Etxeko lanen banaketa

Etxeko lanen banaketa aurreko belaunaldietan nolakoa izan den ezagutuko dugu, eta bilakaera ere bai. Etxe gehien-gehienetan emakumea egiten zen etxearen eta seme-alaben kargu. Gaur egungo egoera aztertzeko eta hausnartzeko baliagarria.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero-berdintasuna

4,13 puntu 5 izarreko maximotik
1.609 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa agertzea

-Genero-indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa

-Etxeko lanen banaketa orekatuaren aldeko joera

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak eta ikasleen aurre-ezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

-Zuek etxeko lanetan parte hartzen duzue? Zer egiten duzue etxean, zein etxeko lan?

-Zer uste duzue kontatuko dutela bideo honetan adinekoek?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.  (Adib: “jorratu”-ren esanahia belar txarrak kentzea dela)

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Ezaguna egin zaizue bideoan aipatu duten zerbait?

- Zein ideia azpimarratuko zenukete bideotik? Zer izan da zuentzat deigarriena?

- Zuen etxean nola banatzen dituzue lanak? Zergatik? Zerbait aldatzeko beharra ikusten duzue ala uste duzue banaketa hori egokia dela?

-Aldatu al da egoera? Noiz eta nolatan gertatu ote zen aldaketa?

-Gaur egun “maritxu” gisa hartzen al da etxeko lanak egiten dituen gizonezkoa? Nola ikusten duzue zuek?

-Zer dela eta uste duzue gehienetan haurrak jolas-garaian neskek hartzen dutela etxekoandre papera (haurrak zaindu, janaria prestatu, sukalde txokoa...)? Aldatu al da?  Aldatu ez bada, nola alda liteke? Non dago muina? 

3- Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Historia egiten”. Etxeko lanekin lotutako telebistako iragarkietan emakumeak agertzen dira gizonezkoak baino gehiago, hori pixkanaka aldatzen joan den arren (adibidez, plater garbitzaile iragarki honetan).  Adibide gehiago topatu, garai batekoak (adibidez, 50-60ko hamarkadetakoak) eta oraingoak, eta gelara ekarri, gelakideekin partekatzeko. Binaka egin daiteke. Bilakaera erakusten duten adibideak izango dira, eta ikasleek, iragarkiak erakustearekin batera, azalpenak eta iritziak emango dituzte.
  • Eman iritzia”. Ikasleek euren etxeetan ikerketa lana egingo dute, bakarka, eta ondoren bertso sorta bat edo bakarrizketa bat idatzi horren inguruan, era metaforikoan. Hauxe izan daiteke gaia: Lehenengo pertsonan, erratz bat bazina bezala idatzi. Hasiera posible bat: “Lehen, sukalde bazterrean egoten nintzen zain, etxekoandrea noiz etorriko nire bila”. Etxeko lanen banaketa zer eta nola egiten dugun, nola egiten genuen eta nola egin daitekeen azter dezakete. Ondoren, kantatu edo ahoz gora irakurriko lukete literatur lana. Hauek izan daitezke galdera posible batzuk, lana abian jartzeko: Nola banatzen zituzten etxeko lanak zure aitona-amonek? Eta zure gurasoek, umetan? Eta zure etxean orain? Lanen banaketa orekatua da? Aldaketarik egon al da? Zerbait gehiago aldatzeko beharrik ikusten al duzu? 
  • Gaur egunera begira”. Etxeko lanen gaiarekin lotura duten ikerketak bilatu beharko dira. Ikerketa asko daude emakume eta gizonen etxeko lan banaketarekin lotuta egindakoak, emaitzak ere askotarikoak. Adibidea:  “Emakumeek gizonen denbora bikoitza ematen dute etxeko lanetan” Ikerketa egindakoan, laburpen bat egin eta datu esanguratsuenak ikaskideei aurkeztu. Grafikoak egin daitezke, bildutako datuekin. 
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Talde txikitan jarri eta inkesta bat egin beharko da etxeko lanen banaketaren inguruan, ea jendeak zer dioen jasotzeko. Talde bakoitzak ikastetxeko gela batean egin dezake inkesta. Gero, guztien emaitzak bildu, bateratu, ondorio eta batez besteko kalkuluak atera, eta gelaz gela joan emaitzen berri ematen. Ondoren, pasabideetan jar daitezke, denok ikusteko moduan.

4-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitza ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko adinekoekin.

- Ea bizikidetzarako jarrera erakusten duen

-Ea gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa erakusten duen, denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatez.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Juantxo Bereziartua (Donostia, 1924-2013): Ordun, emakumia zan etxian egoteko. Eske hala zan, ordun, emakumia zan etxian egoteko.

Joxe Antonio Bereziartua (1929): Ezkondu ta ume pillo bat izan ta...

Juantxo Bereziartua (Donostia, 1924-2013): Hala zan.

Sabina Arruabarrena (Astigarrada, 1928): Bai. Etxekoandre, o neskame o... lo que sea.

Miren Garmendia (Donostia, 1940): Etxeko emakumea: umeak zaindu eta gizonai dena prestatu eta...

Angela Alberdi (Donostia, 1936): Gizonak etxian?

Antonina Alberdi (Donostia, 1925): Bai zea! Zea!

Angela Alberdi (Donostia, 1936): Emakumiak zapatak garbitu, dana emakumiak! Dana!

Antonina Alberdi (Donostia, 1925): Hoixe!

Asuntxi Uribesalgo (Bergara, 1928): Harek ezebez. Gizonak lehen ezebez.

Juanita Txintxurreta (Donostia, 1932): Ezta ezerre. Ta dena aurrea, zapatak eta dena. Dena, dena, aurrian jarri bihar xixkiazun. Ta plater bat´e...

Mertxe Uranga (Donostia, 1937): Bai, bai, eta bueno,  fregatu behar baldin bazun, este... emakumiak! Lan batzuk zian emakumiantzako: plantxa... hori dana emakumiantzako; janariya egin... ez dakit ze. Zuk jun laikezu ordubitan-hiruretan, lana in laikezu kanpuan, zean... baino in behar zendun...

Juanita Txintxurreta (Donostia, 1932):Ez zuen ezta plater bat ere jasotzen gizonak, dena aurrian jarri behar ziñozun. Igual de erropa. Dena bere garaitan, bere... han.

Nati Garmendia (Urnieta, 1929): Karo, emakumia laneako izaten zan ta kitto.

Sagrario Soroa (Lizartza, 1932): Emakumek etxen egon behar. Zuk etxen. Gainantzekoak kanpon. Beak, beak nahi duen bezela.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): Ta lana beak itten zuen. Klaro, gu etxen eoten giñen.... gure lana ez zan lana.

Maria Zinkunegi (Lizartza, 1934): Guk etxeko lanak in behar izaten giñun majina bat, e.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): Gure lana ez da behiñ e izan lana: umek hazi, oain labadorak eta gauzek. Guk aurreneko zeak, bate labadoraik eta ezerre gabe. Aber ze esklabizio izan zen hua e.

Loren Navarro (Andoain, 1924-2014): Labadorik ere ez gendun ordun.  Badakizu zer zan hori? Horreatik esaten nun nik. Hoik zortzi ordu pasa, zortzi o zazpi ofizinan, ez dakit, zazpi pasatze zittuen, eta gero jai. Eta emakume batek noiz itten zun jai? Umiak lo hartzen zunian hasi arropa garbitzen,  lehenbiziko kontuba. Geo jertsen bat in bihar banun, dena neonek itten nittuen. Noiz? Ba, gabian! Goizaldera arte geldittuta.

Ramoni Legorburu (Pasaia, 1923): Gure aitta jungo zan jorra, arto jorra o belar jorra o eozer jorrata, ez? Ama´re bai. Baiño etxea etortzen zanian, afariya ez zun itten attak, baizik amak.

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Bai, ta hoi zelebria izaten zan, e. Baserrin lanian ari, zelayian ari eta etxea etorri, eta bazkaldu, eta emakumiak sukaldeko lanak in bitartian, gizonak siesta! Ta siesta in ta altxatzian, berriz lanea.

Amparo Larzabal (Donostia, 1927): Aittak itten zun siesta, nere aitak. Amak ez zun iten.

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Emakumiak siestaik ez.

Juanita Txintxurreta (Donostia, 1932): Emakumiak, gu, ezin bukatuik lanak! Haik juten zian, ta gu ontzik diala, marmitak diala, ta geo haik ere jeisten zianian, haikin kanpoa igual jun behar zenun. O belarrak baldin bazian belarrak eitea, o...

Maria Zubillaga (Tolosa, 1924): Ba, gizona bezelaxe lanen, emakumek. Segan igual, atxurren igual... ta gaiñerako gauzetan, denetan, e! Gizonak bezelaxe emakumek. Hori bai, ta behi jeisten ta denetan.

Juanita Txintxurreta (Donostia, 1932): “Ez den ikasi bihar behi biltzen!”. Esnia behiyari biltzen. “Gaiñekua dena! Jaten eman, azpik atea... nahi zuna, baiño behiyak biltzen ez”. Zeatikan zuk ikasten bazenun  behiyak biltzen, eo amak o nik, bazekiten arrebak eo andriak behiyak bilduko zutela, ta ordun beandu o... beak nahi dutenian etorriko liaken ta. Behiyak biltziatik etorri in bihar izaten zuen etxea. Konprenitzen? Gizonak.

Mertxe Uranga (Donostia, 1937): Nik garbitzen nun aszensorea, eskailera... baino nere anaiak ez zun hori egiten. Hori zan emakumian lana. Nere anaia etortzen zan, eta uzten zittun, hamen bizita e, ya kozkorra: galtzak, atera hanka bat eta bestea, eta galtzak behian utzi.

Miren Azkarate (Bergara, 1929):  Jai egunetan guk itten giñuan, etxia ondo-ondo garbittu aizta bixen artian, eta nere anaiak eoten zian lo, ohian. Eta harek jaikitzen zienian, guri amak, neri edo nere aiztiai esaten zotsen: “Etara erropak. Zure anaiei etara erropak”. Eta erropak eoten zian, barruko erropak eta eren erropak, eren kuartuan ta eren armarixuan. Kuartuan bertan, armaixuan, eta harei erropak etaratzera joan bihar izaten giñuan, ni edo nere aizta. Eta ni hasarratu itten nintzan: “ Ama, hori gaizki dao, e!”. “Horrek ez die gizonan lanak”, amak.  Orduko mentalidadia hola zan: gizonen lanak ez ziela.

Juanita Zelaia (Markina-Xemein, 1918): Bai, andrak. Gizonak pentsau be ez, ene! Eta gizonak… andrak ez zeben nahi gizonak biharrian ikusi, ene! Marikitak zien gizonak biherrin, ekitten baeben. (A, bai?) Bai. “Nik ez dot nahi holako gizonik eukitterik”: marikitatzat, biharra itten baeben, ezkatza garbittu edo hori edo. .. Andrezkuen biherra eitten baeben, marikiti.

Miren Azkarate (Bergara, 1929): Ez zan normala. Gainera, geizki ikusten zan. Emakumiak erak geizki ikusten zeben gizakumia etxeko lanak itten. Bai, ez zan ondo ikusten.

Loren Navarro (Andoain, 1924-2014): Ordun ez. Gure gizonak ez zekin poxpolua piztutzen e. Erre nola ez zun iten. Baiño behin´e enintzan jaiki gosaiya jartzea, e! Lanera juten zan ezkonberritan, ta… jeiki ta lanera. Askotan, nik uste, gosaldu gabe juten zala. “Ikasiko dek”. Gero ikasi zun kozinan, sukaldari onenak bezela.

Juanita Zelaia (Markina-Xemein, 1918): Ene, ta umezaiñien ta, errekaduek eitten ta, be ez zeben nahi gizonezkuk, pentsau be ez!

Loren Navarro (Andoain, 1924-2014): Erakutsi niyon gero, ontzik garbitzen, ta gauza gehio iten e. Geo, enkarguk´e bai, e. Aste bukaereten harateira jun ta zea ta... Egun batian sostenak erostea´re bidali nun. Eta bere etxian ikusten zuenian enkarguak itten, harrittuta. Aber nola? Haiei ez zitzayuen burutzen: gizon bat, enkarguk? Ta ze, e?

Joxepa Iparragirre (Donostia, 1934): Oain bezela, oain ikusten dian bezela gizonakin ta... jesus…

Miren Iparragirre (Donostia, 1934): Bai, etxian alkarrekin lanak itten ta..

Joxepa Iparragirre (Donostia, 1934): Jesus, ta oso ondo bilatzen det, e. Gainea, oain ikusten da... Leheno biyak ez zian juten lanea. Jeneralian emakumiak beti etxian izaten giñan.

Miren Iparragirre (Donostia, 1934): Hoi da. Oain biyak juten dia.

Joxepa Iparragirre (Donostia, 1934): Hoi da.

Miren Iparragirre (Donostia, 1934): Eta lanak´e partittu beharra dauzke.

Joxepa Iparragirre (Donostia, 1934): Hoi da, hoi da. Baiño lotsatu, gainea, zenbait mutil, lotsatu gaiñea! Behin ni... oain ez, aspalditik ikusten ittut o ikusi izandu dittut matrimoniyuak, gaztiak, besuetako umiakin ta. Gizona umiai pardelak eta aldatzen ta, e. Andria  ez.

Miren Iparragirre (Donostia, 1934): Bai, hemen plazan e halaxe aitzen dia ta... tan frescos.

Joxepa Iparragirre (Donostia, 1934): Gizona, e!

Miren Iparragirre (Donostia, 1934): Hoixe.

Ramoni Legorburu (Pasaia, 1923): Bueno, oain ere… oain ere ari gea esaten hau ta hua, bainon gaurko emakumia... Ni leheno nitzan: andria lanea atera behar zula; nik alabai esaten niyon: “Mari Jose, lan in zazu kanpuan”. Baino gaur ez diyot esaten hori, e. Ez, ez, ez. Zeatikan gaurko andriak in bihar du: kanpuan eta itxian. 

-Etxeko lanak emakumearen lantzat hartzen ziren. Nahiz eta etxetik kanpo gizonen parearitu  lanean (baserritarren kasuan, adibidez), etxera joandakoan emakumeak egin behar izaten zituen: haurren lanak, jatorduak, garbitasunak... Horri buruz hitz egiten du bideo honetan Aiako Mariano Arrutik ere: Ikusten ez den emakumeen lana

-Gaur egun egoera hobetu egin bada ere, badago zer aldatua. Oraindik ere ikerketen arabera, emakumeak dira etxeko lanetan denbora gehien ematen dutenak, nahiz eta etxetik kanpo lan egin.

-Hona hemen beste fitxa batzuk, genero ikuspegiarekin lotutakoak. Proposamen pedagogikoa daukate: 

 

Emakumeen egoera lehen

Emakumeak eta janzkera

Emakumea lan munduan

Emakumeak eta aisia

-Genero berdintasunarekin lotutako beste bideo hauek ere badaude:

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza