Kanta tradizionalak eta generoa

Kanta tradizional asko daude. Erreparatzen al diogu letrari? Zer kontatzen dute? Genero ikuspegitik interesgarriak izan daitezkeen batzuk bildu ditugu bideo honetan, garai bateko bizimodua eta pentsaera nolakoak ziren erakusten duten zenbait testigantzarekin batera.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Genero-berdintasuna, Bizikidetza, Abestiak

4 puntu 5 izarreko maximotik
2 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Genero berdintasuna sustatzeko nahia
  • Sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa agertzea
  • Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa
  • Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa
  • Fikziozko kantak ezagutzeko, sortzeko eta kantatzeko interesa
  • Ahozko tradizioa ezagutu eta historiaren berri emateko baliabide bezala onartzea
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Izpiritu kritikorako eta hausnarketarako grina

           

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egin. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. Halako galderek hausnarketarako eta iritzi-trukerako bidea eman dezakete:

-Garai bateko bizimoduari buruz hitz egingo dugu gaur. Emakumeen bizimoduari buruz, hain zuzen ere. Emakumeena gizonen bizimoduaren berdina al zen? Zuen ustez, berdin tratatzen al zituzten? Lan berak egiten al zituzten?

-Antzinako kantak sasoi hartako bizimoduaren eta pentsaeraren isla dira. Zein euskal kanta tradizional ezagutzen dituzue? Ikasleek esaten dituzten antzinako kantak arbelean jartzen joango da ikasle bat (boluntarioa eskatu).

-Emakumeei buruz hitz egiten duen kantarik bada tartean? Zer kontatzen du? Genero ikuspegitik begiratu: ea emakumeei buruzko zein ikuspegi ematen duen. Berdintasunezkoa al da? Gaur egungo egoerarekin bat al dator?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurretik hitz egindakoekin bat datozen.

2-Euren arreta piztu duten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “pardel ezkontza”: umeak izateko ezkontzea.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, taldeetan banatuta. “World café” dinamika erabiliko dugu horretarako. Gela lau taldetan banatuko da, eta biribilean jarriko dira, gelako lau erpinetan. Bideoko gai bakoitzak bere txokoa izango du ikasgelan. Folio zuri batean letra handiz egongo da idatzita txoko horretako gaia:

  1. Emakumea etxean, gizona tabernan
  2. Aitak jornala, amak ez
  3. Emakumea, umeen kargu
  4. Emakumearen helburua: ezkontzea

Talde bakoitzean egokitu zaien gaiari buruz hitz egingo dute. Honako galdera hau izan daiteke akuilua: Nolakoa zen garai bateko egoera eta nolakoa da oraingoa? Txoko bakoitzean idazkari bat eta bozeramaile bat izendatuko dituzte; sortzen diren iritziak idazkariak orri zuri batean bilduko ditu. Gero, talde bakoitzeko bozeramaileek beraien gaiaren inguruan bildutako iritziak laburtu, eta ikaskideen aurrean azalduko dituzte. Bukaeran, iritzi-trukerako beste tarte bat izango da.

 

3-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Pertsona nagusi bat elkarrizketatu, bi-hiru ikasleko taldeetan, galderak aurrez gelan prestatuta. Kanta tradizionalak jasotzea izango da helburu nagusia, baina aukera hori emakume-gizonen berdintasunaren inguruko galdera batzuk egiteko ere baliatu daiteke. Elkarrizketa bideoan egitea gomendatzen dugu, gero ikasgelan ikusi ahal izateko (elkarrizketak egin aurretik, ikus jarraibide orokorrak). Ikasleek aurkezpen txiki bat ere prestatuko dute: elkarrizketatuaren biografia laburra, nondik ezagutzen duten, eta jasotakoari buruzko azalpenak zein iritzia. Horretarako, elkarrizketatuari argazki bat ateratzea ere komenigarria da. 

Elkarrizketa horien transkripzioa egitea aukera polita izan daiteke, eta baita grabazioak ahotsak.eus proiektura bideratzea ere.

Jasotako kanta guztiekin bideo bat presta dezakete, gero herriko ondare hori sare sozialetan zabaltzeko.

  • Gaur egunera begira. Talde txikiak sortu, eta bideoan agertu diren hiru gairi buruzko ikerketa lanak egingo dituzte. Gaiak:
  • Etxeko lanen banaketa
  • Berdintasuna lan munduan
  • Zaintza: umeak eta adinekoak

Talde bakoitzak gai baten inguruko gaur egungo egoeraren inguruan informazioa bilatuko du bere inguruan: hedabideetan, Interneten, etxeko eta herritarrei galdetuz, ikastetxean edo kalean inkesta txiki bat betearaziz... Informazioa bildu ondoren, ikasgelan beste ikaskideen aurrean azalduko dute, aurkezpen txiki bat prestatuta. Aukera bat: talde bakoitzak horma-irudi bat prestatzea, bildutako informazioarekin; aurkezpenaren ondoren, ikastetxeko hormetan jarri.

  •  “Jolasten. Hitzekin egingo dugu jolas. Bideoan agertzen diren kanta guztien letrei erreparatuko diegu, banan-banan. Bideoan badago kanta bat sasoi batean oso ohikoa ez zen ikuspegi bat ematen duena: emakumeak ezkondu gabe ederki bizi direla dio, eta senarra karga bat izan daitekeela. Antzinako kanta da, anonimoa. Zirt-zart abestiaren letra aztertu, eta ondoren kantatu egingo dugu. Guzion artean hitz batzuk aldatuko dizkiogu, kanta gaur egungo bizimodu eta ikuskerara egokitzeko (gaur egun umeak izateko ez dago ezkondu beharrik eta ‘neskazahar’ hitzak ere pisua galdu du, baina bikotea izateari garrantzia handia ematen zaio oraindik ere), eta berriz kantatuko dugu.

Taldeka jarri, eta bideoko kantu-doinuetako bat aukeratuko du talde bakoitzak. Bi aukera izango dituzte:

  1. Kanta moldatu, hitz batzuk aldatu, eguneratu. Izenburua jarri. Adibidez, Madalenara.
  2. Kanta berri bat sortu, berdintasunaren aldekoa. Izenburua jarri.

Talde bakoitzeko kideek beraien kanta ezagutaraziko diete ikaskideei. Kantatu aurretik, zein doinu aukeratu duten azalduko dute, eta kantaren izenburua zein den. Kantak grabatzea da aukera bat, eta sare sozialetan zabaltzea.

  • Jolasten. Kanta lehiaketa antolatuko dugu. Nahi duten abestia aukeratuko dute (atzokoa, gaurkoa… ingelesez, euskaraz…) eta moldatu egingo dute: letra aldatuko diote. Euskaraz izango da bukaerako abestia eta bideoan grabatuta egongo da. Genero ikuspegia zaintzea eta umoretsua izatea balioetsiko da. 5 laguneko taldeak. Ikasleak parte hartzera animatzeko, Wazemank taldearen bideo bat ikus daiteke gelan (adibidez, Joselu anaiak, Negu gorriak edo Barricada). Data bat ipiniko da lanak entregatzeko. Epaimahaia: ikasleek erabakiko dute; bozketa egin daiteke ikasgeletan.

Bideoa entregatzeaz gainera, taldeek gelan bertan ere egin dezakete erakustaldia (‘kontzertua’ eman), ikaskideen aurrean.

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta ondo legoke bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ebaluazioa ikasleek ekoiztutakoaren grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko emakumeekin.

- Ea baztertzen dituen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizkeria dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak.

- Ea garbi gaitzesten dituen emakumezkoek pairatu dituzten eta pairatzen dituzten indarkeria-egoerak.

- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.

- Ea azaltzen duen elementu kulturalen (estereotipoak, rolak, etab.) eta emakumezkoen bereizkeriaren arteko erlazioa.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

-Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

-Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

-Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

EMAKUMEA ETXEAN, GIZONA TABERNAN

Tere Irazola (Amorebieta-etxano, 1926): Orduan, gure denporan, orduan ez zan izeten oingo moduan tabernara joaterik be. Gixonak edo… mezaostien edo joaten zien ba, edo partidatxue bota edo eitten, baia oingo modura andria ta gixon ta umiek tabernara? Andrie eta umiek etxera!

Maria Pilar Unanue (Azpeitia, 1941): Uf, ezta pentsau re! Ene… ni behintzat sartzen banitzen kafe bat hartzera edo, lagunek “hartuko deu kafe bero-beroa, halako lekutan ta…” beitzen ziguen bitxo raro bat bezela (geizki ikusita) bitxo raro bat bezela ta: baldin bazeuden atzen jarrita, danak hola beire ta...

Andeles Aramendi (Azkoitia, 1934): Ez, ez, ez. Neskak tabernan sartzie pekatu zan.

Elisabet Agirrezabal (Bergara, 1919): Hemen San Antonion zazpi taberna zeren; zazpiretara juten zien, etxera etorri baño lehenau. Emakumiak pentsau be ez urtetzeik.

Felisa Basauri (Elgeta, 1928): Batzuk mozkortuta be bai, eztakitzu? Batzuk mozkortuta be bai. Ta hola izaten zan lehen.

Rekalde ahizpak (Oiartzun):

Haurtxo txikiya sehaskan dago, 
ama, emaiozu titia.
Aita gaiztua tabernan dago,
pikaro jokolariya.

Loren Navarro (Andoain, 1924):

Ardua eranda (hori ere abesten zan) mozkortzen naiz

Pipa erreta zoratzen naiz

Kortejatzian lotsatzen naiz

Nola demontre biziko naiz

Roke Etxeberria (Andoain, 1928):

Ardua eran, pattarra gero

Tripa beteta kantari bero

Etxera joan eta andriak pena:

“Hobeto jakingo dute auzuetan dena”

Horregatikan neri ajola gutxi,

Zerbait dagonian, txintxurra busti!

 

AITAK JORNALA, AMAK EZ

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1928): Ez, ez zan ordun… etxian gelditzen zan emakumia. Oain bezela lanea? Ez, ez, oan jun biharra dakate, baiño ordun senarran soldatakin pasa bihar zenun. Bai, bai, ordun esposatu ta emakumia etxian gelditzen zan.

Miren Azkarate (Bergara, 1929): Orduan hori zeuan: gizakumiak zeukan berak mantendu biha zebala familixia, ta bestela geratzen zan pixkatxo bat, e…

Maria Zubillaga (Tolosa, 1924): Dirue gizonezkok izaten zuen. Emakumak ezer ez zuen ezer irabazten eta gizonan mende.

Loren Navarro (Andoain, 1924): Ordun esklaba bai zala andria. Ezerren jabe ez, ta gizonak esaten zunera.

Luzia Inzunza (Mañaria, 1925):

Alabatxua txingorringorri

Alabatxue masustre

Aitte Vitoriara juen da

Ama manduen hartute

Aitte guriek obixe dakar

Ama bidien saldute

Joakina Cestau (Goizueta, 1931):

Nere andrea andre ona dala 
auzuan hala diote, diote
erositako preziyuetan 
preziyo erositakuetan
erositako preziyuetan 
pozik salduko nuke

Jose Mari Soroa (Usurbil, 1932):

Andre Madalen Andre Madalen 

Laurden erdi bat oliyo

Aitak jornala ekarritzian

Amak pagatuko dio

Amak pagatzen ez baldin badu

aitak pagatuko dio

Aitak pagatzen ez badin badu,

Hor konpon eta adiyo!

 

EMAKUMEA, UMEEN KARGU

Miren Azkarate (Bergara, 1929): Ezkontzen zienian, emakumiak lanai laga itten zotsen. Klaro, umiak etortzen zien segittuan.

Joxe Antonio Bereziartua (Donostia, 1929): Ordun emakumia zan etxian egoteko. Eske hala zan, ordun. Emakunia zan etxian egoteko.

Juantxo Bereziartua (Donostia, 1924): Ezkondu ta haur pila bat izan eta… Hala zan.

Miren Garmendia (Donostia, 1940): Etxeko emakumea, bai. Etxeko emakumea: umeak zaindu, eta gizonai dena prestatu eta...

Ana Maria Axpe (Arrasate, 1946): Denbora hoietan baserrixetan ume pillo bat euen. 

Faustina Galdos (Arrasate, 1931):

Txikitxo polit hori, zer neure laztana,
katigatu ninduzun libria nintzana.
Libriak libre dira, zu ta ni katigu
Horrek eragiten du sarritan zizpuru. 
Zizpuruak zizpuru, zu ta ni katigu.

Leandra Otxoa (Arrasate, 1924):

Txikitxo polit hori, zeu nere laztana,
katiatu ninddazun libria nintzana.
Libriak libre dira, zu ta ni katigu,
biok biziko gera, zuk gura badezu.

 

EMAKUMEAREN HELBURUA, EZKONTZEA

Kontxita Zaldua (Urnieta, 1924): Hala ikusten zuen ordun. Ordun gauzak hala ikusten zian. Eta emakume solterak zian ordun… puf!

Juana Gereñu (Segura, 1923): Baten akordatzen naiz ni. Neskazaharragatio kristonak esan zittun fraide horrek, eta kondenauta zerela neskazaharrak eta, hasi zan esaten hori ta neskazahar horik danak negar baten.

Adelaida Etxeberria (Hondarribia, 1929): Bai, eske denbora batian zen emakumia ezkontzeko. Enkanbio oain beste mentalidade bat dute, eta arrazoi haundiyakin gañera.

Juana Lizarralde (Zarautz, 1914):

Aizan, hi, Grabiela,

zenbat urte ditu?

Neriak hogeita hamasei

kunplituak dittu.

Baldin oraingo txandan

ezkontzen ez bagaitun,

geure bizi guzian

neskazahartzen gaitun.

Oso itsusia den

neskazahar izena,

aditu hutsarekin

hartzen diñat pena.

Oaiñ eukirikan

sasoirik onena,

hauxe lastimagarri

gu biyok gaudena.

Luzia Arrizabalaga (Aramaio, 1923):

Neskazaharrak juaten dira Madalenara,

Madalenera, Madalenara

Santuari eskatzera senar on bana,

senar on bana, komeni bada
Santuak esaten dio buruakin ez,

buruakin ez, buruakin ez
zergatikan lehenago akordatu ez,

akordatu ez, orain baterez.

Jose Mari Soroa (Usurbil, 1932):

Zirt zart, gogoz egin zan par
pardel ezkontza baiño
hobe den neskazahar.
Hamaika andre gaztek etxian badute
giltza gabe pardela, salgai eta merke
baldin erostunikan baldin ba luteke,
eskerrik askorekin salduko luteke.
Lalaralalala... ja!
Zirt zart, gogoz egin zan par
pardel ezkontza baiño
hobe den neskazahar.
Hamaika andre gaixo ikusten dittut nik
beren bizimoduaz ondo asperturik
senarraren pardela eraman eziñik
neskazaharrak ez dute horrelako lanik.
Lalaralalala... ja!
Zirt zart,
gogoz egin zan par
pardel ezkontza baiño
hobe den neskazahar.
Ez gaude garai hontan
ezkongairik gabe,
ugari dittut baiñan
gustokorikan ez
Luis ta Anbrosio
Tomas eta Andres
ja, jai, gehiago ere
badabiltza galdez.

Lalaralalala... ja!
Zirt zart,
gogoz egin zan par
pardel ezkontza baiño
hobe den neskazahar.

Bixenta Larrañaga (Bergara, 1931):

Gaztia nintzanian, denbora batian,
ez nitzan sosegatzen ezkondu artian.
Ezkondu eta lehelengo gabian
Azak eta porruak Orio kalian.
Hamaika txorakeri egin degu
gaztiak giñan artian 

Paula Alberdi (Bergara, 1922):

Libriak libre dira,
zu ta ni katibu,
librerik hobe dana
guztiok dakigu

Celestina Oteiza (Bergara, 1916):

Txalo, txalo, pin
mañana melotxin
aitta tabernara,
ama elizara.

Rufina Beiztegi (Bergara):

Andres, umia negarrez

Ama itturrixan, kaka ipurdixan

-Kanta herrikoiak, gainerako adierazpide guztiak bezalaxe, garaian garaiko bizimoduaren eta pentsaeraren isla dira. Bideo honetan kanta tradizional batzuk jaso ditugu, eta baita testigantza batzuk ere, genero ikuspegitik interesgarriak izan daitezkeenak. Lehenaldia ezagutzeko interesgarriak, eta baita ere gaur egungo bizimoduari beste begi batzuekin begiratzeko ere.

-Kanta tradizionalekin lotutako beste bideo-proposamen bat ere badaukagu:

-Eta genero ikuspegia lantzen segitu nahi izanez gero, beste hainbat bideo ditugu prestatuta, proposamenekin (Herritartasunerako Hezkuntza ikasgairako egin genituen, baina beste ikasgai batzuetan ere erabil daitezke):

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza