Norberak bere bizitza edo bizitzaren zati bat kontatzea da autobiografia. Bideo honetan adibide batzuk batu ditugu, autobiografiaren eta biografiaren ezaugarriei buruz hausnartzeko.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Ahozko testu-generoak
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:
- Gure arbasoen bizimodua ezagutzeko interesa
- Bizikidetzarako jarrera
- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
- Euren bizipenak kontatzeko interesa
- Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
Bideoa ikusi aurretik:
- Zer da autobiografia? Eta zer ez? Norberari gertatutako edozer da autobiografia? Gure oroitzapenak dira? Beste batzuen kontuak (gurasoak, senideak, lagunak, ezagunak…) tartekatzen ditugunean ere bai, gure ikuspegia ematen dugun heinean? Guztien artean hausnartu eta iritziak partekatu.
-Zein dira autobiografiaren ezaugarri nagusiak? Zer aditz mota erabiltzen da gehien (1. pertsona)? Kronologikoa izan ohi da?
-Eta zer da biografia? Zein dira autobiografiaren eta biografiaren arteko diferentziak?
-Zer testu-genero dira autobiografia eta biografia?
Autobiografiaren definizio posible bat: norberak bere bizitza edo bizitzaren zati bat kontatzea da autobiografia: jaiotza, ibilbidea, lorpenak, zaletasunak eta pertsona horrentzat garrantzitsuak izan diren bestelako kontuak.
Biografiaren definizio posible bat: pertsona batek beste norbaiten bizitza kontatzen duenean, jaiotzatik hasita; bere ibilbideko gertaera nagusiak (lorpenak zein porrotak).
Autobiografia eta biografia narrazio-testuak dira. Narrazioak bi eratakoak izan daitezke: benetan gertatuak ala fikziozkoak. Autobiografia eta biografia benetan gertatuak izan ohi dira.
Bideoa ikusi bitartean:
1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2.Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.
3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu, gero azalpenak emateko. Adibidez, gerrako kontuak. Karlistek altxamendu militarrarekin bat egin zuten, nahiz eta euskaldunak izan, baina abertzaleek, ordea, ez; horregatik, altxatuek gerra irabazi zutenean, abertzaleen eta euskararen kontrako neurriak hartu zituzten. Ikurrina debekatuta egon zen 1977. urtera arte. Legez debekatuta zegoen 14 urte bete aurretik lanean hastea, baina ohikoa zen lehenago ere lan egitea (trikimailuak erabiltzen zituzten horretarako).
4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.
Bideoa ikusi ondoren:
-Mota askotako testigantzak ikusi ditugu. Zuen ustez, denak dira autobiografiak? Lehenengoa, adibidez, belaunaldi baten erretratua dela esan daiteke. Zuen ustez, autobiografia da? Zergatik? Eztabaidatu. Eta azkenengoa? Elizagoien ahizpek umetako kontuak aletzen dituzte.
-Zein da zuek egindako autobiografietara gehien gerturatzen den testigantza?
-Onintza Enbeita bertsolariak bere buruaren aurkezpena laburra egiten du: bere bizitzako pauso garrantzitsuenen laburpen modukoa. Besteek, ordea, badirudi ez dutela autobiografia egiten aritzearen kontzientziarik. Autobiografia oharkabean ere egin daiteke?
-Guk bizitako gertaerak eta ekintzak konta ditzakegu autobiografia batean, baina baita gure sentimenduak azaldu ere… “Etxean jarritako marka”-ri buruz hitz egiten du Arantxa Urretabizkaia idazleak, horrek bere bizitza nola baldintzatu duen. Zuek badaukazue rolik zuen familian? Arduratsua, esanekoa, bihurria, traketsa…?
Kontuan izan behar da ahozko jarduna genero-nahasketa dela. Azalpenak, deskribapenak, elkarrizketak… tartekatzen ditugu, baita autobiografietan ere.
1-Belaunaldi baten erretratua. Jokin Muxika
2-Lehenengo lana. Maritxu Olabiaga
3-Autobiografia psikologikoa? Arantxa Urretabizkaia
4-Aurkezpen pertsonala. Onintza Enbeita
5-Autobiografia ala biografia partekatua? Elizagoien ahizpak
Norberari buruz hitz egiten du. Noiz? Zein aditz-forma darabil (1. pertsona sing., 1. pl.)?
|
|
Beste batzuei buruz hitz egiten duenean, zein aditz-forma darabil (3. pertsona)?
|
|
Kontatzen dituen gertaerak edo ekintzak
|
|
Kontatzen duena kronologikoa da? (Zein dira horretaz ohartarazten gaituzten hitzak, lokailuak eta formulak?)
|
|
Agertzen diren sentipenak eta iritziak |
|
-Hiztunaren datu batzuk azaldu (biografia laburra)
-Bideoa erakutsi
-Azalpenak: zergatik aukeratu duten eta bideoan autobiografiaren zein ezaugarri agertzen diren
-Azalpena: prozesuaren nondik norakoak (nor elkarrizketatu duten, zergatik, non, esperientzia nolakoa izan den, zer izan den zailena, zer politena…)
-Bideoa erakutsi
Bideoak sare sozialetan zabal daitezke, egindako lanak ikastetxean eta herrian ezagutzera emateko. Adibiderako ikus Jakintza ikastetxeko ikasleek egiten dituzten elkarrizketak: Kirmen Uribe idazleari egindako elkarrizketa.
Aurkezpenak grabatzea ondo legoke, gero aztertu ahal izateko. Bozketa ere egin daiteke, ondoen kontatutako anekdotak aukeratzeko, eta horiek ikusi eta guztion artean alde onak zerrendatu (erabili dituen ahozko baliabideak, komunikazio estrategiak…).
-Helburua: Autobiografia bat asmatzea, marrazkitxoetan oinarrituta.
-Nola jolastu? Taldekide bakoitzak txarteltxo bat hartuko du, eta egokitu zaion marrazkiarekin lotutako zerbait asmatu beharko du. Adibidez: zuhaitz bat agertzen bada, “zuhaitz baten azpian jaio nintzen, nire amari ez ziolako ospitalera iristeko denborarik eman”. Guztien artean autobiografia bat asmatuko dute. Kontuan izan: bizitzako etapen kronologia errespetatzea komenigarria da.
5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, bideoz jasotako adierazpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio irizpideak:
- Ea proposatutako ahozko testu-generoaren ezaugarriak identifikatzea lortu duen.
- Ea proposatutako ahozko testu-generoa birsortzea lortu duen, adibideak eta jasotako informazioa aintzat hartuta.
- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.
- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.
- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.
- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.
- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.
- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.
- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (galdera erretorikoak, adibideak ematea…).
- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.
Belaunaldi baten erretratua
Jokin Muxika (Donostia, 1932):
-Gu hasi giñan Campanario kalen, Koruko Amaren ikastetxea zan. Muñoatarrak ziran aberats batzuk, Bidanikok, eta oso euskaltzalek, eta haiek jarritako eskola ta bueno, ikastola. Eta han hasi giñan. Eta gerra etorri zan eta itxi in zuten. Eta maisu bat bazan erdi karlista edo eta haren babesen eman zieten baimena irikitzeko “Colegio de Nuestra Señora del Pilar”. Eta han jarraitu gendun. Bueno, orduko agindua ba: “Cara al sol” eta danak abestu in behar zian. “El himno Nacional” ta… Eta holaxe. Eta… jajaja ikurriñak-eta iten giñuzten koadernotan. Don Eugenio, Don Eugenioi asko zor diogu guk. Eta gero etortzen zan este inspektorea eta orduan abixatu iten zigun Don Eugeniok eta garai hartan kola eta ez zeren, eta “engrudo” esaten zan, hirinakin ta iten zan kola bezela, eta iten genun ikurriña zeon orriya, bi orri pegatu, eta etortzen zan inspektorea eta “Qué página más gruesa!”. Eta gero, joaten zenean, berriz iriki.
Lehenengo lana
Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915):
-11 urterekin hasi nitzan lanian. Anzizu. Anzizunekoak zeukaten denda puntozkoa, Calle Mayor eta Puyolueko izkin hortan. Eta gero jarri zuten Grosian eta dana, eta ni beraiekin jun nitzan lanian, eta ya destajora eta dana iten nun lana. Oso gazte. Eta nola gaztia nitzan, ba ez… aber, jakiten dute leheno re bai ta oain ere bai inspektora dijoanian, zergatikan… Ba egoten nitzan komunean sartuta han, eserita komunian, eta mandatu bat zegonean handikan bialtzen ziaten mandatura. Ta ez… gaztia nitzalako. Ez beraiek hartzeko. Ta eguardiyan etxeko andria zan oso langilia eta han jartzen zunakin pixkat jaten zun, gutxi gaiñea jaten zun, ta lanian egoten zan, ta orduan neri lana gustatu zait beti, ze gauza, e? Ikastola ez, baino lana bai. Eta orduan geratzen nitzan amakin han eta ni hasi nitzan puntozkua nola ikusten nun nola ibiltzen zian han eta ikasi nun. Eta ya nik 12 urterako ya nik ba iten nun zeak. Nola deitzen dute? Patzen según ze lan iten nun patzen ziaten. (A destajo?) A destajo. Zenefa hemengua, lepuak eta eskumuturrak eta hoiek danak. Bi eskumutur iteatik bost xentimo pagatzen zuten. Metrua bost xentimo tira, oseake hola. Eta iten nun nahiko, ateratzen nun nahiko, e. Ateratzen nun nahiko zergatikan nola ez ziaten beiratzen zer egin eta nik orduak pasatzen nitun han ta oso ondo. Gustatzen zitzaidan. Eta gero nola… ikasi ez zitzaidan gustatzen, lana in bai. Eta dirua re bai. Eta nola nere amak 10 xentimo astian ematen zidan, eta nola nik lan iten nun a destajo, amak ez zekiyen ze erosten nun; ordun zizatu iten niyon.
Autobiografia psikologikoa?
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947):
-Memoriak gezurrak kontatzen dizkizu. Gogoratzen zea hontaz eta ez hartaz. Ahizpakin askotan gertatzen zaigu hori: berak gogoratzen du gauza bat eta nik beste bat, eta klaro, biyetan elkarrekin geunden, baiñon nik ahaztu det eta berak ez. Gogoan daukat izaten gendula larunbat arratsaldian festa, eta neri pena ematen zian eskolara ez juteak, ni gustora juten nintzan eskolara. Eta axkarra nintzan gaiñea, ta monjak esaten ziaten axkarra nintzala. Eta eskolaz aldatu giñanian, zazpi urte bete bezain pronto, kezka bat neukan: jabetuko ote ziran eskola berriyan nik… azkarra nintzela edo ez?... Zergatikan nere anai-arrebak biyak izan dira... Ni naiz beltzaran bakarra familian. Anaiak dira rubiyoak eta begi argiyak dituzte, eta hori izan da desgrazi txiki bat txikiyak giñen bitartian. Eta beti esaten zuten "¡Ay! Qué niña más mona" ta ahizpa ta, eta mutila "¡qué guapo!". Eta gero beiratzen ninduten ni eta esaten ziaten beti "qué morenita más salada". Eta aitak esaten zun, "pero es muy lista". Eta sartu zidan hemen lista izan behar hoi eta esaten nun "ta eskola berriyan ez badira jabetzen lista naizenik?". Baiño jabetu zian. Jajaja Baino beitu ze gauzak, e. Iruitzen zaigu eta nere belaunaldiari eta neri bereziki askatasunez egin dugula gure bizitzaren aukera eta hala izan diteke, bainon… maila batian halan da, baino bi ahizpen artean guapa eta zana… utzi zitun ikasketak berehala, lana egin zun, ezkondu zan adinak agintzen zunian, eta ni “salada, morenita” bainon “qué monada” ez nintzana ta azkarra nintzana, nik jarraitu nitun ikasketak, ni izan nitzan unibersitratera jun zan lehenengoa gure lehengusu eta famili osoan, belaunaldi horretan lehenengoa, eta orain ere ba… ez azkarra izatea bainon… ez dakit nola esan, trebetasun intelektualak lehenesten ditut eta hori zan etxian jarritako marka.
Aurkezpen pertsonala
Onintza Enbeita (Muxika, 1979):
-Ni naz Onintza Enbeita Maguregi. 1979xen jaixo nitzen hemen, Muxiken, maiatzan 19xen. Hemen bizi izen naz beti, estranjeritik pare bat buelta in izan dotezenian izan ezik. Hiru neska gara etxien. Ni naz gaztiena. Horrek akaso markeko eban nire karakterra: nahiko superbibientie izen naz beti. Inok ez dost kasu handirik ein bizitzan, edo ez dakit zela… etxien ba ya hirugarrena izenda ya nire gaztainak labetik ataraten ikasi biher izen neben. Kazetaritza ikasi neuen EHUn, UPVn, Leioako fakultadien. Eta in izan dot kazetaritzan lan: Berrian urte askotan, irratien eta telebistan kolaboraziño piloa… Argian be bai, Frida aldizkarixen… baina gaur egun bestelako bidietatik nabil: politikan sartute. Eta bai kazetaritzan ibili nazenien eta bai politikan eta ikesten eta beti nire bizitza beti egon da bertsoari lotute. Eta uste dot horrek definitzen nauela ni, ez dauela beste… beste berezitasunik.
Autobiografia ala biografia partekatua?
Irune Elizagoien (Etxalar, 1993):
-(Eta musikarako zaletasuna noiztik? Txiki-txikitatik?) Bai, ni sei-zazpikin hasi nintzen trikiti eta panderoakin.
Itsaso Elizagoien (Etxalar, 1995):
-Bai, bueno, gure… kulpa du honek… dena da Laura, gure lehengusiña…
Irune Elizagoien:
-Bueno, kulpa, ez dakit hola erran behar dan…
Itsaso Elizagoien:
-Ez, Laura Elizagoien, gure lehengusiña… bai, eta hura ikusten genun. Bueno, ikusten zun. Ni oaindik txikiya nintzan ordun.
Irune Elizagoien:
-Bai, jo, hura ikusi eta gustatzen, jo nik ere bai, probatu nahi nuela. Bueno ba probatu, lehenbiziko panderoakin. Ta panderoakin gustora ta gero trikitixa. Ta bai, trikitixarekin gustora. Pues ni zazpi urtekin trikitixa eta hau bost urte zituen oaindik. Baino 5 urtekin ere ikusten zian niri etxin eta probatu nahi zula ta etxin nerekin hasi eta benga, Pintto pintto. Eta hau nerekin eta ederki hartzen zion eta ongi… eta nahi zula ikasi. Ta nire amak: “Aber, oaindikan 5 urte, oaindik hain haurra, oain ezin da ikasi”. Eta hau baietz, eta bueno, solastuko genula trikitixako irakasliakin. Ta irakasliai erran ahizpa bost urtekua eta jo, 5 urtte txikiya zela baina bueno, hainbertze nahi baldin bazuen ikusiko zula indarra ta, ze trikitixa irekitzeko ta re indarra re behar zun. Ta ikusi zun eta “a, bai, bai, bai”. Pues benga, hasi!
Itsaso Elizagoien:
-(Eta bost urtekin) Bost urtekin, bai, afizioa. Gustatu! Igual ez zitzaiten hainbertze gustatzen baina nola berak iten zun… nik ere nahi nun. Gero gustatu egiten zaigu eta aunitz, baino hasiera hortan igual izan zen gehio “nik ere nahi dut”. Bai, zaharrenak iten badu…
Irune Elizagoien:
-Eta hasi holaxe.
Itsaso Elizagoien:
-Eta hasieran hori, berak hobekio jotzen zun osea trikiti… normalen jo behar bazen trikiti ta panderoa auzoko bestetan edo hola, berak trikitixa eta nik pandero. Baina gero… aldrebes. Bai, ta denborakin nik gehio jotzen non etxin, honek ez zun astirik, eta aldrebes. Oain hola: nik trikiti eta honek pandero.
-Hona hemen narrazio autobiografikoak lantzeko beste bideo-fitxa batzuk:
-Ipuinak eta txisteak lantzeko bideo bat, proposamenekin:
-Testu-generoekin lotutako beste hiru bideo-proposamen ere baditugu:
-Autobiografia pertsona batek bere bizitzari buruz egiten duen idatzizko narrazioa da. Ahozko kontakizuna ere autobiografiatzat hartu dugu guk, hitzaren etimologiako grafia galdu arren. Kontakizun autobiografikoa dela esaten dugu.
-Idatzizkoa denean, literatura-generotzat jotzen da autobiografia (biografia bezalaxe).
-Narrazioa ahozko testu-genero bat da. Ahozko testu-generoak, Adams-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Testu literarioa gehitzen diote sailkapen horri aditu batzuek (bertsoak, abestiak, poemak, antzezlanak...).
-Benetako gertaeretan oinarritutako narrazioetako bat izango litzakete autobiografia.