Euskararen kontrako jarrerak ugariak izan dira historian zehar, eta bereziki Gerra Zibilaren ondoren, frankismoan. Euskaraz hitz egitea galarazi zuten. Eskoletan, nahiko ohikoa zen euskaraz aritzeagatik zigortzea. Kalean, berriz, toki batzuetan ez zuten debekua betearazten, baina beste batzuetan bai. Donostian, esaterako, isunak ere jartzen zituzten.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Oroimen historikoa, Euskara
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:
- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
- Bizikidetzarako eta elkarlanerako asmoa
- Ahozko ondarea ezagutu eta balioesteko gogoa
- Euskara zaindu eta sustatzeko griña
Bideoa ikusi aurretik:
1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
2. Euskararen kontrako jarrerak eta neurriak izango ditugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderen bitartez:
-Euskaraz hitz egiteko aukera izan al da beti hemen? Eman azalpenak eta iritziak.
-Zuen gurasoek euskaraz ikasi al zuten eskolan? Eta zuen aitona-amonek?
-Euskararen kontrako jarrerarik ezagutu duzue zuek? Euskaraz hitz egiteagatik erantzun txarra jasotzea, adibidez. Hala bada, azaldu gertatutakoa eta nola sentitu zineten.
Bideoa ikusi bitartean
1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2. Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.
3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.
4. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:
-Zer sentitu duzue bideoa ikustean? Ezerk harritu al zaituzte? Eman iritzia.
-Zergatik zegoen galarazita eskolan euskaraz hitz egitea? Eztabaidatu. Iritziak jaso.
-Zure herrian gauza bera gertatu al zen? Familian edo inguru hurbilean entzun al duzue halakorik?
-Zenbat zigor mota agertzen dira? Guztion artean zerrendatu. Zer iruditzen zaizkizue zigor horiek?
-Eskolan euskara erabiltzeko aukera dugu orain. Baloratzen duzue? Inposaketa moduan ikusten duzue? Hala bada, zer egin hori aldatzeko?
-Gaur egun euskarak ba al du mugarik eta kontrako jarrerarik kalean?
-Euskararen ofizialtasuna berdina al da Euskal Herri osoan?
3. Sasoi bateko eraztunaren zigorrean oinarritutako esperimentu bat egin dezakegu. Hitz debekatua esaten duenari emango zaio eraztuna (beste aukera bat: gaztelaniaz hitz egin duenari ematea). Hitz debekatu moduan, asko erabiltzen den hitzen bat aukera daiteke; adibidez, “bai”. Eraztuna daukan ikasleak hitz hori esan duen edozein ikaskideri eman diezaioke eraztuna (baita ikasgelatik kanpora ere). Eta eraztuna jaso duenak gauza bera egin beharko du. Kate bat sortuko da hala.
Hasieratik esango zaie jarduera bukatzean eraztuna daukan ikasleak zigorra izango duela (zigor hori zein den esan gabe, baina ez zaiola gustatuko adieraziz; beraz, inork ez du nahiko eraztuna edukitzea). Jarduera hau egiteko bi egun izan ditzakete ikasleek (hurrengo eguneko klasera bitarteko tartea, adibidez). Hurrengo klasean, ea eraztuna nork daukan galdetuko du irakasleak. Zigorrik ez da izango, baina ikasleek ez dute hori bukaerara arte jakingo.
Ariketa honen helburua sentimenduei buruz hitz egitea eta enpatia sortzea da. Jarduera bukatzean, sentitu dutenari buruz hitz egingo dugu. Halako galderak egin ditzakegu, euren sentipenak azal ditzaten:
-Nola sentitu zara eraztuna izanda?
-Ondo sentitu al zara eraztuna beste bati ematean ala gaizki?
-Zer iruditzen zaizue elkar zelatatzea dakarren zigor sistema hori? Eraginkorra da?
-Kezkatuta al zeunden zigorrarekin?
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):
Ederra litzateke gero grabazioak ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko proiektua).
Talde bakoitzak bost egoeretako bat aukeratuko du, eta horren bueltan 3-5 minutuko antzezlan txiki bat prestatu. Horretarako, eman ditzaketen pausoak:
|
Antzezlanak bideoan graba daitezke, gero guztiok batera ikusi, baloratu, hobetu beharrekoak proposatu, eta aurrerago egin ditzaketen beste antzezlan batzuekin alderatzeko. Aukera bat: beste gela batzuetara joatea, antzezlanak eskaintzera, eta han ere gaiaren inguruko eztabaida edo iritzi trukea sortzea.
a) Hizkuntza-eskubideak eta hizkuntza-aniztasuna aldarrikatzeko hamar esaldi pentsatu eta aukeratu, guztion artean. Adibideak: “Nire hizkuntzan hitz egitea gustatzen zait” “Munduko hizkuntza guztiak dira ederrak” “Hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko era bat dakar” “Gora hizkuntza aniztasuna!” “Eleaniztasuna aberastasuna da” “Nire hizkuntzan hitz egiteko eskubidea dut” “Nik X hizkuntzan pentsatzen dut”
b) Taldeka, grabazioen lehen fasea egin. Ahalik eta hizkuntza desberdin guztietan. Honakoak jasoko dizkiote elkarrizketatu bakoitzari, bere hizkuntzan: -Izena eta hizkuntza. Adibidez: “Mi chiamo Marco e parlo italiano” -Hamar esaldietako bat. Adibidez: “Tutte le lingue del mondo sono belle”. -Horrez gainera, abestera animatzen bada, abestia ere jaso.
c) Taldeka, grabazioen bigarren fasea. Jasotako esaldiak euskaraz grabatzea: ikasleek beraiek egingo dute. Adibidez: “Munduko hizkuntza guztiak ederrak dira”.
d) Edizio taldeak grabazioekin ikus-entzunezkoa editatuko du, jasotakoari forma emateko. Honako egitura izan dezake, adibidez: -Hiztunak euren izenak eta hizkuntzak esaten -Hamar esaldiak: munduko hainbat hizkuntzatan eta ondoren/aurretik euskaraz -Abestiak
|
Grabazioak egin aurretik, komenigarria da jarraibide orokorrak ezagutzea. Bideo hauek ikustea ere ondo etor daiteke, ideiak hartzeko: Zumaia eleaniztuna eta Donostia eleaniztuna. Ikasleek beraiek erabakiko dute bukaerako emaitzarekin zer egin: ikastetxeko beste geletan erakutsi daiteke, sare sozialetan zabaldu, herri mailan aurkeztu…
5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, antzezlana, bideoz jasotako adierazpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
- Ea azaldu, narratu edo deskribatzen dituen euskararen jatorriaren eta bilakaeraren ezaugarri bereziak.
- Ea hizkuntza baten egoera zehazten duten oinarrizko faktoreak deskribatu, eta horien adibideak ematen dituen, bai eta hizkuntzen arteko ukipen-egoeren ondorioz sortutakoak ere.
- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.
- Ea ezagutzen dituen ikasgelan, ikastetxean eta inguruan hitz egiten diren hizkuntzak.
- Ea jarrera positiboa eta errespetuzkoa ageri duen inguruan dagoen eleaniztasunarekiko eta kultura-aniztasunarekiko.
- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.
- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.
- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.
- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.
- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.
- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.
- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).
- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.
Eskolan
Begoña Gabilondo (Azkoitia, 1921):
-Dana erderaz, nazionalak sartu zienin.
Bixenta Arrieta (Donostia, 1929):
- Erderaz, dana erderaz, hemen behintzat dana erderaz.
Juanita Txintxurreta (Donostia, 1932):
-Dena erderaz, dena erderaz.
Maria Luisa Arzallus (Donostia, 1940):
Erderaz. Bai, dena erderaz, dena erderaz, den-den-dena erderaz.
Begoña Gabilondo:
-Gure amamak eta “si” ta “no” ere ez zekiyeben erderaz, eta dana erderaz. Dana erderaz.
Teresa Tolosa (Amezketa, 1932):
-Ta guk erderaz ez genekiun, ta erderaz ein beharra gendeuken. Ta beti kastigatuta egoten giñen. Belauniko ta egoten giñen. Euskeraz itten gendunen. Euskeraz ezin gendun ein. Ta erderaz ez genekiun.
Gumer Irastortza (Irun, 1931):
-Zigortu ere bai. Hola eskua jarri, eta por nada! Baiño horrek baiño min gehiyo ematen zigun tratuak. Oso tristia zen: ezin zenulako zuk ikasi, ezin esan, ezin in nahi zenuna, eta ze esango zaittu, eta: Casera burra. Eta horrek, horrek ematen du, min haundiya ematen zaittu.
Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934):
-"La casera", ordun ez zuen uzten euskeraz eitten, ordun debekauta zeon euskeraz eittea. Eta ni ez nitzen tontana, gutxi juten nitzen baiño tontana ez nitzen. Eta ez jakin be zer nekin eta ezer, eta zer, ala!, "al pelotón de los torpes", atze-atzera uzten ninduen.
Maritxu Romaratezabala (Eskoriatza, 1935):
-Gure maestrue erdaldune, orduan erderaz, eta bakin ze itten oskun guri? Euskeraz entzun ezkero… puntuak kendu! Gure puntuaziñua izaten zan: banku batetik bestera. Puntu asko itten bazenduazan ba atzetik hasi. Ba ‘a ver, dos puntos adelante, dos mesas, dos bancos, tres bancos y el primer banco el que tenía’, aukera… bankue puntuaziño gehixen.
Benita Odriozola (Azpeitia, 1936):
-Geok danak euskaldunak, tutik ez genekiun erderaz ta ezin, ezin hitz ein euskaraz. Eoten zan anillue, hola alanbre bat... erderaz, euskeraz hitz eiten bazenun hure ematen zizuen. Eta beste batek euskeraz, erderaz... eo euskeraz hitz eiten zun arte hure zuk... hari azkar ematea. Astebukaeran zeakin... anillo horrekin gelditzen baziñen, erriel bat eman ber astelehenin eskola.
Eugenia Narbaiza (Zaldibar, 1928):
-Ze anilluaz gelditzen baldin baziñen asteburuen, eruen biher zenduzen erriel bi. Kastigue. Ta erriel bi orduen diru asko zan.
Joxepa Atxega (Lizartza, 1932):
-"Anilloa" izaten gendun kastigue. Hoi ez al dezu behin'e "anilloa". Erderaz, euskeraz hitz eiten bazun belaxe batak besteai eantsitzen, zea. Ta atzena gelditzen, harekin gelditzen zanak kastigoa izaten zun. Eskolan ez gendeken euskeraz hitz eitteik.
Seberiano Iñarra (Errenteria, 1926):
-Nik ikusten banun ne lagun bat, euskalduna, besteai, osea euskeraz ari zala eta hari emango nion, eta ez bazuen hartu nahi, beana jun eta makilazo batzuk hartu ta… hartu in bihar.
Juan Azkue (Zestoa, 1928):
-Ezerren faltaik zeatzen baldin bazenun, aiba, jarri hola ta... harek euskeraz hitzik ere ez zun nahi izaten.
Patxi Irizar (Andoain, 1928):
-Hola jarri ta yaa! Euskeraz hitz egiteagatik, maixuak harrapatuta. Zeatu eta ya reglakin! Ta erderaz jakin ez.
Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta,1930):
-Eta euskeraz ein ezkero berba, belauniko. Bueno! Ni eta beste hiru-edo... egun guztia belauniko eitten geuen. Aittak esaten oskun ez eitteko erderaz-ta. Bai, belauniko.
Maria Rosario Mujika (Ordizia, 1934):
-O bestela bi plantxa, bi burnizko plantxa bezela o bi ladrillu jarri eskutan ta ordubeten hola euki, eta holako kastiguk izaten zien ordun.
Josefa Gurrutxaga (Beasain, 1915):
-Entenditzen hasi giñan ta… ahal gendun bezela, palizak hartuta! Hori bada geo, e? Erderaz ez dakiulako palizak.
Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928):
-Gero, Batxillergoa bukatu genunian, gero jakin genun. Guren artian dana erderaz, eta gero: ‘Oi, zu, Edurne’... Mari Nieves ordun. ‘Mari Nieves, zu euskalduna zera’. Ta: ‘Bai. Ta zu ere bai’. ‘Bai’. ‘Oi, ni ere bai!’. Ta ordun, zazpi urte alkarrekin pasa, eta ordun konturatu giñan euskaldunak zirela. Ez genun hitz bat esaten!
Kalean
Patxi Maiza (Ordizia, 1933):
-Garai hartan dan-dan-dana erderaz itten zan, ezkutun in behar zendun. Guk lagunak in izan deuna da: gu alkarrekin joaten ginanen koadrilan hizketan kalen, ba itten genun euskeraz, baino sartzen bagiñen tabernan, ya tabernan sartzen ziñenen han beste jende pilla bat zeon ta ordun erderaz.
Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928):
-Gure garaiyan ez zan hitz bat entzuten, ez. Bueno, nire osaba batek multak ere pagatu izan ditu euskeraz hitz egiteagatik, bai, bai, bai.
Mertxe Arruti (Zarautz, 1931):
-Gure aitai ta amai,hori bai, hau bai aitzen nun, gure aitak zekan pena... Donostiyan badijoazte biyak, sendagileangana, medikuangana jun, ta euskeraz hitz eiten ari zialako, isuna esaten da oain, multa!
Maria Jesus Otaegi:
-Policias secretas esaten zan, paisanoz jantzita. Usted venga conmigo. Taka-taka. Multa. Bai, bai.
Kontxita Izeta (Zestoa, 1939):
-Behin jun giñen Panplonara, eskursiyora, eman giñuzen Panplonara eskursiyora, hasi gea euskeraz kantun. Aiba, danok deteniuta! Monjak eta danak deteniu! Harrezkeo ezta txintik ere euskeraz!
Iñaki Alkiza (Donostia, 1933):
-Eta ni goatzen naiz izeba bat. “Ze pasa da?” ta ‘Beira ze in nauten’. Rape! Ilia moztu, euskeraz iten zulako. Atentzioa, norbaitek aitu ziyon, holako zerbait, eta… benga!
Pilar Ormazabal (Zumarraga, 1932):
-Orduan, gaiñera, Franco garayen izenak e, nere izena ez da euskaldune baño izen danak kanbiau in zituen. Miren zana Maria ta Arantxa... quiero decir, dana izenak kanbiau in zituen.
Iñaki Ormazabal (Ordizia, 1927):
-Ni Iñaki naiz, baiño ordun kendu in zien Iñaki, ta Inazio izandu naiz ni. Oain hamar urte bitarten ofizialki Inazio izandu naiz ni.
Paxkuala Kortadi (Hernani, 1923):
-Bi laun bagoazen behin. Donostin nitzan ordun, bagoazen bi lagun hizketan-hizketan, ta jartzen zaigu bat aurrian ta: ‘Oiga usted, hable por favor en cristiano’, esan ziguten. ‘En cristiano? Somos cristianos’, esan giñun. ‘Pues habla en cristiano!’. ‘Pero si somos cristianos. Hablamos en vasco, pero somos cristianos’. ‘Hable en cristiano!’, berriz. Eta alde egin egin giñun. Asieske euskaldunak ez giñan izango kristianuak.
Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta, 1930):
-Dotriñia eta dana erderaz, e. Ta guk erderaz ez gauen... guk etxian berba bat be, ta ointxe be ez, ez dogu itten erderaz, e. Baina orduen euskeraz etxe barruan bakarrik, e. Kanpuen erderaz in biha zan.
Maria Jesus Fernandez (Andoain, 1933):
-Dana-dana-dan iten genun erderaz, ta bakarrikan iten genuen etxian euskeraz amakin. Ta kalian debekatuba zeon, kalian debekatuba zegon euskeraz hitz egitea.
Bixenta Arrieta (Donostia, 1929):
-Ta geo etxea jundakuan´e klaro, egun guziya erderaz pasatzen gendun hizketan, ta etxea jun ta erderaz hasten giñan. Umien kontua, bakizu. Egun guziya erderaz… eta etxea jun ta erderaz hasten giñan hizketan. Joesus! Gue aitak bakizu ze esaten zigun? “Beira, hemendik kanpo ez zait inportik frantsesez aitzen bazeate´re, baiña hemen euskeraz!”. Esaten zigun: “Hemen euskeraz”. Ta joño… kontuatu gabe hasten giñan erderaz, ta nahikua izaten genun: “Bixenta!” o “Pepita!” deitz… uju itia hola nahikua izaten genun, baakigu, bagenekigun zertako zan. Baiña gu kontuatu gabe hasten giñan erderaz.
-Gerraostean, Frankismoan, kalean euskaraz hitz egitea gaizki ikusita zegoen. Toki batzuetan (Donostian, adibidez) isunak ere jartzen zituzten; baita ilea moztu ere, abertzaleak ziren emakumeei. Euskaraz aritzen zenari “hable en cristiano” esaten zioten.
-Eskolan euskaraz egiteagatik zigortzea gerra aurretik ere gertatzen zen toki batzuetan. Baina gerraostean, Frankismoan, jokaera hori orokortu egin zen. Espainola zen hizkuntza posible bakarra. Euskara modu sistematikoan zapaltzen zuten. Zigorrena irakasleen esku zegoen. Denek ez zuten jotzen, baina batzuk oso ziren gogorrak. Ikasle batzuek oso esperientzia traumatikoak izan zituzten.
-Garai hartan, gaizki portatzen ziren umeak astintzea nahiko normala zen, baita etxean ere. Ez zegoen gaizki ikusita. Umeek errespetu handia zieten nagusiei, eta ohituta zeuden haien esanak betetzen.
-Gurasoek ez zuten irakasleen jarduna kritikatzen, normalean. Zigorra jaso bazuten, zerbait egin zutelako izango zela pentsatzen zuten. Umeek gehienetan ez zituzten etxean eskolako gertaerak kontatzen, bestela errieta egiten zietelako (jo ere bai, etxe batzuetan).
-Euskarak prestigiorik ez zuen. Erdara zen dotorea eta baliagarria; euskara, baserritarren hizkera narratsa. Hori sinistazten zuten. Eta askok sinestu egin zuten. Euskaldunak konplexuz beteta zeuden.
-Egoera horrekin sufritu zuten batzuek ez zieten seme-alabei euskara erakutsi. Ez zuten haiek berdina jasaterik nahi. Beste batzuengan, ordea, kontrako jarrera piztu zuen: are indar handiagoarekin egin zuten euskaraz. Erresistentzia jarrera erne zitzaien.
-Etxea izan zen euskararen gotorlekua. Etxean mantendu eta zaindu zuten euskara, familia abertzaleetan batez ere.
-Gerra Zibilaren inguruko bideo gehiago, orokorrak direnak (edozein ikastetxetarako baliagarriak):
Gerra: kartzela eta fusilamenduak
Gerraostea: kupoa entregatu beharra
Gerraostea: emakumea lantegitik etxera
-Beste bideo batzuk, gerra garaian herri jakinetan gertatutakoei buruz: