Zerbait nolakoa den zehaztean datza deskribapen testu-generoa. Adjektiboak eta konparazioa erabili ohi dira. Ahozko testu-genero horren ezaugarriak agerian uzten dituzten deskribapenekin osatu dugu bideoa. Genero honek azalpen eta narrazio testu-generoekin duen lotura ere ikusten da, ahozko jarduna testu-genero nahasketa baita.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Ahozko testu-generoak
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:
Bideoa ikusi aurretik
1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
-Noiz deskribatzen dugu? Zer deskribatzen dugu? Nola deskribatzen dugu?
- Zein dira deskribapenen ezaugarriak (adjektiboak, konparazioak, elementuen kokapena…)?
-Zer da deskribatzea?
Guztion artean, deskribatzeari buruz hitz egingo dugu eta definizioa sortu.
- Berdina al da lekuak deskribatzea, egoerak deskribatzea, pertsonak deskribatzea, objektuak deskribatzea ala sentimenduak deskribatzea? Zein deskribapen mota daude?
Leku bat deskribatzen hasiko gara. Guztion artean ikasgela deskriba dezakegu:
Bideoa ikusi bitartean
1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2-Ikasleen arreta erakartzen duten pasarteak gogoan hartu.
3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “ekonomika” (janaria prestatzeko aparatua), “mandioa” (baserriko sarrera), “meta” (pila), “oilo-loka” (lokatutako oiloa, arrautzak berotzen dituena, txitak jaiotzeko), “kopa” (saski mota bat, altua), “xestera” (saski irekia), “xestua” (saski errektangularra), “sagaskiya” (sagarrak biltzeko saskia), “Kiskiya” (sagarrak batzeko makila iltzeduna), “zaldiaren aparejuak” (gurdira lotzeko lokarriak eta abarrak), “bañeruak” (hondartzan aberatsei uretara laguntzea lanbidetzat zutenak)…
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko. Bideoa bigarren aldiz ikustean, izenondo edo adjektiboak apuntatuko dituzte.
Bideoa ikusi ondoren
1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.
-Bideokoak deskribapenak al dira? Zergatik?
-Ondo deskribatzen al dute? Gai zarete entzun duzuena irudikatzeko? Adibidez, baserri hori edo hondartzako kasetak…
-Xehetasun nahikoa ematen al dute denek? Zein gustatu zaizue gehien?
-Adjektibo eta konparaziorik identifikatu al duzue? “Arratoi kolorea” zein kolore da?
-Zein da egoera komunikatiboa? Zein da hartzailea? Zein testuingurua?
-Aurrez prestatutakoak al dira ala bat-batekoak? Zein hizkera darabilte?
-Deskribatu al daiteke keinuekin? Gorputz espresioari dagokionez, nabarmentzeko modukorik al ikusi duzue?
Argazkiak ikus ditzakegu (ikus “Argazkiak” atalean), eta ondoren komentatu:
-Bideoan deskribatutakoak eta argazkietakoak bat al datoz? Zein neurritan? Kasu batzuetan, bai; beste batzuetan ez… Ba al dugu nahiko informazio?
-Argazkia ikusita, zein xehetasun gehituko zenituzkete Chenard Walcker kotxeari buruz? Osatu deskribapena!
3-Mimika edo keinu jolas txiki bat egin dezakegu, gorputz espresioaren garrantziaz jabetzeko. Ikasleak 5-6 laguneko taldeetan jarriko dira. Talde bakoitzak 10 izenondo edo adjektibo idatziko ditu, bakoitza papertxo batean (batzuk asmatzeko errazak izan daitezke: altua, baxua, argala, txikia, handia, polita… Beste batzuk, berriz, zailagoak: iluna, argia, distiratsua, makala…). Papertxoak trukatuko dituzte. Talde bakoitzeko kideek banaka eta txandaka hartuko dituzte papertxoak, eta abjektibo hori keinu bidez taldekideei azaldu (ezingo dute hitzik egin, ezta inori papertxoa erakutsi ere).
4- Izenondoen inguruko beste jolas bat ere egin dezakegu: Ikasleak lauko taldeetan jarriko ditugu. Kide batek izen arrunt bat botako du eta taldekideek, txandaka, izenondo bat esango dute, izen horri ezartzeko modukoa. Adibidez, esandako izena sukaldea bada, txikia, garbia, gorria, dotorea zein zikina izenondoak onartuko dira. Baina, baten batek ausarta edo negartia esaten badu, ez du balioko edo bozkatu egingo dute onartu ala ez, taldean.
5-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Sei adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):
Deskribapenak idatziz eman (Ikus ‘Testua’ atala). Aztertzeko garaian, honako hauek izan ditzakegu kontuan:
Izenondoak edo adjektiboak
|
|
Konparazioak
|
|
Nolakoa da? Forma, tamaina, kolorea, egitura, materiala…
|
|
Zertarako da? Erabilera
|
|
Non dago? Elementuen kokapena
|
|
Norberaren pertzepzioa eta sentsazioak
|
|
Entzulearen arreta erakartzeko formulak identifikatu (onomatopeiak, errepikapena…)
|
|
Ahozko baliabideak identifikatu (bideoa berriz ikusita): aurpegia, gorputz mugimenduak eta keinuak, ahotsaren erritmo eta tonu aldaketak…
|
|
Beste ahozko testu-genero batzuk identifikatu. Azalpena, narrazioa, argudioa eta instrukzioa.
|
|
Taldeka egindako lana ikasgelan partekatuko dugu. Aukera bat: arbel digitala erabiltzea.
Deskribapena egiteko, hauek izan ditzakete kontuan: gelaren tamaina eta forma (karratua, lauki-zuzena, handia/txikia), atetik sartuta altzariak/leihoak non dauden (ezkerretara, eskubira, parean…) eta nolakoak diren (estiloa, kolorea…), apaingarriak (panpinak, posterrak, koadroak)… Posible da papera erabiltzea ere, logelaren planoa egiteko.
Ikasle guztiek hitz egin ostean (planoa azalpenak hobeto emateko erabil daiteke, baina erakutsi gabe), gela orijinalenak zein diren erabakiko dute. Ariketa egiten nola sentitu diren ere komentatu dezakete (zaila ala erraza gertatu zaien beraiena azaltzea, arreta jartzea, besteena deskribatzea… eta arrazoiak; ez badugu logela nolakoa den ondo irudikatu, gero zaila gertatuko zaigu azaltzea).
Folio bat sei zatitan banatu, eta fitxak sortuko ditugu. Adibidez:
Hondartza |
Hondarra Itsasoa Uda
|
Jolasteko garaia da! Fitxak trukatuko dituzte. Sortutako fitxak beste talde bati emango dizkiete, jolasteko. Taldekide bakoitzak papertxo/fitxa bat hartuko du, eta taldekideei deskribatuko die (hitz debekatuak esan gabe, noski), haiek zer den asma dezaten.
Talde bakoitzari bost txoriren argazkiak banatuko dizkiogu (guztira, paneleko 15ak). |
Aldiko taldekide batek hartuko du hitza (txandaka, ahalik eta taldekide gehienek hitz egin dezaten), txori bat deskribatzeko, eta beste bi taldeetako kideek zein txori den asmatu beharko dute. Deskribapena egiteko, honako puntu hauek izan ditzakete kontuan: gorputz atal bakoitzaren forma eta kolorea (nolakoak dituen hegalak, hankak, mokoa, buztana, burua, begiak…), txoriaren jarrera eta tamaina (geldi, hegan, hegoak zabalik/itxita, txori txikia/handia…) eta inguruan zer daukan (ura, zerua, belarra…). |
Deskribapena amaitu arte itxaron behar da erantzuteko. Eta ez dute denek batera erantzungo. Talde bakoitzak bozeramaile bat izendatuko du, txori izenak esateko, eta txandaka erantzungo dute (lehenengo talde bateko bozeramaileak eta ondoren bestekoak). |
Txoria asmatzen duen taldeak argazkia eskuratuko du. |
15 txoriak deskribatu, eta asmatutakoan amaituko da jolasa. |
6- Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusi eta aztertu ahal izateko.
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste prozesuari buruz
-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio irizpideak:
-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak
- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak
- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean
- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean
- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen
- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen
- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia
- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak
- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen
- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen
- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei
- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean
- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen
- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan
- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen
- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen
- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan
- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan
- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen
- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (galdera erretorikoak, adibideak ematea…)
- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena
- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak
- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen
Sukaldea
Inazia Oiarbide (Hernani, 1936): Ba sukaldia haundiz oaintxen bezelaxe zan ordun, bai. Oain mahaia daon toki hortan zan harrizko... Igeldo-harriya edo deitzen zaion harrizko arraska haundi bat. Urik ez zan. Eta gero, leihuan pari hortan, zan labetxua, bi zulokin; sua itteko labetxua. Eta ekonomika ez dakit… nik uste, ez dakit, ez dakit, ez nizuke seguru esango, ekonomika ezautu nun bainon orain ekonomikan tokin lurreko sua zan, tximini haundi batekin. Karbonera haundi bat. Hemen zian bi apal, hola… egoten zian marmitak, esnea... behiak jezteko baldiak eta denbora batian, bakizu, apalian nola egoten zien… eta gero zan beste armaiyo bat, hola apalakin; platerak e han jartzen zian, apalian. Oain bezela armaiyuan ta hola ez.
Baserria
Maria Luisa Sancho (Tolosa, 1925): Sarrera, baino 'mandioa' deitzen zitzaion, ta gero haren bueltan, mandion bueltan, lo itteko gelak zeudin, eta gero goien ganbara. Ganbarak zulo haundi bat bazeuken beheraino, e, behien... jantokirano, eta handik, belarra ta handik botatzen zieten. Komuna goialdian, baino ez oiangua bezelakoa, e. Komun bat, egurrezko komun bat, zulo haundi bat zeukela, eta hura ikuilura juten zan. Iten giñuzen gauzak noizbehinka atera iten zituzten, e... baratzetan ta partitzeko. (Ganbara zertako erabiltzen zenuen?) Ba belarra, babarruna, patatak… ba etxen ibiltzen giñuzen janariantzako, ta arropa zabaltzeko bai, negun. (Eta udaran?) Eta udaran kanpon izaten giñuzen, soka eta prestatuta, han biden ertzian, zeatikan etxen ondoan kriston baratza haundik genduzken, ta hantxen zabaltzen giñuzen arropak. Eta gero, etxen aurrian, bagendun garazti bat... (Garaztia zer da?) Garaizik ba... garazik ematen dittuna (gereziondoa?) bai. Ta... gero ere intxaur arbola haundi bat bagendeuken, ta belarran metak eta hantxen, etxe ondon, eukitzen giñuzten. Eta gure etxen ba beti izaten zian ba oilo-lokak eta txitoak, eta oilo-lokai jartzen genizkiyon ahatan arrautzak, eta ahata txikik e bai, zeatik etxen aurrian erreka txiki bat gendun, eta hantxen ibiltzen zian.
Sagarrak batzeko saskia
Andoni Arzallus (Astigarraga, 1932): (Sagarra biltzeko saskik badauka izen berezirik?) Ez... Kopa. Ez, sagaskiya, sagaskiya. (Sagastiya?) Sagaskiya. Kizkiya eta sagaskiya. (Eta kopa zer da?). Kopa da otarra, otar irikiya. Sagaskiyak du kertena, gainetik du ta otarra, berriz, irikiya da. Otar haundixeo edo txikixeo, irikiya. Xestera ere irikiya da, baino hori da.... e, sagaskiya da… ez da xestua. Xestua ere bada… xestuak ere badu kertena, baina xestua izaten da rektangularra. Rektangularra, kertena erdi-erdian dula. Baina hori da bastante borobila eta altuagoa: sagaskiya da... beste honen alturakua eta kertena goian zun. Kertenan funtziyua? Ba sagarra biltzeko, kiskiya ibiltzen zan, kiskiya -badakat bihan nik, kizkiya- ta esku batian sagaskiya hartu ta bestian kiskiya. Tak, hartu, sagarrari jo, ta sagarra libratzeko, tak jotzen zan kertenian edo bueltako aruan jotzen zan, tak, eta orduan sagarra libratzen zan, eta behera juten zan: tak, tak, tak, tak… jajaja.
Zaldi-karroa
Inaxi Altuna (Donostia, 1941): Zaldi-karrua zan… e, ordun zian karruak ba koloretakuak. Bueno, guria adibidez zan... kaja, kaja zan e... berdia. Esmalteakin, berdia. Gero, kurpilak zitun gorrik. Llantak burnizkuak eta kurpilak zea gorrikin. Eta gero, guriak zun toldua. Danak ez zuten toldua izaten, e. Guriak zun toldua... hola, tela... toldo plastifikatua bezela… plastifikatua bezela hola, beltza. Hola, arkuan. Eta ni goatzen naiz ba igandero jaboia eta urakin garbitzen nula. Kotxiak, kotxiak oain bezela. Geo, zaldiya… azkenekua biñipin oso… zea zan, majua zan, zan… Canela zun izena, eta kanela koloria zulako. Eta kopeta zun txuriya… ta zan, zan… abere… ederra, polita. Nei gustatzen zitzaidan asko betuna, zapaten betuna… zenbat kaja gastatu nitun! Aparejutan, zaldiyan aparejutan ba betunakin iñ, zeatik betunak… aparejuk zian ba… ba larruzkoak. Beltzak. Eta berriyak zeudenian zeuden ba zapata beltzak bezela. Baiña geo denboakin, ebiyakin ta ez bazenitun garbitzen, ba itsusitu iten zian: gelditzen zian ba… itsusi, arratoi koloriakin. Ta brilloik gabe ta hola. Eta ematen nien betuna, beltza. Eta… geo, ba pixkat utzi legortzen, eta zepillua… zapaten zepilluakin brillua atea, o zapi leun batekin… Eta geo zuten baita ba… apaingarriak zitun. Zea, kabezalak zun hemen hola… e, brontzezko tira bat. E… holako, hemen hola, eta geo kollaria... eta hemen ere beste bi txapa, baita ere brontzezkoak. Brontze edo “latón”… “Latón”, latoia, bai. Eta Sidol-ekin ematen zenien, eta gelditzen zian “brillante-brillante”, bakizu, latoia… ba bai, geo gelditzen da oso polita.
Antzinako kotxea
Milagros Zeberio (Hernani, 1921): Amak hartu zun kotxe bat. Ikasi zun txofer. Esan zun luze eta nekoso itten zala zaldi-karruakin. Eta esan zun: “Nik txofer ikasi bihar det”. Arakamanian ikasi txofer, hartu zun kotxe bat… izena zun Chenard Walcker. Amerikanua, zeatikan Espainin ez zan kotxeik iten, eta hua ez dakit, de cuarta o quinta mano igual izan zan. Ta bere zea, kartolakin, kartola txiki bat… bazun harek, eta han marmitak eta berdurak han jarri ta… harekin Donostira. Eta nik… onduan, aman onduan, zeatikan lagundu bihar niyon kotxia arrankatzen, zeatikan neguan etxetikan kotxia… gainea, manibelakin arrankatu bihar zan, zeatikan ordun ez zan oain bezela arrankeik eta bueno. Garai hartako modeluak.
Antzinako telefonoa
Karmele Esnal (Orio, 1932): (Ta zuk ezagutu dezun telefonua, hola, zaharrena, nolakua zan?) Pues zaharrena, ezautu detena, bat hola, hankakin, hola zintzilikatzen zan eta gero horrela, tubo bat bezela. Holakua ezautu det. (Eta hitz egin eta…) ez, hitz egin horrela. Altaboz bat bezela zun. (Eta bestetik entzun? Hortik?) Hortik. Hola, ruuuuu… ta, e.
Kontxako hondartza eta udatiarrak
Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915): (kasetak, egurrezkuak?) Egurrezkoak zian. Eta zeuden, e... zian dobliak. Antiguan txikiyok zian. Dobliak: zeukaten zea, erdibitua egurrakin ta dana. Zeukaten lehiyo bat ere bai bakoitzak, baiño zeukaten gero barreño bat, urakin, eta zea bat, e... kortxozko alfonbra bezela, horrela, ta exerleku bat. Han hankak-eta garbitzeko, jazten ziñanian, oiñetakuak eta jazteko. (Eta gurpillak zituzten?) Kasetak? Baaai. Bai, nere osabak jasotzen zitun, itsaso haundiya iten zunian... zeuden argoiya batzuk, oain ez dakit dauden, zean, hor e... hondartzan, zea, iten dunian itsas... hondartzarako... muralla hori bezela, han zeuden argoiyak eta han lotuta geatzen zian kaseta batzuk, azkenenguak, baiño beste danak behiyakin iyotzen zuten zeara, gora, Kontxara. Ez zeuden, zea, toldoikan ez zeuden. Tolduak haundiyak, haundi-haundiyak zeuden, eta eserlekuak horrela. Filan jarrita, antzerki bat izango balitz bezela eserita, hara begira, toldu hortan. Toldu hortan eserlekuak baliyo zuten 15 xentimo, itzala zeukalako. Eta bestiak hamar xentimo. Han, toldotik kanpora, 10 xentimo, baino gehienak hartzen zuten horrela. Juten zian bestela sonbrillakin, danak sonbrillakin. Ez zeon toldoikan. Haundi hoiek besteik ez. (Ta jendiak ez zun... ez zan juten hondartzara euzkiya hartzera…) Ez, ez, ez. Bainatzera. Eta hori, hori, bainatzen zan jendia zan aberatsa, eta juten zian gehienak ba bañerua edo bañerakin, eta haiek zeukaten uniforme bat, urdin iluna, dana… zea trentza… nola deitzen diote? Trentza ez… errematatzeko jartzen zian… (trencilla bezela?) Horrela, txuriyak ematen zituzten. Txaketa gerrikoakin eta txoriyak ere horrela. Bukaeran re bai… Hola zeukaten. Eta gero, ur izkiñan jartzen zuten egurrakin ze hola, gauza bat, honela... eta han jartzen zuten, zeak, ematen zuten baiñatzeko jendiak: o kapa edo albornoz, eta zapatillak eta gorrua, ematen zuten, eta, sartzen zianian uretan, orduan albornoza edo kapa zana ba hartzen zun bañeruak edo bañerak, eta jartzen zun egurrezko ze hoietan, egurrezko toki hortan, eta orduan juten zian bañatzea horrei.
-Ahozko testu-generoak, Adams-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Testu literarioa gehitzen diote sailkapen horri aditu batzuek (bertsoak, abestiak, poemak, antzezlanak...).
-Ahozkotasunaren ezaugarrietako bat testu-generoen nahasketa da, hibridazioa. Adibidez, deskribatzen ari garenean, ohikoa da azalpenak ematea edo narratzea. Ahozkotasuna lantzen dugunean, garrantzitsua da hori kontuan izatea.
-Beste testu-genero batzuk lantzeko ere baditugu bideoak eta proposamenak: