"Egurretan" abestia txalo-jolas bihurtu dute Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean.
Mailak: LH, HH
Proiektuak: Aretxabaletako Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Kanta-jolasak
Kanta-jolas hau Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean landu zuten, LHko 2. mailan. HH bukaerarako ere egokia da.
Nola jolastu?
Umeak binaka jartzen dira, eta kantatu bitartean eskuekin egiten dute jolas, txaloka. Umeek beraiek asma dezakete txalo-jolasa, irakaslearen laguntzarekin. Horixe bera egin zuten Aretxabaletako ikastetxe horretan.
Partaide kopurua (gutxienez): 2
Aittitte ta amume
bixak egurretan
Aizkoria galduta,
bixak errixetan
Ai ai ai mutila,
txapela gorria
Ai ai ai neskatxa,
pañelo txuria
Bideoan agertzen den emakumea Ondarroako Antigua Urbieta da. Berak dioena kontuan hartzen baldin badugu, Ondarroan asmatutako abestia dela pentsa dezakegu. Baina abesti hori Euskal Herriko beste herri batzuetan ere jaso izan da. Bergarako Paula Alberdiri, esaterako, beste aldaera hau jaso genion:
Aittaitta ta amama
juan ziran mendira,
aixkoria galduta hasarretu ziran.
Aittaittak amamari kopetatik tira,
amamak aittaittari belarritik tira.
Euskomedia Fundazioak bide beretik doan aldaera hau jaso zuen Bilbon (Oskorri musika taldeak ere kantatzen du):
Aitite ta amama
egurretan dire,
aizkorea galdute
hasarratu dire.
Aititek amamari
gonetatik tire,
amamak aititeri
praketatik tire.
Tiretu ta tiretu
prakazarrak apurtu.
Tire ta tire
alkarrenak dire
tire ta tire
konponduko dire.
Aitite ta amama
egurretan dire
aizkorea galdute
hasarratu dire.
Aititek amamari
kopetatik tire,
amamak aititeri
belarritik tire.
Tiretu ta tiretu
belarria gorritu.
Tire ta tire
alkarrenak dire
tire ta tire
konponduko dire.
Ikastetxeetan txalo-jolas bihurtu dituzten beste kanta batzuk:
Ahotsak.eus proiektuan jasota dauzkagun beste bi ume kanta hauek ere aproposak izan daitezke txalo-jolas bihurtzeko: Txilin-txilin maña eta Txominena.