Emakumeak eta aisia

Igande arratsaldea izaten zen atseden hartzeko eta disfrutatzeko unea, aisialdirako tarte bakarra, emakume gehienendako. Gazteak dantzara joaten ziren eta helduak, berriz, berriketan aritzen ziren, karta-jokoan... Gizonezkoak bolatokira joaten ziren, elkarte gastronomikoetara, txikiteora... Emakumeek ezin zuten tabernetan sartu; gaizki ikusita zegoen. Toki batzuetan, gainera, mutilekin dantza lotuan aritzea ere debekatuta zuten.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero-berdintasuna, Ohiturak

4,90 puntu 5 izarreko maximotik
82 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa agertzea

-Genero-indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Aurre ezagutzak aktibatzeko galdera pare bat egin daitezke, talde handian, bideoaren izenburua erakutsita:

- Bideo hau zeri buruzkoa izango dela uste duzue?

- Zer egingo zuten garai batean emakumeek aisialdian?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.

2-Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu (adib. “Kongregazioa” zer den).

3-Ahozko ereduen azterketa. Bideoa bigarren aldiz ikustea komeni da jarduera hau egiteko. Ahozko eredu ezberdinak aztertuko ditugu, fokua elementu batean edo batzuetan jarrita (keinuak, begiradak, ahotsaren tonua, isiluneak…). Irakasleak erabakiko du bereziki zertan nahi duen ikasleak arreta jartzea (egokia izan daiteke hitzezkoak ez diren elementuei erreparatzea, gero ondoren ikasleekin hori landu ahal izateko).

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Gogoetarako bidea ematen duten galderak egin daitezke, talde handian:

-Espero al zenuten halakorik? Zerk harritu zaituzte gehien?

-Zer antzekotasun eta desberdintasun ikusten dituzue egungo gizartearen eta lehengoaren artean?

-Zer sentimendu sortu dizuete emakume horien pasadizoek?

-Aldatu al da egoera? Noiz eta nolatan gertatu ote ziren aldaketak?

-Gainditutako kontuak dira? Zuek ba al duzue mugarik aisialdian neska edo mutil izateagatik? Neskentzat eta mutilentzat berdina al da? 

2- Iragana eta oraina konparatuko ditugu, talde txikitan jarrita. Helburua, ikasleak emakumeen aisialdiak izan duen aldakuntzaz jabetzea izango da. Taldean azpimarratu dituzten ezaugarriak ahoz deskribatuko dituzte, gainerako gelakideentzat. Ezaugarriak aipatzerakoan, gela osoarenak arbelean biltzen joan daitezke, guztien artean zerrenda luzea osatuz. Bi zutabe egin daitezke, eta alde batean lehengo ezaugarriak eta bestean oraingoak jarri.   

3-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke, talde txikietan. Bost adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Bestearen azalean”. Rol jokoa egitea proposatzen da, bala-bala hizkuntza erabiliz (hitzen ordez bala-bala esatean datza). Komunikazio egoerak antzeztuko dira talde txikitan. Talde txiki bakoitzak lehengo bizimoduari buruzko egoera bat aukeratuko du, eta rolak banatuko dituzte beraien artean. (Adibidez, neska bat taberna atarian mutil-lagunaren zain). Ariketa honen bidez konturatuko gara gai garela hitzak esan gabe ere nahi duguna adierazteko (keinuekin, ahotsaren tonuarekin...). 
  • Eman iritzia”. Bertso sorta bat edo bakarrizketa labur bat prestatu, gaia honakoa izanik: 80 urteko amona bat zara, eta zure iritzia eman behar duzu emakumeen aisialdiari buruz. Kontuan izan lehena eta oraina, biak bizi izan dituzula. Behin prestatu ostean, gela osoaren aurrean aurkeztu beharko dute lana, kantatuz edo ahoz gora irakurriz. 
  • Historia egiten”. Ikasleak emakumeek aisialdian izan duten aldakuntzaren inguruko informazioa topatu beharko dute, ikerketa lana eginez. Horretarako hainbat iturri erabil ditzakete: Internet, liburuak, aldizkariak, inkestak... (adibidez, Emakumeen aisia, ba ote?). Ondoren, informazio-jasotze hori gelan aurkeztuko dute, guztien aurrean. 
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Adinekoei elkarrizketa egin. Aitona-amonak ez dituztenen kasuan, posible da gertuko adineko pertsonaren bati egitea. Emakumea eta aisiari buruz galdetuko zaie. Elkarrizketa egiten den hizkuntzan egiten dela ere, bideoan graba daiteke (bideokamerarekin edo sakelako telefonoarekin; posible da gero ahotsak.eus era eramatea ere). Fitxa eta laburpena egingo dira, euskaraz. 
  • Gaur egunera begira”. Ikasleak talde txikitan jarrita, ondorengo bideo hau ikus dezakete: Zaletasunak eta gizarte rolak. Ondoren, aurreko bideoa eta hau kontuan hartuta, taldeetan euren ustez aisialdian emakumeek jasan dituzten aldakuntza positiboak zein izan diren esan beharko dute, eta aldatu ez den egoera bat. Idatziz jasotzea komeni da, gero beste taldeei azaltzeko.
  • "Gaur egunera begira". Jostailuak eta jolasak, berdinak al dira neskenak eta mutilenak? 'Pentsatu erosi aurretik' bideoa ikusi, eta gelan komentatu. Ondoren, begiratu zure ingurura, zure herrira. Arreta jarri publizitatean eta baita gertuko umeengan ere. Argazkiak atera, propaganda-aldizkariak gelara ekarri... Aldaketa positiboak nabarmendu, genero-bereizketarik gabeko jolas eta jostailuak. Kolaxa egin daiteke, jasotako argazkiekin eta marrazkiak eginez. Aukera bat: jarduera eredugarriak eta eredugarriak ez direnak konparatzea. Gabon inguruan egiteko jarduera izan daiteke, taldeka egitekoa. 

 

5-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien jardueren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

  • Ebaluazio-irizpideak:
 

Ebaluazioa grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko emakumeekin.

- Ea baztertzen dituen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizkeria dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak.

- Ea garbi gaitzesten dituen emakumezkoek pairatu dituzten eta pairatzen dituzten indarkeria-egoerak.

- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.

- Ea azaltzen duen elementu kulturalen (estereotipoak, rolak, etab.) eta emakumezkoen bereizkeriaren arteko erlazioa.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Juantxo Bereziartua (Donostia, 1924-2013): Ta gu gaztiak giñala, jai izaten gendun igande arratsaldetan bakarrik.

Miren Garmendia (Donostia, 1940): Igandetan, ta igande askotan ere bakarrik arratsaldean e! Goizetan, festak baldin bazian o hola. Baino bestela, igande arratsaldean bakarrik ateatzen giñen.

Maria Luisa Zabala (Aduna, 1930): Jaia alleatzen zan, eta goizian mezeta; geo, bezpereta. Bezperetatik atea, eta bertan, eskoban ta punttun ta... Geo Mateon ama-ta´re,  izeba, ta hoik´e gugana juntatzen zien, ta denakin kuadrillan kartaketan ibiltzen giñan.

Maria Luisa Zabala (Aduna, 1930): Emakumek ibiltzen giñan denak; neskak neskakin ibiltzen giñan, ta mutilak ba pelotan o haik beste zea batian ibiltzen zian. Baiño gu askotan kartaketan. Ia geo 18 urte bai, gu ateatzen hasi giñaneako. 

Manoli Andonegi (Donostia, 1922): Etxeko lanak in, ondo jantzi, igandeko erropak eta juten giñan plazara. Lehenbizi konziertua eukitzen zuten txistulariak, ayuntamiento azpiyan, eta gero jotzen zitun bi plaza, bi pieza, dantzako. Ta ordu hartako, dantzan.

Pilar Kortadi (Donostia, 1927): Dantzatu, ta hua, gure felizidadia hua zan! Neskak alkarrekin ta, mutillak baldin bagenitun, mutilekin ta...

Maritxu Rekondo (Urnieta, 1927): Huaxe ze izaten zan gure gazte denboran!  Oaingo aina  zea ba al zan ba... keba!

Elisabet Agirrezabal (Bergara, 1919): Paseau ta dantzan. Plazan edo espoloian ta kitto, se acabó!

Pakita Eizagirre (Zarautz, 1933): Ibiltzen giñen...

Jesus Mari Unanue (Zarautz, 1927): Atzea ta aurrea

Pakita Eizagirre (Zarautz, 1933): Atzea  ta aurrea kale nausiyan, farmazitikan parrokira, parrokitik zea, adios ta adios iñez. Ta hurrena musika hasten zanian, berriz e dantza.

Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928): Baino pentsa, e! Alde batetik neskak eta beste aldetik mutillak, hoi ezautu det nik. Neskak hola: besotik helduta hiru edo lau, en fondo, pasiatzen eta beste aldetik mutillak.

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Eta hola pasatzen gendun jai atsaldia. Justu-justu lau bat o  lau-bost ordu izaten genittun, dantzako, aste guztiya lanian pasata.

Maritxu Rekondo (Urnieta, 1927): Ba soiñua jotzen zun egokitzen zanak, ta dantzan in ta ala!

Mari Tere Pascual (Errenteria, 1931): Mutillak etortzen zian ateratzea: ‘Bailamos?’

Sorkunde Iturria (Errenteria, 1930): ‘Bailamos?’  ‘Sí’. ‘Bailamos?’ ‘No’, beste bateri. Hala etortzen zian mutillak, eta ‘bailamos’.

Juanita Zelaia (Markina-Xemein, 1918): Mutillak elejidu. Neskak ibiltzen zien dantzan, ezta? Eta mutille jute zan neskiei eskatzen. Ta nahi ez bazeban neskiak, itten eutsen ba “ez”!

Bixenta Arrieta (Donostia, 1929): Zea mutillekin dantzan zea lotuan ibiltzia re bekatua zan ta. Gu ibili iten ginan, e .

Miren Garmendia (Donostia, 1940): Eta orduan, ama enteratzen zan eta: “Zigortuta hurrengo igandean ez zoazte ateatzea”.

Mari Tere Pascual (Errenteria, 1931): Hemen, Errenteiyan,  nahiko azkar utzi zuten, zea, a lo agarrau, bueno helduta dantzan. Ze, ez Lezon ez Oiartzunen… toki hoitan ez zuten uzten, e. Bua, debekatua zuten. Hango bikaiyuak-eta ez zuten uzten. Baino Errenteiyan lehenago hasi zen.

Margarita Legorburu (Lezo, 1923): Nik in nuna lehenbizi-lehendabizi mutiyakin dantza, Lezon in nun plazan, fiestetan, ta anaiakin. Bi launak bi anaiekin in gendun, eta biyei zinta moria eman ziguten. Kastigua, mutillakin dantza in nulako!

Juli Elizburu (Zumarraga, 1939): Hijas de Mariako hortan helduta dantza itten bazendun, kongregaziotik kanpoa.

Miren Garmendia (Donostia, 1940): Ez, izandu giñan oso... ez det esango zigortuak baiño bai... ez zizutela uzten zuk nahi zenduna iten ere.  Osea, beti eon behar ziñan bildurrik, beti eon behar ziñan ze esango duten, ze... ez zakazun oaingo askatasuna. Oaingoa, gehiegizkoa nei iruitzen zait. Baino lehengokoa re bai, e. Leheno ez ziguten uzten arnasaik hartzen ere.

Juanita Txintxurreta ( Donostia, 1932) : Ni ikasi be nao oaindik e igarin. Zeatikan anaiak, aittak, primeran zekiten. Gizonak denak, baino emakumeik ez zeon ibiltzeik. Ez genun ez trajebañoik eta ez genun ezer.

Juli Elizburu (Zumarraga, 1939): Esaten ziguen: “Ezin zea hondartza jun. Ezin zea traje de bañun jarri”. Ta pentsa ze tonteri, e: “Blusea hola, gonan azpin, ezin dezu sartu, zeatik e gizonai oso (tentazioa) txarra ematen die, gizonai tentazio txarra”.

Tere Irazola (Amorebiea-Etxano, 1926): Ordun, gure denporan,  orduen ez zan ixeten oaingo moduen tabernara joaterik pe. Gizonak edo mezaostien edo joaten zien ba, edo partidatxue edo bota edo itten... baia oingo moduen andra ta gizon ta umiek tabernara? Andria ta umiek etxera.

Maritxu Goitia (Errenteria, 1923): Ez, ezta pentsatu re. Gizona edo senarra, nahi duzun bezala, hura sartuko zen ta andria geatuko zen kanpuan, hura atera arte.

Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940): Hau zenbat bider nobiyotan e, hau barrena sartu ta ni kanpuan gelditu. 

Maria Pilar Unanue (Azpeitia, 1941): Ezta pentsaure, ene...  Ni behintzat sartzen banintzen inoiz kafe bat edo hola. “Kafe bat hartuko deu, bero-berua, holako lekuten?”.  Ta “bai” ta… beitzen zizuen bicho raro bezela (gaizki ikusita), bicho raro bat bezela. Baldin bazeuden atzin jarrita, denak hola beire ta.

Angeles Aramendi (Azkoitia, 1934): Ez, ez. Neskak tabernan sartzie pekatu zan.

Pepi Añorga (Donostia, 1939): E, joño. Ordun pekatu mortala zan.

Elisabet Agirrezabal (Bergara, 1919): Emakumiak pentsau be ez. Urten be ez. Labaderora erropiakin.

Antonina Alberdi (Donostia, 1925): Gizonak tokan, hor tokan. Eta geo, zea nola esaten zioen… txotxian.

Angela Alberdi (Donsotia, 1936): Sagardua.

Antonina Alberdi (Donostia, 1925): Sagardua txotxian. Baiño gizasemeak bakarrik, e!

Angela Alberdi (Donostia, 1936): Emakumiak ezta ezta ezerre.

Antonita Alberdi (Donostia, 1925): Emakumiak?

Angela Alberdi (Donostia, 1936): Emakumiak lana!

Miren Mendarte (Errenteria, 1929): Emakumeak kaxuela itxian preparatu haientzako.

Estanis Mañarikua (Mañaria, 1913-2012): Andrie etxien ta gizona kalera.

Elisabet Agirrezabal (Bergara, 1919): Ta gainera ixilik, e.

Juli Elizburu (Zumarraga, 1939): Ni etorri behar non beatzitako etxen, zeatik bestela gure aittek esaten zon: “Zertan ibili haiz?”. Ia pentsatzen zon zeoze txarra in behar nola. Nere anaie goizeko bostetan etorri… hi, ez zan ezerre gertatzen.

Rafael Etxezarreta (Andoain, 1940): Gizonak librego ia: emakumeik ez zeola ia pekatuik ez zeon.  Baino karo, peligrua beti emakumia. Jo, emakumia ya erretiatzen bazan, ya ez zeon peligroik. Moxkortu ingo zan gizona, baino hoi balekua zan.

Txomin Garmendia (Berrobi, 1934): Etxe baten baldin bazien mutillek parranderoak,  bi mutil o, o lau o zienak, esango zun igual aittek: “ Ba, ez die etorriko behintzat ume haundittuta ta!”. Baino neskak  zun bildurre ba ume haundittuta… ulertzen diazu, ezta?

Kontxita Mendizabal (Hondarribia, 1930): Sexuan serien behintzat mutillak beti librego.

Txomin Garmendia (Berrobi, 1934): Esaera zaharra da: “Izarrak ertetzean, bego neskatxa etxean”.

Rafael Etxezarreta (Andoain, 1940): Gauza normala bezela ikusten zan, o sea, ohittura. Oain parre itte deu, o zea, ze ohittura zian. Baino, oain pasatzen dana berdintasuna, gizon emakumeen berdintasuna bezela… Ta leheno, gauzak hola ikusten zian ta ez zan iruitzen  noizbaitt aldau behar zuenik´e.  Eta, oaindikan e… “Joe, emakumi hok ari dittuk iyotzen baztar guztita” ta… Bere komentariyuak eta denak hola izaten dia, baiño…  Jarrerak holaxe izandu dia, ta, en cambio, oain arabiana ta ikuste deuna ba oain:  “Jo, hoi, hoik bai diala zeak” ta.  Ta oain rarua ikusten deu, haik hala izatia. Ta oaindaiñarte holaxe izandu gea denok. 

-Garai batean neskak eta mutilak aparte edukitzen zituzten. Gaian sakontzeko, bideo hau ere baliagarria gerta daiteke: Neskak eta mutilak aparte.

-Aisialdiari dagokionez, aldatu beharreko esparru bat kirolarena da. Emakumezko kirolari profesionalak oso gutxi dira oraindik orain, aisialdian ere neskek kirola egiteko aukera gutxiago dutelako. Emakumeari eta kirolari buruzko artikulu bat hementxe: Oraindik jokoz kanpo

-Hona hemen beste fitxa batzuk, gai honekin lotutakoak. Proposamen pedagogikoa daukate:

Emakumeen egoera lehen

Emakumeak eta janzkera

Etxeko lanen banaketa

Emakumea lan munduan

-Genero berdintasunarekin lotutako beste bideo hauek ere badaude:

Erraketistak

Bergarako emakumea eta lana

Gerraostea:emakumeak lantegitik etxera

Santa ageda eskoriatzan: nesken parte hartzea

Emakumeak eta aisia

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza