Zein dira eta nondik datoz maitasun erromantikoaren mitoak? Nolakoak dira gaur egungo nerabeek desiratzen dituzten bikote-harremanak? Ustezko zoriontasunera eramango gaituen maitasuna nolakoa den ezagutuko dugu bideo honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Bizikidetza
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa maitasunari buruzkoa izango dela aipatuta:
-Asko idatzi da maitasunaz eta desamodioaz. Sinisten al duzue maitasunean?
-Maitasuna konplikatua dela diote askok. Zuek nola bizi duzue?
-Erromantikoak al zarete?
-Zer da erromantikoa izatea? Zer egiten du pertsona erromantiko batek edo zer gustatzen zaio? Eman adibideak.
-Gustatzen al zaizkizue abesti erromantikoak? Zer ezaugarri dituzte?
-Nolakoak dira pelikula eta telesail/websail erromantikoak (maitasuna lortzeko arazoak/ahaleginak, bukaera zoriontsua...)? Aipatu batzuk.
-Zer da maitasun erromantikoa? Zein dira maitasun erromantikoaren mitoak? Guztion artean zerrendatu.
-Maitasun erromantikoaren mitoek ba al dute eraginik zuengan?
-Nolakoak dira zuek desiratzen dituzuen bikote/maitasun harremanak?
Bideoa ikusi aurretik euskarazko abesti erromantiko batzuk entzun ditzakegu, bizpahiru, girotzeko (ikasleek proposatutakoak izan daitezke). Hona hemen adibide batzuk: Mikel Markezen Zure begiek, Ken Zazpi taldearen Ilargia eta Latzen taldearen Laztana.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Zer iruditu zaizue bideoa? Pentsarazi al dizue?
-Bikoterik gabe ezin dela zoriontsu izan, zerbait falta zaigula... Iristen al zaizue halako mezurik zuei?
-Bihotza lapurtuko dizuen pertsonaren bat agertzea, maitemintzea... ba al dago zuen desiren artean?
-Gazteentzat laranja erdiarena "horterada bat" dela dio Iñigok. Hala al da zuentzat ere? Eta printze urdinarena?
-Monogamia, fideltasuna. Bikotekide bat eta bakarra. Heterosexuala, noski. Pelikula askotan "hiruki sentimentalak" sortzen dira: protagonistak bi neskaren/mutilen artean bakarra aukeratu behar izaten du. Nola ikusten duzue zuek monogamiarena?
-Maitasuna betiko izango dela, hori da beste mitoetako bat. Pelikuletan ikusten al da hori?
-Bikotea familia eta lagunak baino inportanteagoa bihurtu daitekeela dio Mirenek bideoan. Ados al zaudete?
-Egia da maitemintzeak batzuetan sufriarazi egiten digula... Zer diozue "Asko maitatzen duenak asko sufritzen du" esaldiari buruz?
-Iñigok bideoan dioenez: "Maitasun erromantikoa harreman toxiko batzuk naturalizatzea da: zeloak, posesioa... jarrera matxista batzuk naturalizatzea". Arrazoia al du? Ala "Maitasunak denarekin ahal du"? Eman dezakezue adibiderik?
Bideoan diotenez, porrot-sentsazioa eragiten dute maitasun erromantikoaren mitoek, espektatibak ez betetzearena. Horrekin lotuta, San Valentin egunari buruz ere hitz egin dezakegu: gure maitasuna publiko egin beharrari buruz, maitasunarekin lotutako merkatuari buruz... otsailaren 14an zergatik zoriondu behar da bikotekidea duena (bikotekiderik ez duena gutxiago sentiarazteko arriskuarekin)? Gauza bera gerta daiteke amaren egunarekin eta aitaren egunarekin.
Maitasun erromantikoaren mitoekin lotutako erreportaje hau eta Euskal Herriko 60 neraberekin horri buruz egindako ikerketa bati buruzko informazioa begiratu ditzakegu. Lanketa interesgarria gazte hauek garagardo eta patatekin egin zutena ere: Nola maitatu behar dugu feministok?.
Familia-eredu desberdinei buruzko bideoa ere ikus daiteke, oso lotuta dagoelako maitasun erromantikoaren gaiarekin. Eta bideo hau ere interesgarria da (hori bai, gaztelaniaz da): Brigitte Vasallori egindako elkarrizketa.
3. Adibide batzuk ikusiko ditugu. Federico Moccia idazle italiarrak 2006an argitaratutako Ho voglia di te (Zure gogoz nago) liburuak eragindako fenomenoaz mintzatu gaitezke. Liburuko protagonistek giltzarrapo bat lotzen dute Erromako zubi bateko barandan, euren maitasunaren ikur moduan, eta giltza uretara botatzen dute. Liburu horren eraginez, munduko toki askotako barandak giltzarrapoz betetzen hasi ziren. Italiako hainbat zubitan barandak puskatu ere egin ziren, pisuarekin, eta giltzarrapoak jartzea debekatu zuten.
-Zer sinbolizatzen du giltzarrapoak?
-Ikusi al duzue halakorik inon?
-Keinu erromantikoa al da, maitasuna erakusteko modu bat?
-Zer maitasun mota da (zu eta ni elkarrekin betirako, maitasunak denarekin ahal du)?
Komeni da argitzea maitasuna adieraztea eta erromantikoa izatea ez dela txarra, berez, kontua ez dela erromantizismo usaina duen guztia baztertzea, "txepelkeria" dela pentsatuta. Maitatzea gauza ederra da, eta maite duzun horri opari opari bat egitea edo hitz ederrak esatea ere bai. Maite duzuna ondo tratatzea, harekin detaileak izatea... ona da (bikotekidea ez denean ere bai: lagunak, familiartekoak... harreman guztiak zaintzea komeni da, elkar zaintzea).
Gaztelaniazko pare bat abesti matxista entzun ditzakegu, oso adibide argiak direnak (frantsesez, ingelesez edo beste hizkuntza batean dauden beste batzuk ere aukeratu daitezke, modan daudenak, nahi izanez gero). Hona hemen adibide batzuk: Maluren Toda, Amaralen Sin ti no soy nada, Kevin Roldanen La muda, Andy & Lucasen Celos, Shakiraren Ciega-sordomuda, Salva & Efexxen Si te vas, Jeniffer Lopezen El anillo, Prince Royceren Tu principe, Enrique Iglesiasen Yo sin ti, Marina Yersen Fiera, Coque Mallaren No puedo vivir sin ti, Pablo Alboranen Solamente tú... Letra inprimatuta eman daiteke edo pantailan ipini, eta guztien artean komentatu, iritzi-trukea sustatuz.
Doble check film laburra ere ikus daiteke. Edo Love telesailaren zatitxo hau. Eta iritziak partekatu.
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.
Aukeretako bat euskal maitasun abestiak aztertzea eta haietan maitasun erromantikoaren zantzuak (bestea gabe ezin bizi ahal izatea, betiko maitasunaren ametsa, maitasuna berdin sufrimendua...) identifikatzea izan daiteke. Ikasle (bikote) bakoitzak bat azter dezake, eta gero gelan partekatu. Hona hemen maitasun abesti batzuk:
Mikel Markez, Zure begiek |
Ken zazpi, Ilargia |
Latzen, Laztana |
Kai Nakai, Zalantzarik ez |
Lor, Zure doinua |
Akelarre, Zure ondoan |
Enkore, Airea eta Muxurik muxu |
Berri txarrak, Ikusi arte eta Bueltatzen |
Larrabetzuko sorginak, Ipuinetako erregiña |
Zea Mays, Sutan eta Negua joan da ta |
Hertzainak, Aitormena |
Su ta Gar, Zure albotik urrun banago eta Itxaropena |
Gozategi, Nirekin |
Anje Duhalde, Maitasun aroak |
Bilintx, Triste bizi naiz eta |
Hertzainak, Zoratzen naizela |
Kherau, Nirekin ez bazaitut |
Beti Mugan, Aingura |
Alaitz eta Maider, Amets bat |
Hemendik at, Eskutitza |
Hesian, Behar zaitut |
Bilintx, Behin batian Loiolan |
Errobi, Zuretzat |
Gatibu, Zeu zeu zeu! |
Nekez, Iragana |
Egan, Maitasun hitzak |
Antton Valverde, Maitasunez hil |
Negu Gorriak, Amodiozko kanta |
Gontzal Mendibil, Nire bihotzak zure begiak ditu |
Esti eta Mikel Markez, Maitasun kanta bat |
Ipuinak ere azter daitezke, klasikoak zein modernoak, Dysney ipuinak, besteak beste: Errauskine, Loti Ederra, Sirenatxoa, Aladin... Eta baita liburuak ere. Eta telesailak, filmak, sare sozialetako bideoak (Tiktok-ekoak, adibidez), telebistako iragarkiak...
Aukeratutakoa aztertu ondoren, gelakideekin partekatuko dute, ozenki:
|
Aurkezpenetan agertzen diren esaldiak arbelean apuntatzen joan gaitezke, jasotzen ditugun mezuez jabetzeko.
Bidea errazteko, proposamen batzuk:
a. Ipuinak. Asmatu ipuin bat, topikoetatik ihes egiten duena, maitasun askeari buruzkoa (adibidez, printzesa izan nahi ez duen eta pirata bihurtzen den neskatoarena). Eskema klasikoa erabil dezakegu:
|
Edo, bestela, betiko ipuin klasikoak alda ditzakegu: Txanogorritxo, Edurnezuri, Loti ederra, Ederra eta piztia... Loti ederra itsusia izan daiteke, Txanogorritxo otsoari adarra jotzen dion makarra bat... erabili irudimena!
Beste ipuin/abesti baten bertsioa ere egin daiteke. Adibidea: Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik jan nahi. Jatorrizkoa gaztelaniaz da, baina euskaraz ere argitaratu zuten. Ikasleek gauza bera egin dezakete beste hizkuntza batzuetan argitaratu diren ipuinekin. Euskaraz konta ditzakete. Adibiderako, ikusi Yo voy conmigo ipuina edo Ranilda igelarena.
Ipuinak prest daudenean, ahozkotasuna landuko dugu: ipuinak irakurri edo kontatu.
|
b. Abestiak. Asmatu abesti bat, maitasun erromantikoaren mitoei kontra egingo diena. Bertsoak edo rapa ere izan daitezke. Hona hemen adibide batzuk: Printzesak eta printzeak, Rimmel, Dena, Ipuinik ederrena eta Denok zu.
Abestia asmatzeko, "ideia ekaitza" egitea proposatzen dugu, maitasun erromantikoaren mitoaren kontrako esaldiekin (adibidez, “Zu gabe ere zoriontsua naiz”, “Alergia diet printze urdinei”...).
Posible da baita ere abestiei letra aldatzea. Adibiderako, ikusi Las insumisas taldearen bertsioak: Sin ti no soy nada abestiaren bertsioa: Sin ti liberada eta Toda abestiaren bertsioa: Solas. XL taldekoek, berriz, Barricadaren No hay tregua abestiaren bertsioa egin zuten: Maldito Walt Disney.
Beste aukera bat: beste hizkuntza batzuetan sortutako abestien euskarazko bertsioak egitea. Ideiak hartzeko, hona hemen adibide batzuk: La Otraren Contigo, Tremenda Jauriaren Esta noche, Buikaren Jodida pero contenta, Vulpessen Me gusta ser una zorra eta Puro Luegoren Moñerías.
Sortutako abestiak kantatu egingo dituzte gero, gelakideekin partekatu. Horixe litzateke onena. Beste aukera bat: bideoan grabatu, eta bideoa gelan erakustea.
Galdetegia guztien artean presta dezakete eta gero 2-3 laguneko talde txikietan egin lana.
Bi eratako galderak egin daitezke:
a. Iritziak jasotzeko galderak. Adibidez:
-Zer da erromantikoa izatea? Eman adibideak
-Zer da maitasun erromantikoa?
-Zein dira maitasun erromantikoaren mitoak?
-Eragiten al dizute? Zertan?
Bideoan grabatuko dute (sakelako telefonoarekin). Kalean egin dezakete. Ezagunei galdetzea da beste aukera bat (aurrez erabaki bideoaren erabilera zein izango den: gelan soilik erabiliko den, sare sozialetan zabalduko den...). Erantzun onenak aukeratu eta bideoa editatzea izango litzateke onena, minutu bat eta bost minutu bitarteko bideo bat osatzeko. Bideoak gero gelan erakutsiko dira, zer-nola-zergatik egin den azaltzearekin batera.
b. Inkesta erako galderak, bai/ez/batzuetan erantzunekoak. Adibidez:
-Sinesten al duzu maitasunean?
-Erromantikoa al zara?
-Ona al da erromantikoa izatea?
-Inportantea al da zuretzat bikotea izatea?
-"Maitasunak ematen duena ez da beste inon lortzen". Egia al da?
-Ezagutzen al dituzu maitasun erromantikoaren mitoak?
-Egia al da Euskal Herrian ez dela ligatzen?
-Ospatzen al duzu San Valentin?
-...
Zer jaso nahi den ondo pentsatzea ere inportantea da, zer jakin nahi dugun eta zergatik. Kasu honetan ez dago grabatu beharrik. Erantzunak anonimoak izango dira. Hori bai, erantzunak apuntatzeko txantiloiak prestatuko dira. Bertan, erantzun duenaren adina eta sexua agertzea komeniko litzateke. Adibide bat:
Galdera | BAI | EZ | Batzuetan | Neska | Mutila | 0-25 urte | 25-45 urte | 45-75 urte | > 75 urte |
X | X | X | |||||||
X | X | X | |||||||
X | X | X |
Emaitzekin ehunekoak atera daitezke: adibidez, "galdetutakoen ehuneko 40ak ospatzen du San Valentin, gazteen artean ehuneko 30ek". Grafikoak eta gaztatxoak ere egin daitezke.
Taldetxo bakoitzak jasotakoaren emaitza esanguratsuenak gelakideekin partekatuko ditu, ahozko azalpenen bidez. Guztiek jasotako emaitzak bateratzea ere interesgarria izango litzateke, eta, esanguratsuak baldin badira, ikastetxean eta herrian zabaltzea.
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo erakustaldia egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Iratxe Retolaza (Donostia, 1977): Nik uste dut, zoritxarrez, oso bizirik dagoela oraindik maitasun erromantikoaren mitoa. Sortu, ba, erromantizismoan sortu zen. Sortu zen garaian bazuen halako... bueno, izan zezakeen askapen puntu bat, garai hartan jendea ezkontzen zelako hitzarmen ekonomiko hutsengatik. Orduan, erromantizismoaren garaian, bapatean maitasunak izatea indarra pertsonen arteko harremanak kudeatzeko eta abar, bazuen askatzailetik. Arazoa izan da gero horrek ze bilakaera izan dun, ze diskurso izan ditun…
Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Ba maitasun erromantikoaren mitoa da bikote heterosexual bat, guapoa izango dena. Estetikak kriston pixua du.
Saioa Mateorena (Leitza, 1999): Neskei ttikitatiken ematen zaiona die Barbiek. Hor… Barbie diela rubiak, ez dakit ze, dena polit-polittek, zuk bera janzten duzu, bere Ken-akin, bere etxekin, bere printzesakin... ikusten dien gauzek hoik die. Oain pixkot hasi da aldatzen. Ni ttikia nintzela, Disney printzesa guztik zien denak ez dakit ze baiño antiguagoak eta matxistagoak eta oain pixka bat aldatzen hasi die marrazki bizidunek. Baiño dena... Izan beharra daukezula perfekta, ezkondu behar dezula zure printzipe urdiñekin... eta gero realitaten dena ez da hola.
Miren Aranguren (Iruñea, 1981): Bueno, sistema patriarkalak ezartzen dun mitoetako bat ere bada maitasun erromantikoarena, gure harreman afektibo eta sexualetan eragin zuzena dakana. Eta, bueno, sinistarazten diguna da, ba… bueno, nere kasuan, adibidez, gizonekin harremanak izango dirala, ba, zoragarriak, hori hasteko eta behin; ez daudela… ez? harremanetan ez dagola apenas gatazkarik.
Saioa Mateorena: Ezin zeala pozik bizi bakarrik. Beti mutil bat beharra duzula pozik bizitzeko. Eta bakarrik zeatik ezin zea pozik bizi? Igual persona bat hobeki bizi da bakarrik mutil batekin baiño.
Iñigo Etxezarreta: Bainan ematen du, zoriontasun hori plenoa izateko, maitasuna edo bikote-eredu romantizatu bat eukitzea egon behar dela erdian, ze bestela ez gera inoiz ehuneko ehun zoriontsu izango, ez?
Mirari Garmendia (Donostia, 1969): Txikitandik hasten da ya presio bat, ez? Bikotea aber noiz daukazun, porke badirudi bakarrik... klaro, eske gizarte hau bikotearen ingurun eraikita dago, sistema guztia. Nola ez zaituzte ba bultzako bikotea izatera?
Iratxe Retolaza: Erromantizismoak esaten badizu pertsona hori gabe ezin izango zarela zoriontsu izan eta ez zarela nor munduan, ba, noski, ba, normala da bilaketa hori obsesiboki hastea.
Miren Aranguren: Eta harreman hoiek izan behar dutela betiko. Bai? Betiko, elkar maitatuko geala, beti berdin, beti pasio berdinarekin, eta horrexegatik, ba, izango ditugula seme-alabak eta asko maiteko ditugula. Eta gure… bueno, nolabait, emakume bezela guztiz osatzeko edo emakume oso izateko, bai, ba izango degula gure gizona, dala gure bizitza guztian zehar gure exito handiena, gure arrakasta handienetakoa izango da, eta seme-alabak, ez? izango dala gure arrakastaren ikur nagusia.
Iñigo Etxezarreta: Naranja erdiarena edo hori igual bai ari da aldatzen pixkat, baiña nik uste ya gazteek ulertzen dutelako zerbait komo aurreko generazioko horterada bat, ez? baiña pixkat ikuspegi hortatik, e! moda kontuagatik. Eta igual betirakotasun hori bai ari da aldatzen, betirako den hori. Bainan egiten degun ariketa gazte guztiek, igual pare batek ez, bainan beraien bizitza-espektatibak dira bikote, seme-alabak, etxe batean, monogamoa... bai, bai, horrek berdin, bai, bai.
Miren Aranguren: Eta zer esanik ez monogamiarena, ez? Ezartzen zaigu, bueno, bakarrik pertsona bat maite dezakegula, pertsona hori izango dala gainontzeko harremanekiko, gainera, ezberdina. Esan nahi det: askoz inportanteagoa izango da gure bikotea gure lagunak baino edo gure gurasoekin dakagun harremana baino. Hori bakarrik gainditu dezakegu, emakumeon kasuan, ba, seme-alabekiko maitasunagatik. Ez? Seme-alabekiko maitasuna izango da hori baino gehio, gure funtzio nagusia jendarte honetan dalako, ba, hori, emazte ona izatea, ama ona izatea. Ez? Horiek dira gure funtzio nagusiak. Orduan, ba, bueno, harreman afektibo asko eraikitzen ditugu hoien arabera, ez? eta jerarkizatzen ditugu ere harreman asko, ba, arrazoi horrengatik.
Iñigo Etxezarreta: Gero hor egon behar du: zerbait galdu behar da. Batzutan da bizitza, beste batzutan da familia, beste batzutan da ikasketak atzean utzi... ez? Beti dago... zerbait galdu behar da, zerbait jarri behar da jokoan. Edo maitasuna horren denez inportantea, ematen du ez duela inporta beste gauza batzuk, ez, inportanteak diran beste gauza batzuk desagertzea edo atzean uztea, maitasunak denarekin ahal duelako, ez?
Iratxe Retolaza: Idealizazioan oinarritutako maitasun bat, betierekotasunean oinarritutako maitasun bat, tragedia kutsu bat ere izan dezakeena, ez? ze, bueno, maitasuna ere ulertzen dena batzutan asko sufritzen baduzu, asko maitatzen duzu... eta bestea ez badago, zerbait falta zaizu zuri, ez? ia-ia mutilaziotik ere baduen irakurketa bat.
Iñigo Etxezarreta: Da sufrimendua, ulertzea sufritu egin behar detela. Maitasun erromantikoa da naturalizatzea harreman toxiko batzuk, naturalizatzea zeloak, naturalizatzea posesioa, ez? naturalizatzea… bai, jarrera matxista batzuk.
Miren Aranguren: Okerrena da dala… sentiarazten dizutela etengabeko frustrazio bat, ez? Borroka asko egin behar dezu zuk hortik ateratzeko, ez? eta sentitzeko, ba, bai, zure hautua dala, zuk hori nahi dezula, ez dezula edozein harreman permitituko, ez? Ze nik uste det hori ere badala gakoetako bat: limiterik ez jartzea, ezezkoari beldur izugarria izatea, gure hautu hori nolabait plazaratzea…
Maixa Lizarribar (Altzo, 1971): Daukazu adin bat eta esaten dizue: “Eta ze? Bikotea noiz? Bikotea noiz?”. Bikotea dezu “Ta? Ezkondu noiz? Ezkondu noiz?”, “Eta haurrak noiz? Haurrak noiz?” Eta “Bigarrena noiz?”, ez? Beti da... aber.
Iñigo Etxezarreta: Bai, eta suposatzen du frakaso sentsazio bat, maitasun erromantikoak, ba, espektatibak ez betetzearena... ume bat eukitzeko beharra, edo umeak eukitzearen beharra...
Mirari Garmendia: Bai da, uste det, gizarte bezela oso inposatuta daukagun gauza bat, ez dakit, arraroa bihurtzen duna seme-alabarik ez daukana. Gizonen aldetik ere, baino emakumeak askoz ere presio gehiago daukagu alde hortatik.
Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982): Ta ya ematen dulako 30 urte inguru hortan, amatasunaren gaia ateratzen danean, jendeak jakin nahi dulako: Zu ama zea? Bai? Ez? Zeatik? Zuk erabaki dezu? Ez dezu erabaki? Jendeak galdetu itten du, erantzunak nahi dittulako, eta, nolabait, oraindik ere obligatuta gaudelako horren erantzun bat ematera eta ez det uste hala danik. Aukera bat da, beste edozein bezela.
Iñigo Etxezarreta: Maitasun erromantikoak suposaten ditu espektatiba batzuk. Klaro, guri espektatiba hoiekin prometitzen dizkigute horrenbeste gauza... gero, normal,urte batzuk pasata, ba, aspertzea, edo bikotean aspertzea edo espektatiba hoiek ez bizitzea eta, ordun, ba, gestio emozional bat suposatzea horrek edo antsietatea suposatzea horrek... ze, klaro, ez dira inoiz beteko espektatiba hoiek! Ez? Maitasun erromantikoa mito bat da, falazia bat da, eta espektatiba hoiek ez dira inoiz pasako, ez?
Miren Aranguren: Baina, bueno, gatazka esistitzen dala, hartu-eman etengabe bat dagoela, negoziazio asko in behar dala... eta, bueno, azken batean, ba, harreman asko ez dirala betirako eta ederrak eta hori guztia, ez?
Iñigo Etxezarreta: Zoriontasuna lortu dezakegu modu askotan, eta batzutan izango da bikotearekin eta beste batzutan bikote-eredutik kanpo.