Bi norabidetako migrazioaz hitz egiten da bideo honetan. Iragan hurbilean Euskal Herrian gertatutako emigrazioaz zein immigrazioaz. Migratzearen arrazoiez, etorkinen bizi baldintzez eta integrazioaz. Batez ere 50-60ko hamarkadetan Euskal Herrira etorritako etorkinak aipatzen dira, baina baita kanpora lanera joandako euskaldunak ere, Ameriketara batez ere.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza, Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia
Gaiak: Ekonomia, Integrazioa, Bizikidetza
"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:
-Bizikidetzarako jarrera erakustea
-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa
-Inor arrazarengatik, jatorriarengatik edo diruarengatik ez diskriminatzeko asmoa
-Etorkinen bazterketaz jarrera kritikoa erakustea
Bideoa ikusi aurretik
1-Giroa berotzeko jolasa. Bosnaka jarriko dira ikasleak, eta bakoitzak papertxo bat hartuko du, taldekideei erakutsi gabe (bost papertxo prestatuko ditugu talde bakoitzarentzat). Taldekideek hitza asmatu beharko dute, azalpenak entzunda eta keinuak ikusita. Azalpenak ematean, ezingo dituzte ‘hitz debekatuak’ esan. Adib. mundua (esan ezin direnak, debekatuak: mapa, herrialdeak, planeta). Gaiarekin lotutako bost hitzak hauek izan daitezke:
Mundua Herrialdeak Planeta |
Maleta
Karratua Bete |
Etorkina
Herrialde |
Migrazioak Etorri Mugitu |
Lana Bulego Ikasi |
2-‘Etorkinak’ esanda zer datorkien burura: Nongoak dira? Zertara etorri dira? Zer da integrazioa? Erraza da? Zein arazo sor daitezke?
Bideoa ikusi bitartean
1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
2-Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu.
Bideoa ikusi ondoren
1-Ulermena ziurtatu eta hausnarketa bideratu, era honetako galdera zabalak eginez (interesgarriena bideoa osotasunean ulertzea baita, xehetasunetan sartu gabe). Galderak talde handian egingo dira, ahoz:
-Zerekin gelditzen zarete bideo hau ikustean?
-Zerk piztu dizue arreta gehien? Zer da deigarriena zuentzat?
-Zuen ustez zer desberdintasun eta berdintasun daude Euskal Herritik kanpora joaten den baten eta Euskal Herrira datorren baten artean?
-Zuen burua kanpora bidean ikusiko bazenute, zerk kezkatuko zintuzkete gehien? Ikasiko al zenukete beste hizkuntzaren bat?
2-Gaur egungo egoeraren inguruan hitz egingo da ikasgelan, hausnarketa eginaraziz ikasleei lehenaz eta orainaz.
-Bada, ezagutzen al duzue horrelako kasurik? Familiakoren bat joan al zen erbestera lan bila edo dena delakora? Eta gaur egun zuen herrietara etorri al da kanpotik jendea? Zertara uste duzue joaten zirela eta zertara datozela? Eta zergatik? Bi garaiak alderatuz, ikasleak besteen azalean jartzen saiatu.
-Euskaldunen kasuan kanpora joateko izan zituzten arrazoiak, ezagutzen dituzuenak, zerrendatu. (Erbestearen gaia atera dadila. Ikasleek zerrenda egin ostean, aipatu erbestea zer den, zer dela eta ematen zen...)
-Gaur egun Euskal Herrira kanpoko jende asko etortzen bada ere, euskal herritar asko dira kanpora joaten direnak, batez ere ikasketak amaitu eta lana topatzeko asmoz. Ezagutzen duzue horrelako gazteren bat? Nola bizi dute egoera hori? Zer desberdintasun bilatzen dituzue garai batean kanpora joaten ziren euskal herritarren eta orain joaten direnen artean?
-Aurreiritzirik badago etorkinei buruz? Etorkin guztiak berdinak al dira ala jatorriaren arabera desberdin ikusten ditugu?
3-Azken ekoizpena. Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Adibide batzuk (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):
4- Ekoizpena partekatu. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien azken ekoizpenaren emaitza ezagutarazteko. Aurkezpenak grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikaziorako gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan hartu ditzakeen irizpideetako batzuk:
- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.
- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko adinekoekin.
- Ea bizikidetzarako jarrera egokia erakusten duen.
-Ea gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa erakusten duen. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea nabarmenduz.
-Ea etorkinen bazterketaz jarrera kritikoa erakusten duen.
- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
-Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den
Iragan hurbileko migrazioak
Gumer Irastortza (Irun, 1931): Hemen etorri zien barriyoa bizitzea in zuen tipula deitzen zioten, barriyo bat in zuten dena kanpoko jendea etorri zen. Maleta bat hartuta etortzen zien ta etxea bukatu baiño lehenotiken hiru gelako, hiru gela ta sukaldea ta kumun bat in zittuzten etxiak. Eta etortzen zien hiru famili con derecho a cocina , hiru famili, famili bakotxa kuarto batian, maleta batekin etortzen zien herritik eta hor sartzen zien, ta hor.
Maritxu Ibarguren (Errenteria, 1934): Denboraldi batian izandu zian zea galleguak, etorri zian hemen hondartxo hoi dana bete zan gallegoz.
Josu Tellabide (Donostia, 1943): Batez ere, denetatik ezagutu ditut. Batez ere, Salamancatik, Castilla herritik, aldi hontan, Andaluzitik ere bai etortzen ziren honera, hamarkada hortan 55-65 hamarkadan. Bizitzen zian hemen Barrio Txino deitzen zan, asko bizitzen zian eta etortzen zian ezer gabe maleta batekin eta panazko galtza batzukin, tipulak jaten ta gosiak.
Luixita Zabala (Errenteria, 1932): Orduan ni goatzen naiz, bazeozten gurekin lana iten zuten hiru lehengusu eta gela bat alkilatu zuten beaietakuana e, osea, kanpotikan etorritakuak ba, gela bat, sin derecho a cocina eta 5 duro hillian, eta hiru lehengusuak ohe batian lo iten zuten hiruran arte 5 duro hoiek ordaintzeko.
Miren Mendarte (Errenteria, 1928): Hemen gutxi zen, baiño haiek gutxiyo zuten. Horregatikan etorri zian. Oain nola etortzen die rumanuak honea? Zer dakatelako han? Deus ez. Hemen berdin, etorri zian premiyangatik.
Julen Iriondo ( Elgoibar, 1920-2014): Jente mordo bat etorri zan, jente ona e. Hor galiziatik eta, kastellanuak eta, baiña jente ona e! Nik orduan negoziua ipinitta neukan eta orduan zan problemia lagundu, zelan lagundu hareri, zelan lagundu hareri. Hillan azkenian kobratzen zan orduan sueldua, gero hasi zian kinzeniakin, kinzenia esaten giñon eta 15 egun pasatzen zianian, etxera jun baiño lehenao dirua dendara. Jente zintzua e!
Nati Garmendia (Urnieta, 1929): Jendea jatorragoa etorri zan. Pobriak baiño bai jende jatorra, hillan azkenian fin etorriko zien haiek. Nik klientiak oso onak, castellanuak oso onak netzat.
Julen Iriondo (Elgoibar, 1920-2014): Nahiz ta gero bañeran lo in, baiña igual da, pagau.
Gumer Irastortza (Irun, 1931): Haik erakutsi ziguten guri tomatea jaten, zergatik haiek joaten ziren tomatea erosi, lau erditikan guretze bat in, ireki, gatz pixkat galdetzen ziguten eta gatz pixkat bota eta jaten zuten tomatea guk sagarra bezala. Eta orduan, hori kostunbre horrek in zigun guri seittun ikasarazi.
Miren Mendarte (Errenteria, 1928): Edo erakusten ziguten enpanada gallegak egiten. Enpanadak geo labean sartu eta erretzen zituzten baiña harrentzako zer jartzen zuten barrenen: bakallua edo txanpiñak edo...eta haiengandikan ikasten genun guk eta bueno guk ere probatu egiten genun, guk ere egingo dugu igande baterako edo, jarriko dugu enpanada eder bat eta enpanada probatu nahi genun, osea, ikasi ere egiten genun beraiekin.
Gumer Irastortza (Irun, 1931): Gehio kosta zigun tipula jaten ikasten letxugakin, letxuga aise jaten genun biño tipula kostaa zigun biño gero ikasi genun ta ikasi genunean oso gustora jaten genittun denak.
Iñaki Alkiza (Donostia, 1933): Bueno etorri zian, lehenbizi etorri zian barkotan Trintxerpea, Trintxerpetik honea etorri zian. Ba, 10 o 15 urtetan etorri zian galleguak, geo azaldu zian extremeñuak. Geo nekin lanian jendia hangua, jende ona gainea, baino asko etorri zian. Bueno etorri eta hemen gelditu zian gehiyenak, oaindik´e Errenteri eta Altzan jende asko dao hangua. Nik uste det, in diala hemengo jendia in dia haiek, zeatik jendia hemen ezkondua eta oain hamenguak dia.
Julen Iriondo (Elgoibar, 1920-2014): Oin horrek danok daude, horrek inkorporau dia hona, horrek hemenguak in dia horren seme-alabak euskaldunak dia, guk baiño hobeto itten debe euskeraz.
Miren Mendarte (Errenteria, 1928): Ez dakizu zenbat jende ezautu duten nik oso euskaldun petoak egiñak. Euskaldun peto-petoak, euskera ikasten. Beren semeak eta alabak eta denak ikastoletan sartu geo ta hemengo bezela jarri asko.
Ramoni Legorburu (Pasaia, 1933): Hemen salamankinoak San Juanen izandu dia. Salamankinuak?
Maria Jesus Legorburu (Pasaia, 1923): Bai
Ramoni Legorburu (Pasaia, 1933): Eta denek ikasi zuten euskara e. Gurasoak ez zekiten baiño umiak, eta ze lagunak? Lagunak!
Basilio Urbistondo (Azpeitia, 1917): 1900 aldin eo oso krisis goorra izan ber zun ta, hemendik Amerikara´re jende asko garai hartan alde indakua.
Esteban Arrieta (Eskoriatza, 1924): Hamendik orduan jentia kanpora juten zan lanera ta, hamen lanik ez zauen, ta orduen ba, oin andaluzak ta zamoranuek eta hona etorri dien moduen , orduen, ba, hamenguek be beste leku batera juten zien.
Juan Martin Bermeosolo (Ea, 1925): Nire anaixi be, bat Amerikara jun zan ta bestia Australiara [...] harek be, ta haren modun beste asko be. Ni geratu nintzen hamen, baia nire modun e gitxi geratu zin hamen, gitxi-gitxi, hamen ez zauen eze, hamen ez zauen gosie ta miserixie baiño.
Juan Arrieta (Markina-Xemein, 1924): beste 8 edo 9 anaixa zien ta danak jun zien Ameriketa, Argentina, Bartzelona, danak bat ez. Bertoko etxeko nausixe zana geatu zan baserrixen, beste danak kanpora jun zien.
Pakita Anabitarte (Donostia, 1920): Denbora haitan nola izaten zien nonbait Ameriketa ta juteko immigraziyua izan zan bolara hartan ba jun zien. Nonbait izango zuten bateaten moduz, ba han izango zutela lana iteko moduan.
Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Aittonen anaiak, bi anai o hiru jun omen zien Ameriketa. Ordun oain nola datoz kanpotik jendia, haik Ameriketa lanea. Ta bat etorri omen zan diruakin ta harek erosi omen zun gure baserriya.
Jabier Larralde (Baztan, 1927): Ta bueno, orduan gazte aunitz joaten zen Kaliforniara, Kalifornian ibili gara. Hantxe ginen ta han pasatu genituen 5 urte.
Jose Migel Mendiburu (Donostia, 1934): Eta jende asko juten zan hara baiño, jartzen zizuten lan aluk. Hango beak in nahi ez zuen lanak zutzako.
Jabier Larralde (Baztan, 1927): Lanik txarren txarrenak karo, hemengo jendea ganazten da ta hemen orai etortzen direnak bezala, pues lan on bat ez duzu asmatuko, ez duzu ofizina batean asmatuko lana.
Joakina Cestau (Goizueta, 1931-2015):
Europatikan Amerikara
askok egin du bixita
etxe onean jaioagatik
han denak ezin bizi ta
lana eginaz aberastuak
dabiltza ondo jantzita
gaur ez lituzke izagutuko
beren amak ikusita
Handik honara ezin daiteke
diru askorik bialdu
ba bera nola gertatuko dan
segurantzarik bai al du?
Ameriketan aberasteko
Ez dira aski bi ordu
han ere zerbait izango bada
berak saiatu bihar du
- Euskara integraziorako tresna eraginkorra da Euskal Herrian, 'euskara duena' delako euskalduna eta ez Euskal Herrian jaio dena. Etorkin batzuek ikasten dute eta beste batzuek ez. Arrazoi nagusia: herri batzuetan behar handiagoa nabaritzen dutela. Hona hemen bi testigantza, desberdinak, bata Azkoitikoa eta bestea Errenteriakoa, gai honen inguruan hausnartzeko:
Azkoitian kanpotik datozenek euskara ikasten dute eta Errenterian, berriz, bertakoak egokitu behar izan ziren.
- Integrazioarekin eta bizikidetzarekin lotutako beste bideo batzuk, osagarriak izan daitezkeenak:
Aniztasuna Gipuzkoan