Emakumea lan munduan

Emakumeak lanarekin izan duen harremanaren bilakaera agerian geratuko da bideo honetan. Neskek ikasteko aukera gutxi zuten, eta gaztetxotatik hasten ziren lanean. Ezkonduz gero, lana uzten zuten, senarra baitzen bere soldatarekin emaztea mantendu behar zuena, etxekoandre eta ama fina.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero-berdintasuna

4,87 puntu 5 izarreko maximotik
255 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa agertzea

-Genero-indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Lehenaldira begira jarriko gara, orainaldia hobeto ulertzeko. Lan mundua aztertuko dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Zuen amonek etxetik kanpo lanik egin al zuten? Ba al dakizue zerbait horri buruz?

-Emakumeek gizonek adina denbora pasatzen al zuten etxetik kanpo lanean?

2- Ikasleen amek zein lan egiten duten: zerrenda bat osatu beharko dute. Ikasleak banan-banan ogibideak arbelean idazten joan daitezke eta, gero, behin zerrenda osatuta, lan horietatik garai batean emakumeek zeintzuk egingo zituzten hautatuko dute.

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta deitu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. (Adib.  “Kofia” eta “krixeda” bezalako hitzen esanahiak).

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Espero zenuten ikusi duzuena? Zerk deitu dizue arreta? Zer nabarmenduko zenukete?

-Ze sentimendu sorrarazi dizue bideoak? Garai hartako emakumeek jasandakoak mindu al zaituzte? Zergatik?

-Etxean entzun al duzue horrelakorik?

-Zer aldatu da? Gaur egun badago neskamerik (ikus testuinguruan)? Gaur egun ogibide guztietan al daude emakumeak? (aurre -ezagutzetan egindako jarduerarekin lotu daiteke eta arbelekoa osatu)

3-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Gaur egunera begira”. Emakumea eta lan munduarekin lotutako egungo gertaerak aztertu, eta albiste bat edo gehiago aukeratu. Banaka edo binaka egin daiteke. (Adibideak: “Emakumeak pilotatzen” eta “Adidasentzat lanean”). Gertaeraren laburpena egingo dute, eta ahoz azaldu eta iritzia eman, gela osoaren aurrean. Aurkezpen txiki bat prestatu dezakete, adibidez prezi programarekin; erabiltzen ez badakite, ereduak erakutsiko zaizkie.
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Binaka egitea proposatzen da jarduera hau. Ondoko albistea “Etxeko lanak ez dira duinak, oraindik ere” irakurri ondoren, elkarrizketa bat egiteko galderak prestatu, etxeko lanetan dabilen pertsona batentzat. Elkarrizketa egindakoan, adibideko egitura erabilitako entregatukoa da (titulua, azpititulua, galdera-erantzunak… eta argazkia), euskaraz. Aurkezpena, berriz, gela osoari ahoz goran irakurrita egin daiteke  batek elkarrizketatzailearena egin dezake eta besteak erantzun).
  • Testigantza bila”. Tradizioz gizonezkoena zen lanpostu bat lortu zuen lehen emakumea izan zen Elisabeth Agirrezabal bere herrian, Bergaran. Enpresa kudeatzailea.  Ahotsak.eus webgunean edota beste iturri batzuetan arakatu, eta testigantza esanguratsu gehiago bilatu. Bideo pasarte bat edo albiste bat aukeratu, eta kontatzen duenaren laburpena egin, zure hitzetan jarrita.
  • Historia egiten”. Emakumeak lan munduan bizi izan dutenaren inguruko informazioa topatu, ikerketa lana eginez. Horretarako iturri desberdinak erabil ditzakete: Internet, liburuak, aldizkariak, inkestak, jendea elkarrizketatu... (adibidez, “Eraldaketaren emakumeak”). Ondoren, informazio jasotze hori gelaz gela aurkeztuko dute, guztien aurrean. Ideia ona litzateke ateratako ondorioekin horma-irudi bat prestatu, eta herriko kaleetan itsastea (eta beharrezkoa den kasuetan, azalpenak ematea).
  • Historia egiten”. Gerraosteko lege batek emakumea ezkontzean lana uztera behartzen zuen. Horri buruzko bideo hau ikusi: “Gerraostea: emakumeak lantegitik etxera”. Ondoren, taldeka garai bateko lege gehiago topatu, emakumeen eskubideen kontrakoak zirenak (adibidez, boto eskubide eza, ikasketa jakin batzuk egiteko debekuak eta zerbitzu soziala egin beharra). Informazioa bildu ostean, gela osoaren aurrean azaldu beharko dira lege horiek.

4- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan hartu ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzez garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko emakumeekin.

- Ea sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa adierazten duen.

- Ea garbi gaitzesten dituen emakumezkoek pairatu dituzten eta pairatzen dituzten indarkeria-egoerak.

- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Teresa Goikoetxea (Hernani, 1930): Eskolara hasi nintzen ba zazpi urtekin eo. Ta juten nintzen hilian behin eo bi bider edo, tormenta zanian. Bakizu zer? Egualdi txarra zanian, baratza juteko egualdi txarra zeola, ta eskolara ordun juten nintzen.

Gregoria Gandiaga (Markina-Xemein, 1919): Eskolia, ta neuk esaten notsan aittari: “Ta nik eskolara bihar jun bihot?”. “Eskolara ezin leike jun, biharra dau asko ta”. Ta ondiño zortzi urte ta, e. Baina neuk be eskolara jutie nahi. Mutillek juten zien, zaharraguek ni baino. “Baina mutillek eskolara jun biha dabe soldau jun biha dabe, ta eskribitzen ikasi biha dabe, etxera kartie itteko”. Oseake... “eta zuek, neskak, josten”. “Ta josten noiz ba?”. “A, gero, hogei urteaz”.  Aittek esaten eban: “Hogei urtegaz”.

Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923): Maistrak etorri zien gue etxera,  bi maistra, esanez neri karrera bat emateko, aitta ta amena. Ta goatzen naiz aittak nola kontestatu ziyon : “Zertako bihar du karrera baserriko neskatxak? Hobe du askoz e josten ikasi, eta beste alde batea prepatu”.

Rosario Amundarain (Ikaztegieta, 1937): Mutillek, danak e, eskola juten zien, gau eskola esaten zitzaiona. Mutilek. Neskak, berriz, ez. Neskak, pentsatuko zuen ba, behin ezkonduz geoz etxen geatu beharko zula, “ta zertako ikasi?”, esango zuen. Eta gu ez giñen juten, neskak. Baiño ez hori gure etxen bakarrik e, denetan e. Mutillek bakarrik juten zien.

Dolores Uribe (Otxandio, 1937): Horregaittik, kastigautxuena, legie zan moduen orduen, ba andrazkue izeten zan. Eta ni be holan izengo nintzen. Ez, baie, bai egixe da gerotxuau ba erakusteko gauzak eta beti pentsetan zala mutilentzako, ezta? Neskie zala… etxeko biherrak itteko,  josten edo ikesi ezkero apur bat, edo, bueno, hori zan; otorduek eitten eta garbittasune edo itten zana, bakoitza bere modure, baie… horregaz pentsetan zan andrazkuentzako, ba nahikue zala.

Rosario Amundarain (Ikaztegieta, 1937): Bizimodue haik atea behar zuela ta, haik ikastea izango zan inportanteena. Neskak, berriz, ezkonduta nola etxen gelditzen giñen ba...

Joxe Mari Gorrotxategi (Tolosa, 1929): Neskak ez zuten ezertxo ere iten. Pensatu´re ez, Valladolidera jutea estudiatzera jutea, pentsatu´re ez, e.  Oseake, kulturaik ez zeukaten. Ta ze iten zun neskak? Ba lanea, o neskame.

Josefa Gurrutxaga (Beasain, 1915): Denbora gutxin ibiltzen giñen gu eskolan. Geo, lana in behar izaten zan ta. Ni ibili nitzan eskolan, 12 urte arte. Ta gero Azpeitira jun nintzan neskame, ume zaitzea, etxea batea. Txanpona irabaztea.

Joxepa Atxega (Lizartza, 1932): Eta ba, zeoze ikasi nahi bazenun, neskamea jun beharra zeon. Ba ni, Donostira jun nintzen ta, hola, aberas jende hoin ondoan. Dontzella. Kozinera, dontzeilla ta aiña, ume zaintzailea.  Nik ba etxea garbitu ta holako gauzek eta gero, o mahie zerbittu ta, han guante txurik-eta, sekulako kofiak-eta, jantzita mantalak-eta...

Gregoria Gandiaga (Markina-Xemein, 1919): Beratzi urtegaz krixeda jun nitzen. Krixeda bakizu zer dan?

Kontxita Mendizabal (Hondarribia, 1930): Batian ta bestian zerbitzen ordun, ta oso gutxi irabazten zuten neskak, orduan. Zerbitzen hola zerian,  hilabetian oso gutxi irabazten zuten.

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1928): Hernaniko emakume guztik, denak fabrikan ibiltzen zian. Ta hemenguak, pues batzuk neskame, bestiak zean, baino hemendikan ere juten giñan, e. Bai, bai. Hemendikan ere juten giñan fabrikara, bai.

Miren Azkarate (Bergara, 1929): Ofizinetan lehenengo-lehenengo akordatzen naiz hiru o lau bakarrik joaten zirela emakumiak ofizinetara, ta gero ya bai, gero ya hasi zien ya gehixen izaten ya ofizinetan emakumiak.  Fabrika hortara joaten zan emakume asko, lana ittera. Baina emakumiak, ezkontzen zienian, gehixenak ezkondu ta segittuan, lanai lagatzen zotzen. Orduan ez zan lana… lanian segitzeko gogo haundirik. Alargunak eta bai, biharrezkuak zien, oseake bihartasunak eruaten zittuen. Baina bestela, ezkontzen zienian emakumiak, lanai laga itten zotzen. Karo, umiak etortzen zien segittuan.

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1929): Ez, ez zan ordun… Etxian gelditzen zan emakumia. Oan bezela lanea? Ez, ez. Oan jun biharra dakate, baino… ordun senarran soldatakin pasa bihar zenun, bai, bai. Ordun, esposatu ta emakumia etxian gelditzen zan.

Mertxe Uranga (Donostia, 1937): Batzuk itten zuten kanpoan baino... gutxi, nik uste det.

Miren Azkarate (Bergara, 1929): Orduan hori zeuan. Gizakumiak zeukan berak mantendu bihar zebala familixia. Ta bestela, geratzen zan pixkatxo bat, e...

Maria Zubillaga (Tolosa, 1924): Ordun, dirue gizonezkok izaten zuen. Emakumak ezer ez zuen irabazten, ta gizonan mende.

Sabina Arruabarrena (Astigarraga, 1929): Amonak beti hoi esaten zian: “Ai, ai, ai, zea, jubilaziyua... emakumia jubiltzen da betiko begik ixten dittunian, orduntxen”.

Maria Zubillaga (Tolosa, 1929): Garai baten hori zan, baino oain emakumek beak irabazten due.  Ta oain emakumea da nagusi, baino ordun gizonak izaten zien nausi, e. 

-Lana ikasketekin lotuta dago kasu askotan, eta garai batean emakumeek ez zuten aukerarik gizonek beste ikasteko. Gainera, ikasketa batzuk emakumeentzat debekatuta zeuden; horrenbestez, lan batzuetan ez zegoen emakumerik (epailea, polizia, abogatua...). Ikus Bergarako emakumeei buruzko bideo hau.

-"Neskamea": Etxeko lanak egiten dituen emakumezko langilea, historikoki emakume gaztea izan dena. Garbiketa, janarien prestaketa, arropa lisatzea, mandatuak egin, haurrak zaindu eta horrelakoak egiten zituzten. Gehienetan interna izaten ziren etxeetan. Asko baserrietako alabak ziren, eta, seme-alaba asko izaten zirenez, diru pixka baten eta mantenuaren truke egoten ziren lanean. Normalean, ezkontzerakoan neskame izateari uzten zioten (batzuetan beren senarren neskame bihurtzeko). Gaur egun lanbide honek gutxi ordaindutakoa izaten jarraitzen du, eta askotan emakume atzerritarrak dira nagusi. 

-Hona hemen beste fitxa batzuk, gai honekin lotutakoak. Proposamen pedagogikoa daukate:

Emakumeen egoera lehen

Emakumeak eta janzkera

Etxeko lanen banaketa

Emakumeak eta aisia

-Genero berdintasunarekin lotutako beste bideo hauek ere badaude:

Gerraostea: emakumeak lantegitik etxera

Erraketistak

Bergarako emakumea eta lana

Santa ageda eskoriatzan: nesken parte hartzea

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza