Dona Dona Katona

Zotz egiteko antzinako abestia.

Mailak: LH, HH

Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas

Gaiak: Kanta-jolasak

3,25 puntu 5 izarreko maximotik
4 iritzi guztira

Kanta-jolas hau Elgoibarko herri eskolan landu zuten, HHko 4 urteko umeekin baina LHrako ere aproposa da.

Nola jolastu?

1-Asko baldin badira, umeek biribil bat osatuko dute (zutik ala lurrean eserita) eta ume bat erdian jarriko da. Umeak gutxi baldin badira, berriz, nahikoa da elkarren ondoan jartzearekin, marra bat osatzen, eta beste umea haien parean jartzea, aurrez aurre.

2-Umeak kanta kantatuko du, gainerako umeak banan-banan hatz erakuslearekin seinalatuz. Ume guztiek batera abestu dezakete. Abestia bukatzen denean, “ra” esatean, seinalatzen ari den ume hori izango da aukeratua. Zertarako? “Kanpora” esaten du abestiak, eta ume hori biribiletik kanpo geratuko litzateke.

3-Ume kantariak kantatzen jarraituko du, eta banaka-banaka umeak kanporatzen joango da. Ume bakarra geratzen denean, horixe da jolasa irabazi duena.

Sariren bat edo opariren bat banatu behar denean erabil daiteke kanta hau.

Zotz egiteko kanta-jolasak gauza positiboetarako erabiltzea komeni da, eta ez inor kanpoan uzteko. Hortaz, seinalatutako umea biribilaren erdian ipintzea izan daiteke beste aukera bat. Hala, ume gehienak jarriko dira biribilaren erdian, kantuan.

Askotan izaten da zerbaiterako zotz egiteko beharra: taldeak egiteko, zerbait egin behar duena aukeratzeko, zerbait banatzeko… Horrelako egoeretan erabil daiteke zotz egiteko kanta hau. Besterik gabe jolas moduan ere erabil daiteke, ondo pasatzeko.

Partaide kopurua (gutxienez): 3

Dona Dona
Katona
Sutondoan
aitona
Lepotik behera 
kutuna
A ze neska/mutil
tuntuna
Zu kanpora!

Dona Dona Katona antzinako kanta da, zotz egiteko erabiltzen dena. Oso kanta ezaguna da: zotz egiteari dona-dona egitea ere esaten zaio, abesti honen eraginez.

Kanta honen hainbat aldaera daude. Guk Arrasateko Arantxa Iregiri jasotakoa hartu dugu oinarri moduan. Hauxe da beste aldaera bat, oso antzekoa:

Dona dona, katona

Sutondoan aitona

Lepotik behera

kuttuna,

Atera kanpora

neska-mutil

tuntuna

 

Kuttuna umeei lepotik zintzilik jartzen zitzaien amuletoa zen, osasun ona izateko (domina edo eskapularioa izaten zen normalean).

 

Zotz egiteko beste bi abesti ere jaso ditugu:

 

Bergarako Rufina Beiztegiri “Don Don Beledon ere jaso genion:

Don Don Beledon

Beledongo elizan

Zazpi gizon dantzan

Zu mozkorra

Ni mozkorra

Nahi dabena, nahi dabena

Kanpora!

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza