Familia-ereduak

Zer da familia? Nolakoa izan behar du? Azken urteetan gero eta familia-eredu gehiago ari gara ezagutzen: ama bakarrak, bikote homosexualak, harrera-familiak, ume adoptatuak, banandutako gurasoak… Hainbat testigantza batu ditugu.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Integrazioa, Bizikidetza, Genero-aniztasuna

1,76 puntu 5 izarreko maximotik
499 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Genero-nortasun eta orientazio afektibo-sexual guztiekiko errespetua erakustea
  • Diskriminazioarekin kritiko agertzea
  • Familia-eredu guztiak ontzat hartzea
  • Indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa zeri buruzkoa izango den aipatu gabe:

-Pentsatu familia bat, burura lehenengo etortzen zaizuena. Nolako familia pentsatu duzue (gehienek aita, ama, semea eta alaba esango dute)? Eta zuriak, ezta?

-Nolakoa da zure familia? Bat al dator esan duzuenarekin?

-Zer da familia? Nola definituko zenukete?

-Odolekoa izan behar al du “familia”k ? “Biologikoa” esaten dena?

-Seme-alabak egon behar al dira familia izateko?

-Osa al dezakete familia elkarrekin bizi diren lagunek? Elkarrekin bizi beharra al dago familia izateko?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu, euskalkietako hitzak, adibidez. Ezagutzen ez dituzten kontzeptuak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer iruditu zaizkizue bideoan agertu direnen familiak?

-Ezagutzen al duzue antzeko familia-eredurik? Zuek ezagutzen dituzuenak aipatu.

-Ados al zaudete entzundakoekin? Bideoa ikusi ondoren, zer hitz erabil ditzakegu "familia" definitzeko?

-Igonek dio aita eta ama eta seme-alaben inguruan hitz egin beharrean, eskolan etxeko unitateez, familiaz, inguruaz... hitz egin beharko litzatekeela. Zuek nola landuko zenukete gaia eskolan?

 

Beldurra aipatzen dute bideoan, desberdina den horrek sorrarazten duen beldurra. Amaia Agirrek negarrez esaten omen zion bikotekideari, Ainarari: "Burla egingo diote bi ama dituelako". Harrera-familia sortzeko garaian ere ingurukoen beldurra piztu zela ikusi zuten bai Itziarrek eta bai Anderrek.

-Ezjakintasunak beldurra dakarrela uste al duzue?

-Zer da zehazki "harrera-familia"? Nola azalduko zenukete?

-Zuen ustez, nahikoa al da elkar maite duten pertsonak izatea "familia" osatzeko?

 

Ander eta Igone kuadrillakoak dira: euren kuadrillan, badaude eurenak bezalako familia gehiago ere; adibidez, bi amak osatutako familia, seme-alabarik gabekoa... Lehenengo umea harreran hartu zueneko pasadizo polita kontatzen du pasarte honetan Anderrek (01:00 minututik aurrera): Labadora jartzen duen mutila.

Amaia Agirreri askotan galdetu izan diote ea bietako nor den "egiazko ama". Hau da, ama biologikoa. "Bigarren mailako ama" sentitzeari buruz hitz egiten du pasarte honetan: Ama biologikoa ez izatea. Ama/aita izateari buruz eta amatasun-senari buruz ere hitz egin dezakegu ikasleekin, ea zer eredu eta desira dituzten gai horrekin lotuta.

Amaia Agirre eta Ainara bikotea, euren hiru alabekin

Amaia eta Ainara hiru alabekin. Iturria: Txintxarri

 

Gaian gehiago sakontzeko, posible da ETB1eko `Ur handitan´ saioko Denetariko familia-ereduak erreportajea ikustea.

Maitasun erromantikoaren mitoa bideoa ikustea ere gomendatzen dugu, oso lotuta dagoelako familia-ereduen gaiarekin.

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • “Testigantza bila”. Ikertzea, banaka edo binaka. Hori da proposatzen duguna: familia-eredu diferenteei buruzko informazioa batzea. Esperientzia gehiago ekartzea gelara, besteak beste, hedabideetatik hartuta.

 

Adopzio-familia

Fede Otaegi eta Junkal Perez bi alabekin. Iturria: Txintxarri

 

Hemen lau aukera, lau lan-ildo:

  1. Bideoan agertu diren pertsonen esperientziak hobeto ezagutzea. Ahotsak.eus-en jasotako testigantzak ikusi, eta laburpena egitea, eta bideo-pasarte esanguratsu bat aukeratzea, laburra, gelan erakusteko:

    Amaia: https://ahotsak.eus/amasa-villabona/hizlariak/amaia-agirre-arrastoa/

    Igone: https://ahotsak.eus/eibar/hizlariak/igone-lamarain-cobo/

    Ander: https://ahotsak.eus/eibar/hizlariak/ander-mayora-agirreazaldegi/

    Itziar: https://ahotsak.eus/azkoitia/hizlariak/itziar-elias-uria/

  2. Beste familia batzuen esperientziak jasotzea (adibidez, hedabideetan: artikuluak, bideoak...). `Denetariko familia-ereduak´ erreportajea, ETBko Ur handitan saioan. Familia bati buruz ikusitakoa edo irakurritakoa gure egin eta gelan azaltzea: laburpen bat egitea eta iritzia ematea (posible da bideo-pasarte labur bat erakustea ere).
  3. Informazioa bilatzea familia-eredu zehatzei buruz eta gelakideei azaltzea:
    • Harrera-familia
    • Adopzioa
    • Lagunduriko ugalketa-motak: intseminazioa, 'In vitro' fekundazioa...
  4. Ezagutzen dugun familia baten esperientzia kontatzea (norberaren familia ere izan daiteke; adibidez, ikasleak bere esperientzia kontatzea eta argazki batzuk eramatea gelara).

Kasu guztietan ikasleek aurkezpen txikiak egingo dituzte, euren lanaren berri emateko. Ondoren, iritzi-trukerako aukera egongo da.

 

  • “Jolasten”. Eskulanak egingo ditugu. Familien karta-joko berri bat asmatzea izango da erronka. Badago oso ezaguna den familien karta-joko bat: eskimalak, mexikarrak, tirolesak agertzen dira... aita, ama, semea, alaba, aitona eta amona. Gaur egungo egoerarekin bat datorren karta-jokoa asmatuko dute ikasleek.

 

Taldeka egin daiteke. Talde bakoitzak bere karta-jokoa asmatuko du eta baita jolasteko arauak ere. Kartak egiteko, kartoi mehe zuria erabil dezakete, moztu eta bertan marrazkiak egin (collagea ere erabil dezakete). Lehenengo, kartak nolakoak izango diren pentsatzea komeni da, zenbat karta izango diren eta zein izango den jokatzeko modua. Zenbakiak eta koloreak ere inportanteak izan daitezke, komodinak egon daitezke... Erabili irudimena! Hori bai, lagungarria gerta daiteke jada asmatuta dauden karta-jokoak ezagutzea, ideiak hartzeko (adibiderako, ikusi Pirritx eta Porrotxek ateratako karta-jokoa).

Familia milakolore karta-jokoa                                                  Familia Milakolore karta-jokoa. Iturria: Katxiporreta.

 

Karta-jokoak prest dituztenean, talde bakoitzak bere karta-jokoa erakutsiko du eta joko-arauak azaldu. Ondoren, jolasteko ordua izango da: beste talde batekoek prestatutako kartak probatuko ditugu!

 

  • “Sormena lagun”. Kanta, ipuina edo bertsoak sortuko dituzte, familia-eredu ez tradizionalak edo aniztasuna oinarri moduan hartuta. Hutsetik sor dezakete, edo abesti ezagun baten bertsioa egin, letra aldatuta. Dena libre da, ikasleek erabaki dezatela zer egin nahi duten, bakarka edo 2-3 laguneko talde txikietan.

 

Adibide moduan, hemen proposamen bat. Taldetxo batek letra hauekin rapa sortu eta bideoa graba dezake:

Ama, aita, bi ume

familia tradizionala

ondo dago baina jada

ez da hain normala

 

Nik bi ama dauzkat

eta zuk bakarrik aita

Jon amonakin bizi da

familiak gara baita

 

Umedun familiak

eta umerik gabeak

familia txikiak eta

lagun-taldeak

 

Berdin da zenbat garen

eta odolarena

maitasuna da familia

egiten duena

 

Itziar Eliasi Pirritx eta Porrotxek ateratako “Alfonsiño”ren ipuina oso baliagarria gertatu zitzaion alabei harrera-familiarena esplikatzeko: Alfonsiñoren ipuina (ikus 03:00 minututik aurrera). “Familia milakolore1” proiektuko sei ipuinetako bat da “Alfonsiño”, harreran hartutako mutikoari buruzkoa.

Alfonsiñoren familia milakolore karta-jokoan

Familia Milakolore karta-jokoa. Iturria: Katxiporreta.

 

Idaztea gustatzen zaien ikasleek familia berezi bati buruzko ipuin bat idaztea erabaki dezakete; binaka eginez gero, batek ipuina idatz dezake eta besteak marrazkiak egin.

Bertsoak sortzera animatuz gero, berriz, arbel digitala erabil dezakete (izena eman behar da) eta doinua aukeratzeko, berriz, doinutegia.

Lantxoa prestatu ostean, gela osoaren aurrean aurkeztuko dute, kantatuz, "rapeatuz", bideoa erakutsiz edo ozenki irakurriz. Ondoren, nola sentitu diren galdetuko zaie, ea eroso aritu diren ala ez.

 

4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo emanaldia egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzeakomeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea familia tradizionalaren eraikuntza nondik datorren konturatzen den, eta gaur egungo familia aniztasunaz jabetzen den.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, haien orientazio afektibo-sexuala edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) familiari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea familia desberdinak gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta familia tradizionalaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen familia desberdinen egoeraren inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Amaia Agirre (Amasa-Villabona, 1977): Gure etxian bost gea: bi ama eta hiru alaba. Bost emakumezko, beraz.

Igone Lamarain (Eibar, 1980): Gu etxian bizi gara ni eta nere bi umiak.

Itziar Elias (Azkoitia, 1980): Batea bizi geanak, oain momentu hontan: ni, nere bikotie, euki berri deun haur txikixe, Xan, eta aurretiken neuzken hiru seme-alaba, ba, bi neuk eukittekuek biologikoki, Irati eta Aiora, eta gero harreran hartuteko Yasir. Hoixek izengo zin oin bizi geanak. Klaro, umiek daukebe leheno aitte bat eta harrerako umik dauzke bere aitte eta ama biologikuk baitte. Ordun, bueno, danan artin pupurri ederra dakeu.

Ander Maiora (Eibar, 1985): Bueno, gu etxian bizi gara ointxe bertan hiru pertsona, hiru pertsona eta arrain bat. Ni, gero 12 urteko erdi nerabe bat eta sei urteko ume bat. Nere familixa haundixagua da: nere familixan gero dauz nere aita ta ama, nere arreba eta bere seme-alabak, nere bikotia eta gero nerekin bizi diran ume bakoitzan familixak, ze bada be bai: badakez anai-arreba ezberdinak bizi diranak beste familia batzutan. Orduan, zerrendatu beharko baneban danak, ba, kriston familia urtengo zan. Etxian bizi, bizi gara hirurok: ni eta bi ume.

Amaia Agirre: Hasieran, ba, Ainara eta biok elkar ezagutu eta urtebetera hasi giñan familia bat osatzeko ideakin. Pentsatu genun, bueno, nik beti euki det adopzioa buruan, beti, gazte-gaztetatik, eta galdezka-ta hasi giñanean, ba, ikusi genun, bueno, baldintza asko, luze jo zezakeela… eta orduan esan genun: “bueno, gure asmoarekin aurrera ingo deu, ume biologiko baten billa jungo gea, probak egingo ditugu, ea arazorik ez daukagun haurdun geratzeko...”.

Itziar Elias: Hasi giñen bi neska eukitzen eta, bueno, alleau zan momentu bat, ba, nik banauken har hori, harrerako famili bat izeteko, bueno, haur bat eukitzeko gogue naukena, eta, bueno, hor animau giñen, bai.

Igone Lamarain: Nik argi euki dot beti ama izan nahi nebala. Osea, beti euki dot oso argi. Bikotekidia euki zein ez euki, nik uste oso gaztetatikan argi euki doten gauza bat izan dala ama izan nahi... osea, nahi nebala ama izan. Eta, bueno, heldu zan momentua bikotekiderik ez nekala eta, halan-da be, aurrera ittia erabaki nebala.

Ander Maiora: Umiak beti gustau izan jataz eta irakaslia naiz be bai eta ilobekin be asko disfrutau neban harrerako familia sortu aurretik edo osatu aurretik, eta… eta ostera. Eta beti nahi... bueno, beti ez; momentu horretan igual, ba, hori: ba piztu jatan argixa eta esan neban: “Jo, neri be gustauko jatan ume bat eukitzia etxian”.

Igone Lamarain: Erabakixa hartzeko, in neban berba nere aiztekin, batez be nere amakin, eta beranduago nere aittakin, baiña lehenengo nere amakin, eta nere gertuko-gertuko lagunekin be bai. Ez neban hartu bakarrik erabakixa. Igual erabakixa bai hartu neban bakarrik, baiña ittera beste batzuk animau ninduten.

Ander Maiora: Nere amak animau ninduan esan eta segido. Osea, ez dakit. Ez dakit espero zeban edo ez, baiña bai, bai, oso ondo iruditu zitzaion, oso-oso ondo: “ai, ze ondo!”. Aita beldurtu in zan. Aita beldurtu in zan. Nere aitak esaten zeban: “bua, zertan sartu bihar zara honetan, zenbat sufridu behar dozun”. Eta nik uste dot hori, e, gehixenbat beldurretikan hitz egiten zebala. Ez? “Ze nezesidade dakazu, ze behar dakazu holako fregau batian sartzeko”. Ez? Baiña, bueno, gero bera da adurra darixola dagona, e, umiekin.

Itziar Elias: Nik esan nunin harrerako ama izetie nahi nula, nere etxin eskuk burure... Bueno, nere ahizpek beak esaten zin: “joe, baiño zuk ba al dakizu…? bizixe lenuo zaile – ba bea minbizixe orduen pasaute zauen–… leheno bizixe zaile da eta oin hontan sartu beher al zea? seguru al zaude, ordie?” ta dana zin bildurrek. Bildurrek zien, eta nik hori garbi ikusten nun. Eta gure amak: “Ene ba…” ez dakit zer eta... klaro, bildur hori, ez? Earra, baiño aaaaj hori. Eta gero beaixek ezautu zebenin eta harrerako izeko eta harrerako amama billakau zienin, ze diferente ikusten nittun beaxek opinatzen eta nola, ze aldaketa... hor ikusi nun kriston aldaketie in zebela, ez? Ya bildur hori ez zaukeben, ya ezautzen zeben zer zan egoerie eta, ordun… pfff… ez esan ez zala ume hare etxekue. Osea… klaro, ya ya esta.

Ander Maiora: Umiak neri Ander deitzen desta, ezta? Esan dot, ba, etorri zan momentutikan, 5 urte, 6 urtekin etorri zanian, ni Ander nintzan eta Ander. Baiña oso kuriosua da, ze ezagutu zeban nere aita, pistinan, uda baten –nere aita da haundi bat, holan– eta ez dakit segurtasuna ematen zetsan edo zer, segiduan esan zebala: “aittitta!”. Eta da aittitta eta da amama; ni naiz Ander, baiña beraiek dira aittitta eta amama.

Amaia Agirre: Nere bikotekidea eta biok ama izatea erabaki genunean eta gero umea jaiotzear zegonean, nik negarrez esaten nion: “Parre ingo diote eta burla ingo diote, bi ama dituelako”. Orain dala zortzi urteko kontuaz ari gea, e? Eta esaten zidan Ainarak: “Amaia, mesedez! Baiño zeatik?”. Danak nere bildurrak zian, bai? Eta, ba, hori, hainbeste babestu nahia sentitzen nun, ez? ba azkenean nere buruai baiño ez niola kalteik ingo. Eta orain parre iten det, ez? ba zenbat negar eta zenbat kezka izaten nitun horrekin: “eta nola bideratuko deu?” eta “ikastaroak egin beharko ditugu” eta… ez? osea, “armatu in beharko degu –ezta?– jakintzaz, hori gerta ez dadin”.

Ander Maiora: Banekixen aldaketa haundi bat izango zala. Eta bai, aldaketa haundixa izan zan. Igual aldaketa haundixa, gehixenbat, emozionala. Ez? Ze, klaro, ume bat dator etxera, baina ume bat ez zerotik; osea, hazitako ume bat dator etxera. Orduan, elkar ezagutzia eta... Bai. Eta, ostra, ba berba asko itten zeban. Orduan, ba, berak esaten zizkizun gauzak, ba, zelan normalidade baten barruan saiatu sartzen edo, nahiz eta harritu, ba bueno, aprobetxau bere berba hori, ba, aurrera itteko egoeran eta laguntzeko bera.

Itziar Elias: Harreran sartu nitzenin eta harrerako ama billakau nitzenien, ikusten nun gauzetako bat zan ze tabu zan, osea, ze ixilpeko zauen, ez? Iñok ez zakin eze. Kalera ertetzen nitzen eta: “Hori zer da, ordie, adoptaue?” ta “ez”, eta klaro, ematen nun... Esaten nun: “Jo, aldiro kriston espitxak botatzen dittut”, ba, danei esplikau ta danei zea in ta... Ta gero bestie: “Zer da –klaro, galderie–, zer da drogadiktua ama? Zer da, kanpotarra?” ta ez dakit zer ta… Joe. “Lehenengo gauzie ez dizut kontauko, eta, bigarrena, beira: ez bata eta ez bestie”. Eske… Ta penie ematen dizu, porke danak zea itten debe, leku batera bideratzen debe fokue... Ez dakit, ez da earra. Ez da earra. Eta umintzako ere, gerorako ere, ez da earra, ze etiketau ahal da... eta gauze asko sortzen dittu. Eta da ezjakintasune eta bildurrek.

Igone Lamarain: Nik uste dot gure kuadrilan, zentzu horretan, oso anitza dala.

Ander Maiora: Nik suertia euki dot eta nerekin bizi diran umiek suertia euki dabe inguru anitz hori dakatela eta horrek lagundu detse be beraien egoera ez zalantzan jartzen. Ez? Ze izango baziran inguru guztian bakarrak bizi diranak gizon batekin bakarrikan eta ez dabe besterik ikusten familia tradizionalak baiño... pues zailagua izango zan beraiendako ulertzia beraien egoera.

Amaia Agirre: Asteasuk badauka zerbait berezia zentzu hortan: adibide eta kasuistika dexente daude hain herri txikia izateko. Esan nahi det: harreran hartutako umeak, ume adoptatuak, inseminazio bidez, bikote… lesbiana pareja batzu-batzuk bagaude... ume transexual bat ere badago. Horri buruz asko landu da eskolan. Sentsibilitate berezia dago, ba, hori, familia-ereduen inguruan, generoen inguru... osea, asko landu da.

Nahia Fernandez (Eibar, 1994): Gertau jatan praktikaldixan neuala, ba, hori, 2 urteko gelan eta 2 urteko ikasliekin, ba, halako baten ume bati esan netsan: "Ta gaur nor etorriko da zure billa, maittia? Aitatxo edo amatxo etorriko da?" ta "Ama edo amatxo, ez dakit". Eta orduantxe… Klaro, nik euren berri euki barik, nahi dot esan. "Ama eta amatxo etorriko dira". Ta orduantxe esan neban: egixa da, ez? Eta beste ume batek ama bakarrik daka: ama bakarra da eta ama bakarrik daka. Eta irakasliak oso modu naturalian, ezta, in bihar dan bezela, lantzen zeban gaixa. Eta gustau jatan, gustau jatan zelako trataeria ematen jakon ikasgelan, eta umiek eurek zelan erantzuten zuten. Ez? Ba holako... Bueno, ba, nik aita dakat, berak ama bakarrik daka, berak ama eta amatxo ditu... eta ez da ezer gertatzen, ez?

Itziar Elias: Yasirrek ez dauke iñungo... gaiñea, beak oso natural kontatzen du.

Amaia Agirre: Orduan, umeak, “jo, ez diegu kontatuko, ez dute ulertuko...”… Gure bildur eta gure konplejutik ari gea epaitzen umearen burua. Bai? Eta, orduan, umeei lasai kontatu. Ta nik kontatzen dizkiedanian gauzak, askoz lasaiago hartzen dituzte, egia baldin badia, eta ez zerbait izkutatzen ari baldin bagea, ze izkutatzen diogun horri ematen diote garrantzia.

Igone Lamarain: Nik badakit badatorrela eta emoten dabilela eta irakasle askok ahalegin haundixa itten dabela, baiña nik uste dot ondiokan batez be hartzen dan eredua dala aita, ama, seme-alabena eta, bueno, uste dot hor aldatu egin biharko litzakela kontua eta aita eta ama eta seme-alaben inguruan berba egin biharrian, ba, ez dakit etxeko unitateez egin bihar dan berba, familiaz, inguruaz... Bueno, uste dot ondiokan lanketa bat badauala eitteko.

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Nik Batxilergoan edo DBHn dauden gazteekin esaten baldin badiet: “Bale, benga, ariketa bat ingo dugu: pentsatu familia bat”. Hola, iten diet ezer ariko ez bagina bezela, ez? Eta esaten diet: “Nolako familia pentsatu duzue?” Denek-denek-denek iten dute: aita, ama, alaba, semia. Ez? Eta esaten diet –eta txuriak–: “Zuetako zenbaten familia da hori?”. Ia iñorrena! Batzuk dira bi ahizpa, baiña eske asko daude bananduta. Edo asko daude bananduta eta bere aita juntatu da beste batekin badaukana ume bat edo euki dute gero... Osea, esan nahi det, ya ez da bakarrik... ematen du familia aniztasuna dagokiela lesbiana eta gayen... hoiek... aportazioa familia-aniztasunean etorri dala lesbiana batzuk eta gay batzuk umek egin dituztelako. Barkatu, eske familia eredu hori, esaten degunean 'familia' burura etortzen zaiguna, ez dakit nun dagon.

Iratxe Retolaza (Donostia, 1977): Pandemiak ere ekarri zuen familia-egitura horri ere lehentasuna ematea, ez? Familia-harremanak ulertzen ziran familia-harremanak, ez? agian zure lagun min bat izan daitekeenean zuretzako momentu hortan ikusi behar dezun eta ikusi behar handia sortzen dizun pertsona, baina hala ere familia... Legeak ere, ez dakit, bazoaz kiroldegira eta familia-txartela da familia txartela, ez lau lagun bizi zarete etxean eta lau lagun horien txartela, ez? orduan, legea eta egitura guztiak daude familia-egitura horrela ulertzeko, ez? gehi imajinarioa, gehi kultura, gehi... guztia.

Ander Maiora: Beti lotzen dogu familia be umiak eukitziakin, ez? umeren bat eukitziakin etxian. Baiña badauz familiak igual umerik ez dagona, baiña familia bat da be bai: izan ahal da bikote bat izan ahal da lagun kuadrilla bat, izan ahal da aiton-amonak zaintzen dittuan iloba bat. Familia… nik uste dot hartzen dabela hori, ba, oso-oso esparru zabala, edo hartu bihako zebala.

Nahia Fernandez: Zegaittik ez dogu ba danok, umiek bezela, normaltasun batekin hartuko?

Ander Maiora: Nere ustez familia ideala da elkar maite daben jendia, ez? elkar maite eta zaintzen daben jendia. Hori izango zan familia-eredu ideala. Gero kidiak ya ingo dira bidian. Baiña familia-eredu ideala... baldin badau, izango da errespetuz eta maittasunez jokatzen dabena.

Igone Lamarain: Bai, ni ados nao eta batez be: aldez aurretik definiduta ez dauana.

 

 

 

 

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza