Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan

Zer leku dute euskalkiek ikastetxeetan? Eta komunikabideetan? Eta zer leku izan beharko lukete? Iparraldeko zein Hegoaldeko hainbat gazteren iritziekin osatu dugu bideoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

5 puntu 5 izarreko maximotik
12 iritzi guztira

DBHko 3. mailan lantzeko proposamena.

Ikasleengan bultzatu asmo diren jarrerak:

-Euskarari buruz hausnartzeko interesa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Herri hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

-Euskalkien aberastasunaz jabetu eta haien erabilera sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik:

  1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
  2. Euskalkien erabilera izango dugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderen bitartez:

-Herrian ba al dago bertakoa den euskalkirik? Hala bada, non erabiltzen da (kalean, etxean, sare sozialetan, herri aldizkarian, ikastetxean…)?

-Zuek erabiltzen al duzue euskalkirik? Erabilera informala da ala formala ere bai?

-Entzuten al duzue zuena ez den beste euskalkirik? Non?

-Zer leku dute euskalkiek ikastetxean? Erakutsi al dizuete euskalkian nola hitz egin edo nola idatzi? Irakasleek erabiltzen al dituzte euskalkiak eguneroko jardunean? Euskalkiei buruzko zer mezu iritsi zaizue? Noiz erabili behar da?

 

Bideoa ikusi bitartean

1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Esate baterako: Ainitz (asko); hagitz (oso); erran (esan); solastu (hitz egin); biño (baina); bertzenaz (bestela); amatxi (amona); kapable (gai); bertze (beste); izanen (izango); martitzena (asteartea), egueztena (asteazkena), eguena (osteguna), barikue (ostirala), zapatue (larunbata) eta domekie (igandea); gatxa (zaila); pentsetan (pentsatzen); aitu (ulertu); allegatzia (iristea); gura (nahi); eurak (haiek berak)…

4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Bideoko gazte gehienek diote euskalkiak esparru formalagoetan ere erabili beharko liratekeela, ez bakarrik kalean. Zein da zuen iritzia? Ondo legoke adibidez euskalkian nola idatzi jakitea (aditzak, idaztarauak…) ala hobe da norberak nahi bezala erabiltzea?

-Egokia al da ikastetxean (ikasketa-plangintzetan) euskalkiek duten lekua? Ez bada hala, zer leku izan beharko lukete?

-Zein da euskalkien presentzia euskarazko komunikabideetan (marrazki bizidunetan, telesailetan, gazteendako programetan, Teleberrian…)? Bideo hau ere ikus dezakegu, ETB1eko “Zuek hor eta ni hemen” saiokoa: Zein da euskalki xarmangarriena?

-Egokia al da hedabideetan euskalkiek duten presentzia?

-Gaztea irratian erabiltzen duten euskara gertukoa egiten zaizue? Onintza Enbeitaren bideo hau ikus dezakegu. Iritziak partekatu.

  1. Hau euskalkia duten herrietako ikastetxeetan egin daiteke: Zein dira gure herriko euskalkiaren ezaugarriak? Zer berezitasun ditu? Ezaugarriak aterako ditugu guztion artean. Informazioa bilatuko dugu euskalkiaren gainean. Herriko hitz eta esamolde bereziekin zerrendatxo bat egin dezakegu. Herriko hedabideetan erabiltzeko modukoak dira? Girotzeko, Tribuaren berbak saioko bideo hau ikus dezakegu: Maule-Bilbo-Azpeitia
  2. Euskalkitegia jolasa erabiliz, ea zenbat asmatzen dituzten!

 

  1. Azken ekoizpena:Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):
  • “Sormena lagun”. Istorio bat asmatu, herriko euskalkia (edo bestela, hainbat euskalkitako hitzak, ahalik eta gehien) erabilita. Ikasle bakoitzak hitz bat esango du. Gela taldeka bana daiteke. Istorioa grabatu egingo dute ikasleek (poltsikoko telefonoarekin egin daiteke), eta gero gelakideekin partekatu (bozgorailuak erabil daitezke). Hitzekin jolas egitea eta ondo pasatzea da helburua (ez dugu istorioaren kalitatea neurtuko, ezta zentzua ere; berdin dio surrealista baldin bada).
  • Ika-mika”. Euskalkiak eta batua elkarren osagarri dira. Euskalkiek batua aberasten dute. Alabaina, ika-mikak ere sortzen dira batzuetan: euskalkiak-batua borroka moduko bat dago aspalditik (60ko hamarkadan euskara batua sortu zenetik; ikus Euskalkiak eta euskara batua bideoa). Adibiderako, Iñigo Martinez futbol jokalariaren kasua aipa daiteke. Realetik Athleticera joan zenean ondarrutarrez idatzi zuen agur-eskutitza, eta sare sozialetan eztabaida sutsua sortu zen euskalkien erabileraren gainean (2018ko urtarrilean). Ikus albistea.

Eztabaida egingo dute ikasleek, bi taldetan banatuta. Batzuk eremu formaletan euskalkia erabiltzearen alde egongo dira. Besteak, berriz, euskalkiak eremu informalerako soilik direla esango dute. Talde bakoitzeko kideek beren iritzia defendatuko dute, horretarako argudioak eta azalpenak emanez. Eztabaida formalen ezaugarriak azalduko ditu irakasleak: nola argudiatu, zer formula edo testu antolatzaile erabiltzen diren, etab. (ikus sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak). Hala, ikasle talde bakoitzak argudioak prestatuko ditu, eztabaida egin aurretik. 

Ikasleak asko badira, talde txikiagoetan ere egin daiteke (lau-bost laguneko taldeak).

  • Eman iritzia”. Euskalkiekin izandako harremanari buruz hausnartu eta euskalkiei buruzko iritzia ematea da jarduera honen helburua. Beren esperientzia kontatuko dute ikasleek, sentimenduen ikuspegitik. Ez dute ezer idatzi beharko. Beren sentipenak ahoz azalduko dizkiete ikaskideei, eta bat-bateko jarduna izango da, neurri handi batean. Giro informala lortzeko, lurrean eserita egin daiteke, biribilean jarrita. Banaka hitz egingo dute ikasleek, txandaka, euskalkiekin eta euskararekin izan duten esperientzia kontatzeko (biribilean eseritako hurrenkeran egin dezakete). Aukera bat: irakaslea ikasleei galderak egiten joatea, hitz eginarazteko. Beste aukera bat: galderak edo puntuak arbelean jartzea, hala ikasleek gida bat izan dezaten. Pentsarazteko eta hitz eginarazteko, galdera hauek erabil ditzakegu:

Euskara

Noiztik dakizu euskaraz? Nola ikasi zenuen?

Zer da euskara zuretzat (inposatutako hizkuntza, eskolako hizkuntza / etxekoa, gurea, maitea…)?

-  Euskarak ba al dauka modu informalean erabiltzeko hitz eta esamolde nahikoa?

 

Euskalkiak

Zer harreman duzu euskalkiekin (gertukoak zein urrutikoak)?

Zure euskalkia. Baldin baduzu: Noiztik? Nola ikasi zenuen? Non erabiltzen duzu? Euskalkiak ba al dauka identitatearekin zer ikusirik zuretzat? Batuan ala euskalkian hizketan berdin sentitzen zara? Ez baduzu: falta igartzen duzu? Beste batzuek (euskalkidunek) zure “euskalduntasuna” zalantzan jarri dutela iruditu al zaizu inoiz? Zer sentitzen duzu (pena, amorrua, indiferentzia)…?

Besteen euskalkiak. Interesik eta jakin-minik pizten al dizute? Gustura ikasiko zenuke euskalkiren bat?Arrotzak zaizkizu ala gertukoak? Beste toki batzuetako jendearekin komunikatzeko, aldatzen al duzu zure euskara?

Beste hizkuntzak

Beste zer hizkuntza dakizkizu? Joerarik bai erdarara jotzeko? Noiz? Norekin? Zergatik?

Hizkuntza eta nortasuna. Zer punturaino daude lotuta?

 

  • "Jolasean". Jolas bat egingo dugu. Horretarako, gela hiru taldetan banatuko da: A, B eta D. Gazte hiztegira jo eta euskalki desberdinetan erabiltzen diren esamolde eta hitz erakargarriak bilatuko dituzte ikasleek.

-Ikasle bakoitzak gustuko hitz edo esamolde bat aukeratuko du eta bi aldiz idatziko du, bi papertxotan. Papertxo horiek beste taldeei emateko dira. Beste papertxo batean, berriz, hitz edo esamolde horren sinonimo bat edo azalpena idatziko du, eta berak gordeko du. Adibidez:

Esamoldea: Zingan jun  (birritan idatzi; beste bi taldeei emateko)

Azalpena: Pikutara joan, haizea hartzera joan  (behin idatzi, tolestu eta gorde)

-A taldekoek idatzitako hitz eta esamoldeak B eta D taldeei emango dizkiete. B taldekoenak A eta D taldeentzat izango dira. Eta D taldekoenak, berriz, A eta B taldeentzat.

Dena prest dago jolasa hasteko!

-Helburua: Bikoteak egitea. Hitz edo esamolde bakoitzari sinonimoa edo azalpena aurkitzea.

-Nola jolastu? Talde bakoitzeko kideak azalpenak irakurtzen joango da, banaka. Papertxoan jartzen duen azalpena irakurriko du, eta beste bi taldeetakoek bikotea aurkitu beharko dute: hitz edo esamoldea zein den, alegia.

Bozeramaile bat izendatuko da talde bakoitzean, erantzunak emateko, bestela eromena izan daiteke. Talde bakoitzak bi aukera izango ditu. Txandaka erantzungo dute. Asmatzen duen taldeak puntu bat lortuko du.

Ikasleak asko baldin badira, hiru talde egin beharrean lau ere egin daitezke. Kasu horretan, papertxo gehiago egin beharko dira. Hitza edo esamoldea hiru aldiz idatzi beharko da (bi aldiz idatzi beharrean), gero gainerako hiru taldeei emateko.

 

5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, antzezlana, bideoz jasotako adierazpena… eta ahal dela bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

 

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.

 



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea aztertzen eta balioesten duen hizkuntza estandarrak eta euskalkiek euskararen iraupenean eta transmisioan duten funtzioa.

- Ea deskribatzen duen euskarak egun duen egoera, azaletik bada ere.

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen, erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan argitasunez eta kortesiaz jarduteko.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Hezkuntzan

Samuel Biscay (Aiherra, 1988):

-Ttipieri euskara batuan?

Leire Barbier (Aiherra, 1988):

-Hara, hori da betiko eztabaida. Ni ikastolan nintzan beraz ikasi dugu ahoz behar girela mintzatu gure euskalkian baina idatzian, EGA pasatu dugunean eta, behar genuen dena… adibidez ‘gira’ ordez ‘gara’ eta holako legeak… baina nik ez dakit, nire lanean zailtasunak ditut… nire haurreri, nire ikasleei ari naiz nire euskalkian eta gero adibidez ikasten dugunean aditz bat idazten dute adibidez ‘zira’, ‘gira’, ‘zirazte’ eta gero parentesien artean emaiten dut batuan. Hola erraiten da. Behar dute jakin ere. Baina batzuk erraiten dute behar dela dena erakutsi batuan.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990):

-Oiartzueraren kontukin: ikastolak eta bueno, eskola publikuk etabar, hezkuntzak orokorrin euskera batua erabiltzen du, ttikitatik askotan eta nik uste orokortasun batin, ez Oiartzunen bakarrik, orokortasun batin e herriko hizkuntzak ari dia baturantz jotzen. Hau da, nahi gabe, ze hori, lehen esan duguna, gazteleran kutsua bezela, ba batuan kutsua… ez dut esaten ona o txarra denik, e. Nik pentsatzen dut euskera batuan hitz egitia ona dela eta behar dula, jakin behar dugula. Joe, ba denak elkarrekin ongi harremantzeko, biñon euskalkiak igual behar du bere berezitasun hortan babes ttiki bat. Ez dakit, nik uste hezkuntzatik bertatik hasi behar lukela, e.

Maddi Sarasua (Itsasu, 1995):

-Gauza, Itsasun pasa dena, bon, denetan pasa dena nere ustez, mais… generazio batek hain gaizki ikusia zen, debekatua eskoletan eta hola, galdu duela euskara eta hartu duela usaia mintzatzeko frantsesez eta bai etxeetan ere, transmisio hori etena izan da. Eta beraz, ez da pasa, eta ikasi dutenek ikasi dute ainitzetan ikastolan, eta beraz guk ikastolan ikasi dugun euskalkia ez da itsasuarra, eta amak ere ikasi duena ez da izan… eta beste batzuk halare atxiki dute etxean, baserriko hizkuntza, eta hoiek badute, gazte hoiek, gaur egun halere badira, bai, holako batzuk… badutenak euskara etxeko hori, mais biziki desberdina da ikastolan ikasi dugunen euskara.

Ainhoa Sarasua (Itsasu, 1997):

-Bai, adibidez haiek ez dira ikastolan ibili; beraz, ez dakit nola erran baina haiek ez dute inoiz jasan haien konplexu hori: beharbada haien hizkera desberdinarena. Guk, denek, nahiz eta izan batzuk ez dakit, Makeakoak edo hola, denek berdina atxikitzen genuen, ta ez dakit, bazen halere konplexua norbere…

Maddi Sarasua:

-Irakaslearena ikasten ginuen. Ez ginuen norberarena egiten, mais hori da...

Ainhoa Sarasua:

-Ta haiek mantendu dute gehiago, ze etxean erabiltzen zuten. Beraz, etxean, etxekoa.

Maddi Sarasua:

-Niri adibidez biziki erakargarria egiten zait hori: euskalki itxi bat, etxeko euskalkia duena eta kriston pena dut ze ez mintzatzea Itsasuko euskalkian edo baxenafartarrek dute guk baino pixkat etxeagoa edo… eta tak, badut joera hoiena hartzeko edo ez dakit, pena dut ikastolan ikasi ginuela eta ikasi dugula batu hori.

Maialen Chantre (Bera, 1991):

-Dependitu du, nik uste, irakasletaz.

Patxi Castillo (Bera, 1992);

-Irakasletaz, hori da, bai.

Maialen Chantre:

-Hemen herrikoak ziren irakasleek bai in digute hemen, hemengo euskalkian. Eta kanpokoak ziren irakasleak euskara batuan eta baten bat saitzen zen bueno, sartzen zun bere euskalkia ta maiz guk eskatuta ere bai. Bizkaitar batei eskatzen genion: Solastu zuk solasten duzun bezala han! Bino bertzenaz ez. Dependitzen zun irakaslea nungoa zen.

Maddi Sarasua:

-Adibidez ‘h’-arena aipatu dugu ere. Amatxik, amak hori ere, h-a hasperentzen du eta guk ez: Baxenafarroan bai me guk ikastolan ez genuen hola ikasi, baina nik uste dut irakasleak ere ez. Gure irakasleak ez zuen egiten, guk ere ez.

Julen Idarreta (Oiartzun, 1990):

-Ikasteko aukera emateko ere irakasliak behar dute.

Maialen Chantre:

-Batuan, azkenean, euskara batuan ikasi dugu gehienak.

Leire Barbier:

-Ongi da izaitea euskara batua…

Samuel Biscay:

-Sinplifikatzeko gauzak bainan…

Leire Barbier:

-Baina gero ez dira behar ondoko euskalkiak hil...

Maialen Chantre:

-Nik uste bai mantendu beharko zela herri bakotzan herri hortako euskalkia, azkenean herriarentzat aberastasun bat da, eta zure nortasunan parte da, ez?

Leire Barbier:

-Idealena litaike mintzatzea gure euskalkian eta gero izaitea kapable idaztea batuan eta behar denean batuan idaztea, bai. Zeren ta bakoitzak idazten bagenu gure euskalkian ez litaike ulergarri denentzat. Beraz, nik zinez idatziarentzat ongi hats emaiten dut jakitea batuan idazten, bainan gero mintzatzeko… ulertzen gira.

Maialen Chantre:

-Nik igual bai faltan bota dutena da alderantzizkoa:  nik testu batean idaztean jakitea: idazten ahal dut ‘bertze’ eta onartuko didate? Edo idatzi beharrean ‘oso ona’ da jartzen ahal dut ‘hagitz ona’ da eta aurkeztuta proiektua euskal gobernuan onartuko didate “hagitz” jartzen badu? Igual gauza hoiek bai ez dizkigute erakutsi, eta bai eskertu izanen non jakitea haber nere euskalkia ze punturaino erabiltzen ahal duten formalki edo ze espresio onartu diren egoki bezela, ez?

Andoni Amadoz (Leitza, 1999):

-Nire lagun askok esaten dite: baino nola hitz eitten zu hola? Nik ez dizut ulertzen hola hitz eitten dozunen zure lagunekin! Hemen Leitzen pues beste era batera hitz egiten dugu. Pues Zizurren batuz hitz eiten da eta hemen ez, eske hemen ez lukee tutik e ulertuko baiño neri hori harritzen zat, ez? Pues adibidez nik ingleserako dot erreztasune eta beste batzuk due edozein hizkuntzararako, baino neri oso harrigarria itten zat nola euskaaz, bueno, batuaz dakien pertsonak ez izatea, erreztasun hori ez izatea guk hitz eitten dogun modun pues ulertzeko, ez? Ingleserako nibel hobea izatea euskalki baterako baino pues… raroa iten zat, zeatik nik inglesa zerotik ikasi non hiru urtekin edo ez dakit zenbat urtekin eta oain nibel ona dot. Ta beste batzuk egon die hiru urtetatik euskeraz hitz egiten eta guri ez digue ulertzen.

Patxi Castillo:

-Adibidez EGAko azterketan ahozkoan nik banekin nire euskalkia zuzena zela, egiten badut ongi, eta nere euskalkian egin nun, eta gero azterketa bukatuta etorri zitzaidan zuzentzailea eta eskertu zidan, erran zidan aspertuta zegola hainbertze euskara batua, hainbertze euskara batua, ez dakit zenbat ordu pasa zittula hitz eta esamolde berdinak aditzera eta derrenpente agertzen zaizu bat bere euskeraz ari dena eta pixkat txip aldaketa hori… ongi etortzen dela ta nik badakit gure euskera ongi dagola, badakiten bezela Bizkaiko ez dakit nungo euskalkia ere ongi dagola.

Onintza Enbeita (Muxika, 1979):

-Nik Muxikeko eskolan ikasi nauen eta niretzako asteko egunak dire: astelehena, martitzena, egueztena, eguena, barikue, zapatue eta domekie. Nire aiztek ba bueno, beste hori batzugaittik, Gerniken ikasi ebien, Gernikeko eskolan, eta nire aizte zarrantzako dire astelehena, asteartea, asteazkena, ostegun, ostiral, larunbat eta igandea. Ta niri hori itten jat ba gatxa aitzeko, ze joe, ni euskara batuen aldekoa naz eta pentsetan dot egon bidala puntu bet danok batuko gaittuna ta ikasi gure dauenak nunundik ikasi bihe dau, ez? Baina jolin, Gernikeko eskola baten maistre edo maisu dauen persona batek. Jo, ze kostaten jatzu arbelien ipinttie: 2014ko azaroaren 14a, barikua, ez? Zegaittik larunbata? Ez dakit, gauza batzuk galdu die edo ez dire zainddu eta ez dot motiboa aitzen.

Komunikabideetan

Manex Agirre (Aramaio, 1982):

-Bai esango neuke Euskadi Irratian in dala ahalegin bat, aber, e, ez euskalkixa erabiltzeko, bakoitzak bere euskalkixe, baizik eta batua bizixau bat erabiltzeko, bakoitzak bere terrenora ekarritta, ez? Ez dakit, pues Itziar Alduntzinek eguerditan itten dau… beti sartzen dau zeozer… eta ez dau inolako arazorik hori ez, hori ulertzeko. Eta arratsaldetan Xabi Larrazabal be bai.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982):

-Bizkaiera sartzen dau… Baine egixe da euskal telebistan ez dala erabiltzen horrenbeste euskalkixe, e! Ezpada holan programa konkretutan… bestelan batuaz itten da.

Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980):

-Ba telebista publikuan euskera batuan ittia igual ba danok, danek ulertzeko. ETBkin etorri dana da ez nekin gauza bat: euskera batua bastante kontrolatzen nabala, ezta? Nik eee Klaro, ikastolan ikasi dogu euskara batua, oin dala 15 urte, 16 urte, eta gero euskara batuan ez gara ibili. Ni Elgoibarren ez naiz euskara batuan ibili eta esango nuke iñun ere ez. Orduan, badauz aditz batzuk hor, mekauen, euskeraz e… ez direnak hain errezak eta konturatu naiz  zorionez buruan dittutela ondiok, ikastolan ikasittakuak. Zorionez, ze lan hontarako, telebistarako, oso ondo etortzen jata. Eta bueno, hor erabiltzen dot euskara batua batez ere, ezta? Telebistan, eta nere telebistako lanian objetibotako bat da ahalik eta naturalen izatia euskera batuan, osea, nik lortzia euskera batua neria sentitzia. Eta elgoibartarrez oin itten doten bezela transmititzera allegatzia euskera batuakin. Hori da nire objetibotako bat.

Manex Agirre:

-Oso kontestu formaletan ez baldin bada, eta hor be bueno, pst, esan gura dot informatibuetan, ez? Hor be igual gauza batzuk onartuko nittuzke eta bultzatuko nittuzke. Bai saiatuko nintzen esatarixek euren etxetik dakarkiena, dakarkienera hurbiltzen euren batua. E, forma batzuk… ez dakit, hitz batzuk… Hitz biherrien berba esan… adibidez, ez dakit. Oso gauza sinpliek, ez? Danondako naturalak dien gauzak. Bizitasuna emuteko ahozkuei. Eta ahaztu barik, ze askotan da gauza bat ahaztu itten dana, holan mirariz moduen, azkenaldiko euskalki-batua eztabaida aspergarri honetan be bai, jende asko dauela euskalkirik ez daukona. Jende pillo bat, gero eta gehixau, ez? Eta daukiena, euren batua, ze ez dot uste iguala danik Gasteizko eta Iruñako batua… ez neuke esango iguala danik. Eurai be ba hori, euren etxetik dakarrena eitteko. Badakit ez dala erreza, e? Ta ez dauket hemen proposamen majiko bat holan, baiñe bajatu daixela apur bat rejistrue, ez? Eta horrek bizitu ingo dau zera.

Andere Arriolabengoa:

-Bai, ze askotan oso artifizila moduen gelditzen da, ze ibiltzen dittue forma batzu eta batukuek gero iñok ez dittuenak erabiltzen… bueno, igual euskaltegittik urten berri dan batek bai, baine kalien ez dienak erabiltzen. Eta eskertzen da, egixe esan, kaleko euskeria entzutie komunikabidetan.

Manex Agirre:

-Bai.

-Irakaskuntzan euskara batua da nagusi. Euskara batua sortu zutenean, eztabaida handia egon zen: euskalkiak-batua borroka moduko bat. Batua gailendu zen, eta horrek euskalkiak eremu informaletara mugatu ditu. Ikus Euskara batua eta euskalkiak bideo-fitxa.

-Mendebaldeko euskara (bizkaiera) eta zuberera dira euskara batutik urrutien dauden euskalkiak, eta euskalki horietako ikasleen hizkuntza-jakintza alboratuta (eta sarri gutxietsita) geratu da ikastetxeetan. Garai batean oso normala zen euskalki-kutsuko zernahi automatikoki euskara batuaren kontrakotzat hartzea, euskalkia eta euskara batua elkarrekin ezin bateratuak balira bezala. Gaur egun, beste irekiera bat igartzen da euskalkiei dagokienez: batua eta herri hizkerak uztartzeko nahi bat. Alabaina, ondorioren batzuek bizirik diraute, baita irakaskuntzaren eremuan ere, besteak beste oraingo eskoletako irakasle asko orduko giro hartan heziak direlako.

-Irakaskuntzan bi ikuspuntu agertzen dira, euskalkiei dagokienez: hizkuntza-eredu bakarra irakastea (batua), edo hizkuntzaren beste aldaera batzuei lekua uztea (batua eta herriko euskalkia, biak irakastea). Bigarren bide horrek gero eta indar handiagoa du, maila teorikoan behintzat, baina ez da bide erraza. Ikasle denek etxetik dakarten hizkuntza-jakintza ez da parekoa izaten, irakasle askok ez dakite bertako euskalkia...  Noiz eta nola erabili euskalkiak ikastetxeetan? Zer mailatan? Ahoz bakarrik ala idatziz ere bai? Materiala falta da: idaztarauak, aditz taulak... Bizkaieraren kasuan, bizkaiera batua erakutsi behar da ala herriko hizkera? Zalantza ugari sortzen dira.

-DBHn, euskalkien ezaugarriak irakasten dira, Euskara eta literatura ikasgaian (Oinarrizko Curriculumaren arabera). Euskalki bakoitzeko ezaugarri nagusiak normalean, herriko euskalkian gehiegi sakondu gabe. Ikasleek euskararen erregistro formalez gainera informalak ere erabiltzea balioesten da Curriculumean, baina hori praktikara eramateko tresnak falta dira sarritan.

-Gaian sakontzeko, ikus Julian Maia eta Kepa Larrearen lan hau: Euskara batua eta euskalkiak Haur eta Lehen Hezkuntzan

-Hedabideetan ere euskara batua da komunikazio-hizkuntza nagusia. Esatari gehienek batua erabiltzen dute. Hori bai, aurkezle batzuek beren euskalkietako hitz batzuk sartzen dituzte (bizkaiera, nafarrera, lapurtera…), baina euskara jasoa erabiltzeari utzi gabe. Euskalkiak modu informalean Wazemank bezalako umorezko saioetan erabiltzen dira gehien (kritikak ere jaso dituzte horregatik).

 

-Euskalkiekin lotuta, ikus bideo-fitxa hauek ere:

Euskalkiak

Euskalkiak eta umorea

Mendebaldeko euskara

Zuberera

 

-Euskalkitegia jokoa ere badaukagu, euskalkiak asmatzeko jokoa!

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza