Elkar errespetatzea

Adinekoekin sasoi batean zer nolako harremana zuten kontatuko dute bideo honetan. Errespetua zieten nagusiei eta batak besteari laguntzea ohikoa zen. Hori bai, umeen heziketa ere ez zen gaur egungoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Bizikidetza

4,58 puntu 5 izarreko maximotik
3.456 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Bizikidetzarako jarrera erakustea

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Adinekoen esperientzia eta eskarmentua aintzat hartzeko joera

-Norberaren autonomia garatzeko eta zapaldua ez izateko irmotasuna

-Adinekoen bazterketaz jarrera kritikoa erakustea

 

  • Bideoa ikusi aurretik

1-Girotze-jolasa: Intxaur-jolasa. Hasteko ikasleak biribilean eserita talde handian jarriko dira. Bertan, bakoitzari intxaur ale bat banatuko zaio. Hasteko, intxaurra ukitu beharko dute, eta ondo begiratu; horretarako tartea utzi behar da. Horren helburua bakoitzak egokitutako intxaurra bere bihurtzea da. Behin hori eginda, nork bere izena idatzi beharko du bere intxaurrean. Jarraian, intxaur guztiak poltsa batean bilduko dira, eta ikasleek begiak estali beharko dituzte. Ondoren, ikasle bakoitzari intxaur bana banatuko zaio (berea ez dena), eta bata besteari intxaurrak pasatzen ibiliko dira, eskuz esku, ukimenaren bidez norberaren intxaurra zein den asmatu arte. Behin guztiek euren intxaurra identifikatu ostean, hausnarketarako tartea zabalduko da, era honetako galderak eginez:

-Zertaz konturatu zarete?

-Zer antzekotasun daukagu intxaurrarekin?

Intxaurrak bezalaxe pertsona guztiak ere desberdinak garela ohartzea da jolasaren helburua. Bakoitzak ditugun ezaugarriak errespetatu behar ditugu, eta norbera den bezalakoxea izateagatik bakarra dela ulertu.

2-Aurre-ezagutzak aktibatu talde handian galderak eginez, bideoa ikusi aurretik:

-Izenburua irakurrita zer datorkizue burura? Bideoan, zeri buruz hitz egingo dutela uste duzue?

-Zer da elkar errespetatzea? 
Zer dela eta batzuetan ez dugu elkar errespetatzen? Zerk eramaten gaitu horretara?

-Uste duzue garai batean orain baino errespetu gehiago izaten zela guraso, lagun eta gainerako guztiekin?

 

  • Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.

2-Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu.

3-Bideoa ikusi bitartean, gisa honetako galderak ere egin daitezke ulertzen ari direla frogatzeko:

-Zer esan nahi du Urnietako Mariak ‘oain ezton anbientie’  aipatzen duenean?

- Irungo Joxepak zergatik uste duzue esaten duela ‘lehengo zaharrak oso inteligenteak’ zirela?
 

  • Bideoa ikusi ondoren

1-Galderak eta hausnarketa txiki bat egin bideoari buruz, talde handian.

-Bideoan behin eta berriz aipatzen da gaur egungo umeek ez dutela edukaziorik edo errespeturik. Ados al zaudete horrekin? Zergatik?

-Nola bizi ziren zuen gurasoak? Zer egiten zuten euren egunerokotasunean? Eta aitona-amonek?

-Telebistak eragin positiboa ala negatiboa du haurren heziketan? Zergatik? Arrazoirik badauka Zumaiako Adorak?

-Garai batean orain baino errespetu gehiago zuten haurrek? Orokorra dela uste duzue? Zergatik?

 

2-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Eman iritzia”. Egin iritzi-artikulu bat gai hori abiapuntu hartuta. Iritzi-artikulua nola egiten den ez badakite ikasleek, aurrez azaldu egin beharko da gelan eta adibideak eman.
 
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Aitona-amonei elkarrizketa egin. Aitona-amonak ez dituztenen kasuan, posible da gertuko adineko pertsonaren bati egitea. Lehengo bizimoduari eta errespetuari buruz galdetuko zaie. Elkarrizketa egiten den hizkuntzan egiten dela ere, bideoan jasoko da (bideokamerarekin edo eskuko telefonoarekin). Fitxa eta laburpena, berriz, euskaraz izango dira. Publisher programa erabiliz aurkez dezakete ikasleek. Horretarako, irakaslearen lana izango da aurrez publisher programa nola erabiltzen den azaltzea.

 

  • Ika-mika”. Eztabaida egingo da gelan, ikasleak taldeetan banatuta. Lauko taldeak baldin badira, bi iritzi batekoak izango dira eta beste biak beste batekoak. (Adibidez, batzuek gaur egun umeek errespeturik ez dutela defendatuko dute, eta besteek, ordea, hori asko esatea dela esango dute, errespetu falta ez dela gaztetxoen kontua bakarrik). Ikasleei eztabaiden ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak edo testu antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da (ikus sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak).

 

  • Jolasten”. Binaka jarrita eta denak biribilean eserita, ikasleek beren kideari bost minutuz azaldu beharko diote zer gustatzen zaien, zer gorroto duten eta zer den errespetu falta bat berarentzat.... behin batak besteari entzun ostean, ikasle bakoitzak gelaren aurrean azaldu beharko du bere kideak berari esandakoa. Berari esandakoaz gain, kideak azaldutakoari zerbait gehitu nahi izanez gero, aipatu daiteke, betiere, errespetuzko ekarpenak eginez.

 

  • Bestearen azalean”. Lau-bost ikasleko taldetan errespetuarekin lotutako egoera bat pentsatu beharko dute, jokaera txar bat  eta ondoren antzeztu. Behin antzeztu ondoren, gainerako taldeek proposatuko dute egoera hori nola aldatu (pertsonaien jarrerak, egoera bera...) Talde guztiekin berdin egingo da eta beste saio bat hartuko da jokaera berri horiek antzezteko. Antzezteko unean, edukiaren egokitasunaz gainera, hauek ere kontuan izan daitezke: espazioaren erabilera, begirada ikusleei zuzentzea, pertsonaien gorputz adierazpena, ahotsaren entonazioa...

 

3-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitza ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (ikasleei azalpenak emateko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko adinekoekin.

- Ea bizikidetzarako jarrera erakusten duen

-Ea gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa erakusten duen. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatez.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

 

 

 

Jose Sesma (Lekeitio, 1926): Ordun alkar maitte ta alkarri launtzen eoten giñan gu.

Maritxu Ezenarro ( Getaria, 1929): Danak alkar hartzen zuen, alkarri launtzen ibiltzen zian.

Maritxu Goitia (Errenteria, 1923): Oingo gauza ez zen leheno, leheno alkarrekin konfiantza gehiyo, maitasuna gehiyo. 

Gloria Agirrebeña ( Bergara, 1912-2012): Familixak alkarri lagundu, bat premiñan baldin badao, bat gaixua, bestia hil dala eta hari laguntzera juan eta alkarri lagunduta auzokuak, auzokuak illaran eoten giñan gu danok.

Maria Ubillos (Urnieta,1925): Netzako beste anbientea zan ordun. Oain ezton anbientie.

Ebaristo Genbelzu (Hernani, 1925): Danak sillan bueltan jarri, suba bekua, ta hantxe kontu kontari.

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Hitz eittea ta geo geren artean kantari ta bertsoak kantatzen ta bueno beste zea bat zan.

Mari Carmen Pagalday (Eskoriatza, 1930): Kamiñuen zelan ez zauen peligruik ta eurak kontuek kontetan ta gu harek entzuten, badakitzu zelako tertulixa politte izaten zan ha!

Jose Sesma (Lekeitio, 1926): Ganera, gizon zaharrak esaten [eutsun]: “Txo-txo, ekarri hori… pospoluk”edo holan ta dza! errekau eitten [gentsaun] ensegida, gizonak gurasun modura hartzen gendun guk, gurasun modura.

Eulali Madinabeitia (Aretxabaleta, 1924-2008): Oingo moduen “A bai, ni enoie!” Jamas! Sekula ez naz akordetan, “A bai ni ez noie!” Keba, aittek eta amak esaten euena ba haxe ixil-ixilik ein eta kitto.

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Oain bezela umiak, nahi duten guztiya iñez ta zean? bueno…! zeoze oker iten bazuen, ipurdiko bat eta fuerta ta, hurrengoan ezta iten hua. Oaingo umiak berriz, “ai nola heziko diteu umiak?”.

Iñaxi Gereñu (1928-2015): Bueno ba, disziplinea, respetoa bai baiño disziplina goorra hola goorra, ez zien izan gure gurasok. Nei ez zat iruitzen behintzet, ez dauket rekuerdo hori. Oain respetoa bai.

Eulali Madinabeitia (Aretxabaleta, 1924-2008): Sekule… oingo moduen, esate baterako, bueno, gurasuei ta errespeto bat [izaten jaten], errespetu, errespetue, ez bilddurre. Gurasuei asko gure izeten jaten ta errespetue bebai. Baiña orduen, beste…

Eustaki Labandibar (Errenteria, 1920-2012): Beste errespetua zen. Nei horrengatikan gehio gustatzen zait gure denborakua.

Maria Dolores Maiza (Tolosa, 1937): Oain en cambio, bakoitzek berea in ezkio...

Eustaki Labandibar (Errenteria, 1920-2012): Oain eztau errespetuik

Carolina Bikondoa (Donostia, 1938): Oain ba al do ba? Oain ez do errespetoik. Errespetatu bihar da denak, nik esateten bezela, launak, anaiak, aitak, semiak denak errespetuik ez baldin bado ezto ezerre.

Pedro Maria Santa Cruz (Hernani, 1925): Gure gaztiak esaten due: “zuek oaingo zaharrak ez dakizue ezerre”.

Joxepa Larrasa (Irun, 1931): Lehengo zaharrak e, esaten dute askok: “bai lehengo zaharrak deus´e ez zakiyek”. Lehengo zaharrak oso inteligentiak zien e!

Pedro Maria Santa Cruz (Hernani, 1925): Esaten due, bai, bai: “ zuek lehengo zaharrak zeate, zuek ez dakizue”. Oain ordenadorekin ta hoikin. Gure umiai hasi  nahi hola kontu zaharrak esaten ta ez diete atentzioik jartzen, ez due kasoik itten. Baiño gure aittona ta hola hasten zianian, bateko bertsolari zaharrenak eta holako zea,  holako menditan ta holako zea, hola eoten giñen . Oaindik badauzkat nik holako zeak goguan, baiño, oainguak?

Gloria Agirrebeña (Bergara, 1912-2012): Ez dauke edukaziñoik, errespetatzeko haundixaua eta beste modu baten zaintzeko ostienguei. Hori ikasi bihar dau umetatik, umetatik, etxian erakutsi bihar jaue  eta etxian ez bada, eskolan ikasi deixela, eskolan ikasi deixela, dana. Hori komeni da umietatik sartu deilla, edukaziño puxkat, errespetau bata bestiai eta hori. Nik uste dot hori ez dala eskatzia asko.

Adora Osa (Zumaia): Edukazioa ematen due telebistak irekita alkarrekin hitz egiten ai dian hartu ematen ai dianian ta ze ejenplo ematen due?  Faborez e!

Joxe Antonio Etxeberria (Irun, 1938-2014): Dana nahasi da, dana… ez dakigu nola ze in bar dan ia. Ez dakigu nola hazi behar diteun umiak. Zergatik batek gauza bat esaten du, bestek bestia esaten du.

Maitxo Egileor (Errenteria, 1942): Bai hor telebistan eoten naiz ni beira oain, Nani o nola aitzen da? Nik esaten det, baiño posible da umiak hola ikustea? Gelditzen naiz harrittuta e. Gu txikiyak giñanian eta ezta ere nereak nittunean ez det holako problemaik izan izandu. Ez ez ez. Ni harrittu itten naiz. Askotan  pentsatzen det “posible da hori? Edo ze?” Ez dakit.

Pilar Beriain ( Errenteria, 1934): Nik uste det umiak gaizki hezitzen ai diala oain asko. Nahi duten guziya ematen diyote, ez errespetuik eta ez ezerre.

Maitxo Egileor (Errenteria, 1942): Beraien errua dala iruitzen zait nei, ez umiana, beraiena. Hasieratik hasi behar dute hor lanian. Ez dakit, guk ez deu holako zeaik izan izandu.

Pilar Beriain ( Errenteria, 1934): Goor iñ umiairi, guraso guraso da baiño oain? Ez diote errespetuik. Izutu itten dia noski guraso asko ume kozkorrakin, izutu. Ta hoik 18 bat urte dittuzten denboan, giro izango da!

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Nik ez dakit oaingo umiakin hoik haunditzian nik ez dakit ze izango dian!

Kontxita Zaldua (Urnieta, 1924): Baloriak hoik aldatu ez, galdu in dia, galdu eta horreatik gabiltza gabiltzan bezela.

Maritxu Ezenarro ( Getaria, 1929): Lehenoko bizimodua gure etxian hoi izandu zen ta errespetu haundiya alkarrentzako nahiz anai-arrebentzako, errespetua. Ta gurasuakin ze esanik ez, denak.

Josefa Agustina Barriola (Gaztelu, 1924): Danak alkarrekin hitz ein, danak ondo.  Denak alkarrekin hitz egin.

Gloria Agirrebeña (Bergara, 1912-2012): Alkarrekin bat parian pasau da ta, “hola, atsalde on!” eta, “bai, ondo?” “bai, ondo. Agur!” eta ya esta. Baiña kaso indda alkarrei. Ez zea txakurren moduen onduen pasau. Kasoik in barik eta, ez ez. Personak hori baiño jakindurixa gehitxuau bihar da alkar errespetatzeko. Ezta? 

-Lehen errespetu handiagoa zegoen, eta guraso zein adinekoei gaur egun baino begirune handiagoa zitzaien orokorrean. Baina orduan ere dena ez zen positiboa: zenbaitetan, beldurra eta errespetua nahastu egiten ziren. Batzuek umeekin zuten jarrera ez zen egokiena, diziplina gogorra izaten baitzuten, bai etxean elizan, eskolan... toki guztietan finean. Nahiko normala zen jotzea, eta, orduan, beldurrak eragindako errespetua izaten zuten. Iraganeko gauza onak berreskuratu eta txarrak ez errepikatzea izango litzateke onena. Hona hemen umeen heziketari buruz eta jotzeari buruz hitz egiten duten bi testigantza, hausnarketarako bidea eman dezaketenak:

Umeak nola hezi? Lehengo eta oraingo metodoa

Gazteek errespetu falta ikaragarria

-Bizikidetzarekin lotutako beste bideo batzuk, proposamen pedagogikoa dutenak:

Auzolanaren kultura

Gutxirekin pozik

Etorkinak eta integrazioa

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza