GKEak Euskal Herrian

Zer dira Gobernuz Kanpoko Erakundeak? Noiz eta zertarako sortu ziren? Euskal Herriko GKEei buruzko bideoa, Hotz Oñati eta Mundukide GKEen adibideekin.

Mailak: LH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Integrazioa, Bizikidetza

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak

  • Bertako zein kanpoko GKEen lana ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Bizikidetzarako jarrera
  • Itxurarengatik, diru faltarengatik, ideologiarengatik edo beste arrazoi batzuengatik gertatzen diren diskriminazioak salatzea
  • Laguntasunik ezarekiko jarrera kritikoa

 

Bideoa ikusi aurretik

  1. Gaiaren aurkezpena egin: Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana. Ikasleen aurrezagutzak aktibatu, gisa honetako galderak eginez talde handian:

    -Zer esan nahi dute GKE siglek?

    -Zer egiten dute Gobernuz Kanpoko Erakundeek? Zer motatako GKEak daude?

    -Ezagutzen dituzuen GKEen zerrenda egin, guztion artean. Herrian ba al dago GKErik?

    -Ezagutzen al duzue GKEren batean dabilen edo GKEren bati laguntzen dion norbait? Zer egiten du?

    -Euskaldunok solidario ospea dugu. Beharra duten herrialdeekiko erakusten dugun elkartasuna aipatzen da beti: dirua emateko garaian ez ezik, baita Saharako eta Txernobyleko umeak etxean hartzeko orduan ere. Nola ikusten duzue zuek?

  2. Bideoan agertzen diren bi pertsonei buruzko azalpen laburra eman daiteke. Beñat Arzadun errenteriarrak Mundukiden egiten du lan, liberatu moduan; urte asko igaro ditu Mozambiken, bertako nekazariei laguntzen. Leire Etxeberria oñatiarrak bi GKEtan kolaboratzen du bere denbora librean: Hotz Oñati eta AMS; bideoan errefuxiatuei laguntzeko sortu zen Hotz Oñati elkarteari buruz hitz egiten du.

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurrezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Atentzioa eman dieten pasarteak gogoan hartu. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu ditzatela.

 Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ziurtatu ulertu dutela. Argitu zalantzak.
  2. Partekatu bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak:

-Bideoa ikusi ostean, argiago al duzue zer diren GKEak eta nolakoak izan daitezkeen?

-Elizak bere gain hartu izan du aspalditik beharra zutenei laguntzea, bertan zein nazioartean. Nola ikusten duzue laguntza mota hori?

-Mitch hurakana, Siriako gerra... aipatzen dira bideoan, GKEen sorrera bultzatu duten gertaeren artean. Ezagutzen al dituzue jendea laguntzera bultzatu duten gertaera gehiago (Ukrainako gerra, tsunamiak...)?

-Mediterraneoan milaka pertsona hiltzen dira urtero, Europara iritsi nahian. Europan, baina, jarrera nagusia mugak ixtearen aldekoa da. Zer iruditzen zaizue?

-Immigrazioa ez da kontu berria. 50eko hamarkadatik aurrera, asko izan dira Euskal Herrira bizimodu hobearen bila etorri direnak. Gela honetan zenbatek dituzue beste leku batzuetatik etorritako guraso edo aitona-amonak?

-Euskaldunak ere migratzaileak izan gara. Ba al dakizue zergatik eta nora joaten ziren?

-Zuek parte hartuko al zenukete GKE batean? Zer egiten? Zergatik?

 

Ikasleak GKEen zerrenda bat egitera gonbidatu ditzakegu: Euskal Herriko GKE nagusiez gainera, baita herriko eta bailarako GKEak ere. Hala, laguntzeko zenbat aukera dauzkaten ikusiko dute.

Immigrazioaren gaiari buruz gehiago sakontzeko, bideo hauek ikustea gomendatzen dugu:

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin ditzakete.

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleek elkarrizketak egitea da proposatzen dena: GKE erakundeetako boluntarioak eta langileak izango dira elkarrizketatuak.

2-3 laguneko taldetxoetan egin daiteke. Jarraitu daitezkeen pausoak:

  • Nor elkarrizketatu erabaki
  • Galdetegia prestatu (inprobisazioari tarte bat uztea ere garrantzitsua da: elkarrizketan bertan galdera berriak sor daitezke)
  • Grabaketa egiteko ekipoa prestatu (inportantea da ondo dabilen frogatzea)
  • Hitzordua lotu
  • Grabazioa ordenagailura deskargatu
  • Grabazioa entzun eta elkarrizketa idatziz ipini
  • Bideo-pasarte interesgarrienak aukeratu eta minutuak apuntatu

 

Elkarrizketa bideoan grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak). Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke grabazio horrekin:

  1. Aurkezpen bat egin gelan, egindako lana erakusteko. Elkarrizketaren nondik norakoak azaldu, elkarrizketatuak kontatutako gauza interesgarri batzuk aipatu eta grabazioaren zatitxo bat erakutsi.
    • Nor da elkarrizketatua? Izen-abizenak, nongoa den. Elkarrizketatuaren argazkia/fotograma erakutsi.
    • Zer GKEtan kolaboratzen du? GKEaren izena.
    • Zer egiten dute GKE horretan? Eman azalpenak, labur.
    • Grabatutako bideo-pasarte bat erakutsi (gehienez 3 minutukoa), interesgarria iruditu zaizuna, eta azaldu zergatik aukeratu duzun.
  2. Bideo-erreportaje labur bat prestatu grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsi eta adibideak eman). Gelakideei erakutsi, azalpenak emanez. Sarean ere zabaldu daiteke.
  • Nor da elkarrizketatua? Izen-abizenak, nongoa den. Elkarrizketatuaren argazkia/fotograma erakutsi.
  • Zer GKEtan kolaboratzen du? GKEaren izena.
  • Prestatutako bideo-erreportajea erakutsi (gehienez 10 minutukoa).
  • Iritzi-trukea egin gelakideekin.

 

Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).

 

  • "Gaur egunera begira" . Herriko eta bailarako GKEak ezagutzera bultzatuko ditugu ikasleak. Lehenengo, guztien artean egindako zerrenda osatu dezatela, eta ondoren taldetxo bakoitzak (2-3 ikasle) GKE bat aukeratu dezala. Egitekoa: GKE horri buruzko informazioa jaso, gero gelakideei azaltzeko. Aurkezpenean kontuan izan ditzaketen puntuak:

 

  • GKEaren izena (logorik baldin badu, logoa erakutsi)
  • Zer egiten dute GKE horretan?
  • Zer esango zenuke jendea GKE horretan parte hartzera animatzeko?
  • Ahal bada, GKE horren jardueren argazki bat lortu eta erakutsi
  • Zuk bertan parte hartuko bazenu, zer egingo zenuke?

 

Bidezko merkataritza zer den ere jorratu dezakegu, eta ikasleak jadanik antolatzen den azoka solidario batean parte hartzera bultzatu (herrian bertan ez bada, bailaran antolatuko da). 

 

  • “Bestearen azalean”. Ipuin/istorio laburrak idaztea proposatzen dugu, lehenengo pertsonan idatziak, gero ozen irakurtzeko. Ipuin horietako protagonistak haurrak edo gaztetxoak izango dira, eta bizimodu ona izateko arazoak izango dituzte. Haien azalean jarriko dira ikasleak. Bakarka egin beharreko ariketa izango litzateke.

 

Adibideak:

  • Saharako haurra. Tindufeko basamortuan jaio da, bere herrialdea okupatuta dagoelako. Uda pasatzera etorri da Euskal Herrira, baina oporrak amaitzen ari dira.
  • Haur euskalduna. Familia behartsu batekoa. Gurasoak Elikagaien Bankura joaten dira, jatekoaren bila, eta lotsatu egiten da: ez du bere ikaskideek jakiterik nahi.
  • Gazte marokoarra. Pateran iritsi zen. Kalean egiten du lo. Atxilotu egin dute, denda batean janaria lapurtzeagatik.
  • Etiopiako haurra. Lehorteen ondorioz, herriko iturria agortu egin da. Egunero sei kilometro egin behar ditu ur bila joateko eta ezin du eskolara joan.
  • Ukrainako haurra. Gerra hasi zenetik bi osaba galdu ditu. Errefuxiatu kanpaleku batera doa orain amarekin. Ez dakite aita eta amona non dauden.
  • Gazte beltzarana. Euskal Herrian jaio zen, baina bere azalaren kolorearengatik jendeak pentsatzen du ez duela euskaraz jakingo. Dendetan arreta bereziz zaintzen dute, zerbait lapurtuko duen beldurrez edo.

 

Idazlanak gehienez orrialde batekoak izango dira. Posible da ipuinak idazteko ohiko egitura erabiltzea (hasiera-korapiloa-amaiera), baina ez da ezinbestekoa. Egoeraren berri ematea ere posible da, amaiera zehatzik eman gabe.

Ozenki irakurri aurretik, komenigarria da entsegu batzuk egitea. Horretarako, Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40). Tonoa eta erritmoa erabaki beharko dute ikasleek, probak eginez: zer tonotan irakurri (umorezkoa, serioa, lasaia…), pertsonaien ahotsak nolakoak izango diren (testuan pertsonaia bat baino gehiago agertzen baldin badira), non egin geldialdiak, zer hitz nabarmendu…

Istorioa/ipuina ozen irakurriko dute, ikaskideen aurrean. Ahotsak grabatu egin daitezke (bideoan ere graba daiteke. Adibiderako, ikus: Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan).

  • Izan dituzten sentipenen berri emango dute: Nola sentitu zara protagonistaren azalean? Gustura sentitu al zara ozenki irakurtzen? Eroso ala deseroso? Urduri ala lasai? Gozattzen ala bukatzeko irrikitan? Beldurrik piztu al zaizu (gaizki egitekoa, erridikulua egitekoa…)?
  • Gustura geratu ez badira, hobeto prestatu eta berriz irakurri eta graba dezakete (adibidez, bakarrik egonda).
  • Zer sentitu duzu beste batzuen istorioak/ipuinak entzutean? Hunkitu al zaituzte?

 

  1. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko emanaldian edo antzezlanean lasai sentitu den eta nahi zuena egiteko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen emaitzarekin.

                                                      

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:

1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea gai den norberaren kontzeptu egoki bat eraikitzeko, gainerakoekin eta naturarekin lotuta, modu seguru eta kritikoan, identitateari buruzko ezaugarriekin lotutako informazio analogikoa eta digitala eta adierazpen artistikoak antolatuz eta sortuz.
  • Ea gai den bere autoestimua eta autonomia garatzeko, besteekin harmonian, emozioak adieraziz eta identifikatuta eta desirak eta helburuak argituz.
  • Ea gai den identitatea garatzearekin lotutako oinarrizko kontzeptuen inguruan gogoeta egiteko (emozioak eta sentimenduak, autoestimua, adiskidetasuna, maitasuna, familia, kultura...), banakako eta taldeko ikerketa-dinamiken bidez.

 

2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea posizio moral autonomoa sortzen duen, deliberazio arrazionalaren bidez eta beste batzuekiko errespetuzko elkarrizketaren bidez, zenbait balio eta bizimoduren inguruan.
  • Ea bizikidetza baketsua, errespetuzkoa, demokratikoa eta bidezkoa sustatzen duen, baita gatazkak konpontzeko konpromisoa ere, halakorik dagoenean, gizakiaren izaera sozial eta politikoari buruzko ikerketatik abiatuta.
  • Ea genero-berdintasuna, indarkeriaren gaitzespena eta gutxiengoekiko eta identitate desberdinekiko errespetua bezalako balioekin konpromiso aktiboa hartzen duen, balio horiekin lotutako arazo tokiko eta globalei buruzko argudio-elkarrizketatik abiatuta.

 

3. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea aktiboki konprometitzen den pertsonekiko, animaliekiko eta planetarekiko errespetuarekin, eta haien zaintzarekin eta babesarekin bat etorriko diren balio, jardun eta jarrera afektiboekin, uraren eta energiaren kontsumo arduratsua eta mugikortasunaren eta hondakinen kudeaketa eta erabilera iraunkorra sustatuko dituzten jardueretan parte hartuz.

 

4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea galderaren izaera kontzeptu gisa ulertzen duen, zalantzan jartzeak giza jardueran duen garrantzia baliaraziz eta ingurune hurbilean esparru etiko-zibikoko galderak identifikatzeko eta lantzeko gaitasuna garatuz.
  • Ea elkarrizketa kooperatiboaren bidez besteekin interakzioan jarduten den, jokabide gizalegezko eta demokratikoak eta balio komunek, errespetuak eta enpatiak bideratutakoak modu arrazoitu eta autonomoan hartuz.
  • Ea pentsamendu konplexua oinarritzen duten pentsamendu-trebetasun nagusiak garatzen dituen: pertzepzio-trebetasunak (entzutea, behatzea...), ikerketa-trebetasunak (hipotesiak formulatzea, aukerak hautatzea...), kontzeptualizazio trebetasunak (definitzea, alderatzea...), arrazoitze-trebetasunak (arrazoiak ematea, zatiak eta osotasuna erlazionatzea...) eta itzulpen-trebetasunak (interpretatzea, inprobisatzea...) dinamika gidatu indibidual eta kolektiboen bidez.

 

5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta

  • Ea norberaren eta besteen emozioak eta zaintza modu orekatuan kudeatzeko jarrera garatu duen, norberaren emozioak identifikatuz, aztertuz eta modu asertiboan adieraziz eta besteenak antzemanez eta baloratuz, sormen- eta hausnarketa jardueren inguruan.
  • Ea adiskidetasunean, maitasunean eta besteen eta ingurunearen zainketan oinarritutako jarrera hartzen duen, beste pertsona batzuekiko eta ingurunearekiko interakzio zibiko eta etikoaren esperientzia afektibotik eta horren inguruko gogoetatik abiatuta.

 

Beñat Arzadun (Errenteria, 1973): GKE da Gobernuz Kanpoko Erakundea. Hori da, ba, elkarte bat, herri ekimenez sortzen den elkarte bat, ez dela gobernuak zuzentzen duen gauza bat eta ezta enpresa bat ere.

Leire Etxeberria (Oñati, 1980): Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da erakunde independente bat, gobernuz kanpokoa, horregatik hitzak esaten duen bezala, eta herritarrek sortua izaten da normalean, apolitikoa, independentea, eta helburu humanitario edo sozialak izaten dittu.

Beñat Arzadun: Bigarren mundu guda bukatu ondoren, txikituta zeuden Europa kontinenteko herrialdeei laguntzeko sortu zian talde batzuk. Lehenengo-lehenegotakoak, adibidez, Oxfam eta hoiek, hoiek sortu zian Inglaterran Europan dana txikitu ta gero miseri gorrin geldittu zan jendeari laguntzeko. Hori da hasiera-hasierako jatorria. Ta Estatu Batuk ta horik dira lelengo sortu zianak, Estatu Batuetan eta Britainia Handian, europarrei laguntzeko. Eta hortikan, gero, deskolonizazioa etorri zanean, elkarte haiek hasi zian kolonia izateari uzten ari ziran herrialde haiekin elkarlanean. Jatorria hortikan dator.

Leire Etxeberria: Adibidez, garapenerako GKE batek, ba, garapenerako proiektuak garatzen dittu herrialde pobretuetan, baina badaude beste helburu batzuk dittuzten GKEak. Betiere pertsona zaurgarriei laguntzeko pentsatuta egoten dira.

Beñat Arzadun: Gure artean elkarte gehien-gehienak sortzen dira 90eko hamarkada hasieran. Hor egon zan hurakan handi bat Hego Amerikan, Ertamerikan, Mitch hurakana, eta harren inguruan. Ordura arte ziur asko ez genuen geure burua... ba Espainiko gerra zibila, gero Francoren garai dana, gero krisi industriala... Baina 90eko hamarkada hortan, antza, gizarte bezela hasi ginen sentitzen nahikoa aberats beste batzuei laguntzen hasteko, eta hor egon zen boom bat.Ta elkarte asko eta asko garai hartan sortutak dira. Eta gero bestea: sekularizazioa, klaro. Zergatik hemen 60-70ean-eta bazegon nazioarteko lankidetza: misioak. Klaro, garai hartan misioen bidez bideratzen zen nazioarteko elkartasuna. Jendeak laguntzeko zer zun? Eliza. Ziur asko 90eko hamarkadan daukagu gizarte bat aberatsago sentitzen dena eta gizarte bat Elizatik urruntzen ya dezente urrundu dana.

Leire Etxeberria: Bueno, 2016an krisi migratorio bat egon zen, errefuxiatuen krisi haundi bat Europan. Siriako gerra zela eta, errefuxiatu asko hasi ziren Europaruntz etortzen, eta benetan, ba, krisi migratorio edo errefuxiatuen krisia deitzen dana hasi zen. Ez? Oraindik esan dezakegu ez dela amaitu, ez? Momentu hortan, ba, ikusi zen behar bat zegoela errefuxiatuei laguntzeko eta europar gizarteak egin behar zuela hori, ze gorbernuak ez zeuden krisi hau erantzuten. Europak egin zuena momentu horretan eta ondoren egin duena da mugak itxi, fronterak itxi, ba, errefuxiatu hauei ongi-etorria eman eta lagundu beharrean. Orduan, bai, hor denuntzia behar bat eta beraiei laguntza behar bat ikusi zen.

Beñat Arzadun: Egongo dira denetarik egiten dutenak, beste batzuk leku batean denetarik egiten dutenak, beste batzuk gauza txiki bat baina leku askotan egiten dutenak...

Leire Etxeberria: Gero, ba, gizarte ekintzako GKEak.Hhauek, ba, normalean hemen bertan lana egiten dute kolektibo konkretuekin: ba desgaitasuna duten pertsonak edo pobrezian bizi direnak. Badaude ekologiarekin edo ingurumenarekin lotutako elkarteak, ba, pixkat arlo horretan kontzientziatzeko sortuak, eta gero baita ere giza eskubideen alde borrokatzen duten erakundeak. Adibide batzuk emateko, ba, giza eskubideen alde Amnistia Internacional oso ezaguna da, nazioarteko erakunde bat da; edo ekologiarekin lotuta, ba, Green Peace bezalako erakundeak. Hauek ba  ya nazioarteko erakunde handiak dira. Hortaz gain, badaude erakunde txikiagoak, bertan lan egiten dutenak.

Beñat Arzadun: Gure lanaren % 80a bi herrialdetan dago: Mozambiken eta Brasilen. Eta gero badittugu tamaina txikiagoko lanak Kolonbia-Ekuadorren eta Etiopian saiakera batzuk egitten arittu gea azkeneko urtetan. Eta gure alorra garapen produktiboa, garapen sozio-ekonomikoa. Guk ez degu hezkuntzan edo osasunean edo giza eskubideen alorrean lan egiten edo ekologiaren alorrean lana egiten; gure lan ildoa da jendeari bere lanari probetxu hobexeagoa ateratzen laguntzeko bidea egittea: ba enpresa berriak sortuz, edo dauden enpresak hobetzen saiatzen. edo baserritarrak baldin badira euren ekoizpena edo salmentak hobeagotzen. Ordun, arlo produktiboan da gure lan ildoa. Lanaren zati haundi bat da baserritarrei… Mozambiken, adibidez, baserritarrekin lan egiten da: baserritarrei euren ekoizpena hobeagotu, salmentak hobeagotu, produkzioa dibersifikatu... eta horrelako lanetan

Leire Etxeberria: Oñati herrian sortutako gobernuz kanpoko erakunde txiki bat da eta honen helburua da errefuxiatuei laguntzea edo errefuxiatuen giza eskubideen alde borrokatzea. Zer egiten du Hotz Oñatik? Bueno, ba, alde batetik diru bilketak edo dirua lortu. Ekintza bereziak egiten dira: ba pintxo pote solidarioa edo bokadilloak saldu jaietan, edo azoka txiki bat jartzen da hilabetean behin... Eta diru hori, gero, bideratzen da ba errefuxiatuak dauden guneetara, beste elkarte batzuekin elkarlanean. Hemen lan egiten dugu, ba, adibidez, Zaporeak elkartearekin. Zaporeak elkartea baita da Gobernuz Kanpoko Erakunde bat Euskal Herrikoa, lan egiten duena grezian, Lesbos uhartean, eta bertan egiten duena da, ba, janari duina prestatu errefuxiatuentzat. Orduan, biltzen dugun diru zati bat askotan Zaporeak-era doa. Baita lan egiten dugu “Salvamento marítimo humanitario”rekin, hau da, Aita Mari proiektua duena. Aita Mari da itsasontzi bat Mediterraneoan erreskate lanak egiten dittuena. Bai? Migratzaile eta errefuxiatu asko Mediterraneoan bidez saiatzen dira iristen Europara, eta asko bertan hiltzen dira. Dirua biltzeaz gain, baita ere egiten dugu sentsibilizazio lana. Eta, azkenik, bai egiten dugu baita ere beste produktu batzuen bilketak. Janari bilketa, eta batzen dugun janaria Zaporeak-era bidaltzen dugu; eta ba erropa edo jostailu bilketa, baita ere errefuxiatuei bidaltzeko ba beste GKE batzuen bitartez.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza