Txingor-gainean edo txindurrika

Txingoan egiteko jolasa da. Jolas honetan klarionarekin zenbakiak marrazten dira lurrean, lauki banatan sartuta, eta objektu bat zenbakiz zenbaki eraman behar da. Hori bai, objektua (kaxa biribil txapal bat, normalean) ez da eskuarekin jaurtitzen: lehen laukian ipini, eta hanka bakarrarekin ostiko txikiak joz mugitu behar da.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Jolasak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Jolas hau Elgoibarko herri eskolan landu zuten, LHko 1. mailan, 6-7 urteko umeekin.  HH bukaeran ere erabil daiteke.

 

Zer behar da?

Klariona eta objektu bat (kaxa zapal biribil bat da egokiena, baina harri zapal bat ere erabil daiteke) behar dira jolas honetan aritzeko.


Nola jolastu?

1-Klarionarekin laukiak marraztu lurrean. 7 edo 9 lauki izan daitezke. Lauki bakoitzari zenbaki bat jarri: batetik seira edo batetik bederatzira (ikus marrazkia). 

2-Objektua lehenengo laukitxoan ipini, 1 zenbakian. 

3-Txingoka (hanka bakarrarekin) egin beharreko jolasa da. Banaka egiten da, txandaka. Jokalariak objektuari ostiko txikiak emango dizkio, eta laukiz lauki eraman beharko du. 

4-Bide guztia oinarekin marrak zapaldu gabe egitea, eta objektua laukiz lauki ondo eramatea (marren gainean geratu gabe) da helburua. 

5-Objektua marra batean gainean geratu bada, jokalariak hanka gainean ibiltzean marrak zapaldu baditu edo txingo egiteari utzi badio (hanka lurrean jarri badu), txanda hurrengo jokalariarena izango da. 

6-Zenbaki denak egiten dituenak irabaziko du, ibilbidea osorik egiten duenak.

 

Adina:

6 urtetik aurrera.

 

Partaide kopurua (gutxienez): 1

Txingo, txingoan edo txingoka ibiltzea: oin bakar baten gainean saltoka ibiltzea, bestea airean dagoela. Hiztegietan datozen sinonimoak (Labayru, UZEI eta Harluxet): txangika, xingilkaoinka-oinka, kisketean, intxintxorreantrinkitinxingilika eta xingili

Txingoka egiten diren bi jolas jaso ditugu Ahotsak.eus proiektuan. Bietan zenbakiak eta laukiak marrazten dira lurrean, baina jolas bakoitzak bere berezitasunak ditu:

  • Harri-harrika: Objektua (harri txiki bat, normalean) eskuarekin jaurtitzen da lauki barrura: lehenengo 1 zenbakira, gero 2.era, ondoren 3.era... horrela zenbaki guztiak igaro arte. Txingoan joanda batu behar da harritxoa, aldiro-aldiro, eta bidean ezin dira laukietako marrak oinarekin zapaldu. Lurrean marraztutako laukiek gurutze forma hartzen dute, eta gurutzea sortzen den lekuan bi hankak jartzen dira lurrean: lauki bakoitzean oin bat. Buelta emateko lekuan ere atseden-lekua egon daiteke. Ikus bideoa.
  • Txingor-gainian (txingorriñian) edo txindurrika: Objektua (kaxa biribil zapal bat, normalean) 1 zenbakian ipintzen da, eta handik aurrera ostiko txikiak emanez eraman behar da, zenbakiz zenbaki. Kaxa ezin da marren gainean geratu, eta oinarekin ere ezin da marrarik zapaldu. Lurrean marraztutako laukiek ez dute gurutze formarik, eta bukaeran atseden-lekua dago, buelta ematen den tokian.

Hainbat izen erabiltzen dira txingo jolasak izendatzeko. Herritik herrira aldatu egiten dira. Normalean, herri bakoitzean jolasaren aldaera bat erabiltzen dute, baina batzuetan biak jaso ditugu (Bergaran, adibidez).

Aretxabaletan harri-harrike eta txantxikurke esaten zaio txingo jolasari. Elgoibarren txingor-gaiñian (edo txingorriñian). Izen gehiago ere baditu: txingoka edo txingoan da seguruenez hedatuena, baina: txindurrika (Ubera-Bergara), txantxitxuske (Apotzaga-Eskoriatza), txintxurruska (Antzuola), txantxirrika (Angiozar-Bergara), txintxirrika (Ondarroa, Markina-Xemein), mariketara (Aramaio), txintxurrian (Ermua), harritxabaletan (Zubieta-Donostia), losa-losaka  (Arrasate), hanka-koskoka (Arrasate)... Primeretan (gaztelaniazko a primeras, Elgoibar).

Urtxintxa Eskolakoek Gurutzeko txingoan jolastea proposatzen dute, eta baita txingoan eskaileratan egitea ere, txindurrika aritzearen antzekoa dena; hori ere aspaldiko jolasa ei da: Eskaileretan txingoka.

Bideoan agertzen diren adinekoak: Miren Vallejo (Elgoibar), Nati Muguruza (Elgoibar), Agurne Muguruza (Elgoibar) eta Bitori Aranburu (Bergara).

Utzi zure ekarpena