Bertso eta olerki sorta tradizionalak dira bideo honen oinarria. Hiru aukeratu ditugu, ahoz aho transmititu direnak, ezagutzeko ez ezik baita biziberritzeko ere, garai berrietara egokitzeko.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Abestiak
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:
Bideoa ikusi aurretik
1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
-Zer da tradizioa?
-"Abesti tradizionala" esanda, zer datorkizue burura?
-Zein dira ezagutzen dituzuen abesti tradizionalak?
-Noizkoak dira? Ba al dakigu nork sortuak diren? Nola iritsi dira gureganaino?
Kanta tradizionalak antzinakoak izan ohi dira, gehienetan ez dakigu nork sortu zituen (egile jakinik ez dute) eta ahoz aho transmititu izan dira. Hori bai, badira duela hamarkada batzuk sortu baina klasiko bihurtu direnak ere (adibiderako, Txoria txori).
Ikasleek proposatutako abesti tradizionalen bat abestuko dugu.
Bideoa ikusi bitartean
1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2-Ikasleek euren arreta pizten duten pasarteak gogoan har ditzatela.
3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “traza” (itxura, antza), “biyamonian” (biharamunean), “trukian” (karta jolas bat truk), “txota”(sota karta), “txaldun” (zaldiaren karta)…
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.
-Ezagutzen zenituzten bideoko abestiak?
-Gustatu al zaizkizue? Zergatik?
-Zer hizkera darabilte?
-Erreparatu hiru hiztunei. Adina, jarrera… Zein da abesti erakargarriena? Zergatik?
3-Abestiak sakonxeago aztertuko ditugu, guztion artean.
Markesaren alaba. Abestia oso luzea da. 21 bertso ditu guztira, nahiz eta bideoan sei bakarrik datozen. Letra banatu (osorik), eta irakurri egingo dugu (guztion artean, bakoitzak bertso bat), eta esaten duena ulertu.
-Nork asmatu zituen bertso horiek? Noizkoak dira edo noizkoak ematen dute?
-Zer kontatzen du abestiak? Zuen ustez, benetan gertatu ote zen? Sinesgarria da?
Amaia Zubiria eta Txomin Artolaren bertsioa eta Oskorri taldearena ere entzun ditzakegu. Ondoren, abestia kanta dezakegu.
Maritxu nora zoaz. Abestiaren bigarren zatia ez da oso ezaguna. Lehenengo zatia, berriz, aski ezaguna. Bideo hau ikus daiteke, eta ondoren bideoko bertsio luzea (pikantea) kantatu.
Herriko festak. Karta jokoan ari diren lau emakumeei buruzko kantaren letra banatu (ikus “Testua” atalean), eta irakurri egingo dugu. Kanta umoretsua eta alaia da, genero ikuspegitik ere mamirik baduena:
-Edaten ari direla, emakumeetako bati begiak nahi gabe keinu egiten dio. Ondo ikusita al zegoen emakumeek edatea?
-Hiru neskazahar eta alargun bat dira. Datu hori esanguratsua al da?
Gaian sakontzeko, aukera bat: Emakumeak eta aisia bideoa.
4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):
5- Ekoizpena partekatzea. Ikasleek beti ahozko aurkezpena/erakustaldia egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusi eta aztertu ahal izateko.
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak
- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak
- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean
- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean
- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen
- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen
- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia
- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak
- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen
- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen
- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei
- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean
- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen
- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan
- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen
- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen
- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan
- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan
- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen
- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (galdera erretorikoak, adibideak ematea…)
- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena
- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak
- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen
Markesaren alaba
Maria Ormaetxea (Elgoibar, 1916):
Markes baten alaba
interesatua
marinero bategaz
enamoratua,
deskubritu gaberik
beran sekretua,
amoriua zeban
barrena sartua.
Egun senalle bat zan
goguan hartzeko,
esan ziola horrek
etxera joateko,
desio dedan hitzak
manifestatzeko,
Ai Antonio zuregaz
nago izateko.
Zela esaten didazu
Juanita hitz hori,
tentatzen ai zerala
traza badirudi,
ez zait zure gradurik
tokatutzen neri,
ez ixozu egin burlarik
marineruari.
Eruki dezakezu
ongi sinistua
aspaldian nauala
ni zuri gustaua,
ez zaitut nik utziko
desanparatua,
hala egiten dezu
gaur juramentua.
Konformatu ziraden
alkarren artian
ezkonduko zirala
hurrengo urtian,
eskolak ikesteko
bien bitartian
beraren herritikan
guztiz apartian.
Hola disponiturik
jarri ziran biak
kartaz entenditzeko
alkarren berriak,
formalidadiakin
jartzeko egiak
baiña lo ez ziran egon
ama horren begiak.
Ezin egon zan ama
hitz hori sufritzen
berihala hasia zan
kartak detenitzen,
intenzio haundiaz
ezkontza galdutzen,
Juanitak holakorik
ez zeban pentsatzen.
Maritxu, nora zoaz?
Juakina Cestau (Goizueta, 1931):
-Maritxu nora zuaz?
eder galant hori
-Iturrira Bartolo
nahi badezu etorri.
-Iturrian zer dago?
-Ardotxo txuria
Biyok edango degu
nahi degun guztia.
-Bartolo ez nuen uste
holakoa ziñanikan!
Kentzazu esku hori
leku hortatikan.
-Egiten al dizut, ba,
nahi ez dezunikan?
-Hori hola da, baiño,
zaude geldirikan.
Herriko festak
Xerafina Iriarte (Donostia, 1932):
Ari ziran ari ziran jokuan
Harri txabal-txabal baten gainian
Txantxan bat edan ezkero
begiak ñir-ñir egiten dit niri
Txantxan bat edan ezkero
begiak ñir-ñir egiten niri
Edan ezan edan ezan gogotik
Katilua, katilua beterik
Neska, egon hai ixilik,
Hik ez den aditu nere kiñurik!
Txantxan bat edan ezkero
Begiya ñir-ñir egiten niri
Txantxan bat edan ezkero
Begiya ñir-ñir egiten niri
Luzia zan baino hori re goatu zait!
Hori kantatzen zuen basarrin aittonak eta, garai haitan. Kontentu zeudenian ta jokuan eta hasten zienian eta… nunbait, edaten zun eta gero begiyak keinu iten zion. Jajaja. Eta Mari Martin txoratu in zan aldameneko mutilakin. Jajaja. Garai hartako kontuak.
Joxe Mari Soroa (Usurbil, 1932):
Herriko festak zian biyamonian,
berak nahi zuten txoko, txoko batian,
harri txabal-txabal baten gaiñian,
ari ziran, ari ziran trukian.
Lau atso: hiru neskazahar,
bat alarguna, jarririk itzalian,
harri txabal-txabal baten gaiñian,
ari ziran, ari ziran trukian.
Hasi ziradenian kartak partitzen,
eta gaiñera tantuak kontatzen.
Truk jota, Iñaxik txota,
Mariak txaldun, ta Errufinak hirua.
Mari Martin, zoratu al zain burua?
lauarekin hiruaren kiñua.
Herriko festak zian biyamonian,
berak nahi zuten txoko, txoko batian,
harri txabal-txabal baten gaiñian,
ari ziran, ari ziran trukian.
Neska egon hadi ixil-ixilikan
hik ez den ikusi nere kiñurikan!
Ttanttan bat edan ezkero,
begiyak briz-briz, ezin egon ixilik
edan ezan, edan ezan gogotik,
katillua, katillua beterik.
Herriko festak zian biyamonian,
berak nahi zuten txoko, txoko batian,
harri txabal-txabal baten gaiñian,
ari ziran, ari ziran trukian.
-Asko dira ahoz aho gureganaino iritsi diren euskarazko kanta tradizionalak. Horietako asko haur kantak eta kanta-jolasak dira. Hona hemen www.ahotsak.eus proiektuan adinekoei jaso eta ikastetxeetan umeekin erabili dituzten batzuek:
Alpargatak urratuta
-Kantekin lotutako beste bideo bat ere badaukagu, genero ikuspegia lantzeko balio duena: