Zer eragin dauka generoak euskal literaturan? Hainbat emakume idazleren testigantzak batu ditugu bideo honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Literatura
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egin: emakumeak euskal literaturan. Ikasleen aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:
-Zer ikusten duzue hemen? (ez erakutsi bi argazkiak batera)
1.
2.
1. Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria eta Anjel Lertxundi.
2. Karmele Jaio, Toti Mtz de Lezea, Mariasun Landa eta Arantxa Urretabizkaia.
-Zeintzuk dira zuen gustuko euskal idazleak? Esan izenak.
-Egin dezagun zerrenda bat ezagutzen ditugun emakume idazleekin.
-Ezagutzen dituzue Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte? Eta Marijo Olaziregi literatura-kritikaria?
-Zuen ustez, emakumeek jasaten al dute diskriminaziorik euskal literaturan? Gizonezkoen baldintza beretan egiten dute literatura? Berdin epaitzen dira haien lanak? Arrazoitu.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Zer iritzi duzue kontatu dutenari buruz? Espero zenuten halako testigantzarik?
-Egia al da literaturan gizonezkoa neutroa dela eta emakumea markatua? Eta beste esparru batzuetan? (musikagintzan, antzerkian, telebistan...)
-Emakumea idazlearen aurretik jartzea: eder agertu beharra (begiak, irribarrea... nabarmentzea). Gizonezkoak serioago agertzen al dira argazkietan? (Interneten argazkiak begiratu)
-Gizonezko idazleei ez diete galdetzen ea zergatik aukeratu duten gizonezko pertsonaia eta ezta ea idatzi dutena autobiografikoa ote den ere. Emakumeei, berriz, bai. Zergatik izan daiteke?
-Neska gazteok jarrera berezirik (paternalismoa, gainetik jartzea, zuen lanaren balioa zalantzan jartzea...) sumatzen al duzue zuen bizitzetan?
-Gizonezkoek erabakitzen dute zeintzuk diren “gai unibertsalak” eta zeintzuk ez. Ados zaudete horrekin? Adibidez, futbola gai unibertsala al da?
-Egia al da emakumeentzat zailagoa dela euren lana balioan jartzea? Kanpoan baloratzen hasten direnean, errazagoa al da etxean baloratzea? Ikus Marijo Olaziregiren testigantza.
Erraiak liburuaren harira Danele Sarriugarteri egindako elkarrizketak aipatzen dituzte bideoan (adibiderako, Sautrelako saioa). Bestalde, ”Erasmus literatura” kontzeptua ere aipatzen du Sarriugartek. Literatura-kritikariek idazle gazteen belaunaldi bati ipinitako etiketa bat da (ikus Iban Zalduaren artikulua), bereziki neska gazteei egotzi zitzaiena. Literatura-kritikari gutxi dira emakumeak.
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
Zer egin behar da? Liburua edo ipuina irakurri eta aztertu. Batetik, ohiko literatura-azterketa egin daiteke eta, horretarako, taula hau baliagarria gerta dakieke:
Gaia: zeri buruzkoa da? |
Lekua eta garaia: non, noiz... gertatzen da? |
Denbora: orainaldian al lehenaldian? |
Ordena: kronologikoa ala saltoak denboran? |
Pertsonaia(k): izaera, ezaugarriak... |
Narratzailea: 1. pertsonan, 2. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa? |
Estiloa: sotila ala barrokoa? Esaldi laburrak ala luzeak? Nolako hitzak darabiltza? |
Hori bai, genero-ikuspegiari arreta berezia eskainiko diogu, besteak beste, gertaerei eta pertsonaien jarrerei:
-Zer leku dute emakumeek istorioan?
-Sexuari lotutako genero-rolik eta genero-estereotiporik agertzen al da?
-Generoari dagozkion zer balio bultzatzen ditu?
-Eredu berriak eta anitzak agertzen al dira?
Hona hemen azter daitezkeen liburuen adibide batzuk (ikasleek beste liburu batzuk proposa ditzakete, noski):
Karmele Jaioren Aitaren etxea |
Uxue Alberdiren Aulki jokoa |
Danele Sarriugarteren Erraiak |
Kattalin Minerren Turista klasea |
Eider Rodriguezen Bihotz handiegia |
Katixa Agirreren Amek ez dute |
Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak |
Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da |
Egindako lana ikaskideekin partekatuko dute, ozen emandako azalpenen bidez. Lanei buruzko iritzia ere emango dute: ea gustatu zaien eta zergatik.
Beste ariketa bat, hauxe izan daiteke: liburu horiei buruzko kritikak irakurri, eta ados dauden ala ez eztabaidatzea.
Nolakoak izan daitezke ipuinak? Adibide moduan, hona hemen hezkidetza eta genero-berdintasuna sustatzen duten ipuin batzuk. Lehenengo lana hauxe izan daiteke: pertsona/bikote bakoitzak ipuin bat aukeratuko du, eta, irakurtzeaz gainera, marrazkietan ere fijatuko da, ideiak hartzeko.
Ikus Idazketa-tailer baterako aholkuak bideoa eta proposamenak ('Jolasten' eta 'Sormena lagun' atalak bereziki), ikasleen sormena aktibatzeko beharra izanez gero.
Ipuina sortzeko, nahi badute eskema klasikoa erabil dezakete:
Ipuina idatzitakoan, ozenki irakurriko dute. Horretarako, erritmoa, tonua, isiluneak, begirada... kontuan izango dituzte. Garrantzitsua da testua ondo ezagutzea, barneratzea. Testuan bertan markatu ditzakete isiluneak eta tonu-aldaketak. Ikusi Yolanda Arrietak bere idazketa-tailerretan darabiltzan bide-lerroak: Irakurketa ozenerako jarraibideak (01:55-04:25). Eta baita Pako Eizagirreren azalpenak ere (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40).
Ikasle bakoitzak zer irakurriko duen erabakitakoan, tonua eta erritmoa erabakiko du, probak eginez: zer tonutan irakurri (umorezkoa, serioa, lasaia…), pertsonaien ahotsak nolakoak izango diren, non egin geldialdiak, zer hitz nabarmendu… Sortutako ipuina ozenki irakurtzeko, hauek hartuko dituzte kontuan ikasleek:
Ozenki irakurriko dute ikaskideen aurrean. Eta izan dituzten sentsazioen berri eman dezakete:
Gustura sentitu zara? Eroso, deseroso? Urduri, lasai? Disfrutatzen, bukatzeko irrikitan? Beldurrik piztu al zaizu? (Gaizki egiteko beldurra, barregarri geratzekoa…)
Gustura geratu ez badira, hobeto prestatu, eta berriz irakur dezakete (adibidez, bakarrik egonda, eta grabatu).
Irakurketa grabatu egin daiteke (momentuan bertan edo ondoren), eta horrekin hainbat lanketa egin daitezke. Bi aukera:
Emaitza ikastetxean eta sare sozialen bidez zabaldu daiteke.
Irungo Eguzkitza eskolan liburutegian dituzten 400 liburu aztertu dituzte, haur literaturan genero-ikuspegia zaintzen den ala ez jakiteko (ikusi horri buruzko artikulua). Hona hemen ondorioetako batzuk:
-Neska/emakume protagonistak askoz gutxiago dira mutilak baino (% 29,3).
-Sarritan mutilen ekintzek neskenek baino garrantzia handiagoa dute narrazioan.
-Mutil protagonistek mugimendu handia dute, eta egoera ezberdinei aurre egiteko gai dira. Neskek, ordea, askotan laguntza behar dute: autonomia eta erabakitzeko gaitasuna falta zaizkie.
-Deskripzioetan aldeak nabarmenak dira: neskatoak txukunak, garbiak eta antolatuak dira gehienetan eta edertasunari garrantzi handia ematen zaio.
-Emakumeak ez dira langile moduan agertzen eta, hala agertzen direnean, lanbide feminizatuetan ageri dira batik bat (irakasle, erizain...).
-Familia- eta jatorri-aniztasun urria dago orokorrean.
-Kolore arrosa neskei eta urdina mutilei lotuta agertzen dira liburu-azaletan, marketineko estrategia moduan.
Ikasleen lana hauxe izango da: genero-berdintasuna bultzatzen ez duen haur edo gazte literaturako liburu bat aukeratu eta aztertzea, ondorioak ikaskideekin partekatzeko. Fitxa bana osatu dezakete.
|
Ikasle bakoitzak egindako lana ikaskideekin partekatuko du, eta iritzi-trukea egingo dute.
5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970): Zuk ikusten dituzu... ez dakit, liburu batean lau argazki, lau gizon idazlenak, eta galdetzen badiozu norbaiti: “zer ikusten duzu hemen?” Eta esango dizu: “lau idazle”. Egin froga bera lau emakume jartzen: “zer ikusten duzu hemen?” Esango dizute: “lau emakume idazle”. Hau da, emakume izatearena horren gainetik jartzen da. Horrek markatzen du dena. Bestearena, gizon izatearena, neutroa da, osea, ez du eraginik, baina emakume izateak markatzen du, ez?
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Aurrekoan UEUn egiletza eta generoaren inguruko ikastaro bat antolatu zuten, eta galdetu ziguten idazle bezela ea plazaratu ginenean autore bezela generodun autore bezela plazaratu ote ginan, eta nik oso garbi sentitzen nun baietz. Oso kuriosoa zan, ze zeuden gizon idazleek ez zeukaten beraien generoaren inungo kontzientziarik, eta zuzenean galdetuta ea pribilegiorik sumatu zuten gizon izateagatik inork ez zuen detektatu bat bera ere. Eta nik, ba, eske hasten nintzan zerrenda egiten eta ez nun amaitzen. Ba hasi argazkilariek esandako gauzetatik: askotan esan didate, ba, liburua hola jartzeko, begiak ateratzeko esan dietelako redakzioan, bi urte egon eta gero liburu bat idazten. Irriparre egiteko eskatu didate beti. Gero, ba, kazetarien galderak, hamaika. Ba zergatik dira zure pertsonaia guztiak emakumeak, zergatik diskriminatzen dituzu gizonak...?
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970): Eta hori ikusten duzu egiten dizkizuten, ba, ez dakit, elkarrizketetan: “zergatik aukeratu duzu emakume protagonista? Oraingoan ere emakume protagonista bat aukeratu duzu... zergatik?”. Nok galdetuko dio gizon bati zergatik aukeratzen duen gizon bat protagonista bere nobelan. Osea… Ba normala! Bueno, nahi dut esan: badaude gauza batzuk hor buffffff hor daudenak, ez?
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Eta, gainera, merkaturatzeko modu bat, ze adibidez neska gazte bezela, oso biolentoa izan da, eta hor egondu da aprobazio asko eman beharra, gizon asko botereguneetan... Eta botereguneetan esaten detenean da editorialetan, esaten det kultura sailetan komunikabideetan, esaten det ahotsarekin kritikari bezela...
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Lehenengo liburua publikatu berritan, ba, hainbat editorek deitu zidaten nerekin elkartu nahi zutela. Eta gelditu haiekin hitz egiteko eta ni momentuan oso kontziente nintzan banintzala idazle bat editore batekin hizketan, baina aldi berean nintzala neska gazte bat gizon helduekin bazkaltzen. Eta hori sentitzen nun, gorputzean. Eta hor bazeudela beste gauza batzuk eta ni bai, idazlea nintzala, baina nintzala 22 urteko neska gazte bat.
Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989): Ez dakit, kanpoko begirada uste det oso kaltegarria dala, batez ere aurreiritziz beteta baldin badago, ez? Orduan, berdin du dan gaztea zeralako, zaharra zeralako, ez dakit zer zeralako… Baina beti azkenian da kanpotik ezartzen zaizun irudi bat bere legeak dituana eta bere mugak dituana eta asumitzen duana zu zer zeran eta zer egin dezakezun eta zer egin nahi dezun, eta hori beti da mierda bat.
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Daneleri in zitzaion, ba, bai, juizio bat eta elkarrizketa oso potenteak. Hasteko, 25 urte zitun. Jarraitzeko, idatzi zun liburu bat, ostra, eske inpepinablea zan izugarri ona zala. Hemen gertatzen dana da bapatian ume moko batek, beraien ikuspuntutik e, aztoratzen digu hau eta ezin du izan: “Nundik atera da neskatilla hau?”. Eta hortik eman behar diote. Orduan, gutxiesteko modua da edukia: “Neska baten kontuak dia”.
Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Zuk hartzea obra bateko edukia... eta Danele Sarriugarteren kasua aipatu didazu, eta eztabaidatzea kritikari batek autobiografikoa dan ala ez, joera hori, morbo hori, erabat zentzugabea dana, bakarrik eta batez ere emakumezkoen kasuan ematen da. Bueno, hori erabat gaitzesgarria da eta erabat sexista da.
Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989): Eske da hain nabarmena neri galdetuko dizkidatela gauza batzuk, berdin zait, Katixa Agirreri galdetuko dizkiotela igual gauza batzuk beste batzuei ez dizkiotenak... gaur egun igual ya ez, ez? Ze gero, gainera, hori gertatzen da: gero ezarri egiten zeranean ya jendeak tratatzen zaitu beste errespetu batekin, eta inoiz galdetu ez balizkizute bezela galdera hoiek. Ba Irati Elorrietak ere bai Euskadi Saria irabazi zuan eta gogora ekarri zuan Erasmus literaturaren polemika hori, ez? Eta orain Erasmus literaturaren zera hori aipatu zutenek, pues, orain Irati Elorrietari Euskadi Saria ematean 'Neguko argiak' dala-eta txalotu dute. Orain jendearen iritzia ere bai aldatu da, eta jendeak ez du gogoratu nahi garai baten esan zituan gauza hoiek.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Hasier Etxeberriak, akordatzen naiz, ba, lehenengo Sautrelako entrebistan, ez? ba nola esaten zidan... abisa… esaten zidan idazle izateko gogo nabarmenegia salatu zidan. Ez? Esaten zidan: “Jo, zure entrebistetan ikusten da idazle izateko gogo haundia daukazula eta asmoa, baina jakingo duzu ba mundu honetan arantzak asko direla eta larrosak gutxi”. Hori izan zan lehenengo galdera. Eta hirugarrena: “Zer uste du hontaz zure aitak?”. Eta, orduan, esaten nuen: hau nola da, nolatan gertatzen da hau?
Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Gero hitz egin behar dugu misoginiaz. Esan nahi det: euskal literatur kritikan emakumezkoen testu batzuek izan duten harrera izan da… pixka bat basatia.
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Nik irakurle talde feministak gidatzen ditut, Gipuzkoan barrena hainbat. Da neretzako daukaten lanik eta polittena. Ta batzutan ekartzen ditut kritikak. Kritiken hemerotekan sartu eta kritikak. Eta iten degun lana da kritikak kritikatu. Ez? Ba jolas moduko bat da, ez? Konturatzea urteetan gutxietsi dala ulertzen ez zan hori, nola esango dugu? superioridade literario batetik, ustezko superioridade literario batetik. Eta kontua da ez zeala enteratu ezertaz. Ze irakurtzen genitun kritikak eta esaten genun: “Baina bueno, ez dijoa hortaz liburua eta! Baino nola esan dezake hori!”. Ez? Hortik iten deu... Osea, eske “ez du ulertu, beraz txarra da liburua?”.
Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Egiten ziran kritika gehienak eta hori gertatzen da, gertatzen zen lehen gehiago, baina oraindik ere kritikariren batek tentazioa du: kritikatzen dute, nobelaren kritikaren aitzakian, autorea. Ez da desberdintzen fikzioa eta errealidadea.
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Ordun, bueno, orain ez dituzu holako astakeriak irakurtzen hainbeste, kritiketan, gaur egungo liburuekin, ez? Ya badago... bueno, gutxienez politikoki zuzena izateagatik bada ere edo ikasi izanagatik pixka bat ulertzen zer kontatzen ari dan eta interesa euki dezakeela... ba, bueno, hainbesteko astakeriak nik uste det ez ditugula irakurtzen edo topatzen ematen ditugun kritiketan. Baina orain dela ez 25, duela 7 urte, 5, 10.... puf.
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970): Gertatzen da baita ere nik uste dut badagoela zenbait emakumek... emakumeen ekarpena ere izan da, gai berriak edo ikuspegi berriak ere ekartzea literaturara, ez? Eta horiek baloratzea ere gai unibertsal bezala, gai... beste edozein gaik daukan garrantziarekin. Nik uste dut hori dela egiteko daukagun zerbait, ez?
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Ezin zaio okurritu emakume baten menopausia interesantea danik literarioki, izango da bakarrik menopausia duten emakumeentzat, ez unibersala, ez? Eta guk ez dakit gizonen aieneak irakurtzen damazkigu ez dakit zenbat urte, ez?
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970): Niri gertatu zait eta inoiz kontatu dut: `Amaren eskuak´, adibidez, atera eta lagun bat, bueno, ezagun bat, etortzea eta esatea: “A, erosi dut zure liburua, nire emaztearentzako”, ezta? “A, oso ondo, zure emaztearentzat, baina zuretzat ez, ez?” Eta, “Bueno, eske `Amaren eskuak´ da, ama eta alabaren arteko harremana, hori emakumeen gaiak dira, ez?” esaten dizu. Eta nik barruan pentsatzen dut: nik ikusiko banu liburu bat `Aitaren eskuak´, eta aita eta seme baten arteko harremana kontatzen duen liburu bat, inoiz ere ez nuke pentsatuko gizonen gauza bat dela. Pentsatuko dut bi pertsonen arteko... bai, gizonak dira, baina ari dira hizketan, bueno, pertsonen arteko komunikazioaz... gai unibertsalei buruz ari dira. En kanbio, aldrebes denean, oso zaila egiten da azaltzea hoiek gaiak, nahiz eta bi emakume izan protagonistak, kontatzen ari direna direla gai unibertsalak, pertsona guztientzako interesgarriak izan daitezkeenak eta identifikatuta sentitu daitezkeenak eta abar, ez?
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Gu ez gera... ez det ezagutzen emakumeen fan terriblerik euskal literaturan. Gizonak asko. Hau egin eta bapatean badira euskal literaturan norbait. 25 urtekin. Digo: “A bai? Fijate, euskal kulturan ze leku”. Eta beste batzuk hau egin, eta oaindik, gure kontutaz ari gea, ez?
Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989): Uste det asko hobetu dala, hala ere, azkenengo urteetan, eta hor kontzientzia bat eta lanketa bat egon dala eta… Eta batzuk uste dute ya ezin dirala horrelako gauzak galdetu, baina ahal dituzte galdetu eta galdetzen dituzte etengabe, baina, bueno, parte baten desagertu da. Eta horrek poza ematen dit. Badakit ni baino lehen beste batzuk ni baino gauza okerragoak entzun zituztela eta beraien bideari esker niretzako ere gauza batzuk errezagoak izan zirala.
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970): Orduan, bueno, nik uste dut ere hor bagoaz ere bide bat egiten, eta bagoaz poliki-poliki, bueno, normalizatzen eta erdigunean ez bakarrik mundu maskulinoa, baizik eta denena... pixkat mugitzen erdigune hori, ez?
Kattalin Miner (Hernani, 1988): Kastellanora eta beste hizkuntzetara, katalanera eta baita frantsesera eta abar, itzultzen ari dira emakumezkoen hainbat obra, ui! eta baloratzen hasi dira kanpoan. Etxean igual hainbeste... edo baloratzea kostatu izan zaigunak, orain baloratzen deu. baloratzea kostatu izan zaizkigun autore batzuk, kanpotik bapatean sona daukatenean... Bueno, seguraski terriblemente injustoa irudituko zaie askoi, baina gertatzen ari da.