Emakumea bertso-plazatik desagertuta egon zen, Lore Jokoez geroztik. 80ko hamarkadan hasi ziren lehenengo emakumeak berriro oholtzara igotzen: Kristina Mardarasek eta Arantzazu Loidik euren esperientzia kontatzen dute bideo honetan.
Mailak: LH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Bertsolaritza
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
-Nortzuk dira zuen gustuko bertsolariak? Bota izenak.
-Gero eta neska gehiago dabiltza bertsolaritzan. Egin dezagun zerrenda bat ezagutzen ditugun emakume bertsolariekin.
-80ko hamarkadan sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun bertso lehiaketak: eskolartekoa, Bertso Txapelketa Nagusia... eta baita lehenengo bertso-eskolak ere. Ba al dakizue nortzuk izan ziren lehenengo emakumeak bertso lehiaketa horietan parte hartzen? Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidi izenak ezagunak egiten al zaizkizue?
-Zuen ustez, zer zailtasun izango zituzten lehenengo emakume bertsolari haiek?
Kristina Mardaras. (Iurreta, 1948). Senarrarekin batera hasi zen Durangoko ikastolako bertso-eskolan, 1979 urte inguruan. Plazan lehendabiziko aldiz 1983an kantatu zuen auzoko (Oromiñoko) jaietan. Euskal Herriko I. Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zen, 1985ean. |
Arantzazu Loidi. (Aretxabaleta, 1967). Oholtzara igo zen lehenengotako neska izan zen 80ko hamarkadan. Euskal Herriko lehenengo bertso-eskolako ikasleetako bat zen, Almen ikastolaren bueltan sortu zena 1974an. Bertso-eskolan neska gehiago ibili baziren ere, txapelketetan eta bertso-saioetan parte hartzeko garaia iritsi zenean, bera zen neska bakarra. 1985ean eskolarteko bertso txapelketa irabazi zuen. |
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Zer iruditu zaizue bideoa? Zerbaitek harritu al zaituzte? Zer nabarmenduko zenukete?
-Arantzazu umetan hasi zen bertsotan bere adinekoekin. Kristina, berriz, 30 urtetik gora zituenean, bere senarrarekin batera, bertso-eskolan; Justo Alberdi senarrak eta biek hartu zuten parte txapelketan. Datu hori lagungarria al da bien jarrerak ulertzeko?
-Bi bertsolarien esanak eta jarrerak konparatu ditzakegu, eta komentatu:
a. Kristina Mardarasek dio emakumearen presentzia bermatzeko jardun zuela bertsotan, horren beharra ikusten zuelako. "Emakumeen ordezkari" sentitzen zen. Arantzazu Loidi, ordea, ez: txapelketetan hasi arte ez zen konturatu neska izatea arraroa zenik.
b. Arantzazu oso modu diskretuan janzten zen: ez zuen nabarmendu nahi. Kristinak, berriz, emakumea zela nabarmendu nahi izaten zuen, gona jantzita.
c. Kristinak pozez kontatzen du bere maila apala izan arren txapeldunen pare txalotzen zutela. Arantzazurentzat, ordea, ondo egitea oso inportantea zen.
d. Neska izateagatik eta kopuruak berdintzeko deitzen zieten emakume bertsolariei, bertsotan onak izan ala ez. Arantzazuk gaizki zeraman hori; Kristinak, berriz, ez.
-Gaur egun nolakoak dira emakume bertsolarien janzkerak eta jarrerak?
-Zer iruditzen zaizue Arantzazuri kazetariak Eskolarteko txapelketan esan ziona: "Ez duzu irabaziko, baina neska bakarra zarelako elkarrizketatuko zaitut"? Zer beste esaldi ezkutatzen dira esaldi horren atzean ("Neskek ezin dute bertsotan ondo egin", "Ez duzu merezi, baina mesedea egingo dizut"...)?
Emakume bertsolari gehiago plazaratu zirenean, Kristina erretiratu egin zen. Arantzazuri, berriz, beti onena ematearen presioa pisutsuegi egin zitzaion eta urte batzuen buruan hark ere uztea erabaki zuen. Ahotsak.eus-en egindako elkarrizketan azaltzen ditu arrazoiak.
Bideoan Oihane Perea bertsolari gasteiztarra aipatzen da. Hona hemen hark Ahotsak-erako egindako elkarrizketan dioena: "Egia da ba ama izan eta gero plazan segitzen lehenengoa izan nintzela, nere mailan, eta ez ere eliteko bersolari baten erritmoan, baino bueno... ama izan eta gero egin genuen bertso kabareta... bi urte zituen nere haurrak eta 69 saio egin genitun urtebetean". Kristinaren antzera, emakumeen ordezkari sentitzen zen Oihane ere: "Baneukan bultzada hori: 'Ez dala inor... ba egingo dut!'. Bulkada hori bai izan dut, eta ba hor, klaro, eredu bat ere eman diet besteei, ez? 'Txe, txe, hemen karrotik jeistea ez dago permitituta! ' jeje".
Gaur egun badirudi harrobia sendo dagoela (kontuan izan behar den arren eskolartekoetan gailentzen direnek ez dutela beti bertsotan jarraitzen). Azken urteotako albisteei errepaso txiki bat emanez:
Kronologikoki egin daiteke, helduenetatik gazteenetara, 80ko hamarkadatik hona plazaratzen joan diren emakume bertsolariak bistaratzeko eta haien ibilbideak aintzat hartzeko. Laguntza txiki bat: Wikipediako zerrenda.
Aurkezpenerako kontuan izan ditzaketen puntuak:
|
Guztien lana bateratzeko, emakume bertsolari guztien argazkiak inprimatu, eta collageak egin daitezke, izenak eta bertso batzuk ere ipiniz. Collage horiek ikastetxeko hormetan zintzilikatu daitezke.
2-3 laguneko taldetxoetan egin daiteke. Bideoz grabatu, eta ondoren hainbat modutara aurkez daitezke, ikastetxean zein herrian zabaltzeko.
Jarraitu daitezkeen pausoak:
|
Esan bezala, elkarrizketa bideoan grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak). Ondoren, hainbat lanketa (zailtasun maila desberdinekoak) egin daitezke grabazio horrekin:
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
Bigarren bertsoa.Talde bakoitzak bi bertso aukeratuko ditu. Hori bai, ezingo dute beraiek sortutako bertsoa aukeratu, beste taldeek egindakoak baizik (guztiek bertso berak nahi badituzte, zozketa egin daiteke; adibidez, bertsoak tolestu eta itsu-itsuan hartzea). Gai bakoitzarekin bertso-kate bat sortuko da. Talde bakoitzeko bikote bakoitzak (bi bikote daude taldeko; talderen batean hirukoteren bat ere egon daiteke) gai bat hartuko du eta segida emango dio: bigarren bertsoa sortuko du.
Hirugarren bertsoa. Hirugarren bertsoa osatzeko, taldeetako bikoteek trukea egingo dute: bigarren bertsoa sortu duen bikoteak ezingo du istorio horri segida emango dion hirugarren bertsoa sortu. Beste taldearen gaiari emango dio segida. Hala, istorio-ipuin mordoxka sortuko dira guztira.
Doinu eta neurri bakarra aukeratuko dute guztien artean. Bertsoak sortzeko arbel digitala erabil dezakete (izena eman behar da) eta, doinua aukeratzeko, berriz, doinutegia.
Behin bertso guztiak prestatu ostean, gela osoaren aurrean aurkeztuko dute egindako lana, kantatuz, rapean arituz, antzeztuz edo ozenki irakurriz. Bikote bakoitzak erabaki dezala bere bertso-sorta (hiru bertsoetako bakarra izango da beraiek sortua) nola aurkeztu nahi duen.
Ondoren, nola sentitu diren galdetuko zaie, ea eroso aritu diren ala ez jakiteko.
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:
1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Anabel Ugalde (Arrasate, 1956): Ba Kristina Mardaras, Arantzazu Loidi... hoiek dira lelenak.
Kristina Mardaras (Iurreta, 1948): Bai, ez euen besterik. Auspoak etaratako liburu… bertsoari buruzko liburuak edo bertsolari desberdiñen liburuetan ez zan agertzen iñundik muestrarik emakumeak bertsolari izan zirenik edo ez. Orduan, pues ni. Eta egia da sentitzen nebala izugarrizko falta, referentziarik ez...
Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967): Ez euen. Ez euen. Eta, gaiñera, jende askorentzat izango zan nobedade oso bat, nahiz eta aurrez bauezen euren girotan bertsotan einddako… eitten eben emakumiak. Baiña oso… ba, giro familiar baten edo. Plaza-plazan, gaur egun entenditzen dan plaza kontzeptuen ez.
Kristina Mardaras: 79xe izengo zan. Durangoko ikastolan baeuen oso bertsozalie zan irakasle bat: Anjel Usaola. `Kapela´ deitzen guntsen. Eta zelan enteratu zan gu be bertsozaliek giñela-edo, eta holako dei bat egin zigun, eta animatu giñan. Ba beste gauza bat gehiago. Beste… Bai. Gure asmoa ez zan gero bertsotara dedikatzea edo, ba, zan bertso-taldea egin, bertsotan ikasi eta, bueno, aber zer urtetan dauen.
Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Kristina Mardaras, izen zana pixkat Bertsozale Elkartean sorreran-eta egon… bueno, Bertsolari Elkartean sorreran egon zan eta txapelketetan, txapelketa modernoetan esango dogu ya, entzun zan lehenengoko emakume ahotsa bera izen zan.
Kristina Mardaras: Bertsolari Elkarteak antolatutakoa. 85ean hasi, 85eko udazkenean hasi eta 86ko martxoan finala. Egin genduna izen zan kanporaketa batzuk antolatu aurretik, 85ean jokatu zirenak, eta hor hartu neban parte nik, saio bat, saio baten, Amurrion jokatu gendun saio baten.
Nerea Ibarzabal: Bueno, berak oso ondo kontetan dau, baiña zelan danak geldittu zin… ez? entzun ebenin ahots hori, eta bere presentzia eta indarra.
Kristina Mardaras: Eta txapelketan be bai, gogoratzen dut izugarrizko isiltasuna egin zela ni mikrofonoaren aurrean nengoen bitartean eta bertsotan hasi arte. Eta bertsoa amaitu eta gero, nik ondo dakit eta grabaziñoak hor daude, nere bertsoa ez zela izan kalidade onekoa, baiñan jendearen txaloak txapeldun bati bestekoak. Egia da, jenteak, ez dakit, behar zuen emakume bat ikusi oholtza gaiñean; nik uste dut baietz, ze erantzuna hori zan. Jenteak behar zuen emakumea ikusi eszenario gaiñean bertsotan.
Estitxu Eizagirre (Hernani, 1979): Eta ze inportantzia daukan irudiak, ez? Bakarrik Kristina Mardaras bere gona hoiekin ikustea tablau batean, ba, ze eragiten dun, ez? Entzule guztiri ya burun zazpi gauza pentsatutzeko ematen die. Ez? Eta zentzu hortan, ba, ze inportantea izan dan.
Kristina Mardaras: Orduan prakak ere erabiltzen nittuen, gonia ere bai kalian jazteko, baiña argi neukan eszenario gaiñean emakumea izan behar nintzela. Orduan, nere bertsoa igual ez zan distingiduko emakumezkoen bertso moduan, baiñan ikusten zegoenak ikusi behar zuen emakumearen zerbait. Orduan, gonak erabiltzen nittuen eszenario gaiñean. Beti, beti erabili izan dittut gonak. Eta gero, saiatzen nintzen emakumeen mezua, aportaziño bat itten, eta hori ya etxetik eramaten nuen pentsatuta, besterik ez bada agurrean.
Arantzazu Loidi: Nik ez neuen hartzen ordezkaritza hori neukan moduan, baiña bai, kanpotik, bai emakumien aldetik eta bai bestela, ba, jasotzen neuen erantzun hori.
Almen bertso eskolia, bai. Bueno, hori izen zan eskolaz kanpoko ekintzen artian guraso talde batek –hiru aittak –martxan jarri eben zapatutarako holako aktibidade bat; ba, beste gauza batzuk itten zien bezela, ezta, ba zeatik ez umiei bertsotan erakutsi edo bertsolaritzara hurbildu, ezta? Eta hola hasi giñan alkartzen, lehenengo ume talde haundi bat larunbatero eta gero ya batzuk ba apur bat zaletasun gehixen edo gaitasun gehitxuau-edo geneukanak ba apur bat ataratzen giñuen hortik. Bai. Baiña poliki-poliki bakarrik gelditzen juan nitzan. Eta, bueno, ba, ya eskolartekora eta gaztien txapelketetara-ta juaten hasi giñenian, gure taldian bakarra nitzan. Bai. Nik beti esaten dot neretzat jolas bat bezela izen zala eta lagun giruen hasittako zera bat. Orduan, danok giñan oso... ba lagun talde bat. Ni nitzan, ba... Jon Iñaki, Aitor, Jon, Felix, Iñaki, Arantzazu... osea, ez zan... eurak... giro horretan ohittu giñan eta ez dot uste... eta talde horretan be ez nindduen bereziki babesten, e. Nik hori ez dot sentidu. Zan, ba, bat gehixau nitzan.
Kristina Mardaras: Nik Arantzazu Loidi ezagutzen nuen. Inoiz Durangora ekarri dogu, institutora, ekarri genduzan Almenekoak. Eta oso bertsolari ona zan.
Arantzazu Loidi: Txarra bota baiño ez botatzia nahixau. Eta hori. Eta nik hori oiñ ikusten dot: esfortzu haundixak egin nittuela, ba, perfekzionismo horretan-edo, bai, nere burua estutu asko itten nebela, ba, ondo itte aldera edo… Bai. Nik ulertzen dot entzuliendako kontraste bat izango zala, haundixa. Ni neu ez nitzan hasieratik hortaz jabetzen. Gero, kanpotik etorten zan erantzunakin zoiaz apurka-apurka konturatzen “A, ba, hau nik uste neuena baiño arraruagua da”, ezta?
Nerea Ibarzabal: Adibidez, ahotsan gaiarekin-eta, askotan aipatu izan da Arantzazu, bere ahotsa berak beti euki dabela oso debiltzat, baiña kanpotik esaten jakon zeozertzalako, ez? "Iñoiz ez naiz ohittuko emakume bat bertsotan entzutera", bere ahotsa zalako fiñe eta gozu. Eta hor momentu baten ze harreman euki eben horrekin.
Arantzazu Loidi: Ba neri jende askok esaten ostan, ba, ahots fiñagatik, ba, nabarmena zala, edo kazetarixen aldetik be jaso nittuan holako komentarixo zera batzuk: "Badakit ez dozula irabaziko, baiña zela neska zaren, elkarrizketa bat" eta… Bai, eta irabazi in neuen. Baiña, bueno, badauz holako oroitzapen batzuk, ezta?
Kristina Mardaras: Ni seguru nau ni emakumea nintzelako deitzen nindutela. Bai, seguru nau.
Gaur egun emakume bertsolariak oso onak dira, baiña orduan ni ez, nik nire burua ez dut sekula euki bertsolari on moduan. Baiña saiatzen nintzen bertsotan egiten eta behintzat emakumearentzat ate batzuk zabaltzen ziren.
Arantzazu Loidi: Tratu berezi hori be, neska naizelako, nik hori oso gaizki bizi izan dot. Kuriosuena da... sekula ez dot hartu, ba, txarra nitzala, baiña emakume nitzalako jartzen nindduela ta hori ez. Gaiñera, eske bertsolarixengandik eurengandik jaso dot babes hori, ezta?
Kristina Mardaras: Argi neukan emakumearen presentzia sendotzen doan neurrian eszenarioan, utzi egingo nuela. Hori argi neukan. Eta ikusi nebanean zer zetorren atzetik, ze edertasun zetorren, ba, nik esan neban: “ya gehiago ez”.
Arantzazu Loidi: Ba gurekin batera, gerotxuau, hasi zien Estitxu Arozena, Iratxe Ibarra… horrek, hola, gure inguruen; eta, gerotxuau, Maialen.
Kristina Mardaras: Oihane Perea, Onintza Enbeita, Itziar… bikiak, Amaia Agirre… bueno, Uxue Alberdi… ya hor zetozen, ez? Ainhoa Agirreazaldegi. Horrek ya hasi ziranean mobitzen eta… Eta hor ikusi neban ya hor zetorren kalidadea eta gogoa. Eta ya hori ikusita… Batez be Oihane Perea izan zan lehenengokua, umeari titia emanda eszenariora igoten ikusi nuenean, ya pentsatu nuen: “bueno, hartu lasai arnasa”.