jaso ditugu Ahotsak.eus proiektuan. Bietan zenbakiak eta laukiak marrazten dira lurrean, baina jolas bakoitzak bere berezitasunak ditu:

  • Harri-harrika: Objektua (harri txiki bat, normalean) eskuarekin jaurtitzen da lauki barrura: lehenengo 1 zenbakira, gero 2.era, ondoren 3.era... horrela zenbaki guztiak igaro arte. Txingoan joanda batu behar da harritxoa, aldiro-aldiro, eta bidean ezin dira laukietako marrak oinarekin zapaldu. Lurrean marraztutako laukiek gurutze forma hartzen dute, eta gurutzea sortzen den lekuan bi hankak jartzen dira lurrean: lauki bakoitzean oin bat. Eta buelta emateko lekuan ere atseden-lekua dago normalean.
  • Txingor-gaiñian edo txindurrika: Objektua (kaxa biribil zapal bat, normalean) 1 zenbakian ipintzen da, eta handik aurrera ostiko txikiak emanez eraman behar da, zenbakiz zenbaki. Kaxa ezin da marren gainean geratu, eta oinarekin ere ezin da marrarik zapaldu. Lurrean marraztutako laukiek ez dute gurutze formarik, eta bukaeran atseden-lekua dago, buelta ematen den tokian. Ikus bideoa.

Hainbat izen erabiltzen dira txingo jolasak izendatzeko. Herritik herrira aldatu egiten dira. Normalean, herri bakoitzean jolasaren aldaera bat erabiltzen dute, baina batzuetan biak jaso ditugu (Bergaran, adibidez).

Aretxabaletan harri-harrike eta txantxikurke esaten zaio txingo jolasari. Elgoibarren txingor-gaiñian (edo txingorriñian). Izen gehiago ere baditu: txingoka edo txingoan da seguruenez hedatuena, baina: txindurrika (Ubera-Bergara), txantxitxuske (Apotzaga-Eskoriatza), txintxurruska (Antzuola), txantxirrika (Angiozar-Bergara), txintxirrika (Ondarroa, Markina-Xemein), mariketara (Aramaio), txintxurrian (Ermua), harritxabaletan (Zubieta-Donostia), losa-losaka  (Arrasate), hanka-koskoka (Arrasate)... Primeretan (gaztelaniazko a primeras, Elgoibar).

Urtxintxa Eskolakoek Gurutzeko txingoa deitzen diote jolas honi.

Bideoan agertzen diren adinekoak: Arantxa Larrea (Lezo), Leandra Elizburu (Aretxabaleta), Kontxi Garaitonandia (Aramaio), Jesusa Lasagabaster (Aretxabaleta) eta Miren Abarrategi (Arrasate).

Utzi zure ekarpena