Emakumeen egoera lehen

Emakumeak berdintasunerako bidean emandako aurrerapausoetako batzuk azaleratuko dira bideo honetan, eta matxismoa elikatu duten hainbat faktore agerian geratuko: Elizaren indarra eta emakumeen independentzia ekonomiko eza bereziki. Matxismoaren jatorria eta oinarriak aztertzeko abiapuntua izan daiteke. Genero berdintasunaren bilakaera eta garapena ezagutzeko ere balio du.

Mailak: DBH

Proiektua: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero berdintasuna

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa agertzea

-Genero-indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak eta ikasleen aurre-ezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez gela osoarentzat:

-Zein uste duzue zela emakumeen egoera garai batean?

-Zer uste duzue ikusiko dugula bideo honetan?

2-Galdera honen erantzuna papertxo batean idatzi beharko dute ikasleek, tolestu, eta zaku/poltsa/kaxa batean sartu:

-Zuentzat zer da bekatua?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu, ondoren argitzeko.  (Adib: “erretorea”, “kongregazioa”, “sakristia”… )

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Ezaguna egin zaizue bideoan aipatu duten zerbait?

- Zein ideia azpimarratuko zenukete bideotik? Zer izan da zuentzat deigarriena?

-Aldatu al da egoera? Nolatan gertatu dira  aldaketak, zuen ustez? Badago ezer aldatu beharrik gaur egun?

3- Aurretik idatzitako papertxoak zaku/poltsa/kaxatik atera, eta jartzen duena arbelean jartzen joan, bekatuekin zerrenda bat osatuz (ikasle bakoitzak bat atera dezake, eta idatzi ere bai). Bideoko emakumeek aipatutako bekatuak ere arbelean jarri, ondoren. Konparatu eta komentatu.

 

4- Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Adibide batzuk (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

 

  • Historia egiten”. Herriko emakumeen historia ezagutuko dugu, denon artean. Taldetan banatu, eta ikasleak ikertzaile bihurtuko dira. Herriko emakume esanguratsuenei buruzko informazioa bilatu beharko dute (izan zirenak zein gaur egungoak). Binaka egin daiteke, eta bikote bakoitzak emakume bat aukeratu dezake, eta hari buruzko ahalik eta informazio gehien batu: argazkia, biografia... Posible izanez gero, polita litzateke emakume horietako bat gelara eramatea, bere historia kontatzera. Argazkiak eta biografiak ikastetxeko korridoreetan jarri daitezke bukaeran.
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Etxeko edo inguruko adineko emakumeei elkarrizketa egin, eta haiek bizi izan dutena jaso. Galderak gelan prestatuko dituzte, denek elkarrekin, eta gero binaka egin lana. Elkarrizketak laburrak izango dira eta bideoan grabatuko dira (bideokamera edo sakelakoa), gero gelakideei erakusteko. Aurkezpen txiki bana egingo dute bikote guztiek, eta elkarrizketatuari buruzko datuak ere emango dituzte (izena, nongoa den, zein harreman duten harekin etab). Grabazio guztiekin bideo muntaia egin dezakete, Movie Maker programarekin (nola erabili erakutsiko zaie), elkarlanean. Bideo hori ikastetxean eta herrian zabal daiteke.
  • Mundu zabalean”. Jar gaitezen mundu zabalera begira: zein da emakumearen egoera Afrikan,  Asian eta Hego Ameriketan? Horri buruz hitz egin, eta desberdintasunez jabetu. Ondoren, matriarkatua zer den azalduko diegu. Beste herrialde batzuetako emakumeen egoera erakusten duten adibideak aurkitu, eta gelara ekarriko dituzte, talde txikiak osatuta. Denak ez dira emakume zapalduen adibideak izango. Komunitate matriarkalen ereduak ere bilatuko dituzte, eta haiei buruz ahalik eta informazio gehien jaso, argazkiak barne (adib. mosuo herria). Talde bakoitzak adibide bat ekar dezake gelara; edo bestela, gai bera herrialde desberdinetan nola dagoen ikertu dezakete: adibidez, emakumeek boto eskubidea herrialde bakoitzean noiz lortu zuten. (Aurkezpenak egiteko, programaren bat erabiltzea da aukera bat; adibidez, Prezi).
  • Bestearen azalean”. Ipuinak moldatu, genero-ikuspegia kontuan izanda (adibidez, Errauskiñe, Txanogorritxo, Loti Ederra, Xagu pertxenta…). Pertsonaien rolak aldatu egingo dituzte ikasleek, eta gero ipuina berridatzi. Taldeka egingo da (4-5 lagun), eta ikasle bakoitzak pertsonaia bat antzez dezake. Gero ipuina gelakideei kontatu beharko diete.  Ipuin kontaketaren ezaugarriak ezagutzea komeni da, ereduak ematea ikasleei (adibidez, “Elefantea eta erbia”,  “Txanogorritxo” eta “Galeperrak jan nahi ez zituen Errauskiñe”). Aukera bat: ondoren beste gela batzuetara joatea ipuinak kontatzera. 
  • Eman iritzia”. Emakumeekin lotutako abestiak bilatu eta iruzkin kritikoa egitea. Bi motatako abestiak topatuko dituzte: abesti matxistak eta emakumearen aldeko abestiak. Binaka egingo dute lana, eta bikote bakoitzak bi abesti aukeratuko ditu, ondoren horiek gelakideei erakusteko. Abestia jarriko dute gelan, baina aurretik izenburua, letra eta iruzkin kritikoa egingo dute. (Abesti matxisten adibideak: Baila para mí, Takata… Emakumeen aldekoen adibideak: Konplize ditut denak, Zutik emakumeak, Beldurrik gabeko emakumeak…). Gelan abesti denak entzun ostean, guztien artean bat aukeratu eta koreografia bat asma dezakete (aukera bat: estilo honetako lipdub bat egitea).
  • Ika-mika”. Atzoko eta gaurko emakumeari buruzko eztabaida egingo da gelan. Lehenengo lagun arteko eztabaida honen zatitxo bat ikusiko dugu (01:18 minututik 02:16ra). Bideoaren edukiari erreparatu, eta iritziak partekatu ostean, formari erreparatuko diogu: Errespetatzen al du batak bestearen hitza ala batak bestearena zapaltzen du? Hitanoa darabilte beraien artean: erregistro formala da ala lagun artekoa? Bideoa ikusi ondoren, eztabaida formal bat egingo dute gelan, bi taldetan banatuta (batzuk alde eta besteak kontra, kopuru berean; nahiz eta benetan ez kontra egon, argudioak bilatu beharko dituzte). Eztabaida formal baten ezaugarriak zein diren azalduko zaie ikasleei (irakasleari baliagarria gerta dakioke sekuentzia hau, bereziki 84-85. orriak). 
  • Gaur egunera begira”.  Emakumearen aurkako tratu txarrak edo indarkeria egoerak oso ohikoak dira gaur egun gure gizartean. Zergatik gertatzen dira zuen ustez?  Horri buruz hitz egin ostean, lau bat ikasleko taldetan bildu, eta tratu txarren kontrako kanpaina bat egin.  Sormena eta irudimena erabiliz hainbat euskarritan egin ditzakete lanak: posterra, pegatina, txapa, iragarkia, ikus-entzunezkoa... (Hona hemen bi adibide: Hegan egin eta Beldur barik)

5-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

 

Ebaluaketa ikasleek ekoiztutakoaren grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko emakumeekin.

- Ea baztertzen dituen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizkeria dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak.

- Ea garbi gaitzesten dituen emakumezkoek pairatu dituzten eta pairatzen dituzten indarkeria-egoerak.

- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.

- Ea azaltzen duen elementu kulturalen (estereotipoak, rolak, etab.) eta emakumezkoen bereizkeriaren arteko erlazioa.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Maria Dorronsoro (Ataun 1921-2011): Ordun e, pekatue zan dana. Mortala.

Rufina Irazu (Asteasu, 1923-2014): Ordun dana pekatuba zendun, dana, dana.

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Dana pekatua, ordun.

Martina Ugarte (Oñati, 1923): Dana pekatu.

Anparo Larzabal (Donostia, 1927): Dana pekatua zan leheno.

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Dena pekatuba, dena pekatuba, dena pekatuba...

Juana Lasa (Tolosa, 1929): Eliza… grabe eon behar zenun elizara ez juteko. 

Visitacion Larrinaga (Irura, 1920): Legia, legia zan hola jutekua ta, ez zeon dudik´e. Ez genun dudik itten, bageñekiun hala jun behar zala ta. Guk ordun hola obedittu itten genun.

Juana Lasa (Tolosa, 1929): Ez dakit gehiegi pentsatu´re itten gendun. Hola eoten giñen. Nola aberei jartzen zaizkie hola, tapa batzuk, aurrea ikusteko… hoixe.

Begoña Gabilondo (Azkoitia, 1921): Bildurrez beti, sermoiek… semoi bildurgarri batzuk itten zittuen.

Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta, 1930): Sermoietan ta betik infernua, betik infernua, infernua, infernua.

Rufina Irazu (Asteasu, 1923-2014): Harrek esaten zittunak, harrek…  askotan malkua atea igual itten zan, ordun. “Guk nola daukau salbatzia? Ezta inola re!”.

Juana Lasa (Tolosa, 1929): Ta han aitzen zan aldarea joka ta kriston zalapartak itten, ta gu hantxe, bildurrez akatzen.

Loren Navarro (Andoain, 1924-2014): Aitortzen giñan gauza askona txorakerik zianak, e. Nei eun batian erretoriak esan zian: “Ai, tienes una conciencia muy delicada”. Esan besteik ez zian: “Espabila hija, que eso...”. Edozer gauza iruitzen zitzaigun pekatu itten gendula. Pentsatziakin.

Joxepa Iparragirre (Donostia,1934): Oaj… pekatu! Bai mutiyai heltzia´re.

Miren Iparragirre (Donostia, 1934): Mutiyakin dantzan ittea re.

Teresa Tolosa (Amezketa (1932):  Mutil bat ikutzen bazendun, ya pekatue zan.

Loren Navarro (Andoain, 1924-2014): Ooo, ikuitzia de bai.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922):  Konfesatzera joan ta galdetzen zizun apaizak ia nobiyuai muxu eman al ziyozun. Muxu ematia genekan debekatua zeuken, baiño horreatikan alkarri ematen geniyon muxu, hombre.

Begoña Gabilondo (Azkoitia, 1921): Hots ein zieben, kongregaziyora jundako baten, sakristire juteko. Jun nintzen ta: bizikletan ibiltzen giñela ta. Pekatu al zan, nere lagunek galdetu zixon ta: “Pekatu ez, baiña pekatu eraiñ bai horrek”. Mutillek ez dakitt ba, neskie bizikletan ikusitte... Oin ez, narrugorrik ikusita´re.

Simona Azpiroz (Berastegi, 1926): Gizonak libre, emakumentzat izaten zan e, zea guztie. Arriskua emakumek emen zeuken. Ta tentazioa emakumek ematen emen zun.

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Bai, neskak, mutilek ez zeuden… Mutilak libre, neskak fama txarra.

Juanita Txintxurreta (Donostia, 1932): Eske emakumia dana txarra zan. Emakumia ez zakazun... dena pekatua zun emakumiak.

Simona Azpiroz (Berastegi, 1926): Emakumek giñen azpikoak, beheko maille hoi. Gizonak ez zeuken zeaiken, ezertatiken zigorrik ez zeuken.

Maria Albizu (Leaburu, 1908): Bi meza izaten zien enjeneral: bat goizen ta bestea atsalden. Bat goizen, zazpitan, ta bestea hamarretan. Ta emakumek goizeko mezeta, korrika, eta gizonezkoak hamarrak alde hortan, hamaiketakoa egiñez patxadan ibiltzeko. Hola izaten zan ordun.

Loren Navarro (Andoain, 1924-2014): Ordun esklaba bat zala andria. Ezeren jabe ez ta gizonak esaten zunera. Ta etxetik atera´de ez.

Milagros Zeberio (Hernani, 1921): Ordun halaxen zan, emakumia zeon... aber, gizonezkuak... jabe zan etxe guztiya ta danen jabe. Emakumiak ez zun ez firmaik eta ezer ez.

Pakita Peñagarikano (Tolosa, 1926): Gainera, emakumeak ez genun botoik emateik, edadia izanda´re.

Sagrario Soroa (Lizartza, 1932): “Ezkontzen dana emakumea da, e.  Jakiñen gaiñen jartzen zaittut. Gizonak ez dakit zer esaten baizu´re, ta zuk baztarrea jun ta negar ingo bazu´re zuk aguantatu behar dezu”.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): A bai? Joooo. Hori gorra den.

Sagrario Soroa (Lizartza, 1932): “Da jostorratza ta haria bezela matrimonioa. Jostorratza gizona ta harie emakumea. Emakumeak eman behar du amore”.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): Hori gogorra esan ziñan!

Sagrario Soroa (Lizartza, 1932): Nei aittek hoik esan zizkiñan.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): Jesus maria!

Sagrario Soroa (Lizartza, 1932):“Ta zue gustoko gauza ittea jungo zea, ta gaurtik jakiñan gaiñen jartzen zaittut: zuk daukezu eramankizuna eraman beharra”. Nei aittek hitz hoiek esan zizkidan.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): Nei ez, ene...

Maria Zinkunegi (Lizartza, 1934): Nei esan ziten: “In zazu etxen ikusi zuna!”.

Maria Zubillaga (Tolosa, 1924): Gero aguantau in behar. Oaingok jarri itzazu. Oain ezkondu orduko apartauta dare.

Kontxita Zaldua (Urnieta, 1924): Hala ikusten zuen ordun.  Orduan gauzak hala ikusten zian. Eta emakume solterak zian ordun... puf! Emakume solterak, bueno madres solteras ta bestela solterak... ni´re soltera naiz, ta giñan... Bueno, hoik asesinas, zea, umen bat izaten bazun, madre solterak, ta ezkontzen ez zana… ez dakit ba nik: ezkontzen ez zana zan pues una sunormal o. Ordun mentalidade hori zeon.

Adelaida Etxeberria (Hondarribia, 1929): Eske… debora batian zen emakumia ezkontzeko. Enkanbio oain ya beste mentalidadea bat dute, ta arrazoi haundiyekin gaiñera.

Kontxita Zaldua (Urnieta, 1924): Baina emakumeak eske egondu gea gu hemen... Oaindikan e asko falta degu, e, baino emakumia zan… hutsaren hurrengua.

Luxia Garmendia (Lizartza, 1932): Kafea hartzea  goizen ta atsalden ateatzen gea. Oain, e. Ta aber nola goazen, e… 80 urtera goaz! Asike oain... Zenbat urte iñ ditteun etxetik atera gabe ta pelikulaik eta zineik ikusi gabe.

Maria Zinkunegi (Lizartza, 1934): Bai, bai, ez deu guk ikusi pelikula haundirik ta teatro haundiriken.

Sagrario Soroa (Lizartza, 1932): Gizonai nundik ondo ingo, besteik ezer ez: gue pelikula hoi izan da.

-Aldaketa handiak ari dira gertatzen azken urte hauetan emakumearen bizimoduarekin eta eskubideekin lotuta (Espainiako estatuan 1931. urtean lortu zuten boto eskubidea emakumeek, gero Francoren diktadura garaian eskubide guztiak zapalduta egon baziren ere; Frantzian, berriz, 1944an). Zumaiako Juan Egañak garbi dauka laster presidente guztiak emakumezkoak izango direla: Emakumeen aurrerakada

-Hala ere, oraindik asko dago egiteko. Genero indarkeria kasuak dira horren adibide garbia. Hainbat dira egoera horri aurre egiteko abian dauden ekimenak. Horietako bat, 'Beldur barik' programa. 

-Feminismoa zer den eta nola sortu zen jakiteko, Wikipediako lotura hau izan daiteke abiapuntua. Feminismoak Euskal Herrian izan duen bilakaera ezagutzeko, berriz, hauxe liburuetako bat: Gure genealogia feministak. Ikus Bilgune Feministaren webgunea ere: hainbat komunikabidetan argitaratutako artikulu interesgarriak dituzte bilduta bertan.

-Abestiei dagokienez, esan emakumeen egoeraren satira egiten duen abestiak ere badirela. Gagnan style da ezagunenetako bat, aztertzeko modukoa. Ekhi Zugastiren azalpenak Koreako abesti horri buruz (01:10 minutuan): http://gazteak.ahotsak.eus/elkarrizketak/ekhi-zugasti-uriguen/eib-646-012


-Hona hemen beste fitxa batzuk, gai honekin lotutakoak. Proposamen pedagogikoa daukate:

Emakumeak eta aisia

Etxeko lanen banaketa

Emakumeak eta janzkera

Emakumeak eta aisia

-Genero berdintasunarekin lotutako beste bideo hauek ere badauzkagu:

Neskak eta mutilak aparte

Gerraostea: emakumeak lantegitik etxera

Bergarako emakumea eta lana

Erraketistak

Santa ageda eskoriatzan: nesken parte hartzea

Utzi zure ekarpena