Euskara ikasteko prozesua

Euskara ikasi duten atzerritarren testigantzekin osatutako bideoa. Nola ikasi dute? Erraza gertatu zaie ala zaila?

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Integrazioa, Euskara

1,10 puntu 5 izarreko maximotik
273 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Euskarari buruz hausnartzeko interesa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Bizikidetzarako jarrera erakustea

-Etorkinen integrazioa sustatzeko griña

-Hizkuntza-aniztasuna ezagutu, errespetatu eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik:

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. Halako galderak izan daitezke:

-Euskara hizkuntza zaila dela diote batzuek, munduko hizkuntza zailenetako bat dela… Egia al da? Euskara ez ikasteko aitzakia moduan ere erabil daiteke uste hori?

-Ezagutzen al duzue euskara ikasi duen edo ikasten ari den heldurik? Zenbat denboran ikas daiteke euskara? Hizkuntzak ikasteko prozesuari buruz hausnartu.

-Eta ezagutzen duzue euskara ikasi duen atzerritarrik? Nongoak dira? Zergatik ikasi dute euskara?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an:

-Bideoko pertsonek ondo hitz egiten al dute euskaraz?

-Zer sentimendu eragiten dizue atzerritarrak euskaraz hitz egiten eta euskara defendatzen ikusteak?

-Gero eta atzerritar gehiagok ikasten dute euskara. Euskara jakitea “plus” bat al da? Zer eskaintzen du? Integratzeko balio du? Euskara, integrazio hizkuntza bideoa ere ikus dezakegu.

-Ingurune euskalduna izan ala ez… horrek zenbateraino baldintzatzen du euskara ikasteko nahia? Geuk be ondarrutarrez bideoa ikus dezakegu.

-Euskara (eta beste hizkuntza batzuk) ikasteko prozesuan zein dira eman beharreko pausuak? Zer da zailena, zuen ustez?

  Girotzeko, Sevillako Reyes Prados kazetariari egindako elkarrizketa ikus dezakegu.

 

3- Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Kazetari bihurtu, eta euskara ikasten ari den norbait elkarrizketatu. Bi-hiru ikasleko taldeetan, galderak aurrez gelan prestatuta. Euskaltegi batera joango gara, bertako ikasleak elkarrizketatzera (talde bakoitzak bi-hiru ikasle). Galdetegia laburra eta erraza izango da. Adibidez:

-Izen-abizenak

-Nongoa zara?

-Zergatik ari zara euskara ikasten?

-Nolakoa ari da izaten euskara ikasteko prozesua (zaila, erraza)?

-Zenbat denbora daramazu?

Elkarrizketa bideoan egitea gomendatzen dugu, gero ikasgelan ikusi ahal izateko (elkarrizketak egin aurretik, ikus jarraibide orokorrak). Ikasleei egindako grabazioak editatu egingo dituzte. Talde bakoitzak muntaia txiki bat egingo du (bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Aurkezpen txiki bat ere prestatuko dute, bideoa erakutsi aurretik ikaskideei azalpenak emateko.

Bideo guztietako pasarte onenekin beste ikus-entzunezko bat presta dezakete, dokumental labur gisakoa, ikastetxean eta herrian ezagutarazteko.

 

  • “Gaur egunera begira”. Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Euskal Herrian? 101 L proiektua ezagutuko dugu guztion artean. 101l.ahotsak.eus webgunean saltseatuko dute ikasleek.

Ondoren, ikasle bakoitzak hiztun hauetako baten pasarteak aztertuko ditu (guztiak euskaraz elkarrizketatuak):

 

Davide: Galizieraren egoera

Jordi: Katalanaren egoera

Vahe: Armeniera munduan

Bake: Seme-alabei mandinkeraz

Irina: Errusiako hizkuntzak

Fariba: Persiera edo farsiera

Cilla: Finlandiera edo suomiera

Helen: Alabarekin ingelesez

Tarana: Azerbaijanera

Wednesday: Bissauko kriolera

Janusz: Polonierari buruz

Miki: Italierari buruz

Zishan: Urduera eta punjabera

Aurel: Albaniera

Petra: Alemana

Mia: Finlandiako hizkuntzak

Barry: Gaelikoz eskolan

Chuserra: Aragoiera

Truck: Vietnamgo hizkuntzak

Andreea: Errumaniakoa

Len: Gaelikoa eta ingelesa

Jorge Naur: Mankanyera

Danitza: Peruarra

Diana: Lituaniakoa

 Egokitu zaien edo aukeratu duten hiztunaren pasarte guztiak/gehienak ikusi, eta esanguratsuak iruditzen zaizkien bi pasarte aukeratuko dituzte, gelakideei erakusteko. Aurkezpen txiki bat ere prestatuko dute. Banaka, binaka edo talde txikietan egin daiteke.

Jarrai dezaketen egitura:

-Nor da hiztuna? Biografia azaldu: non jaio zen, non bizi den, noiz eta zergatik etorri zen, euskara ikasteko prozesua eta zergatia…

-Hiztunaren bi bideo pasarte erakutsi gelan

-Azalpenak aukeratutako pasarteei buruz: zergatik aukeratu dituzten, iritzia eman…

Atzerriko hizkuntzak hitz egiten dituzten ikasleei beste aukera hau ematea ere ondo legoke: nahi badute, beren biografia azal dezatela. Aurkezpen bideo bat ere graba dezakete (bi hizkuntzatan: euskaraz eta etxeko beste hizkuntzan), ikasgelan erakusteko.

 

  • “Sormena lagun”. Euskal Herrian hitz egiten diren beste hizkuntza batzuetako hitzak ikasten saiatuko gara: “kaixo”, “zer moduz?” eta “oso ondo” bezalako oinarrizko hitzak ikasiko ditugu. Lehenengo, gelako hizkuntza guztiak jasoko ditugu. Ikasleek arbelean jar ditzakete (beste alfabeto batean idazten badira –zirilikoa, arabiarra…-, ondoan ahoskatzen den modua jarriko dute). Aski badira, horrekin egingo dute sormen lana (bestela, Euskal Herrian hitz egiten diren beste hizkuntza batzuk ere aintzat har ditzakegu; horretarako, ahotsak.eus webgunera jo dezakegu: “Gaiak” > “Hiztegia 101L”). Girotzeko, Mihiluze telebista saioko bideo hau ere ikus dezakegu: ‘Kaixo’ esateko era ezberdinak.

Zer egin hitz horiekin?  Hona hemen bi aukera (talde bakoitzak nahi duena aukera dezake):

-Abesti bat sortu, euskaraz, beste hizkuntza batzutako hitzak tartekatuz. Bertso bat ere izan daiteke. Gelakideekin partekatu.

-Bideo bat grabatu. Ikasle bakoitzak hitz bat esan dezake, eta ondoren muntaia txiki bat egin (horretarako, ikasleek editatzeko programak ezagutu beharko dituzte). Adibiderako ikus: Donostiako hizkuntzak. Egindako lana gelakideekin partekatu.

 

  • Bestearen azalean”. Ikasleek hizkuntzekin izandako esperientziak partekatuko dituzte. Batzuentzat ama hizkuntza ez da euskara izango. Zenbaitek atzerriko hizkuntzaren bat jasoko zuten etxean. Beste batzuek hizkuntzaren bat ikasten jardungo dute orain (ingelesa, adibidez). Gertatutako anekdotak eta bizipenak batuko ditugu. Eta horiekin esketxak sortuko ditugu, talde txikietan jarrita.

-Istorioa pentsatu

-Pertsonaiak eta gidoia asmatu

-Esketxa ikasi eta entsegatu

-Ikaskideen aurrean antzeztu

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko (bideoa, antzezlana, abestia, aurkezpena…). Aurkezpenak laburrak izango dira eta ondo legoke bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

  • Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea ezagutzen dituen ikasgelan, ikastetxean eta inguruan hitz egiten diren hizkuntzak.

- Ea jarrera positiboa eta errespetuzkoa ageri duen inguruan dagoen eleaniztasunarekiko eta kultura-aniztasunarekiko.

- Ea euskarak integrazio-tresna gisa duen balioaz jabetzen den. 

- Ea hizkuntza baten egoera zehazten duten oinarrizko faktoreak deskribatu, eta horien adibideak ematen dituen, bai eta hizkuntzen arteko ukipen-egoeren ondorioz sortutakoak ere.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

 

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Yiwen taiwandarra (Donostia):

-Euskaraz ikasten ari naiz eta bueno, baino momentu ulertzen hitz egin baino hobeto.

Bake senegaldarra (Zizurkil):

-Apuntatu nintzen EPAn Villabonan, eta holaxen hasi nintzen euskera ikasten. Euskera ikasten eta andraekin kaleko jendea ta familia, lagunekin praktikatzen eta bueno, holaxe, poliki-poliki, poliki-poliki. Orain ulertu bai. Poliki-poliki.

Mia finlandiarra (Zestoa):

-Euskara ba segituan AEK-ko klasetan hasi nintzen, gogo handia nuelako. Euskararen ezagutza txiki batzuk, hitz solte batzuk, bertso batzuk ikasi nitun ya Finlandian senarran bitartez eta hori.

Wednesday ginea-bissautarra (Oñati):

-Bueno, etorri baino lehen ya Coimbran egon nintzenean, hasi nintzen, bueno jakinminagatik hasi nintzen euskera ikasten, hemengo bi lagunekin e-mailen bidez galdetzen: agurtzea nola esaten da ‘egun on’, ‘buenos días’ eta ‘agur’, ‘adios’. Holako gauzak eta eta kontatzen baita zenbakiak.

Thomas frantsesa (Donostia):

-Hasi naiz ikasten euskera 19-20 urtekin, euskal etxean Parisen eta gero itzuli naiz, etorri nintzen askotan hona ikastaroak egiten eta hori, eta pasa nuen denbora asko ere Lazkaoko barnetegian, hori, euskara ikasten.

Wednesday:

-Heldu nintzenean Oñatira, matrikulatu nuen Oñatiko euskaltegian, baina bueno jakinminagatik, e. Eta bueno, hasi nintzen.

Davide galiziarra (Bilbo):

-Ostiral batean gauzak batu, Compostelan, kotxea hartu, Andoainera heldu, eta astelehen goizean hori, pixkat herria ezagutzea, eta pues zuzen-zuzenean euskaltegira: “osea, beittu, ni Davide naiz, Galiziatik nator eta euskara ikasi nahi dut”.

Irina errusiarra (Zumaia):

-Ikasi nun Zarauzko euskaltegian. In nun lehen bi urtiak presentziala eta irakasle izugarria eduki non, oso ona, izugarria, eta giro oso ona geneukan hor. Eta ya ez zeuden klasean hirugarren urterako ez zeuden klaseak presentzialak eta ordun pasatu genuen Internetez bidez iten, astian behin juten giñan hara tutoretzak egitera eta mintza saioa egitera eta hori, eta horrela in nitun hiru urte.

Barry irlandarra (Donostia):

-Eskolara jun naiz, jun nintzan pare bat aste eta gero nere kabuz. Batez ere nere kabuz, eta gero urte batzuk beranduago, agian 34 urterekin, behin betiko erabakia hartu nuen hemen bizitzea betirako, eta orduan zen ‘orain da lan egiteko momentua’ ezta? Hasi nintzen irakasle partikular batekin nere burua antolatzeko. Eta gero jun nintzen barnetegi batera, Ondarruan.

Len irlandarra (Zumaia):

-Egon naiz, baina aspaldi: AEKn eta gero partikular batzuk egin… neska batekin, hemengo neska batekin, baina oso gutxi. Eta behin barnetegi batean Naparroan bi aste. Oso zaila zen, baina bueno, esperientzia berezia zan ere bai.

Miki italiarra (Donostia):

-Lehenengo urtea pasa ta gero pasa nuen hamabostaldi bat barnetegi batean, pixkat ‘a lo loco’. Eta oso gogorra izan zan, ze azkenean nire maila zan super baxua, baxuena, eta oso gogorra zan bi aste ba bederatzitatik hamarrak arte euskaraz pentsatzea, hitz egitea, klaseak egin… bueno. Nahiko gogorra baina oso oso esperientzi polita.

Tarana azerbaijandarra (Tolosa):

-Uste dut hasieratik hiztegi gutxirekin saiatu naiz moldatzen. Lehenengo 3-4 hilabete erdera nolabait ikasi nun eta uste det zan 6 hilabete hemen hasi nitzen ya euskerako hiztegiekin pixkat  jakiteko kuriosidade hori neukan, ez? Jakitea ia zer dan, nolakoa dan. Eta hori, zailtasunak neukan, komunikatzeko garaian, hizkuntza aldetikan. Baina gero ya ikasita jendearekin eta, askotan egoten nintzen hemengo jendiakin lanetan, kaletan, eta horrek lagundu zidan pues bere momentuan azkar eta lehenbailehen ikasteko hemengo hizkuntza.

Bake:

-Bai, ez da eskolan bakarrik… eskolan ikasi baina kalean praktikatu, jendeakin, bai.

Yiwen:

-Baino pixkanaka-pixkanaka ikasten umeekin eta familiarekin.

Sebastien frantsesa (Zumaia):

-Bai, umeekin eta lagunekin, kalian. Dana kalian.

Mia:

-Orduan klasetaz aparte hasi nintzen Berria irakurtzen, bueno, artian Egunkaria zan. Irakurri, bueno, orriak pasa eta ez nuen den-dena ez nuen ulertu, noski, baino hitz batzuk, eta: aaaa, beitu! Berri honen nundik norakoak gutxi gorabehera jarraitzen det eta bueno horrek animatu nindun. Euskadi Irratia jarri eta… laguntza haundiak dira hoiek, bai.

Len:

-Hasi nintzen ikasten hitzak, hitzak eta eduki nun koaderno bat patrikean eta egunero hitz batzuk ikasten eta horrela, kalian, presik gabe.

Wednesday:

-Eta bueno, euskeraz, egunero ikasten nabil. Egunero hartzen dut hitz bat edo esaldi bat edo…Bokabulario aberasten.

 Zaila ala erraza?

Miki:

-Hasieran nire kabuz baina zaila zan… azkenean, ikasi, fundamentuarekin ikasi behar den hizkuntza bat da euskera, ez da zaila, super zaila, da… baina fundamentuarekin ikasi behar da.

Bake:

-Bueno, hasieran bai, hasieran bai, kostatzen zait.

Wednesday:

-Baina bueno, kostatzen zait, hasieran adibidez nik ‘egun on’ esaten nuen egunun', eta idazten nuen egunu’. Nahiz eta neukan agenda bat euskeraz, egunak eta euskeraz, baiña... Eta ‘zorionak’ esaten nuen ‘zoroniak’.

Andrea errumaniarra (Donostia):

-Zaila izan da, baina bueno, pixkanaka-pixkanaka hobetzen det. Pentsatzen det nik.

Irina:

-Jendeak esaten du zaila dala, baina hori, rusoz ez dakite. Rusozko gramatikoa bueno, zaila ere, zaila da.

Jordi katalana (Bilbo):

-Hombre, zaila da baina ez dakit grekoa edo errusiarra ikastea nolakoa dan, seguraski zaila be bai. Karo, pertsona batzuentzat gogorragoa edo zailagoa eta beste batzuentzat igual errazagoa, según eta zure ilusioa, zure interesa, zure ahalegina zein den, baina bai, egia esan behar badut ba zaila da... Jajaja

Diana lituaniarra (Donostia):

-Ez, ez da zaila. Ni beti pentsatzen… ez da ezer gertatzen, bakarrik praktikatu behar dut, ez? Eta ni ez naiz lotsati. Beti hitz egiten umearekin euskeraz, beste jendearekin ere bai…

Davide:

-Euskera ez da zaila ikastea, hori da mito bat. Benetan, e, ez da… baina muga hori edo horma hori apurtu behar dugu, bai ala bai. Osea, ez da zaila.

Zishan pakistandarra (Antzuola):

-Euskera ikastia neretzat ez zan izan zaila. Ikasi neban ba denbora gutxi, igual sei hilabete, lau hilabetian ya banebilen jendiakin hitz egiten.

Irina:

-Zailena dela iruditzen zait hitz egiten ausartzea. Ateratzea. Gramatika daukazu, dena daukazu, teoria, baina kanporatzea hori igual zailagoa dela. Baina beno, pixkanaka-pixkanaka, hanka sartzen, aurreratzen zoaz.

Jordi katalana (Gasteiz):

-Jo bai, gogoratzen dot batzutan kostatzen zitzaidala eta pentsatzen nuela: “jo, ba hanka sartuko dut”. “Hobe ixilik gelditzen baldin banaiz”, baina ez, ez. Hoixe ahalegina iten nuen eta aurrera, e. Eta lotsa hori gaindittu.

Davide:

-Argi eta garbi hamen bizitzeko, eta bai hamengo ohiturak ulertzeko eta bai hamengo bizimoduan ehuneko ehun egiteko, euskara osea garrantzitsuena da. Euskal Herrian euskaraz barik bizitzea, puff pues... euskara barik hamen ibiliko nintzateke turista moduan.

Jordi:

-Herritartasun bat ere eman didazue. Esan nahi dut, euskaldun izatia, nahiz eta katalana izan. Euskaraz egiten dudalako, ez? Eta hori da ostras, irekiera bat, ez? Mundua zabaltzea, kanpotik gatozenontzat oso integratzailea da, ez?

Davide:

-Ni Galiziatik nator, eta galiziarra naiz. Osea, galiziarra, euskalduna. Hori da ere mugak edo harresiak apurtzeko, ez? Etorkinak ere euskaldunak gara. Ni galiziarra, euskalduna.

 

-Gero eta gehiago dira euskara ikastea erabakitzen duten atzerritarrak, euskara integrazio-hizkuntza gisa ikusten dutenak. Ikus bideo hauek:

Euskara, integrazio hizkuntza

Zumaia eleaniztuna

Donostia eleaniztuna

-Bideoan badira euskara euren kabuz ikasi dutenak (badira autoikaskuntzarako materialak), baina gehien-gehienak euskaltegietan ibilitakoak dira. Hori bai, EPA ikastetxeetan (helduendako ikastetxe publikoetan) ere ikasi dute batzuek euskara. Eta hizkuntza akademia batzuetan ere ikas daiteke; besteak beste, hizkuntza akademia ofizialetan.

-Euskaltegiak euskara ikasi eta lantzeko ikastetxeak dira, berariaz hortarako sortuak. Euskara dute ardatz eta euskalduntzea helburu nagusi.

-Euskaltegien jatorria: lehenengo alfabetatze taldeak 1965 inguruan sortu ziren, Euskaltzaindiaren babespean eta Rikardo Arregi kazetariaren ekimenez. Ikastolen mugimendua ere pil-pilean zegoen garai horretan (ikus bideoa: Gerraosteko ikastola klandestinoak).

-Euskal Herri osora hedatzen ziren neurrian, alfabetatze-arloa jorratzeaz gain (euskaldunei beren hizkuntzan idazten eta irakurtzen irakastea), euskararik ez zekiten euskal herritar multzo handiari euskara irakastearen beharra agerian geratu zen. Halaxe sortu ziren euskaltegiak, helduentzako gau-eskola moduan.

-Euskaltegiek 1980 eta 1990eko hamarkadetan bildu zituzten ikasle gehien: 44.000 pertsonari irakatsi zieten euskara, helduak gehienak.

-Denboran zehar, garai berrietara egokituz joan dira eta euskara ikasteko beste aukera batzuk ere jarri dituzte euskaltegiek, barnetegiak bereziki.

-Egun bi motako euskaltegiak daude: publikoak, udalek eta beste zenbait erakunde publikok kudeatutakoak, eta pribatuak.

-Gehienetan, euskaltegiak saretan elkartzen dira; horrela AEK, Elkarlan, Batuz eta IKA elkarteak daude, bakoitzak bere baitan hainbat euskaltegi hartzen dituztenak. Era berean, federatu gabeko hainbat euskaltegi daude. EAEn, homologatutako euskaltegi guztiak, publiko zein pribatuak, HABE erakundeak diruz laguntzen ditu.

-AEK 1976an sortu zen, Bizkaian, eta 80ko hamarkada hasierarako Euskal Herri osora zabalduta zegoen. Gaur egun ehun euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago ditu AEK-k eta 600 bat irakasle.

-IKA 1989an sortu zen, eta Nafarroan eta Araban ditu euskaltegiak.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza