Aniztasuna eta integrazioa

Aniztasuna aberastasun moduan ikusten al dugu? Integrazioa erraza al da Euskal Herrian? Aniztasunari buruz hausnartzea da bideo honen helburua, Euskal Herrian bizi diren hainbat kulturatako herritarren testigantzen bidez.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Integrazioa, Bizikidetza

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Bizikidetzarako jarrera erakustea
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa
  • Inor arrazarengatik, jatorriarengatik edo diruarengatik ez diskriminatzeko asmoa
  • Etorkinen bazterketaz jarrera kritikoa erakustea

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa immigrazioari, aniztasunari eta integrazioari buruzkoa dela esanda.

-Gelan zenbat ikasle zaudete gurasoak beste herrialde batzuetakoak dituzuenak? Zenbat jatorri desberdin daude?

-Pertsona bat etorkina dela entzutean, nola irudikatzen duzue fisikoki pertsona hori?

-Etorkinenganako aurreiritzien zerrenda bat osatu.

-Gizarte arrazista batean bizi garela uste al duzue?

-Kanpotik etortzen den jendea integratzen saiatzen al da? Erantzunak arrazoitu.

-Etorkinak ghetto-etan bizi direla uste al duzue? Auzo edo leku zehatzetan biltzen al dira?

-Zer da zuentzat integrazioa?

-Etorkinek ikasten al dute euskara? Euskarak laguntzen al du integratzen?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer iruditu zaizue bideoa? Zerbaitek harritu al zaituzte?

-Jatorria jatorri, guztiek euskaraz hitz egiten dute. Zuen ustez horrek hurbilagokoak egiten al ditu? Errazten al du integrazioa?

-Jatorriak eta itxurak baldintzatu egiten dutela diote bideoan. Zer iritzi duzue? Nola sentitzen direla uste duzue?

-Buruan zapia daramanari edo beltzarana denari zer hizkuntzatan hitz egingo zeniekete, ezagutuko ez bazenituzte?

-"Kanpotarra" hitza itsusia dela dio Jokinek. Ados al zaudete? Zer behar da "hemengoa" izateko?

-Khalilak dio igual kanpotik datozen aberatsek gehiago kendu dezaketela pobreek baino. Zer iruditzen zaizue?

-Bideoan esaten da etorkinak ghetto-etan bizitzeko joera sistemaren arazoa dela. Hausnartu horri buruz.

-Nork bere nortasuna baztertu, eta bertako kultura-ohiturak berenagatzea ez dela integrazioa diote. Ados al zaudete?

-Zer egin dezakegu guk integrazioa bideratzeko? Itxiak al dira lagun-taldeak?

-Kultura-aniztasuna aberasgarria al da? Zergatik? Adibideak eman.

-Ezagutzen al dituzue hemen bertan ditugun beste kultura batzuk? Azaldu nongoak diren eta zer berezitasun dituzten.

 

Khalilari lana ukatu zioten zapia eramateagatik; euskara jakiteak asko lagundu dio integratzen eta oso euskaltzalea da. Khalilari eta Sidiri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, ikus beste bideo hau ere: Bertakotzen: Urretxu-Zumarraga.

Bertakotzen proiektua

 

Euskal herritarrak ere migratzaileak gara. Bi norabidetako migrazioei buruz hitz egiten da bideo honetan: Etorkinak eta integrazioa.

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Sormena lagun”. Irudimena erabili, eta besteen bizitza asmatzea da ikasleei proposatuko dieguna. Argazki bat eman, eta argazkiko pertsona nongoa den eta zer nolako bizimodua duen irudikatu beharko dute.

 

Ariketa honetan, argazki batzuk erakutsiz soilik argazkiko pertsonak nongoak diren eta haiei buruzko ezaugarriren bat asmatzea proposatzen da (adibidez, zein lanbide duen, seme-alabarik baduen, euskaraz dakien ala ez…).

Lehenengo, 12 argazkiak ikusi ditzakegu, eta denen artean bi multzotan banatu, itxura kontuan hartuta: “hemengoak” direnak eta “kanpotarrak” direnak.

Ondoren, ikasle bakoitzari argazki bat egokituko zaio (ikasle kopuruaren arabera, ikasle batek baino gehiagok izan dezakete argazki bera).

https://ahotsak.eus/media/argazkiak/photos/cache/Lidia-errusiera_menusize.JPG1

https://ahotsak.eus/media/argazkiak/photos/cache/Zishan_menusize.JPG

2

https://ahotsak.eus/media/argazkiak/photos/cache/Wednesday_menusize.JPG

3

4

5

6

7

8

 

9

10

11

12

 

Ikasle bakoitzak egokitu zaion argazkiko pertsonaren bizitza asmatu beharko du:

  • Nola du izena?
  • Nongoa da?
  • Non bizi da?
  • Zer hizkuntza hitz egiten ditu?
  • Asmatu bere biografia (lanbidea, ikasketak, familia...)

 

Argazkiko pertsonen benetako nortasuna eta bizitza jakitea izango da hurrengo pausoa. Ikasle bakoitzak egokitu zaion pertsonaren elkarrizketa ikusiko du (elkarrizketak 101-L proiektukoak dira):

 

1        2        3        4       5       6      

7        8        9        10      11      12

 

Biografiak irakurri, eta bideo-pasarte batzuk ikusi ondoren, ikasleek partekatu egingo dute (zenbaki bera dutenek elkarrekin egin dezakete): zer imajinatu duten, eta benetan pertsona horren bizitza zer nolakoa den. Pertsona hori aurkeztuko diete gelakideei, ahozko aurkezpen informal baten bidez (posible da bideo-pasarte bat erakustea ere, laburra baldin bada).

Aurkezpen guztien ondoren, iritzi-trukea eta hausnarketa egingo dute.

-Nortzuk dira "hemengoak" eta nortzuk "kanpotarrak"? Posible al da esatea?

-Aurreiritzirik izan al duzue bizitzak imajinatzeko garaian?

-Zerk harritu zaituzte haien bizitzetatik? Zer nabarmenduko zenukete?

-Askok euskaraz dakite. Espero al zenuten? Horrek aldatzen al du pertsona horri buruzko ikuspegia? Euskara, integrazio hizkuntza bideoa ikus daiteke

-101L proiektuaren helburua Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea da. Zer iruditzen zaizue?

 

  • “Bestearen azalean”. Egunerokotasunean etorkinek bizi ditzaketen egoerak irudikatzeko rol-joko bat egingo dugu. Haien azalean jarriko dira ikasleak, haiek sentitzen dutena sentitzen saiatzeko.

Horretarako, “Bideoa ikusi aurretik” ataleko galderetako aurreiritziei buruzko zerrenda hartu daiteke kontuan. Hiru edo lau ikasleko taldetxoetan, aurreiritzi bat aukeratu eta gidoi txiki bat prestatuko dute, eta gero antzeztu.

Adibide batzuk:

  • Ikusten duzu pertsona batek laguntza behar duela, kaxa pisutsu bat kotxean sartzeko. Alde guztietara begira dabil, laguntza bila. Zu hor zaude, baina ez dizu laguntzarik eskatzen. Badirudi "hemengo" baten bila dabilela... Beltzarana zara. Sandro agertu da (italiarra) eta hari eskatu dio laguntza.

 

  • Lore denda batean egin zenuen lana. Orain berriro jo duzu hara, lan eske. Lehen ez bezala, orain zapia daramazu buruan. Lana ukatu dizute: "Nik hartuko zintuzket, baina zer esango dute bezeroek?".

 

  • Denda batean egiten duzu lana. Bezero bat sartu da, eta euskaraz agurtu duzu, badakizulako euskalduna dela. Zure itxura ikusita, erdaraz erantzun dizu. Euskaraz jarraitu duzu, baina hark erdarara jotzen du behin eta berriro.

 

  • Supermerkatuan segurtasuneko zaintzaileak motxilan zer daramazun erakusteko eskatu dizu. Ziur zaude zure itxurarengatik dela, zure lagunei ez dielako ezer begiratu. Gaztea zara eta zure gurasoak marokoarrak dira.

 

  • Komentario arrazista bat entzun duzu. Zuri buruz ari dira. Pentsatu dute ez diezula ulertuko. Euskaraz erantzun diezu.

 

Antzezlan laburrak izango dira, esketxak. Grabatu egin daitezke, aurrerago ikusi eta aztertu ahal izateko. Bukatu eta gero, nola sentitu diren azaldu dezakete: eroso/deseroso sentitu diren, zer ikasi duten, aurreiritziak dituzten egunerokotasunean, inguruan komentario arrazistak entzuten diren… Iritzi-trukea egingo dute.

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Kazetari-lanetan jardungo dute ikasleek. Elkarrizketa bat egitea izango da helburua, 2-3 laguneko taldeetan. Helburua atzerritik Euskal Herrira bizitzera etorri den norbait elkarrizketatzea izango da.

 

Nor elkarrizketatu?

Familiako norbait, bizilaguna, lagun bat… Euskara ikasi baldin badu, lehenetsi egingo da (euskarak integraziorako balio izan dion galdetu).

Zer jaso?

Noiz heldu zen Euskal Herrira, nondik, zein diren bere kulturako ezaugarri nagusiak, hemengo lagunak dituen, integratzea zaila gertatu zaion, nola ikasi duen hizkuntza, aurreiritziak jasan behar izan dituen, lana lortzeko arazoak izan dituen….

Galdetegi bat prestatu beharko dute ikasleek, baina inprobisazioari tarte bat uztea ere garrantzitsua da, aldez aurretik prestatuta ez zeuden galderak sor daitezkeelako elkarrizketan zehar.

Nola jaso? Elkarrizketa bideoan grabatzea proposatzen da (ikus jarraibide orokorrak).

 

Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke grabazio horrekin. Adibidez:

 

  1. Bideo-erreportaje labur bat prestatu, grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko diegu, adibideak emanez).
  2. Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galdera-erantzunak, argazkia, argazki-oina…).

 

Egindako lana gelakideei aurkeztea eta azalpenak ematea izango da betiere azken pausua.

 

 4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko.

 

Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea aniztasuna baloratzen duen eta bizikidetzaren alde dagoen.
  • Ea arrazakeriaren kontrako jarrera argiak adierazten dituen, etorkinen jatorria edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) arrazakeriari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea etorkinak gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
  • Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
  • Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
  • Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
  • Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.
  • Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.
  • Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.
  • Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.
  • Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.
  • Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
  • Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen
  • Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
  • Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
  • Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
  • Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
  • Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
  • Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
  • Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
  • Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
  • Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
  • Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiakadibideak ematea…).
  • Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
  • Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
  • Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza