Euskararen transmisioaren etena

Etxe eta familia askotan etena gertatu zen euskararen transmisioan. Hegoaldean zein Iparraldean. Eten horren arrazoiei buruzkoa da prestatu dugun bideoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

4,99 puntu 5 izarreko maximotik
2.358 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa

- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

- Ahozko ondarea ezagutu eta balioesteko gogoa

- Bizikidetzarako eta elkarlanerako asmoa

- Euskara zaindu eta sustatzeko griña

 

Bideoa ikusi aurretik:

  1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
  2. Euskararen transmisioaren etena izango dugu hizpide, gisa honetako galderen bitartez:

-Ondorengoei euren hizkuntza ez irakastea erabakitzen dute batzuek. Zer arrazoi egon daitezke erabaki horren atzean? Noiz gertatu ohi da?

-Ezagutzen al duzue euskara galdu duen familiaren bat? Gurasoek jakin eta seme-alabei irakatsi ez zietenak? Hala bada, zergatik izan zitekeen (aurreiritziak, konplexuak…)?

-Sasoi batean, 1936ko gerraostean, zein zen euskararen egoera? Entzun al duzue inoiz debekatua egon zela? Ezagutzen duzue euskaraz hitz egiteagatik zigorrik jaso duen inor?

 

Bideoa ikusi bitartean

1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez: Handikixa (handi-nahia edo handi-ustea duena), langoa (bezalakoa), pekotza (behi-gorotza, behi-kaka), biñon (baina), ainitz (asko), ukan (izan), amatxi (amona), punitu (zigortu), mort pour la patrie (aberriaren alde hilak)…

4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, talde(t)an edo denok elkarrekin:

-Zer sentitu duzue bideoa ikustean? Ezerk harritu al zaituzte? Eman iritzia.

-Hego Euskal Herrian 1936ko gerrari -eta gerraosteko diktadurari- egozten zaio askotan euskararen transmisioaren galera. Alabaina, Iparraldean ere gertatu da galera, eta oraindik orain egoera horri buelta eman ezinik dabiltza. Izan ere, han frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.

-Euskara “prestigiatzeko” lan handia egin da azken hamarkadetan. Euskara noranahikoa dela erakusteko, eta ez baserri girokoa soilik. Noiz eta nola hasi zen prestigiatzen euskara (batuaren sorrera, euskarazko hezkuntza eta alfabetatzea, euskarazko komunikabideak, euskal literatura…), zuen ustez?

-Gaur egun euskara prestigiodun hizkuntza iruditzen zaizue ala prestigiorik gabea? Zergatik? Zerk ematen dio prestigioa eta dotoretasuna hizkuntza bati? Non eta zertarako erabil daiteke euskara gaur egun? Ba al dago euskaraz egin ezin den zerbait?

-Gazteen erabilera datuak ez dira beti oso onak. Euskararen jakintza eta erabilera ez datoz bat. Ba al du zer ikusirik euskararen prestigioarekin? Zein dira euskarazko eta gaztelaniazko erreferentzia eredugarriak gazteentzat (musika munduan, telebistan, sare sozialetan…)?

-Egunen batean seme-alabarik izanez gero, zer hizkuntza erakutsiko zeniekete?

Diktadura garaiko giroa zein zen hobeto ezagutzeko, Euskararen kontrako neurriak bideoa ere ikus dezakegu; hala, orduko giroaz hobeto jabetuko dira ikasleak.

  1. Garai batean baserritarra izatea ezjakina izatearekin lotzen zen, eta kaletar batzuek iseka egiten zieten baserritarrei. Azken hamarkadetan, ordea, badago baserritarren jakintza balioesteko joera bat; kaletar asko baserrira joan dira bizitzera, naturarekin harremana berreskuratu nahian…

-Nola dago ikusita gaur egun baserrikoa izatea? Garai bateko aurreiritziak gaindituta al daude?

Gai honetan sakontzeko bideo-fitxa hau ere erabil daiteke: Baserritarrak gutxietsita.

 

 4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, ahozko ondasunaren biltzaile. Talde txikietan banatu (2-3 kide), eta talde bakoitzak euskara berreskuratu duen pertsona bati egingo dio elkarrizketa, eta bere esperientzia kontatzeko eskatu: berak (edo bere guraso edo aitona-amonek) euskara nolatan galdu zu(t)en, zergatik erabaki zuen euskara berreskuratzea/ikastea, euskara ikasteko prozesua, euskara zer den berarentzat... Galderak guztien artean prestatuko dituzte, guztiek antzekoa galdetzeko.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, adibidez; nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko.

Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke ondoren ere. Bi aukera:

  1. Grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak emango zaizkie).
  2. Bildutako testigantzak idatziz jarri, eta ondoren ikasleak narratzaile gisa jardutea, irratsaio bat sortuz. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez jardutea eta adierazkortasuna lortzea. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.

Ederra litzateke gero grabazioak ahotsak.eus  artxibora bideratzea (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).

 

  • “Historia egiten”. 60ko hamarkadatik hona euskara prestigiatzen lagundu duten ekimenak aztertuko ditugu. Lau-bost ikasleko taldeetan banatu, eta ikerketa txikiak egingo dituzte. Talde bakoitza gai edo arlo baten inguruan arituko da lanean, informazioa bilatzen (artikuluak, dokumentuak, elkarrizketak, albisteak, bideoak…). Aztertutako alorraren mugarriak identifikatu eta laburpena egingo dute, ikaskideei azaltzeko. Horretarako, aurkezpen txiki bat prestatuko dute. Talde bakoitzak bere erara egingo du, eredu jakin bat jarraitu gabe (teknologia berriak erabil ditzakete, aurkezpenak egiteko programaren bat, horma-irudiak, argazkiak…). Hauek izan daitezke aztertzeko moduko gai batzuk, guztion artean euskararen historia hobeto ezagutzeko:

      1-Euskal literatura modernoa

      2-Euskaraz alfabetatzea eta euskaltegien sorrera

      3-Euskarazko antzerkigintza berria

      4-Euskarazko kantagintza berria

      5-Euskarazko komunikabideen sorrera

      6-Bertsolaritza berria eta bertso eskolak

      7-Euskarazko zinemagintza

      8-Euskarazko hezkuntza

      9-Sare sozialak euskaraz

      10-Euskararen estandarizazioa (batuaren sorrera)

Garabidek egindako Euskararen berreskurapena: hizkuntzak berreskuratzeko gako batzuk bideoa ikus dezakegu. Eta baita Gerraosteko ikastola klandestinoak bideoa ere.

 

  • “Mundu zabalean”. Munduko hizkuntza gutxituei erreparatuko diegu, galbidean daudenei eta jada galdu direnei, hain zuzen ere. Ikasleak ikertzaile bihurtuko dira. Taldeka jarri, eta informazioa bilduko dute. Taldeetako batek informazio orokorra bilduko du (zenbat hizkuntza gutxitu egon daitekeen galtzeko arriskuan, zenbat hizkuntza galdu diren azken urteetan…). Gainerako taldeek, berriz, hiztun gutxi dituen hizkuntza bana edo jada galdutako hizkuntza bana hautatuko dute, eta horri buruzkoak topatu (non hitz egiten den/zen, zein den/zen egoera, zenbat hiztun dituen/zituen, galzorian egoteko arrazoiak…).

Bildutako informazioa ikaskideen aurrean azalduko dute, eta aurkezpen txiki bat prestatuko dute horretarako (mapak, argazkiak… adibidez Prezi programarekin; erabiltzen ez badakite, ereduak erakutsiko zaizkie).

 

  • “Ika-mika”. Eztabaida egingo da gelan, ikasleak taldeetan banatuta. Hauxe izan daiteke eztabaidagaia: Euskara “guay”-a da? Seiko taldeak baldin badira, hiru iritzi batekoak izango dira, baiezkoaren aldekoak, eta beste hirurak bestekoak: ezezkoaren aldekoak (zotz eginda erabaki daiteke bakoitzaren rola zein izango den). Hirukote bakoitzak arrazoiak eta argudioak prestatuko ditu, eztabaida hasi aurretik bilduta. Besteak beste, euskarazko eta beste hizkuntza batzuetako erreferentziak erabil ditzakete (bertsolariak, musikariak, telebista saioak, kirolariak…).

Hasi aurretik, ikasleei eztabaiden ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak edo testu-antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da (ikus sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak), esateko modua esaten dutena bezain inportantea baita.

 

4- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, bideoz jasotako adierazpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea azaldu, narratu edo deskribatzen dituen euskararen jatorriaren eta bilakaeraren ezaugarri bereziak.

- Ea hizkuntza baten egoera zehazten duten oinarrizko faktoreak deskribatu, eta horien adibideak ematen dituen, bai eta hizkuntzen arteko ukipen-egoeren ondorioz sortutakoak ere.

- Ea ezagutzen dituen ikasgelan, ikastetxean eta inguruan hitz egiten diren hizkuntzak.

- Ea jarrera positiboa eta errespetuzkoa ageri duen inguruan dagoen eleaniztasunarekiko eta kultura-aniztasunarekiko.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

 

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Euskararen transmisioaren etena

Vicente Olabe (Eibar, 1911):

-Familixa batzuk, euren burua pentsatzen ba gehixao, pixkat handikixauak zirala, ez eben erabiltzen euskeria. Castellano eitten eben.

Pepa Bikandi (Amorebieta-Etxano, 1922):

-Jentiek ba, gu gazte gintzazenien, ba elegantiagua zan erderaz eittia. Ta bueno, desietan gu erderaz eitteko.

Mertxe Arruti (Zarautz,1931):

-Amakin erderaz, aizu! Ta ama baserritarra. Ta amakin erderaz. Nola dian gauzak! Ta hori gehienak, e! Ta Zarautzen orduan iten zan askoz ere gehio mutillen artian euskeraz, ta neskan artian buf, harrokeriz ez gendun iten euskeraz.

Ander Alberdi (Zarautz, 1933):

-Kasu bat gertatzen da, oain e bai: nere andria, bere lagun danak juntatzen dia; erderaz iten due, normala! Bere lagun danak nei behin ere ez die in erderaz. Leno ez ta oain ere ez. Behin ere ez.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922):

-Ba bai, geren buruak apainagoak itteatikan eta, bai, aritzen giñan, bai. Geren buruak apainagoak egiteatikan erderaz hizketan. Ezjakiña besteik ez zan hua, e! Baino bai, bai, bai, gu geok ere bai.

Pilar Ormazabal (Zumarraga, 1932):

-Gainera ordun bakizu, euskeraz itea zan lotsagarri... zea, analfabeta... ez dakit ba ze esan e. Basarrittarra o. (Gutxietsi iten zizuen?) Bai, bai.

Juan Miguel Atxutegi (Derio, 1946):

-Hori mentalidade hori hemen egon da, gure gazte denboran batez bere, eta euskalduna izatea izaten zen... bueno, zerbait gitxiago izatearen parekoa. Gaur egun euskera jakitea meritu bat da, baiña orduan izaten zen... ba bueno, hori, aldeano zentzua, baina aldeano peyoratiboaren zentzua, ezta?

Eugenio Sagastizabal (Arrigorriaga, 1928):

-Haik pentsetan euren ba gu holango… euskara iten gendun moduan, euskara ta… beti atzeratute, berbaz be ondo jakin ez erderaz ta… bakizu, txarto. Beti lotsa edo... kobarde, kobarde eskolan. Ta horreik, horreik euki ebein arpei bat eurek… Gu langoari gero, puf. ‘Aldeanos, burros. Boronos’. Bai, joder.

Juanito Gallastegi (Durango, 1933):

-Kulturie, gaurkotasune... e, zabaltasune... hori erderiaz lotuta zoian. Ta ba basarrixe... baiña basarrixe ez sentidu, zentzun... eukin biha dan zentzun jatorrian, ez, ez, ez. Pekotza, behixe, ta zera ta holako gauzak... euskeria horretaxerako bakarrik, e. Ta klaro, ordun nok ingo eban ba euskeraz, ezta?

Pepi Gorostidi (Tolosa, 1939):

-Eta hemen baserriko jende askori kalera etorri eta hori gertatu zitzaien, baina izan zen hori, zergatikan ordun ‘las caseras’ deitzen zien, ni goatzen naiz eskolan ere baziren batzuk ondoko auzotan bizi ziranak eta ‘las caseras’ deitzen zieten, desprezio batekin, eskolako umeak ere bai, ez? Ordun, klaro, hoik denak hor barrun gelditzen zaizkizu.

Eugenio Sagastizabal:

-Galdu in zan orduan euskara asko. Frankoren denborie zan. Ta nik dekodaz han lehengusuek, lehengusu-lehengusuek, gurusoak erdararik jakin ez, erderarik jakin ez, e? Ta semeak euskararik jakin ez. Esaten euen erdera barik gaur ez dauela ezer, euskeria ez dala ezetako bihar…

Iñaki Arregi (Andoain, 1927):

-Ta hartarañoko gogor hartu  zan asuntua, ba ez naiz harritzen ba batzuk beldurratikan... inkluso nik aittu izandu dittut baserriko jendiai: ‘Zertako degu guk euskera?’. Joe... Ta baserrikuai ezik kalekuei ere bai, e. ‘Zertako baliyo digu?’ ta enfin...

Kontxita Zaldua (Urnieta, 1924):

-Orduko gurasuan orgullua izaten zan erderaz ikastekua. Erderaz klaro, erderaz inportantia zan ikastia.

Pepi Gorostidi:

-Eta hemen ikusten ziran basarriko alabak,  kalera etorri ziranak, haiek izan zirala haien seme-alabei erderaz erakusteko gehien saiatu ziranak, zeatikan beak esaten zuten: ‘Nik sufritu dedana ez dezatela beaiek sufritu’. Eta hori egia da. Eta ordun maila hortan ikusten zan seme zaharrenak euskeraz bazekiela, bigarrenak erdipurdi eta hirugarrenak batez.

Joxe Mari Zapirain (Errenteria, 1933):

-Euskerakin ezin genun inora jun eta banagekigun. Guk lanian hasteko eta edozein gauza adinakin egiteko, nahi ta nahiezkoa genun erdera jakitea. Ni juten nitzan aman baserrira, eta osaba-izebak esaten zidaten lehengusuakin erderaz egiteko, euskeraz ezetz.

Xalbadora Roldan (Andoain, 1922):

-Baino asko ziran utzi zutenak eta gero ez zekiyenak euskeraz hitz egiten. Familin ta utzi… baino gure etxian beti euskeraz hitz egin zan.

Serafin Basauri (Eibar, 1935):

-Sarri esaten dok, ezta, ‘ba eske Francok euskeriari kaltia’ eta bai: inungo bentajarik ez ezta? Baina hemen egon dan transmisiño faltia hori, hori izan dok geure kulpaz. Geure kulpaz. Ez bota Francori eta errejimenari kulparik. Norberak euskeria etxian ondo erabili laikek, nahiz eta kanpuan prohibiduta egon edo trabak egon, ezta?

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Ta etxean beti euskaraz. Ta jende askok esaten zun: ‘gerra garaian debekatua zegon eta ez gendun euskera ikasteik izan etxian’. Ni gerra garaikoa naiz, eta etxen ikasi det euskeraz gurasoak saiatu zialakon.

Loren Navarro (Andoain, 1924):

-Etxian euskera besteik ez deu hitz egin, e. Nik sekulan ez nere aitta ta amakin, ez alaba ta semiakin… erderaz, sekulan ez. Nun ta ez zeon baten bat euskera ez zekina, e. Baino bestela beti dena euskera. Eta gue mutilak e, bi mutil hoik biyak euskera hitz egiten due. Ta oain lagunak, hemen, Andoainguak dianak, batzuk basarrin bizi dianak gainez, harrittuta euskera nola hitz egiten duen. Ta ze, ze arraio, ‘zek harritzen zaittue?’ Gure hizkuntza euskera da!

Tere Arregi (Donostia, 1929):

-Gure amak esaten zigun beti: ‘etxian euskeraz’. Nik uste det horregatik jaso degula guk euskera zeatikan guk, gure plaza… gure lagunak ez dakite. Eta garai hartakuak dira ere bai, biñon ba ez zuten etxian izan ez dakit nola esan… jasotzeko gogo hori, edo ez dakit. Gure amak beti: ‘etxian euskeraz!’.

Karmen Iraola (Donostia, 1922):

-Nik euskera ez det galdu aitak esaten zigulako: ‘Etxe hontan, ni bizi naizen artian euskeraz’.

Loren Navarro:

-Nik euskera, baino hemen andre askok erdera hitz egiten ziyuen, e. Euskaldunak, e. Hemen euskaldunek in due kalte gehiena euskerakin, e. Juten giñan hor beheko plaza bat bado eta asko, denak umiakin, ta denak erdera hitz egiten.

Reme Gaztelumendi (Pasaia, 1925):

-Ohitu ginan denak erderaz hizketan kalian eta etxe askotan leheno euskeraz iten zana dena erdaldunak daude. Denak erdaldunak. Nahiz ta gurasuak euskeraz jakin, seme-alabak ez dakite.

Tere Arregi:

-Eta galdu zuten, galdu zuten eta galdu zuten.

Eta Iparraldean?

Odei Barroso (Urruña, 1988):

-Ainitz eta ainitz Urruñan berean euskaldunak, euskara baizik ukan ez dutenak etxean eta hoien seme-alabek ez dakite euskaraz. Ni baino… nire belaunaldia salbatzen ari da delako euskaraz ikas… irakatsi ez dietenen seme-alabak ari baitira berriz euskara ikasten. Baina begira ze zirko montatu dugun! Badakigu euskara, ez dugu transmititzen, belaunaldi batek ez daki, gure gurasoen belaunaldiak hemen gehiengoak ez daki euskaraz eta orain kontzientziarekin ari da irakasten bere haurrak ikastolara emaiten. Eta orduan badaki amatxik, badaki alabak baina nik ez.

Ramon Labaien (Tolosa, 1928):

-Sara garai hartan zan ziharo euskalduna eta beti egoten ginan han punituak, kastigatuak. ‘Punie’, frantsesetik. Euskeraz hitz erditxo bat entzuten bazun, zea, irakasleak, txokoan. Punitua.

Xelextin Saroiberri (Urepele, 1919):

-Euskaraz mintzatzia bera gaizki zen. Punitzen gintuzten.

Odei Barroso:

-Hoien arrazoiak izanen zituzten, hoien konplexuak eta hori da Frantziak biziki ongi egin zuena: da euskaldunak frantsestu, frantses bilakatu. Hori da egin zuen, egin duen gauzarik onena beretzat eta kalterik handiena guretzat eta euskararentzat. Eta da: euskalduna zena frantses bihurtzea eta hor zerikusi handia du gerla mundialak, e, mundu gerlak. Ez, nola bat ‘mort pour la patrie’ zenbat euskaldun izan ziren, ezta? Eta hori batetik eta besteik konplexuak ba: azpi-hizkuntza, euskara da baserrikoa, ‘a la campaine’,  “hori mintzo zizte han, mendi aldean, baina hemen herrira zatozelarik, hemen frantsesez mintzatu, hori etxeko hizkuntza da”. Hori transmititu zaie. Orduan konplexu horietatik abiatzen da ba ez irakastea eta dena.

-Euskararen trasmisioaren etena Euskal Herri osoan gertatu den fenomenoa da, ez hegoaldekoa bakarrik.

-Gaztelaniaren eta frantsesaren hegemoniaren aurrean, euskara prestigiorik gabeko hizkuntza zen: baserritarren eta ezjakinen hizkuntza gisa ikusia.

-Hegoaldean, Francoren diktadura garaia (1936-1975) izan da aro ilunenetako bat euskararentzat. Hori bai, XVI. mendean hasi zen espainiar monarkiak bultzatutako zentralizazioa eta gaztelartze prozesu geldo baina geldiezina (Karlos III.aren eta Karlos IV.aren erregetzak, esaterako, 1759tik 1808ra, debeku askoko garaiak izan ziren).

-Iparraldean, Frantziako Iraultza (1789-99) da mugarri garrantzitsuena: errepresio gogorra ekarri zuen euskararentzat. Frantsesa ez beste hizkuntza guztiak “zabaltasunaren aurkako hizkuntza barbaro” izendatu zituzten.

-Euskararen kontrako neurriak aspaldikoak dira, eta hainbat eratakoak: irakaskuntzan eta administrazioan euskara debekatzea, euskarazko argitalpenak debekatzea, eskoletan “eraztunaren zigorra” jartzea (1730koa da lehen idatzia, Beasainen jasoa)… Francoren diktadura garaian, kalean euskaraz hitz egitea edo euskaraz kantatzea ere galarazi zuten.

-XX. mendean, industrializazioak ere eragin negatiboa izan zuen euskararengan: batetik, baserritik hirira joateko prozesua hasi zen (baserria zen euskararen gotorlekua) eta bestetik, etorkin oldea etorri zen (bat-bateko erdal hiztun kopuru handia). 

-Euskararen eremua murrizten joan da mendez mende. Azken hamarkadetan -60ko hamarkadatik hona egindako lanari esker- beherakada hori geldiaraztea lortu den arte (hegoaldean iparraldean baino gehiago; iparraldean oraindik orain euskara ez da hizkuntza ofiziala).

-EIMA 2.0.rako egindako bi bideo-fitxa, Francoren diktadura garaiari buruzkoak:

Euskararen kontrako neurriak

Gerraosteko ikastola klandestinoak

-Gai horri buruz sakontzeko balio dezaketen gure beste bideo batzuk:

Gerraostea: euskararen zapalkuntza

Gerraostea: Franco Donostian

Euskararen egoera Ordizian

Euskararen egoera Pasaian

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza