Emakumeak eta janzkera

Emakumeek ezin zuten nahi zuten bezala jantzi; gizonezkoek baino askoz arau zorrotzagoak zituzten. Gona eta manga motzik ezin zuten erabili. Estalita joan behar zuten. Prakak janztea, berriz, bekatu larria zen. Oso baldintzatuta zeuden, erlijioarengatik batez ere. Eta erlijioak oso beso luzeak zituen: gizarteko esparru guztietara iristen zen. Hainbat emakumeren testigantzek osatutako bideoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Herritartasunerako Hezkuntza

Gaiak: Genero-berdintasuna

4,85 puntu 5 izarreko maximotik
111 iritzi guztira
"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa. Materiala nola erabili jakiteko, ikus gida didaktikoa.

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Aniztasuna aintzat hartzeko eta era positiboan baloratzeko gogoa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Sexu diskriminazioarekiko jarrera kritikoa agertzea

-Genero-indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

-Arbasoen bizimodua eta historia hurbila ezagutzeko interesa


  • Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Lehenaldira begira jarriko gara, orainaldia hobeto ulertzeko. Janzkera aztertuko dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Nola janzten ziren gure aitona-amonak?

-Ba al zegoen araurik janzteko orduan?

-Osagarriak. Buruko zapia eta txapela, zergatik eta noiz?

2-Talde txikitan jarrita, Interneten antzinako argazki bat bilatuko dute ikasleek. Ondoren, ezaugarri nagusiak ahoz deskribatuko dituzte, gainerako gelakideentzat: argazkikoak nola dauden jantzita.

Ezaugarriak arbelean (digitala edo tradizionala) jar daitezke, sexuaren araberako bi zutabetan: arroparen kolorea, luzera, itxura, osagarriak…

 

  • Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Arreta piztu dieten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

  • Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Espero zenuten ikusi duzuena? Zerk piztu dizue arreta? Zer nabarmenduko zenukete?

-Debekuen jatorria. Zeinek jartzen zituen arauak? Zergatik zela uste duzue?

-Noizko kontuak dira? Oso aspaldikoak? Etxean entzun duzue horrelakorik?

3-Iragana eta oraina konparatuko ditugu, talde txikitan jarrita. Aurre-ezagutzak biltzerakoan egindako ariketa errepikatu daiteke, baina gaur egungo janzkerari erreparatuta. Ezaugarri nagusiak ahoz deskribatuko dituzte, gainerako gelakideentzat.

Ezaugarriak arbelean (digitala edo tradizionala) jarri daitezke, sexuaren araberako bi zutabetan: arroparen kolorea, luzera, itxura, osagarriak (piercing-ak barne)…

4-Gaur egunera begira jarriko gara ondoren. Talde handian iritziak, hausnarketak eta hipotesiak partekatuko ditugu. Ondoko galderak erabili daitezke akuilu moduan:

-Aldatu al da egoera? Noiz eta nolatan gertatu ote zen aldaketa?

-Gainditutako kontuak al dira? Zuek ba al duzue mugarik janzteko orduan ala erabateko askatasuna duzue? Neskentzat eta mutilentzat berdina al da?

-Aurreiritzik edo kritikarik sumatzen al duzue gorputz atalak agerian uzten dituzten arropak erabiliz gero?

Leitzako bi gazte hauek "shopping"-ari buruz duten iritzia ere ikus dezakegu: Gizarteko presioa

 

5-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Etxekoei eta gertukoei galdetu, eta janzkerarekin lotutako haien pasadizoak jaso. Pasadizo esanguratsuena(k) grabatu (poltsikoko telefonoarekin edo bideokamerarekin, ahotsa zein irudia). Elkarrizketatutako pertsonaren biografia labur bat osatu eta jasotako testigantzaren laburpena egin idatziz, bideoa erakutsi aurretik azalpenak eman ahal izateko.
  • Testigantza bila”. www.ahotsak.eus webgunean arakatu, eta testigantza esanguratsu gehiago bilatzea garai bateko janzteko moduari buruz. Bideo pasarte bat aukeratu, eta kontatzen duenaren laburpena egin, zure hitzetan jarrita.
  • Gaur egunera begira”. Janzkerarekin lotutako egungo gertaerak aztertu, eta albiste bat aukeratu. (Adibideak: Emakumeen kontrako erasoak arropa gutxi eramatearen justifikatu dituzten kasuak. Hegazkinetako langileen uniformeen araudia: http://blogs.elpais.com/mujeres/2011/03/con-faldas-y-a-lo-loca.html). Gertaeraren lapurpena egin.
  • Historia egiten”. Janzkeraren bilakaera historikoari buruzko ikerketa txiki bat egin. (Adibideak: Debekuak noiz eta nolatan hasi ziren malgutzen. Emakumezkoen galtzen modaren gorabeherak. Emakumeen janzkera arautzen zuten sasoi bateko dokumentuak. Minigonaren historia). Lortutako informazioaren laburpena egin.

6-Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien ikerketaren emaitza ezagutarazteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira, bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

Ebaluazioa grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.
 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak interesa piztu dion.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikaziorako gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

- Ea adinekoen testigantzez garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko emakumeekin.

- Ea baztertzen dituen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizkeria dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak.

- Ea garbi gaitzesten dituen emakumezkoek pairatu dituzten eta pairatzen dituzten indarkeria-egoerak.

- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.

- Ea azaltzen duen elementu kulturalen (estereotipoak, rolak, etab.) eta emakumezkoen bereizkeriaren arteko erlazioa.

- Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.

- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.

- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.

-Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.

-Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Igandian elizara joateko mantilla. Gu mantillakin juaten giñan elizara, mezetara.

Enriketa Aranburu (Hernani, 1926): Bai, mantillak eraman behar izaten giñun, burun, eta manga motzakin e ez jun.

Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940): Ta eskoteik´e ez, mangak´e honeaiño… mangik gabe ez.

Miren Lorea Billar (Elgeta, 1931): Eta manga motzekin be ez oskun lagatzen, manga luziekin etorri bihar izaten zan eskolara. Udan be manga luziekin. Manga motzekin etortzen baziñan zigortu berak eiten ziñuan.

Loren Navarro (Andoain, 1924): Eta gonak ere badakizu: belauniko jarri eta lurra ikuittu bihar dizue. Motzago ez.

Simona Azpiroz (Berastegi, 1926): Honbre! Motxaxeo baldin bazien kritikatua izaten zan hue. Hortiken zean ezin zittekeen ibili. Baiño zan, dena zan hola.

Miren Lorea Billar (Elgeta, 1931): Holan belauniko ipintzen giñuzen eta erropak, gonak joten ez baoskuen behia, soltau ta zigortu iten giñuzen zerian.

Begoña Gabilondo (Azkoitia, 1921): Hartu zittun goraziek ta taka-taka-takak ta askatu zian dobladillue eta hola erori zan eta pun, gona luze-luziekin halaxe jun nitzen etxera. Ta gero gure amak, gu bazkaltzen geunden denboran, ein dobladillua luziakin eta holaxe. Gaur hori pasako balitzake telebisiyun aterako lekebe. 

Eta galtzak?

Bernarda Arizmendiarrieta (Elgeta, 1925). Orduen dana gonia izaten zan. Orduan ez zan praka... hau modia ba gero etorri da.

Enriketa Aranburu (Hernani, 1926). Geroztik ateria dao. Hori ni ezkondu eta gero aterako zan, gainera. Galtzakin ibiltzeko ze hori. 

Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940). Seseintanueven o holan, nere ahizpak jarri zitun lehenbiziko aldiz eta nola kritikatzen aittu zaizkiyon denak. Ez, ordun ez zan janzten. Eske iñork ez zun ematen, emakumiak, e, galtzik, e. 

Damiana Gojenola (Berriatu, 1918-2015). Keba prakak, pentsau be ez. 

Mari Ardanza Azkarate (Durango, 1927). Prakarik ez, pentsau be ez. 

Juanita Zelaia (Markina-Xemein, 1918). Eez, prakaik pentsau be ez. Ene, prakia barregarrixa izango zan orduan. 

Felisa Guridi (Legazpi, 1928): Bai, pekatue zan orduan. Emakume bat prakakin?! Buenooo...

Nati Garmendia (Urnieta, 1929): Josus! Hua bai zala pekatua, galtzak jaztia. 

Maria Etxeberria (Legazpi, 1921): Praka? Hori oaindik urte asko ez da jarri dala, e! 

Maria Jesus Azkune (Azpeitia, 1934): Lehenengo Azkoittira prakakin bajau zanien Agiñakue esaten debe, basarrikue, prakakin lehenengo kalera bajau zanien, multia pagau zuen.

Simona Azpiroz (Berastegi, 1926): Lotsa galdu gendula. Hola hasi giñelako, gizonak bezela jazten hasi giñelako.

Joakina Zubillaga (Tolosa, 1929): Jesus! Lehelengo emakumeak hasi giñenen galtzakin, garoa, garoa bakizu zein dan? Garoa biltzeko ta, bakizu…

Simona Azpiroz (Berastegi, 1926): Hartzen gendun esku baten itaie, itai honekin azpitik hartzen gendun garoa, eskukin hola kontuz, ta hola bera genekarkila ba iztarran ondoan joaten zan, ez, ta zanko denak eta iztarrak denak-eta eukitzen giñun ba dena urratuta. Ta ordun hori ez itteko, bonbatxoak.

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Gu, neska gaztiak, umiak oaindikan, baina hasi giñen anaiaken galtzakin gereziyak biltzera ta juten. ‘Eneee, enee, biño nolaz galtzakin? Ui, ze lotsagarrikeiya. Hori lotsagarrikeriya, galtzakin’. Hura haserre! Eta nik esan niyon: ’Beira, gu arbolan gaiñian ibili gea, azpitikan jendia pasatzen da fabrikara lanera eta gu han, bi hankak hola jarrita, bat adar batian eta bestia bestian, eta behetikan gizonak goitti begira, zer da hobia? Gu galtzakin egotia o gonakin?’. Eta aitaren itten zuen, aitaren. Eta: “Arrazoi duzute, arrazoi duzute”.

Simona Azpiroz (Berastegi, 1926): Ya handik hurrungo urten beste batzuk'e hasi ziela, ta geo hasi ziela bestek, ya geo mendia garo-lanea joaten giñenen behintzat hasi zien denak. 

Gumer Irastortza (Irun, 1931): Lanerako. Beti lanerako, gaiñekuan ez, ezta pentsatu re. Jolin, zeinek jantzi orduan galtzak... guk han bertan, baserriyan, etxetik zelaira joateko eta mendira edo... baina handikan ez giñen kamiyora iñora ateatzen gu. Bertan, baserriyan bertan. Gaiñekuan bertsuak jarriko ziguten! Garai haitan, hola ikusita?

Joakina Zubillaga (Tolosa, 1929): Ta lehendabizi ikusi giñuenak, mutil batzuk badakit, gu baino zaharxeagoak eta, burlezka! (ze esaten zizueten?) Ze esango zuen? Jo, hoik ipurdik azalduko zaizkizue ta, galtzakin ta, burla hoi gendun.

Pantxi Matxain (Donostia, 1928): Aurreneko ni galtzak jazten hasi nitzanian, jazten nitun aldameneko etxian, aittak ez ikustiatik. (Bai?) Bai, hasi zianian jendia galtzakin-ta /da/, aittak ez ikustiatik, zeatikan bronka izango nun, eta han jazten nitzan. 

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922): Nik ez det nere denboran galtzik jantzi. Oain dela... 20 bat urte arte. Hasi nintzan galtzak jazten ba Parisera biajera jun giñanian. 

Maria Jesus Azkune (Azpeitia, 1934): Prakak noiz? Gero! Ointxe arte jantzi al deu ba prakaik guk? Gañera, gaztiek eta bai, baina gu zaharrak lotsau iten giñen. Oain erantzi ere ez ditugu iten, e. Hain die praktikuk!

Pantxi Matxain (Donostia, 1928): Oain urtiak damazkit nik gonik ez detela jartzen.

Karidad Mendizabal (Mutriku, 1929): Oain ere esaten die: ‘83 urte eta bakeruekin ez zauz, baina?’ ‘Ui, zeaittik ez?’. (klaro ba) Ni ohittu nai galtzakin, eta galtzak!

 

  • Gaiarekin lotutako jakingarriak:

-Minigona 50eko hamarkadan asmatu zuten, eta 60ko hamarkadan hasi zen zabaltzen.

-Emakumeak 60ko hamarkadan hasi ziren galtzak erabiltzen; lehenago ere erabiltzen zituzten batzuek, baina lanerako bakarrik edo atzerrian, Marlen Dietrich eta Katharine Hepburn bezalako aktore ezagunek. Berariaz emakumeentzako egindako prakak 70eko hamarkadan jarri zituzten salgai, eta orduan hasi ziren zabaltzen. Hala ere, denbora dezente behar izan zen Euskal Herrian galtzen erabilera orokortzeko. Adineko emakume askok ez dute egundaino galtzarik erabili.

-Interneten eta komunikabideetan aurki daitekeen informazio sexistaren adibide bat. Minigonari buruzko erreportajea: http://www.eldiariony.com/vida-estilomoda/article/20140114/Las-faldas-cuestion-de-pulgadas

-Janzkerarekin lotutako Ahotsak-eko testigantza interesgarri bat: Janzkera ez da arimaren ispilu”.

  • Hona hemen beste fitxa batzuk gai honekin lotutakoak. Proposamen pedagogikoa daukate:

Emakumeak eta aisia

Etxeko lanen banaketa

Emakumea lan munduan

Emakumeen egoera lehen 

  •  Genero berdintasunarekin lotutako beste bideo hauek ere badaude:

Neskak eta mutilak aparte

Gerraostea:emakumeak lantegitik etxera

Erraketistak

Bergarako emakumea eta lana

Santa ageda eskoriatzan: nesken parte hartzea

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza