Hizkera informala: irainak

Kaleko hizkera da hizkera informala. Gazte hizkera. Nola moldatzen gara euskaraz hizkera informalean? Erabiltzen al dugu euskarazko irainik?

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

4,46 puntu 5 izarreko maximotik
308 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Hizkera kolokiala ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Gazte hizkera sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Erabiltzen al duzue irainik eta biraorik? Zein egoeratan?

-Irain gogorrak eta epelak daude: indar handia dutenak eta indar gutxikoak. Zein izan daiteke irain epel bat? Bururatzen zaizue adibideren bat?

-Batzuek esaten dute euskarak ez duela irainik... Zergatik diote hori?

-Zein hizkuntzatan esaten dituzue irain eta biraoak?

2- Ikasle bakoitzak euskarazko irain edo birao bat idatziko du papertxo baten, inori esan eta erakutsi gabe, eta papertxo guztiak poltsa edo zaku batean sartuko ditugu. Ondoren, bi ikaslek (boluntarioak eskatu) arbelean idatziko dituzte hitz guztiak. Arbelean termometro bat marraztuko dute, eta irainak goian, erdialdean ala behean idazten joango dira gero, hitzen indarraren arabera: irain 'epelenak' termometroaren behekaldean jarriko dituzte, erdibidekoak erdi inguruan eta gogorrenak (haserrearen haserrez sutan, bero-bero, jartzeko modukoak direnak) goikaldean. Errepikatzen diren hitzei marratxoak jarriko dizkiete (adibidez, buruhandi II). Ikasleei gehiago bururatzen baldin bazaizkie, horiek ere apuntatu. Beste aukera bat: arbelean idatzi beharrean, termometroa A3 tamainako kartoi-mehe batean marraztea, eta papertxoak ere han jartzen joatea, blu-tack txiklearekin.

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Ikasleek euren arreta bereganatu duten pasarteak gogoan har ditzatela.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez: “hitz larriak” (Iparraldean irainei hala esaten zaie), “jun zingan” edo “jun zakutik hartzen” (Lekeitioko esamoldeak. Esanahia: joan popatik hartzera, joan pikutara, joan haizea hartzera, alde hemendik)…  

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko. Bideoa bigarren edo hirugarren aldiz ikustean, irain gutziak apuntatuko dituzte, gero horiek ere termometroan jartzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoko euskarazko biraoak gure termometroan jarriko ditugu, besteekin batera.

3-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, denok elkarrekin. Hona hemen horretarako balio dezaketen galdera batzuk:

-Zergatik jotzen dugu gaztelaniara hizkera informala darabilgunean? Zein egoeratan gertatzen da, haserretzen garenean bereziki ala beste egoera batzuetan ere bai?

-Bideoan agertu al da ezagutzen ez zenuten esamolderik?

-Euskarazko irain nahikoa ezagutzen al dugu? Non entzun ditzakegu?

-Euskarazko irainek ba al dute aski indar ala beste hizkuntza batzuetakoak baino makalagoak dira?

-Iparraldean gaztelaniazko irainak erabiltzen dituzte; hegoaldean gauza bera gertatzen al da frantsesezkoekin?

-Esamoldeak modan jar daitezke? Ados al zaudete?

-Zer iruditzen zaizue irainak eta biraoak asmatzea?

 

4-Josu Mendikute blogariak “irainak sortzeko metodo erraz bat” proposatzen du bere blogean: hiru zutabeen metodoa, hain zuzen ere. Ikasleak 4-5 laguneko taldeetan banatuta, jolas bat egingo dugu. Metodo hori erabilita, irainak asmatuko dituzte ikasleek.

  1. Lehen zutabean, animalia desatseginen izenak.
  2. Bigarrenean, adjektibo iraingarriak.
  3. Hirugarrenean, indargarri bat (halakoa, alena, madarikatua… edo beste adjektibo iraingarri bat).

Adibidea: zerri gezurti madarikatua

10 minutu izango dituzte, eta, ondoren, asmatutakoak partekatu egingo ditugu. Originalenak eta barregarrienak zein diren erabakiko da denen artean.

Irainak eta esamoldeak asmatzeko beste modu batzuk ere badaude. Adibidez, konparazioak erabiltzea: “X baino makalagoa da”. Adjektibo bati “mari” indargarria ipintzea: “mari-zikin”, “zikin-mari”…

5-Orain irainak albo batera utziko ditugu. Izan ere, gure helburua ez da denok biraoka aritzea. Hizkera informala, kaleko hizkera, gazte hizkera… hizkera bizia eta egoera guztietarako balio duena dela konturatzea da gure asmoa: zirikatzeko, barre egiteko, ligatzeko… ez haserre gaudenerako bakarrik. Hizkera informalari buruz hausnartuko dugu. Horretarako, irakaslearentzat gomendagarriak izan daitezke honakoak: gazte hizkerari buruzko Kike Amonarrizen artikulu hau (eta hitzaldia) eta Joserra Gartziak egokitasunari buruz dioena (04:55-08:40).

-Zer da hizkera informala? Zertan desberdintzen da formaletik? Zer ezaugarri ditu?

-Komunikazio egoerak baldintzatzen al du gure jarduna? Zeren arabera da egokia esaten duguna? (Informala izateak ez du esan nahi denak balio duenik, edozein gauza esan daitekeenik. Komunikazioa egon behar da. Egoera komunikatibo horretarako egokia izan beharko du).

-Ligatzeko, adibidez, zein esamolde erabiltzen ditugu? Mutil edo neska ederra dela esateko zein hitz edo esamolde ezagutzen dituzue? “Zu bai neska panpoxa/pertxenta” egokia izango al litzateke (egoera zehatz bat irudikatu: lekua, giroa, hitz egiten duena nor den, mezua jasoko duena nor den…)?

Aukera bat: Wazemank taldearen bideo hau ikustea eta komentatzea; hizkera formalaren eta informalaren arteko mugak umorez lantzen dira bertan.

Laupabost laguneko taldeetan banatuta jarraituko dugu. Orain, Gazte Gara Gazte webguneko gazte-hiztegian agertzen diren hitz eta esamoldeak begiratuko dituzte ikasleek. Barregarriak edo politak iruditzen zaizkien esamoldeak aukeratu beharko dituzte, erabiltzeko modukoak iruditzen zaizkienak. Talde bakoitzak 3 aukeratuko ditu. Ikasgelan partekatuko dituzte. Arbelean idatziko dituzte denak. Gero, talde bakoitzak esamolde bakar bat aukeratuko du, gehien gustatzen zaiona, eta erabiltzeko konpromisoa hartu, gutxienez hilabetean. Eskolatik kanpo ere bai: lagunekin, kalean… Esperimentu bat izango da. Ea egia den esamoldeak modan jarri daitezkeela.

6- Lehiaketa bat antolatuko dugu. Irudimenari ateak irekiko dizkiogu. Pegatina batean jartzeko leloa izango da, herri hizkeran idatzia. Esaldi barregarri edo orijinal bat (ez da iraingarria izango). Gaia: euskara, ligatzea… denen artean erabakiko da. Errima erabiltzea lagungarria gerta daiteke (adibide bat: “Libre nau ta espabilau!”). Esamolderen bat erabiliz gero esaldiak indar handiagoa izan dezake. Diseinua ere inportantea izango da (marrazkiren bat, koloreak…). Epe bat emango dugu lanak entregatzeko. Nahi duenak parte har dezake, hautazkoa da (hori bai, nota altxatzeko balio dezake). Epaimahaia: bozka bidez erabakiko da irabazlea zein den, gelan bertan (nahi izanez gero, beste gela batzuetakoek ere parte har dezakete).

 

7-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere; posible da bat baino gehiago egitea):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile. Herrian zein inguruko herrietan erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak bildu, kalean zein etxean. Helburua: modu informalean erabiltzeko moduko hitzak eta esamoldeak ezagutzea eta berrerabiltzea (ez dute irainak izan beharrik). Lehenengo, galdetegi txiki bat prestatuko dute. Ingurua ez baldin bada euskalduna, gazte-hiztegira, sareko beste hitz zerrenda batzuetara eta liburuetara jo dezakete, esamolde politen bila. Bildutako hitz eta esamoldeekin hainbat gauza egin ditzakete. Hona hemen hiru aukera (talde bakoitzak nahi duena aukera dezake edo denek bera):
  1. Marrazkiak egin, eta liburuxka bat sortzea, kopiak egin eta gero gazteen artean banatzeko modukoa. ‘Hiztegi’ txiki informal bat izango da. Taldeka banatu, eta guztien artean osa dezakete liburuxka hori. Adibide polita: Beasaindio. Beasaingo esamoldeak liburuxka.
  2. Gustuko hitz eta esamoldeekin esaldi erakargarriak sortu, eta ikastetxeko hormetan jartzea (adibidez, komunetan). Egindakoa dokumentatu egin beharko dute: argazkiak edo bideoa erabilita, eta gelakideen aurrean azaldu. Adibidez, ikasle bakoitzak esamolde edo hitz jakin bati buruzko azalpenak eman ditzake: nori eta non jaso dioten, zergatik gustatu zaien, zein egoeratan erabil daitekeen eta zergatik jarri duten leku zehatz horretan.
  3. Hitzak eta esamoldeak bideoz jaso (elkarrizketak egin aurretik, ikus jarraibide orokorrak), eta guztiekin bideo labur bat egitea (editatzeko programarik ezagutzen ez badute, programaren bat erakutsi). Argazkiak, marrazkiak eta musika ere sar ditzakete. Girotzeko, ikus Ondarruko berbak bideoa.
 
  • Bestearen azalean. Lau-bost ikasleko taldeetan umorezko antzezlan laburrak (esketxak) prestatu. 2-5 minutu bitartekoak. Txiste/anekdota modukoak izango dira. Hizkera informala erabiliko dute pertsonaia guztiek, kaleko hizkera. Egoera/gaia beraiek asmatu dezakete (adibidez, ligatzeko metodoak); beste aukera bat: aurretik aukeratutako esamoldeak erabiltzea, talde bakoitzak bereak. Talde bakoitzak bere erara egingo du. Ondoren, lanak gelan bertan antzeztuko dituzte talde guztiek, gelakideen aurrean. Beste aukera bat: bideo labur bat grabatzea (horretarako, bideoak egiteko azalpenak emango zaizkie; girotzeko, Wazemank taldearen bideo hau ikus daiteke).
  •  “Jolasten. Ikasleak 4-5 laguneko taldeetan banatuko dira. Talde bakoitzak 5 hitz edo esamolde aukeratuko ditu, erdi isilpean. Aurrez ezagutzen ez zituztenak izango dira, bitxiak (Gazte-hiztegian bila ditzakete), helburua hauxe baita: beste taldeetakoek erraz asmatzeko modukoak ez izatea. Papertxoetan idatziko dituzte, eta tolestu. Talde guztietakoek gauza bera egingo dute. Nola jolastu?
  1. A taldeak idatzitako papertxoak hurrengo taldeak hartuko ditu (B taldeak); gauza bera egingo dute talde guztiek.

2. B taldeko kide batek papertxo bat hartuko du. Taldekideei erakutsiko die: beraien artean komentatu (isilka) eta, hitz/esamolde horrek zer esan nahi duen baldin badakite, esan egingo dute (A taldekoak izango dira epaileak, beraiek idatzitako papertxoak direlako). Hori bai, aukera bakarra dute. Ez badute asmatzen, hurrengo taldeko kideek (D) izango dute asmatzeko aukera; haiei pasatuko diete papertxoa. Asmatzen duen taldeak puntu 1 lortuko du. 

3. Talde bakar batek ere ez badu asmatu, papertxo hori idatzi duten taldeko kideek keinu bidez azaldu beharko dute hitzaren/esamoldearen esanahia. Beste talde guztietako kideek izango dute asmatzeko aukera. Asmatzen duen taldeak puntu 1 lortuko du; keinuka aritu den taldeak 3 puntu (inork asmatzen ez badu, berriz, 2 puntu).

4. Ondoren, D taldekoen txanda izango da, B taldekoen papertxoekin. Eta horrela txandaka, papertxo guztiak erabili arte. Jolasaren bukaeran puntu gehien dituen taldeak irabaziko du. Eta, bide batez, hitz eta esamolde mordoxka ikasteko aukera izango dute. Gainera, gorputz espresioa landuko dute.

Keinuak oso garrantzitsuak dira ahozko komunikazioan: ahotsa bezain inportanteak. Talde guztiek mimika egitea komeni da, nola moldatzen diren ikusteko. Jolasa bukatzean mimika egin gabe geratu diren taldeei beste hitz edo esamolderen bat emango zaie, eta keinu bidez egingo dute.  

 

  • Jolasten. 2-3 pertsonako taldeak osatuko dituzte. Talde bakoitzak horma-irudi bana egingo du. A-3 tamainako koloretako kartoi-meheak erabil ditzakete. Gazte-hiztegiko hitzak eta esamoldeak erabiliko dituzte, bi atal hauetakoak: “Amodioa eta sexua” eta “Ezaugarri fisikoekin lotutakoak”. Umorerako aukera gehien ematen dutenak aukeratuko dituzte, eta marrazkiak egingo dituzte horiek ilustratzeko. Taldeka horma-irudiak osatu ondoren, ikaskideei erakutsiko dizkiete, azalpenak emanez. Bukaeran ikastetxeko hormetan jar ditzakete lanak.

 

8- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei beraien lanaren emaitzak ezagutarazteko edo hizkera informalari buruzko iritzia emateko. Aurkezpen guztiak hizkera informalean egingo dira (herri hizkeran edo euskakian) eta ondo legoke giroa ere informal samarra izatea, lagunartekoa. Hori nola lortu? Hasteko, ez dugu “aurkezpen” hitza erabiliko. Adibidez, “Egin duzuena azaldu” edo “Egin ditugun gauzak egin ondoren, zer iritzi duzu euskara informalari buruz?”. Biribilean jarrita egin daiteke (lurrean eserita, adibidez), hizlari-entzule banaketarik egon ez dadin. Ikaskideei modu naturalean parte hartzeko aukera emango zaie (galderak, iritziak…). Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

- Ea gaiak bere interesa piztu duen.

- Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

- Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

- Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

- Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

- Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

- Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

- Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

- Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

- Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

- Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea aztertzen eta balioesten dituen hizkera informalaren aberastasuna eta balioak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa

duen.

·         1.A taldeak idatzitako papertxoak hurrengo taldeak hartuko ditu (B taldeak); gauza bera egingo dute talde guztiek. 

Ebaristo Genbelzu (Hernani, 1925): Oain beste gauza bat do gaztiak gaixki ikasiya dakatena. Euskeraz egin bihar dala esaten dute, e? Ta euskeraz al da “mecauen Dios”, “ostia”… hoik euskeraz al dia? Denbora batian “arraiyuoi”, “puñeta”, “aluboi”… ta holakuak zian ta oain… jesus, edozein mutil koskorri ta beida egoten naiz ta jesuskriston maldeziyuak.

Asun Guridi (Urretxu, 1937): Ordun esaten zien beste hitz batzuk. Ba ez dakit, hitz txarrak… bueno, txarrena zan “alue” esatea batak bestei, gizon batek besteai “alue” esatea zan… azkenekoa. Bai, bai, oso gogorra zan izen hori esatea. Baino “txotxolo” ta holako hitz batzuk. “Txotxolo”, “txepela”, “ñañoa”. “Ñaño”a ere bai.

Ebaristo Genbelzu (Hernani, 1925): “Txotxolua” ta.

Roke Etxeberria (Andoain, 1928): Por ejemplo Urnietan da “inozua”, “tonto” nola esaten dan, “tonto”? Ta Andoainen esaten da “mokolua”. Ta “mokolua”, izen hori re galdu in da Andoainen.

Asun Guridi (Urretxu, 1937): “Oiloa”, holako gauzek esaten zien. Ta “astaputze baino ustelagoa” ta… hola. Ta “jun hai txakurren ipurdira”. Ta holako… holako hitzek. “Emango diat ipurtzuloko bat eta”… holakok, dana hola zan. Oain ez die, hitz horik telebistan ez die aditzen. Beste batzuk… nik ez dakit (erderazkok gehio) erderazkok sartu dittue...

Ebaristo Genbelzu (Hernani, 1925): “Alubita”, “arrayuoi”, “txoruoi”, “iñoxua al haiz?” Ta holako gauzak. Ez “mekauendios” ta “ostia” ta “virgen de ez-dakit-zer” ta. Hori, 10 urteko mutilkoskorrai ta… aitten ttuzu hoi. Hori, hortan atzera guaz!

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): “Euskeriak ez dako irainik. Euskeria hizkuntza jatorra da ta”. Bai zera! Hori da Lekitton ez dozula ikasi euskerazko irainik.

Irati Seijo (Lekeitio, 1992): Ba Lekitton berez jasota badaoz.

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): Baina ez dogula ikasi guk, e.

Irati Seijo (Lekeitio, 1992): Ta nik uste dot jende helduak erabiltzen dabela, e.

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): Ba guk txikitatik entzun dozuz telebistan… edo entzuten dozuz… igual futbol-salara zoiaz eta beti erderaz entutzen dozula… ba hori ikasten dozula be bai.

Maialen Chantre (Bera, 1991): Nik uste bai, badirela espresio pillo bat bai gazteleraz direla eta nik uste adibidez espresio anitz hartuko ditugula telebistatik, irratitik… telebista serietan eta agertzen direnak. Eta hoiek gehienak gazteleraz direnez… gazteleraz hartzen dituzu. Grazia egiten dizutelako edo holako zerbait. Eta egia da adibidez euskarako espresioak ere bai hartu izan dittugula baina, klaro, proportzioan euskal telesailak hagitzez guttiago dire. Orduan aukera guttigo dago esamoldeak hortik hartzeko ere bai. Eta azkenean… hitz… ya eginak dauden espresio hoiek aunitz gazteleraz dire.

Pettan Prebense (Donapaleu, 1989): Euskaraz erabiltzen ditugun irainak españolez dira: “mecauen” edo…

Ainhoa Sarasua (Itsasu, 1997): Ainitzetan hola justuki umorea edo hitz larriak ta hola erraiteko, beti-beti frantsesera jotzen dut eta ainitzetan gertatzen zait hola hegoaldera joaitean, nolaz haiek denak erabiltzen dituzten haien españolak, nik ezin ditut erran españolak bainan ez zaikit ateratzen ere ez, leku hoietan, frantsesak. Beraz, ainitzek erraiten didate: “Baina Ainhoa, zuk ez duzu inoiz erabiltzen holako hitzik”.  

Joana Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1992): Nik ene ustez frantsesez: “putain” o bai…

Bettan Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1991): A, hori bai! 

Joana Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1992): Jajaja Erraiten duk “alajinkua!”.

Bettan Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1991): Bai, erraiten dut, bai. Españulez ere antxe: “Mekauenyos” eta “laostia”.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Bai daukou holakoak erderaz itteko joera. Manexena da: “Bua txabaaal!”.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Bai, edo “tio” edo “tia” edo ez dakit “deputamadre” edo… bai. Holakuek oso oso zabaldute daz eta holan doietz. Osea, jardunien zabitzenien e… bunba, urteten die…

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Bai, gainera konturetu be in barik, e.

Unai Urroz (Doneztebe, 1993): Honbre, iten al zu euskaraz ere, e. Miño normalin aisago ateratzen da… “hijoputa” ta holakuk betire aisago ateratzen zaizu erderaz.

Ane Otaola (Getxo, 1988): “Putasemea” hitza osea eske ridikuloa iruditzen zait. Nik “hijoputa” esango dotsut, eske bestela… ez deko indarrik nitzako.

Maitane Aizpuru (Azkoitia, 1989): Adibidez “hijoputie” bai erabiliko litzake.

Amaia Elorza (Azkoitia, 1981): Bai, “hijoputie” bai. “Tontu” re bai. Bai. “Lerdue”.

Unai Urroz (Doneztebe, 1993): “Ergela” ta hola bai, baina gero hasten zare gainea igual gauza fuertiekin ta ateatzen zaizu dena erderaz.

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): Gero irainak eta adibidez bai, ba adibidez “mekauendios” ta horrek danak erderaz esaten duz.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Bai, bai, einddeko zerak bai: “Ostia” ta.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Hasarriek, haserretzen garenien, harridura adierazteko… bai, horrek die batez be. 

Julen Idarreta (Oiartzun, 1990): Bai, askotan segun ze gai lantzen dugun edo igual… haserren bat, bueno, haserre… haserreikan ez, biñon zerbaitten inguruan diskutitzen ari baga edo bai jotzen dugula askotan gaztelerara, ez? Batez ere batzuk…

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): Nik ez, e.

Julen Idarreta (Oiartzun, 1990): Ta nik aitortzen dut nik joera badakatela.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): “Tontuoi” eta “gilipollas” eta holako gauzak igual gehixau erabiltzen die.

Amaia Elorza (Azkoitia, 1981): “Porculo hartzea” bai. Hori, oiñ irten ditela, hori fijo. “Zakutik hartzea” ez deu esaten. “Porculo hartzea”.

Maitane Aizpuru (Azkoitia, 1989): “Haizea hartzea”.

Amaia Elorza (Azkoitia, 1981): Nik “porculo hartzea” esango nun.

Maitane Aizpuru (Azkoitia, 1989): Nik “haizea hartzera”. “Lata putaik ez”. Hori ere asko. (Zein?) “Lata putaik ez”. (Hori ze esateko, zer adierazteko?) “Utzi pakin”. Hori mordue, gainea.

Amaia Elorza (Azkoitia, 1981): Hori “lepo”!

Maitane Aizpuru (Azkoitia, 1989): Bai.

Unai Urroz (Doneztebe, 1993): Ta gero ere bai igual hori… “hau kabrona” edo “hau hijoputa” re alletuak gara… hori erratera, baiño onin. “Kabrona, e, la ostra”. Edo ez dakit.

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Bueno, baina badaz “artaburua” ta holako gauzak.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982): Bueno, bai, eta “ziriñe”…

Manex Agirre (Aramaio, 1982): Dabitzenak bestien moduen, e. Osea, natural-natural doiatzenak.

Julen Idarreta (Oiartzuan, 1990): Etxean igual katxondeo gisa erabiltzen dia gehio “artaburu” eta “arlote” ta holakuak.

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): Lekitton berbarik eta igual gehixen erabiltzen dana, umoretik eta hortik urtenda e baina, hori “txo” dala. “Txo” berbia Lekitton ahal dozu entzun esaldi bardinin igual lau bider.

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982):  Nik aiztiai adarra joteko ondion esatetzat: “ziriñe” ta… hola… bai.

Samuel Biscay (Aiherra, 1988): “Pitoa” da klasikoa. Bada “con” frantsesez, eta guk badugu “pitoa”. Frantsesez denek “quel con”… “quel con” euskaraz da “ze pitoa”.

Leire Barbier (Aiherra, 1988): “Ze pitoa” “quelcon”, bai, bai, beti.

Pettan Prebense (Donapaleu, 1989): Gero “pitoa” bai, “astoa”, “astopito”… bai. Hoiek.

Asier Retegi (Oiartzuan, 1990): “Babua” igual… “hau babua!”

Julen Idarreta (Oiartzuan, 1990): “Tonto arraiua!”, bai.  

Maitane Aizpuru (Azkoitia, 1989): Hori esaten due tipukue dala Azkoittin, “txerri zikiña” esaten deula, ez?

Patxi Castillo (Bera, 1992): Gero, edozein astakeria erraten duena iraintzeko “astozakila” deitzia da, bueno, Berako biblia.

Samuel Biscay (Aiherra, 1988): “Debru puta”, “astapito zikina”…

Maialen Chantre (Bera, 1991): “Hago ixilikan!”

Patxi Castillo (Bera, 1992): “Hago ixilik!”. Bai, bai, bai.

Unai Urroz (Doneztebe, 1993): Bueno, gero igual batzutan zaude ta: “Hago ixilik, urde tontua”, segun ze erran dun, hori re bai, e…

Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990): Bai, horrek, “jun zingan” eta “jun zakutik hartzen” ta hori bastante erabiltzen da, gure kuadrillan be bai.

Irati Seijo (Lekeitio, 1992): “Jun zakutik hartzen”, bai.

Asier Retegi (Oiartzun, 1990): “Zakila, hau zakila!” Hau… ez? “Zakila” behintzat, hori Oiartzunen ta ingurun… izango da, baino nik gutxi aittu dut Oiartzundik kanpo. 

Maialen Chantre (Bera, 1991): “Astozakila”, “urde astozakila”.

Leire Barbier (Aiherra, 1988): Hori ez dugu erran: “aluya”. (A, “aluya”). Hegoaldean ere: “alua”, “aluya”.

Joseba Beltza (Etxarri Aranatz, 1983): Neri iruditzen dakit ikasi beharko giñukela euskeraz adierazten dena: dazkaun sentimendu guztiek. Irainek eta haserriak eta… eta bestelako esamoldiak eta hola, ez?

Leire Laskaria (Itsasu, 1998): Irainak beti edo, bon, frantsesez edo gazteleraz. Euskeraz ez dakizkit ainitz edo badakizkidanak ez dira aski… azkarrak edo ez dira aski gaixtoak edo… bakizu, pixkat dira neutroegiak, ezagutzen ditudanak.

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991): Nik beharko nuke adib pues euskera bat más de… de… nola esaten da? Pues kalekoa… kalekua igual ez, e, baino más de… ez dakit, normalagoa edo ez hain zuzena edo.

Garazi Lopez (Getxo, 1988): Bai, errejistro falta edo izango da. Ze azken finean eskolan edo hezkuntza formalean ikasi badozu euskara, ba hoiek ez dizkizute erakusten eta hizkuntza ez formal hori be bai landu beharko litzateke, ba batez ere Getxo bezalako herri batean ba… non kaleko euskararen gabezia dagoen edo.

Ane Garai (Bilbo, 1987): Bilbon, Bilbo inguruan esateko ba bai, eitten dozu euskeraz baina ba esamoldeak, ez dakit, beti sartzen dozu zeuzer… apur bet dalako erabiltzen dana. Orduan, hamendik sartzen dana da… azkenean botaten zuna, ez? Dana pegetan da, esaten da, ez? Edertasuna kendute. Ba… jajaja

Maddi Sarasua (Itsasu, 1995): Espresio ainitz eta… baina hori iruditzen zait zinez kezkagarria… gazteak, nahiz eta ohitura ukan gure artean euskaraz mintzatzeko, euskerak badu, gure euskalkiak bederen, gabezia hori: ez dela aski espresiboa. Ez ditu hola erramolde hoiek, ez ditu hitz larriak… ez du… umorea egiteko baliabide guttiago ikusten dizkiogu.

Jaime Altuna (Amasa-Villabona, 1973) Guk bere garaian eta bueno, jarraitu degu pixkat, bainon ibili giñan hori ba: esamoldeak iraintzeko, parre iteko… txantxa iteko zea, esamoldeak lantzen institutotan ta. Ibili giñan. Bueno, batez ere gure helburua zan pixkat gazteei trasmititzea hori: ez dala beharrezkoa norbaitek erakustea zuri, baizik eta, zuk euskaraz sortu ditzakezula ta zure hiztegi ta holako emozioak espresatzeko.

Andere Gonzalez (Getxo, 1988): Ba igual da errealidade… benetan hori ikustea eta hortik gure… barneratzea, ez? Azkenean ez dogu zertan asmau ezebez. Diñot: joe, ikustera goaz euskerak ze… ze abaniko zabala dekon, ta goaz hartzera beste leku batzutatik, ez? Diñot. Ez goaz asmatzera hemen e…  hizkuntzan sartu ahal douzen, arrotz ingo dazkuzen berba batzuk, baina bueno, igual beste nunun entzun ezkero… harremanak ba hori, lantzen zoiez harremanak beste herri batian hola ibilten dabezenak be bai.

Garazi Lopez (Getxo, 1988): Ohitura hartu beste esamolde hoiek erabiltzen eta azkenean ba…

Andere Gonzalez (Getxo, 1988): Ba igual izen leike, beste herri bateko hori hartu ta benga, ba guretzat!

Anaitz Igoa (Etxarri Aranatz, 1984): Ba nik uste dut prozesu hori baita eman daitekela. Hasiera batian igual artifiziala egin daitekena gero denborakin zuria itten badezu, aldaketa hori eman daiteke era naturalea. Oain, ez bazea hasten, sekula ez dezu lortuko naturala izatia, ez?

Maddi Sarasua (Itsasu, 1995): Horiek erabiltzen hastekotan behar da talde bat hasi erabiltzen, ez naiz ni hasiko hola derrepente horiek erabiltzen. Ez. Biziki artifizial geldiko da! Gero, erabakitzen badugu gure lagun taldean: ‘E, erabiliko dugu hori?’ Eta aldi guztiz erabili… Hastapenean joko moduan, irriz ta hola, ta gero sortu ohitura, hola bai. 

Andere Gonzalez (Getxo, 1988): Azkenean e… modan jarri ezkero edo, imajinau… ba nik uste dot azkenean normaltzat hartzen da, normaldu iten da, eta ibili iten da. Edozein berba azkenean bihurtzen da moda bat eta, ez? Edo koletilla bat, esaten dana. Erabili iten da!

Leire Laskaria (Itsasu, 1998): Adibidez: “izorrai” hitza. Nik maite dut erraitea ‘izorrai’. Hola, gaixtokeriz: “Ja, izorrai!”. Eta beraz ainitz ateratzen zait, eta lehen jendeak ez zuen ulertzen “izorrai”. Me nundik “izorrai”? “Izorra” ados, bainan… “izorratu” edo “izorra zaitez”… “Izorrai?”. Ta esplikatuz pixkat...  eta, beraz, jendeak orain nire inguruan hasteko ulertzen du ta erabiltzen du. Ni ohartu naiz erabiltzen dudanetik askoz gehiago erabiltzen dutela: “Izorrai!” Beraz, uste dut bai: batek hasiz edo… hori da moda bat bezala ere, ez?

-Hizkera informala herri xeheak erabiltzen duen hizkera da: etxekoa, kalekoa… jasoa ez den hizkera, hizkera ez akademikoa. Ikastetxeetan bereziki hizkera jasoa lantzen da, idatziz ez ezik baita ahozko jardunean ere. Alabaina, gazte euskaldunen artean gabezia hori somatu dute batzuek: aberastasun eta bizitasun falta ahoz komunikatzeko garaian, eta erdarara jotzeko joera hainbat hitz eta esamolde esateko. Horregatik, ahozkotasuna lantzen denean, hizkera informalari ere lekua egin behar zaiola diote zenbait adituk.

-Herri hizkerak eguneroko bizitzako egoera guztietarako balio du: barre egiteko, errieta egiteko, zirikatzeko, ligatzeko… Prestatu dugun bideoa irainei eta biraoei buruzkoa da. Izan ere, hizketa informalaren adibide garbia dira, eta begibistakoa da erdarazko irainak erabiltzeko dugun joera. Guztiok. Ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatutako adinekoek ere sarritan esaten dituzte “mekauen” eta “joder”. Ez da moda berria.

-Irainak, laidoak. Biraoak, madarikazioak. Guztiak dira hitz gaiztoak: hitz larriak, hitz itsusiak. Hizkera informalari buruz hausnartzeko abiapuntu bezala balio du bideoak.

-Lagunarteko euskara lantzeko, beste bideo bat ere badaukagu:

-Kike Amonarriz aurkezle eta umoregileak dezente landu du gai hori. Entzun Euskadi Irratiko elkarrizketa honetan dioena. Joseba Aurkenerenak irainen inguruan irratian esandako hitzak ere entzun ditzakegu hemen. Andoni Egañak dioena ere interesgarria gerta dakizuke.

-Gazte Gara Gazte proiektuko gazte hiztegian hainbat hitz eta esamolde jaso ditugu. Bertan agertzen ez den eta agertzea merezi duen hitzik/esamolderik ezagutuz gero, jarri gurekin harremanetan.

-Sarean badira beste hiztegi eta zerrenda batzuk ere, euskarazko hizkera kolokialarekin lotutakoak. Hona hemen batzuk:

-Liburuak ere badira, noski. Adibiderako: Joseba Aurkenerenaren Irainka eta Patxi Salaberri eta Juan Jose Zubiriren Biraoak. Nafarroan bilduak.

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza