Gerraosteko ikastola klandestinoak

Euskarazko irakaskuntza, gerraostean. Ezkutuko ikastolak nola sortu ziren eta nola joan ziren zabaltzen.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Oroimen historikoa, Euskara

4,79 puntu 5 izarreko maximotik
19.044 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa

- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

- Ahozko ondarea ezagutu eta balioesteko gogoa

- Bizikidetzarako eta elkarlanerako asmoa

- Euskara zaindu eta sustatzeko griña

DBHko 3. mailan lantzeko aproposa.

 

Bideoa ikusi aurretik:

  1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
  2. Ikastola klandestinoak izango ditugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderen bitartez:

-Zer dakizue garai bateko ikastola klandestinoei buruz? Noiz eta non sortu ziren?

-Ikastolen mugimendua 60ko hamarkadan finkatu zen, baina nola hasi zen?

-Zergatik sortu ziren ikastolak? Zer baldintzatan egiten zuten lan? Nola joan ziren hedatzen? Noiz lortu zuten legezko izatea?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2. Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez: Klandestinoa (ezkutukoa, isilpekoa, legezkoa ez dena), gala(ra)zi (debekatu), ikuskatzailea (inspektorea)…

4. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer nabarmenduko zenukete? Ezerk harritu al zaituzte? Eman iritzia.

-Nork sortu zituen ikastolak? Nor zen Elbira Zipitria?

-Hemen, gure herrian, izan al zen ikastola klandestinorik? Dakizuena kontatu.

-Gurasoen ausardia aipatzen dute, izan zituzten oztopoak... Zuen ustez, zer izango zen zailena?

-Gerra aurrean sortu ziren euskarazko lehen eskolak, baina 1936ko gerrarekin bertan behera geratu ziren. Nolakoa zen orduko giroa? Zer dakizue Francoren diktadura garaiko irakaskuntzari buruz? Gaian sakontzeko, Euskararen kontrako neurriak bideoa ikus dezakegu.

-Noiztik da posible ikastetxe publikoetan euskaraz ikastea? Zer urtetatik gutxi gorabehera?

 

  1. Azken ekoizpena:Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • Historia egiten”. Euskarazko irakaskuntzaren historia aztertuko dugu. Talde bakoitzak zer landu nahi duen erabaki dezala (betiere euskararen egoera zein zen azaldu beharko da). Hona hemen hainbat aukera:

Euskarazko irakaskuntza gerra aurrean

Irakaskuntza Francoren diktaduran

Ikastola klandestinoak

Euskal Eskola Publikoa

Euskarazko ikasketak unibertsitatean eta Lanbide Heziketan

Euskal Curriculuma

Herriko ikastetxeak historian zehar

Gure ikastetxearen historia

Ikastolen aldeko jaiak (Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats)

Eskola txikien festa

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea. Korrika

Hainbat iturri erabil ditzakete ikerlana egiteko: liburuak, sasoi bateko egunkariak, Interneteko informazioa eta albisteak, antzinako argazkiak, ingurukoen testigantzak, ikus-entzunezkoak… Talde bakoitzak gelan aurkeztuko du egindako ikerketa, ahoz. Aurkezpenak egiteko programaren bat erabil dezakete, panel bat osatu…

Lanketarekin jarraitzeko aukera bat: aldizkari txiki bat egitea talde guztiek jasotako informazioarekin. Fotokopiatu eta beste gela batzuetan bana daiteke.

Garabidek egindako Euskararen berreskurapena: hizkuntzak berreskuratzeko gako batzuk dokumentala ere ikus dezakegu.   

 

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, herriko historiaren biltzaile. Herrian euskarazko irakaskuntza bultzatzen aitzindari izandako pertsona bat (edo bi) gelara gonbidatu, eta elkarrizketa egingo diote. Galderak guztien artean prestatuko dituzte.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak, enkoadre kontuak batez ere), gerora ere erabili ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke, taldeka:

  1. Elkarrizketa idatziz jarri, eta argitaratzeko moduan ipintzea (titulu nagusia, azpititulua, sarreratxoa, galde-erantzunak, argazkia, argazki-oina…)
  2. Grabazioa editatu eta elkarrizketatuaren pasarte onenekin ikus-entzunezko bat sortzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Ikasleek off-eko ahotsa grabatu dezakete eta sasoi bateko argazkiak ere erabili ditzakete (elkarrizketatuari eskatu).
  3. Elkarrizketatuaren testigantza erabiliz eta ikasleek narratzaile lana eginez (ahotsak grabatu), irratsaio bat sortzea, herrian euskarazko irakaskuntzaren historia zein izan den azaltzeko. Musika eta soinu-efektuak ere erabil daitezke. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez jardutea eta adierazkortasuna lortzea. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.

 

  • Sormena lagun. Ikasleek eskuko telefonoarekin euren burua grabatuko dute (horizontalean, ez bertikalean!), ikastola klandestinoei buruzko galde-erantzunekin. Ikasle batek galdera egingo du eta hurrengoak erantzuna eman. Katea osatuko dute hala.

Guztion artean pentsatuko ditugu galderak eta erantzunak. Adibiderako, galdera batzuk:

-Zer ziren ikastola klandestinoak?

-Noiz sortu ziren?

-Zergatik sortu ziren? Zein zen euskararen egoera?

-Ba al zuten lokalik? Non jarri zituzten ikastola horiek?

-Nola egiten zioten izkin legeari? Zer esaten zuten?

-Zer egiten zuten inspektorea zetorrenean?

-Andereñoek ba al zuten titulurik?

-Nor zen Elvira Zipitria?

-Zer ikasmaterial erabiltzen zuten gelan?

-Elizak zer nolako papera izan zuen?

-Eta gurasoek nola hartzen zuten parte?

-Noiz legeztatu zituzten ikastolak?

-Noizkoa da euskarazko eskola publikoa?

Oso errepikakorra gera ez dadin, posible da galdera baten erantzuna bi ikasleren artean ematea (bakoitzak esaldi bat, adibidez). Edo posible da baita ere dena galde-erantzunak ez izatea: ikasleek narratzaile papera har dezakete, txandaka hitz eginez, eta galderak noizean behin tartekatu. Naturaltasuna eta bizitasuna oso garrantzitsuak izango dira. Ez dute paperean idatzita dutena irakurri behar. Ikaskideei azaltzen ari direla pentsatu behar dute. Herri-hizkera erabiltzen baldin badute, hobeto.

Helburua: ondo pasatzea eta ikus-entzunezko bat sortzea (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Ikasleak beste gela batzuetara joan daitezke egin duten lana erakustera, taldeka; aurkezpen txiki bat egin dezakete:

-Euren buruak aurkeztu (izenak, maila)

-Lana egiteko prozesua azaldu

-Lanaren emaitza erakutsi: bideoa ipini

-Iritzi-trukea sustatu beste gelakoekin

 

  • Testigantza bila”. Ahotsak.eus webgunean testigantza gehiago bilatuko ditugu, garai bateko hezkuntzari buruz gehiago jakiteko eta gertuago sentitzeko. Baldin badaude, herrikoak izan daitezke (herrian herriko gaiak ikusteko: herriko orrian sartu eta eskubiko zutabean Gaiak atala klikatu). Begiratuko dituzten gaiak: Ikastolak, eskola, zigorrak, euskararen egoera…

Talde txikietan jarri (2-3 ikasle), eta talde bakoitzak testigantza bat aukeratuko du, gero ikaskideekin partekatzeko. Bideoa erakutsi aurretik, aurkezpen txiki bat egingo dute, ahoz:

-Hiztunari buruzko datu batzuk eman

-Pasartea zergatik aukeratu den esan

-Bideoa ikusi

-Iritzia edo hausnarketa ikusitakoari buruz

 

5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, ikus-entzunezkoa… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

 

- Ea azaldu, narratu edo deskribatzen dituen euskararen jatorriaren eta bilakaeraren ezaugarri bereziak.

- Ea hizkuntza baten egoera zehazten duten oinarrizko faktoreak deskribatu, eta horien adibideak ematen dituen, bai eta hizkuntzen arteko ukipen-egoeren ondorioz sortutakoak ere.

 

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…)

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen

Gerraosteko ikastola klandestinoak

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Gerra ondoren, Elvira Zipitria itzuli zanean Frantziatik, Frantziara ihes egin zuten zenbait pertsonak eta hoien artean berak ere… eta itzuli zanean jarri zun martxan lehendabiziko ikastola klandestinoa.

Jokin Muxika (Donostia, 1932):

-Eta andereño Zipitria hori ba… bera izan zan lehenengo gauzak eiten.

Kontxita Beitia (Donostia, 1940):

-Majisteritza baldin bagenun, berak berehalaxe irekitzen zizkigun ateak, berak hori nahi zun: majisteritzako jendea izan (andereñoak sortzeko) andereñoak sortzeko eta ikastolak nolabait zabaltzeko.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Harek egin zittun lanak euskeraren alde… gaurko andereño eta ikastola asko hortik sortu zien, e.

Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta, 1930):

- Eta baiña orduen euskeraz etxe barruen bakarrik, e. Kanpuen erderaz in bihar zan orden.

Iñaki Arregi (Andoain, 1927):

-Frankon garaia zan. Eta galazi iten zuen zeatzia, euskeraz mintzatzia ta holakuak.

Felix Etxeberria (Elgoibar, 1926):

-Ikastolak klandestinuak zian, klaro.

Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928):

-Ni haurrakin juten nitzan, haurrak eramatea... gure haurrak ikastolara Elbirangana, bi ordu ezberdiñetan goizian. Eta jende ezauna, eta: “Oi, noa zuaz?” “Oi, ¿de dónde vienes, de clase?”. “Sí”. “¿A qué colegio van?”. Eta nik esaten nun: “Nola, nola esango (di)yot honi ikastola? Lenengo gauza ezin dala esan, eta bigarrena ez dakite zer dan!”. Azkenian asmatu nun: “No, es que dan clases particulares”. “A, bueno”.

Arantxa Gurmendi:

-Guk auzo mailan ba ez genun esaten nora juten giñen ikastolara. Nolabait bazeon hor diziplina bat, ezin zan aireztatu zer zan hura, ez? Gehio azaltzen zan ba ‘señorita de compañía’ bat bezela balitz edo, zeatikan asko eramaten gintun zeara… gaztelura joaten giñan jolastera, ta landariak aztertzera eta holako gauza asko iten genitun, ez?

Itziar Arzelus (Donostia, 1928):

-Hasieran, e, eukitzen genitun hamar ikasle, eta hola zan ‘como clase particular’. Poliziak-eta ez zeatzeko.

Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938):

Hamarrekoak egiten zian hamar arte klase partikular bezela jotzen zialako. Gu nola legez kanpo genden… ba ordun horri eusten genion, ez?

Karmele Esnal (Orio, 1932):

-Hasi nintzan, uste det zazpikin.

Arantxa Gurmendi:

-Guk eskola egiten genun denok batera, etxe txiki batean. Hemen, alde zaharrean. Hola, gela batean, lurrean eserita danak, eta bueno, adin ezberdinetakoak.

Itziar Arzelus:

-Lurrian exerita, indiyuak bezela.

Kontxita Beitia:

-Dana-dana lurrean, dana lurrean, han ez zegon ezer. Ez genuen baliabiderik batere.

Karmele Esnal:

-Lurrean. Mahai bat, gora igotzen zana, eta gero lanen hasten zianean idazten ta horrela jaitsi, eta han idazten zuten. Bestela, dana lurrian.

Arantxa Lasa (Donostia, 1930):

-Eta bueno, hamen degu "Martin Txilibitu", hau ere oso ezaguna zan. Hemen "Umearen laguna". Bueno, gero hau oso ezaguna da: "Xabiertxo".

Imanol Larrea (Donostia, 1934):

-Leku bat Antiguon bilatu? Geure etxia! Seme-alaba asko genitun. Umiak jaikitzen ziran. Ohiak hola jeisten ziranak jartzen genun pun-pun. Eta hura izan zan gure ikastola, gure etxian. (a bai, e?) Bai.

Juan Mari Balentziaga (Zumarraga, 1943):

-Ya ikastolako giroa ya... leku batzutan ya hasitta zeren. Baino, klaro, bildurra zeon.

Alejandro Ormazabal (Ordizia, 1934):

-Hori bai izan zala gogorra. Politika aldetio, oraindik zea bare zeon, dana ezkutuka, diruik bate ez geneuken… bate ez, e? Komeritan. Bueno, bueno.

Pepi Gorostidi (Tolosa, 1939):

-Baimenik ez zeon. Oseake ordun eskolatan ba holako gauzak… klaro, garai haitan ikastola bat sortzea ba gobernuantzako-ta zan: separatismoa zala, eta alde horretatikan, politika mailan hartzen zuten gauza. Eta klaro, gu denak... zan euskera, zan gure hizkuntza eta gure kultura, ez?

Alejandro Ormazabal:

-Ba lehenengo izan zan hor, hemendik hor atzen daon tailler bat hustu zan eta hango lokaletan.

Pepi Gorostidi:

-Eta gero ya hasi giñenian martxan, ba klaro beti behar ziena baino ume gehiagokin guk, toki gutxigikin, eta klaro, gutxien espero zendunean ikuskaltzailea etortzen zitzaizun, eta irakasleak-eta han ibiltzen zian ahal zuten bezela. Umeak hartu eta igual eskailera azpian gordetzen.

Itziar Ajuria (Elgoibar, 1924):

-Ni ba… beti inspektorian billurretan ni.

Mari Karmen Mitxelena:

-Ikastolan klandestinidadean 11 urte pasa nitun, e, 58tikan 69tararte. Eta azkeneko urte horietakoa izan zan… ia-ia egunero polizia etortzen zitzaidan ate joka. Orduan ibili behar izaten gendun isilik, ezkutun, ateik iriki ez… gero etxerakuan umiak banaka bialdu, tartetxoakin, gurasoei behian ez itxoiteko esan, goian muralla zeon eta goien murallan itxoiteko… bueno, ba gaizki. Gaizki eta gaizki. Umiak gorde ere behin baino gehiagotan in behar izandu giñun…

Pepi Gorostidi:

-Sorrera hartan, gurasoak parte handia hartu gendun, haundia hartu gendun. Nibel askotan. Zergatik? Zergatik ikusten gendulako beharra. Pintatu behar zan? Ba pintatzea joaten ziñan. Ez dakit ze egin behar zan? Ba egitea joaten ziñan. Ta hola pixkat hasi giñan.

Joxe Antonio Bereziartua (Donostia, 1929):

-Ba hasi ginan Herreran zea baten, bi gela zittuna. Eta andereñoak ordun tituloik gabe ta… holako kontuak. Gero izan zian tituluak eta gauzak.

Kontxita Beitia:

-Ordun, alde batetik ilusioa, beste batetik: “nola ingo det hau?” Bildurra. Beste aldetik ez dakit… amets bat, ez? Dena kontrajarriak nitun, sentimendu guztiak.

Mari Karmen Mitxelena:

-Nik uste det militante bihurtu ginala. Euskerarenak, euskal kulturarenak, eta iruitzen zitzaigun hori zala egin behar genduna eta hori iten gendun.

Juan Mari Balentziaga:

-Hasierea zaile izan zan, kostata! Baino indarra hartzen, indarra hartzen, indarra hartzen… eta beittu, oain beittu nora allea dan, zorionez, zorionez!

Kontxita Beitia:

-Ba eskerrak leku askotan onartuak izan ginela, eta gero onarpen hori asko gehitu zan, denbora gutxin zabaldu egin zan eta nik uste det ba gogo hori barruan zegoelako, e.

Arantxa Gurmendi:

-Nik uste det merito haundia izan zutela guraso hoiek. Arrixkatu egiten ziren. Oain da… ume guztiak ikastolara juten dia, baina hori ofiziala da eta dana errexa da, baina klaro, kondizio horietan apostua egitea, umeak horrela eraman ikastola batera eta gainera erdi ezkutuan eta gainera konfiantza izan ume hoiek ez zutela salatuko edo…

Karmele Esnal:

-Abentura bat zan gure eskutan uztea, eta hoixen, ahozko zea zan, propaganda. “O, ba ni oso pozik nago, oso ondo ikasten dute”… Euskaldunak ziranak, ba esaten zuten: “Ba nahi ta nahi ez euskara ikasi behar du”.

Kontxita Beitia:

-Hemen baliabidea zan gure ilusioa, gurasoen balentria, izugarria zan, e. Balentria hura… Jo, eske beraiek gabe, ikastolarik ez dago ikaslerik gabe.

Maria Jesus Otaegi:

-“Hainbeste lan ta gero, zer?”. Eta bai, hori, alperrik ez ote zan izango. Eta bira: nork pentsatu gero nere bilobak batxillerra euskeraz ingo zutela. Ezta? Eta pentsa, batxilerra eta gero karreran ere bai, Maiderrek aukeratu zun euskeraz itia. Eta posibilidade hori izan dute, eta oain halako indarra eta eskola publikotan ere euskeraz eta... nei iruitzen zait mirari bat, egia esaten dizut, e! Garai batian ez genun hori pentsatzen.

-Gai honekin lotutako beste bi bideo ere baditugu, beren proposamen pedagogikoekin:

-Ikastola izena Larramendiren hiztegian azaltzen da lehen aldiz, XVIII. mendean, ikasola formarekin eta «akademia» esanahiarekin. Baina hitz horrek XX. mendearen hasieran hartu zituen gaur egungo esanahia eta forma. Lehenengo jeltzaleek erabili zuten, euskal eskolak izendatzeko, gerra aurrean. Gerra ostean, ikastolen mugimendua 60ko hamarkadan finkatu zen.

-XIX. mendearen amaieran hasi ziren eskolan euskaraz erakusteko lehen mugimenduak. Orduan, eskoletan erdara zen hizkuntza bakarra. Bizkaian, Ramon Maria Azkuek 1896an bere Ikastetxea ireki zuen, haurrei euskaraz irakasteko.

-1914an, Migel Muñoak Euskal Ikastetxea sortu zuen, Donostian, batzuek lehen ikastolatzat hartzen dutena. Koruko Andre Mariaren Ikastetxea bihurtu zen gero (1924). Bertan, haurtzaindegiko zein lehen mailako irakaskuntza euskaraz ematen ziren.

-1918an Eusko Ikaskuntzaren 1. kongresuan, hezkuntza euskalduntzeko beharra nabarmendu zuten.

-1920-1932 bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak 125 auzo-eskola sortu zituen Bizkaian,  euskara aintzat hartzen zutenak.

-Euskaraz erakusten zuten eskola gehiago ere zabaldu ziren: Tolosa (1922), Errenteria (1928), Soraluze (1932), Iruñea (1932), Lizarra (1932)…

-EAJk bultzatuta, 1932an Euzko Ikastola Batza sortu zen, Bilbon. Euskal eskolen garapena sustatzea zuen helburu. Hainbat ikastola sortu zituzten, gehienak Bizkaian, baina baita Gipuzkoan ere (Bergarakoa kasu).

-1936ko gerrarekin ikastolak desagertu egin ziren. Frankismo garaian, debekatu egin zituzten. Euskararen zapalkuntza sistematikoa izan zen.

-Ezkutuko ikastolen sorrera. 1944an, guraso talde batek lagunduta, Elbira Zipitriak -Muñoaren ikastetxean irakasle izana, gerra aurrean- ezkutuko ikastola bat ireki zuen bere etxean. Zipitriak pedagogia berezia erabiltzen zuen, aurrerakoia, eta hainbat andereño prestatu zituen. Andereño haiek ere isilpeko ikastoletan hasi ziren lanean.

-1960ko hamarkadan ikastolen boom-a gertatu zen, eta Euskal Herri osora zabaldu ziren: Bilbo (1957), Iruñea (1963),  Gasteiz (1963),  Baiona (1969)… Gurasoak ziren sustatzaileak: seme-alabek euskaraz ikas zezatela nahi zuten. Euskal kulturaren susperraldia gertatu zen sasoi horretan (liburugintza, kantagintza…). Euskara batuaren oinarriak ere garai horretan jarri zituzten.

-1970ean ikastolak legeztatu egin zituzten. Ordura arte klandestinoak ziren, eta oso bitarteko gutxirekin egiten zuten aurrera.

-Hasierako ikastolak kristautasunari oso lotuta zeuden. Elizaren babesa zuten askok. Denborarekin hori aldatu egin zen: gehienak laikoak dira gaur egun.

-1969an Gipuzkoako Ikastolen Federazioa sortu zen. Iparraldeko Seaska (1969),

Arabakoa (1974), Nafarroakoa (1976) eta Bizkaikoa (1977). Guztiak biltzen dituen Ikastolen Konfederazioa 1988koa da. 

-1993an, EAEko ikastolek ikastetxeen sare publikora biltzeko aukera izan zuten. Batzuk publikoak dira gaur egun, eta beste batzuk pribatuak.

-Gaur egun 100 ikastola inguru daude Euskal Herrian.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza