Idazketa-tailerra

Idazteko teknikei buruzkoa da bideo hau. Idazketa tailer bat sortzeko aholkuak ematen dituzte hainbat idazlek, ikasleen sormena akuilatzeko balio dutenak.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Literatura

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Literatur ondarea ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Irakurtzeko zaletasuna
  • Idazteko eta literatur lanak sortzeko irrika

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egin, eta ikasleek idazketari buruz duten pertzepzioa ezaugutuko dugu. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Gustatzen al zaizue ipuinak, istorioak, poemak... sortzea, asmatzea? Baduzue idazteko zaletasunik?

-Zaila ala erraza iruditzen zaizue?

-Nola sortu istorio bat? Nondik hasi orri zuriaren aurrean gaudenean?

-Ezagutzen duzue teknikarik? Baduzue inspirazio-iturririk?

-Irakurzaleak al zarete?

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, Yolanda Arrietak Rodari aipatzen du (Gianni Rodari idazle italiar bat zen, gaztetxoekin hainbat idazketa-teknika erabili zituena).

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Gustatu al zaizue bideoa?

-Ezagutzen al dituzue bideoan agertu diren idazleak? Eta haien lanak? Komentatu eta irakurgaiak proposatu.

-Zer iritzi duzue 'kopiatzeari' eta 'lapurtzeari' buruz? 'Kopiatzen' onak al zarete?

-Zer iruditu zaizkizue proposatu dituzten ariketak? Zer egingo zenukete gustura?

-Zuen ustez, idazlea 'sortu' ala 'egin' egiten da? Ikasi al daiteke idazten ala idazleak berezko dohaina izan behar du?

Idazteko, irakurtzea inportantea da. Bideoan ere badiote. Irakurtzen al duzue gaur egungo gazteok? Euskara eta irakurzaletasuna bideoa ikus daiteke. Joseba Sarrionandiaren Idazlea zu zara, irakurtzen duzulako (2010, Xangorin) eta Hitzen ondoeza (1997, Txalaparta) liburuak, adibidez, oso egokiak dira sormena lantzeko eta literaturaren funtzioen inguruan gogoeta egiteko. Irakurri “Haur literatura” eta “Irakurtzea” sarrerak, Hitzen ondoeza liburutik:

-Sarrionandiaren ustez, zer da irakurtzea? Bat al zatozte?

“Dena dago asmatuta”: aspaldiko esaera da. Harkaitz Canok ere horixe dio: “berriro kontatzea” dela literatura. Ikus bideoa: Dena asmatuta dago (00:25-01:30). Iritzi-trukea egin:

-Dena asmatuta baldin badago, zertarako berriro kontatu?

-"Kontatzearen plazera" aipatzen dute batzuek... "berrasmatzean" emozioak pizten al dira?

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Bost adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

  • “Jolasten”. Idazketa-laborategia ipiniko dugu martxan, jolastuz sortzeko. Horretarako, bideoan proposatzen dituzten ariketa batzuk egin ditzakegu, bakarka zein talde txikietan jarrita.

Bakarka

  1. Idazketa automatikoa. Ariketa azkarrak (3 minutu ariketa bakoitzarekin, kronometratuta)
    • Binomio fantastikoa: zer ikusirik ez duten bi hitz lotu (hitzak ikasleek proposatu ditzakete, momentuan bertan)
    • Esaldiak lotu (liburu bat ireki leku desberdinetatik eta hiru esaldi aukeratu)
    • Emozioak deskribatu: emozio hori pertsona bat balitz, nolakoa izango litzateke? Bat aukeratu eta idazten hasi: haserrea, tristura, poza, enbidia...
    • Bi leku desberdinetako pertsonaiak elkartu, eta elkarrizketa bat sortu. Adibidez, extralurtarra eta lurtarra, eskimala eta hawaiarra, aingerua eta deabrua...
    • X banintz. Mutila banintz, zaharra banintz, umea banintz, zu banintz...
  2. Estiloak imitatu. Adibidez, Danele Sarriugarteren Erraiak
  3. Besteen lanak eraldatu. Ipuinei/olerkiei hasiera/bukaera aldatu. Gustuko poema bat edo abesti bat aukeratu, eta aldatzen joan. Adibidez, Pako Aristiren poema hau edo beste hau (hona hemen hainbat poesia-liburu sarean, Susa argitaletxean).

Egindako lantxoak irakurri egingo dituzte, ikaskideekin partekatu. Modu dinamikoan egingo da irakurketa ere, ti-ta.

 

Taldeka:

Bideoan bi proposamen egiten ditu Uxue Alberdi idazleak. Bietako bat aukeratu, eta sormen kolektiboa oinarri duen lana egin dezakete ikasleek. Ondo legoke gela bitan banatu, eta talde bakoitzak bat aukeratzea. Hala, bi sormen-prozesu paralelo egongo lirateke, eta aberasgarria izango litzateke.

Ikasleek pentsatuko eta gidatuko dute sormen-prozesua. Zer egin nahi duten erabakiko dute lehenengo, eta, ondoren, lanak banatu.

a. Poza. 8 pozen partez 8 beldur, 8 tristura mota, 8 haserre mota... 8 animalirekin lotuta. Sentimendua aukeratu, eta sentimendu horrekin lotutako 8 animaliak, guztien artean. Ondoren, lana banatu: batzuek bertsoak sortu ditzakete, beste batzuek marrazkiak egin, besteek ahotsa jarri, besteek editatu... Emaitza eskuz egindako liburu ilustratua izan daiteke, baina baita ikus-entzunezkoa ere.

 b. X hil da. Obsesioen zerrenda osatu, guztien artean: 10 obsesio. Eta guztien artean grabaketa bat egin, gero musika jarri... marrazkiak eginez gero, ikus-entzunezkoa edo liburu ilustratua izan daiteke.

Bukaeran, egindako lana beste taldeko ikaskideei erakutsiko diete, ahozko azalpen sortzaile baten bidez.

 

  • “Hitzen arrastoan”. Estrategia desberdina darabilten ipuinak aztertzea da proposamen honen oinarria. Lehenengo irakurraldian askotan ez gara jabetzen nola dagoen idatzita: gustatu zaigun ala ez, hori bakarrik dakigu normalean. Pauso bat gehiago emango dugu: gustatu baldin bazaigu, fijatu gaitezen nola dagoen idatzita.

Hona hemen euskal idazleen ipuin batzuk (zerrenda luzea egin daiteke; irakasleek eta ikasleek osatu dezakete zerrenda hau):

 

Ipuinaren izenburua Egilea eta liburua
"Regina" Azukrea belazeetan, Inazio Mujika Iraola (1987, Erein)
"Niregandik espero zena" Bihotz handiegia, Eider Rodriguez (2017, Susa)
"22 ebaki" 16 ipuin amodiozko, Xabier Mendiguren Elizegi  (2002, Susa)
'"Aulkien historiako une estelarrak" Neguko zirkua, Harkaitz Cano (2005, Susa)
"Miramar" Hezurren erretura, Miren Agur Meabe (2019, Susa)
"Preludioa" Euli-giro, Uxue Alberdi (2013, Susa)
"Post tenebras spero lucem" Obabakoak, Bernardo Atxaga (1988, Erein)
"Patiotik datozen usainak" Ez naiz ni, Karmele Jaio (2012, Elkar)
"Estazioko begiradak" Narrazio guztiak, Joseba Sarrionandia (2011, Elkar)
"Belauniko" Umeek gezurra esaten dutenetik, Uxue Apaolaza (2005, Erein)
"Hiltzailearena" Euskal ipuinen antologia bat, Jon Mirande (Iñaki Aldekoa. 2011, Alberdania)
"Sekretua" Honetara ezkero, Arantxa Iturbe (2017, Susa)

 

10 ipuin aukeratu (ez daukate zerrendakoak izan beharrik), eta guztiak irakurri ditzakete (gelan bertan egin daiteke, ahoz gora, baina bakarka irakurrita mamia hobeto barneratuko dute seguruenez). Ondoren, bozketa egin, eta gustuko 5 ipuin aukeratuko dituzte, ahal dela idazkera aldetik desberdinak. Ondoren, bikoteka ipini eta bikote bakoitzak ipuin bat aztertuko du.

Ipuinaren estrategia nondik norakoa den jakiteko, taula hau betetzea baliagarria gerta dakieke beharbada:

Lekua eta denbora   
Pertsonaia(k)
 
Egitura

-Hasiera

-Gertaerak: arazoak, ekintzak, konponbideak...

-Bukaera 
 
Denbora: orainaldia ala lehenaldia?  
Ordena: kronologikoa ala saltoak denboran?  
Narratzailea: 1. pertsonan, 2. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa?  

Ekintzen narrazioa, azalpenak, deskribapenak eta elkarrizketak identifikatu (testu-generoak)

 
Estiloa: sotila ala barrokoa? Esaldi laburrak ala luzeak, darabiltzan hitzak, testu korapilatsuak ala irakurterrazak...  

 

Egindako lanaren ondorioak ikaskideekin partekatuko dituzte, ahoz. Ipuinari buruzko iritzia ere emango dute (zergatik gustatzen zaien, adibidez).

 

  • “Sormena lagun”. Ipuinak/narrazioak sortuko dituzte ikasleek. Hutsetik ez hasteko, irudimenari hegan egiten laguntzeko, argazkiak erabil ditzakete. Argazki bat hautatu, eta argazki horrek irudika dezakeen istorioa asmatu. Eta, ondoren, asmaturiko istorio horren ahozko irakurketa prestatu, talde aurrean egiteko.

Argazkilari batzuk aukeran (beren gustuko beste batzuk ere aukera ditzakete):

 

Henri Cartier-Bresson Dorothea Lange Sebastiao Salgado Steve McCurry
Cristina García Rodero Robert Doisneau Francesc Català Roca Chema Madoz
Erik Johansson Helmut Newton Robert Frank Robert Cappa
Elliot Erwitt Sally Mann Musin Yohan Brassaï
Ruth Orkin Annie Leibovitz Lee Friedlander Richard Avedon
Inge Morath Vivian Maier Bill Brandt Juana Biarnés
Sandra Balsells Annie Griffiths Cristina de Middel Stefan Draschan

 

Margolarien lanak ere erabil ditzakete (ikus Euskal Herriko irudigileen zerrenda: Axpi, Eider Eibar, Elena Odriozola, Mattin...).

Beste modu bat objektu bat aukeratzea izan daiteke, eta objektu hori izatea ipuina sortzeko aitzakia, akuilua. Adibide moduan, irakurri Joseba Sarrionandiaren ipuin hau:

ISPILUA

(Antigualeko ipuin txinatarra)

Behin batean laborari batek hiriko azokara joan behar zuen eta emazteari galdetu zion ea zer opari nahi zuen hiritik ekartzea. Emaztea zer aukeratu jakin ez eta arratseko ortzirantz begira geratu zen, eta laborariak ilargia nahi zuela pentsatu zuen.

Biharamun iluntzean, hiriko zereginak jadanik bukatuta, denda aurreko mahaian salgai zegoen ispilu batean ilargi ikaragarri eder bat ikusi zuen. Ispilua erosi, eta laboraria pozik itzuli zen etxerantz.

Oparia emandakoan, baina, emaztea negarrez hasi zen:

- Jadanik ez nau maite, beste andere bat ekarri du –esaten zion emazteak bere amari.

Emaztearen ama beste emakumea begiratzearekin batera lasaitu zen:

- Ez arduratu, andere hori zu baino zaharragoa eta itsusiagoa da.

(Egokitua: Hitzen ondoeza, Joseba Sarrionandia. 1997, Txalaparta)

 

Ipuina sortzeko, nahi badute eskema klasikoa erabil dezakete:

  • Hasiera: pertsonaia batzuk, leku bat eta egoera bat deskribatu
  • Korapiloa: arazo bat, gertaera batzuk azaldu
  • Bukaera: istorioa ixteko modu bat (ez dauka amaiera alaia izan beharrik)

Harkaitz Canok proposatzen duenari jarraiki, posible da bukaera hasiera bihurtzea. Esperimentatu!

Sortutako ipuina ozenki irakurtzeko, hartu kontuan honako hauek (irakurketa ozenari buruzko informazio gehiago, aurrerago, “Bestearen azalean” proposamenean):

  • Gorputz-adierazpena: arnasa hartu eta noizbehinka begirada paperetik jaso publikoari begiratzeko; irribarre egin...
  • Tonua aukeratu: umorezkoa, tristea, misteriozkoa…
  • Erritmoa: bizia, motela, aldakorra, isiluneak… Probak egin, eta nola irakurri erabaki.
  • Pertsonaien izaeraren arabera, haien ahotsa nolakoa izango den pentsatu.

 

  • “Sormena lagun”. Gustuko poemak edo narrazio laburrak aukeratu, norberak sortuak edo 'lapurtuak', eta bideo-literatura egitea proposatzen dugu.
  1. Poema/narrazio laburra aukeratu
  2. Irudiak eta musika aukeratu
  3. Hitzak errezitatu eta grabatu
  4. Bideoa editatu: audioa, irudiak eta musika elkartu. Testua idatziz ere ipini.

'Pitxiak' sor ditzakete. Adibiderako:

Beste aukera bat 'book-trailerrak' egitea da, edo kasu honetan 'poema-trailerrak' edo 'ipuin-trailerrak'. Adibiderako, ikusi hau: Estazioko begiradak ipuin-trailerra (Joseba Sarrionandiaren ipuinean oinarritua). 

Ariketa hau talde txikietan egin daiteke (2-3 lagun), eta egindakoa gelakideekin partekatu, ahozko aurkezpen txikiak eginez bideo-emanaldiekin batera. 

 

  • “Bestearen azalean”. Irakurketa ozena egingo dute, bakarka. Ikasle bakoitzak ipuin bat aukeratuko du, eta ozen irakurri. Ipuina norberak sortua edo beste idazle batena izan daiteke.

Irakurketa ozena egiteko, erritmoa, tonua, isiluneak, begirada... kontuan izan beharko dituzte.  Garrantzitsua da testua ondo ezagutzea, barneratzea. Testuan bertan markatu ditzakete isiluneak eta tonu-aldaketak. Ikusi Yolanda Arrietak bere idazketa-tailerretan darabiltzan bide-lerroak: Irakurketa ozenerako jarraibideak  (01:55-04:25). Eta baita Pako Eizagirreren azalpenak ere (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40).

Bakarka egiteko lana izango da. Aukeratutako testua aztertu, eta ikasle bakoitzak zer irakurriko duen erabakitakoan, tonua eta erritmoa erabakiko du, probak eginez: zer tonotan irakurri (umorezkoa, serioa, lasaia…), pertsonaien ahotsak nolakoak izango diren, non egin geldialdiak, zer hitz nabarmendu…

Ozen irakurriko dute, ikaskideen aurrean. Eta izan dituzten sentsazioen berri eman dezakete:

-Gustura sentitu zara? Eroso, deseroso? Urduri, lasai? Disfrutatzen, bukatzeko irrikitan? Beldurrik piztu al zaizu? (Gaizki egiteko beldurra, erridukulua egitekoa…)

Gustura geratu ez badira, hobeto prestatu, eta berriz irakurri dezakete (adibidez, bakarrik egonda, eta grabatu).

Irakurketa grabatu egin daiteke (momentuan bertan edo ondoren), eta horrekin hainbat lanketa egin daitezke. Bi aukera

  1. Audio-ipuina egitea: edizio-programaren bat erabiliz ahotsari musika eta soinuak gehitzea.
  2. Bideo-ipuina egitea: edizio-programaren bat erabiliz ipuina bideo bihurtzea, marrazkiak/irudiak, soinuak eta musika ipinita. Adibiderako, ikus Aittu.eus webguneko ipuinak.

Emaitza ikaskideekin partekatu eta, nahi izanez gero, sare sozialen bidez ere bai.

Beste aukera bat ipuin-kontaketa egitea da, paperik gabe. Kontalaritzaren mundua ezagutzeko, ikus  Nola kontatu ipuin bat? eta Ipuinen transmisioa  bideoak (eta proposamenak). 

 

 4. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: ikus-entzunezkoa, ipuin-kontaketa, audio-ipuina… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen literaturan erabili ohi diren testuen funtzio soziala.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea kontuan hartzen duen landutako testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean, gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea gai den, garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

Idazketa-tailer baterako aholkuak

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Ipuiak sortzeko modurik… edo sortzen ikasteko eta idazten ikasteko eta, bueno, dana ikasteko modurik onena kopiatzea dela iruditzen zait. Ezer ez degu sortzen. Beraz, hartuko nuke gustuko ipuin bat eta fijatuko nitzake nola egina dagon, zein dan estruktura eta zein dan erabili dun estrategia. Iruditzen zait hori gutxitan egiten degula. Hartzen ditugunean… Iruditzen zait idazleek asko egiten degula ikasteko eta kopiatzeko. Hori Harkaitz Canok beti esaten du: “idazle onek lapurtu egiten dute, txarrek kopiatu”. Orduan, ikasteko, lapurtzen ikasteko, kopiatu egin behar da. Eta zenbat eta gehiago eta sofistikatuago egin, ba, sormena deitzen zaio horri, ez?

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Inportantea da ulertzea baita ere sortzaile gehienak –gehienak ez, denak– lapurrak ez badira, kleptomanoak direla. Hau da, kleptomanoa zein da? Kleptomanoa da ezin duena eragotzi lapurtzea eta badauka inpulso bat daramana gauzak lapurtzera. Ezin du ebitatu. Eta idazle batek berdin. Hainbeste gustatu zaio pelikula bateko dialogo zati bat, kantu zati bat, ipuin bat… hainbeste gustatu zaio, ze ezin baitu aguantatu hori berea ez izatea. “Desio dut hori nik idatzi izana. Desio dut personaje horren dialogo zati hori nire burutik atera izana”. Bueno, ez da atera, baina ez da ezer gertatzen. Hartu. Erabili eta eraldatu. Bersioneatu: aldatu lekuz, garaiz, personaiz… Dena idatzia izan da horrela: besteen zerbait gustokoa hartu eta eraldatu. Eraldatu, zure egin arte.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Ez dakit, irakurri degu Danele Sarriugarteren Erraiak. Eta “saiatuko gara imitatzen bere idazkera?”. Ze idazkera oso berezia dauka. Ez? “Saiatuko gara hau imitatzen?”, adibidez. Edo, ez dakit, holako hamaika… ez dakit, hamaika ariketa. Ez? Irakurri dutenaren gainean azterketa eskatu beharrean edo galderak egin beharrean, ba, lan sortzaileak eskatu. Ba, adibidez, hori, ez? Bale, irakurri degu Poza. Bueno, orain egin dezagun hori tristurarekin. Kendu “poza” ta jarri “tristura”. Eta proposatu, ez dakit, ikasleei… tristura lotzeko, ba, nik egin det xomorro diferenteekin, ez? Ba, marigorringo poza, matxinsalto poza, iñurri poza, kilkerren poza... Zer dira poz hoiek, ez? Ba, hartu tristura eta hartu animaliak. Zer da saguxarraren tristura? Zer da balearen tristura? Zer da hartzaren tristura? Ez dakit, ez? Eta ia zer sortzen dan. Eta, orduan, kasu hortan, ez? ba, hamar bertso izateak ya estruktura bat ematen dio: badauka sarrera bat eta badauka ondorio bat. Ba hartu eta kopiatu. Hartu, zortzi poz izan beharrean, zortzi tristura mota zortzi animaliri lotuak. Eta gero, ba, sarrera bat eta amaiera bat. Adibidez, horrela sortu daiteke ipui bat. Edo zortzi beldur.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Gustoko bat hartu, olerki bat hartu –laburra, ahal dala–, adibidez, eta egiteko ariketa bat: ber-idazten jun. Lehenengo, aldatuko dut hitz bat edo izenak aldatuko ditut. Bigarrena, adjetiboak aldatuko ditut. Hirugarrena, aldatuko dut, ba, hasierako zerbait. Laugarrenean aldatuko dut bukaerako zerbait. Berridazten-berridazten jun, gauzak kentzen, aldatzen, kentzen, aldatzen –kendu, aldatu, biak–, harik eta hasieratik ezer berdina ez egon arte.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Eta iruditzen zait, adibidez, irakasleen partetik proposamen polita litzakeela hartzea estrategia desberdinak dauzkaten bost ipuin eta klasean lantzea, ba, nola egin dituzten.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Istorio bati, liburu bati, beste amaiera bat asmatu, beste hasiera bat asmatu… Edo hartu liburu batetik, holan, ra! zabaldu, holan egin: tak! ba horko bi esaldi, edo esaldi bat, hartu, tak! beste esaldi bat, tak! beste esaldi bat, tak! beste esaldi bat. Eta oin denbora labur batean lotu hori. Holako gauza hoiek oso onak dira. Jartzen dute… entrenamendua. Jartzen dute… sormena bai, baina baita ere loturak, lotzea. Lotzea sortzea da.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Hartu, ba, ez dakit, Alaine Agirreren X hil da. Obsesio bat kontatzen du. Bueno, “zuek badaukazue obsesiorik?”. Bale. “Idatziko ditugu hamar esaldi ahalik eta literarioenak, grazia daukatenak, zuen obsesioei buruz? Eta gero egingo dugu danon artean grabaketa bat eta egingo dugu cd bat obsesioz betea? Eta gero jarriko diogu musika eta batek egingo dio azala eta…?” Ez dakit, ez? Ba… gatza. Eta entusiasmo pixka bat.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Eta zentzumenekin ariketa asko egiten ditut. Ba, hori: koloreak deskribatzea eta baita ere emozioak deskribatzea. Emozioak deskribatzea: beste hiztegi bat egin behar dugu, esateko zer den hasarrea. Edo haserrea pertsona balitz, zelakoa izango litzateke. Edo binomio fantastikoa, Rodarik… egiten… egiten zutena. Da: zerikusirik ez daukaten bi objektu, bi gauza, hartu –betaurrekoak eta zerua, bai?– eta egin denbora labur batean… Hori esaten diet: “Ez eman zeuen buruai munduko denbora guztia. Ez. Jarri mobila –horixe daukate eta–, kronometratu, hiru minututan ia zer ateratzen dan”. Baina hiru minututan denbora guztian idazten egon behar duzu, idazketa automatikoa egiteko. Ze, bestelan, geuk erakutsi diegu dana ondo egin behar dala, ordun, autozentsuratu egiten dira “hau gaizki dago, hau gaizki dago, hau gaizki dago, hau gaizki dago” eta azkenean ez daukate ezer.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Idazle bat baita bada baita ere soziologo edo antropologo bat hartzen dituena, ba, perfil ezberdinetako pertsonajeak eta elkarrekin jartzen ditu. Batzutan laboratorio bateko ariketa bat bezala da, ez? Bueno, zer gertatuko litzateke halako kondiziotako halako garaitako halako parajetako pertsona bat maiteminduko balitz beste harako batekin? Ze hori da ia-ia kimika laborategi batean egindako esperimentu bat. Ez? Eta horrek eramaten zaitu, ba, batzuetan leherketa batera, beste batzuetan, ba, esaten genuena, ezusteko emaitza batera edo…

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Edo identidadea. Eta mutila banintz? Edo neska banintz? Edo umea banintz? Eta oin amona banintz? Edo ama; hiru ume banezka? Jolastu beste bat izatera ere.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Nere lehenbiziko gomendioa, taillerrak ematen ditudanean, da: bale, hasiera, korapiloa eta bukaera. Orain segi. Beharbada, ipuin askoren hasiera bukaera da. Zuk kontatu duzu kontatu behar duzuna. Bai. Baina personajeari zer pasa zaio? Eta orain zer? Iritsi dira, zerbait gertatu da, zerbait zure ustez borobila, potoloa, bukaera. Bale, segi. Segi beste bi folioz. Ta gero zer? Beti zaude garaiz hasierakora bueltatzeko. Baina beharbada zuk bukaera zela uste zenuena hasiera besterik ez da.

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970): Nik beti egiten dut aurrera. Hau da, aurrera… batzutan idazten hasten zara eta esaten duzu “hau ez da ona, idazten ari naizena” edo “hau… ez dakit nora noan” edo “hau ez da… ez naiz inora helduko”. Ez? Baina jarraitzen dut. Jarraitzen dut. Eta gero igual ez du balio ezertarako eta fuera, ez? Edo bai. Edo bide bat aurkitzen duzu eta botatzen dituzu hasierako ez dakit zenbat orrialde eta hasten zara hortik. Ez?

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Baita ere erakusten zaie askotan “ipuin bat idatzi ezazu” eta, zera, eskema batekin. Batzuei laguntzen die eskemak, baina beste batzuei ez. Beste… beste bulkada batzuk behar ditugulako sortzeko, ezta? Horrek lagundu egiten du idatzita daukazuna ordenatzen, baina… Eta batzutan ateratzen da horrelaxe: aurkezpena, korapiloa, etena. Teknika bat gehiago da. Pasatzen da hori erabili dala eta saldu dala sormenaren izenean eta sormena hori baino kaotikoagoa da. Hori da egitura mota bat, baina egiturak daude… ba zenbakiekin ematen dizute egitura.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Eta gero dena da lanaren fruitu eta zoriaren fruitu pixka bat. Baina hori esango nioke, ez? Gero ez dela espero behar literatura liburuetan bakarrik egotea. Literatura kantuetan dago, literatura kaleko elkarrizketetan dago; derrepente random batean entzun dugun esaldi bat, lekuz kanpo, kontestuz kanpo, izan daiteke ipuin baten hasiera. Hori ere apropiatu eta guretzat hartu genezake.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Ezin da igerian ikasi ur barik ta salto egin barik uretara. Batzuetan bildurra emoten dau salto egiteak, baina, bueno, ikasi leike igerian apurka-apurka, hankak bustita ta… Hor ere neurria hartu behar da. Nik uste dut kendu behar dugula gauzak txarto egitearen zera hori, ezta? Dana perfekto egin behar dugu.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Eta batzutan ez dakizu zer den; ez dakizu idazten ari zarena kantu bat den, ez dakizu laburmetraje bat den, ez dakizu. Ta, orduan, gainera, konfunditu egiten zara. Ta idazten duzu poema bat eta gero jabetzen zara “A, ez, honek izan behar zuen ipuin bat. Konfunditu egin naiz”. Berdin da. Kontua da saiatzea, ez? Eta batez ere adi egotea. Eta adi bazaude, gero gauzak ikusten dituzu. Beraz, izango duzu zer idatzi.

Joan Mari Irigoien (Donostia, 1948): Irakurriz asko ikasten da. Nik emango nioke idatzi nahi duen norbaiti: irakurri, irakurri eta irakurri. Eta, ahal baldin bada, irakurketa hoiek gidatuak, dakien norbaitek gidatuak.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Irakurriz ikasi egitten da, nahi gabe ere, umiak hizketan ikasten dun bezela edo kaligrafia egiten idazten –letra ondo itten– ikasten dan bezela. Eta hortikan aurrera, ba… hortikan aurrera, uste det, gogua besterik ez da.

Idatzitakoa ozen irakurtzea

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Idazketa tailer guztietan beroketak egiten ditugu bixkorrak, ahoz, idatziz, bixkor, dinamikan, eta gero idatzitako guztia irakurri egiten da. Bueno, guztia edo… Talde haundia bada, danena ezin da irakurri, ze bestelan makaldu egiten da dinamika. Ordun, txandatuz eta hola. Baina egindakoa irakurri egiten dabe. Bai. Bat, oinarrian konturatzen dira “Eske ez zaio entzuten!”, “Altuago egin beharko dozu ba”, “Eske bixkorregi… ez diot piperrik ulertu!”, “Ia”. Eta orduan egiten ditugu: a, e, i, o, u, u, o, i, e, a. Danok. Holakoak tarteka eta benga! Egia da lotsatu egiten direla hasieran norbere gauzak-eta direlako, baina gero erronka bihurtzen da. Eta gero, lehenengo egunean inork ez du eskua jasotzen eta bosgarren egunean…

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Asko gustatzen zait boz gora irakurtzea. Hori egia da. Eta iruditzen zait hori ere oso gutxi lantzen dan zerbait dala. Oso gutxi… Adibidez, Frantzian edo Iparraldean bertan askoz hobeto irakurtzen dute eta lantzen dute ume-umetatik jendaurrean hitz egitea eta irakurtzea. Eta igerri egiten da. Ez da lotsatzen ditun zerbait. Eta, aldiz, hegoaldean, ba…. pff! Ba, da inglesarekin bezela, ez? Ondo ahoskatzeak lotsa ematen digu.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Zuk ahoz gora ez baduzu irakurtzen, beharbada ez zara jabetzen koma baten garrantziaz edo arnasak zenbateraino ematen duen edo. Ez? Boz gora irakurtzeak balio du ez bakarrik konturatzeko idatzi duzunak zentzua duen edo ez, ridikulo sentitzen zaren hori irakurtzen edo ez, edo egundoko pellokeria dan edo benetan hunkitzen zaituen hori irakurtzeak. Ez bakarrik hori, baizik eta konturatzen zara zure arnasaren muga non dagoen. Ez? Orduan, puntuazioa ikasteko, irakurri behar da ahoz gora.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Irakurtzen duzuna mezu bat da eta ikasi behar dugu besteengana zelan heldu behar dugun, ze garrantzia daukan gorputz-adierazpenak, begiek, hizkuntzaren isiluneak... komak, puntuak, puntu eta komak. Hoiek danak baten batek asmatu zitun, ez bakarrik hor dotore egoteko, baizik eta gorputzeko arnasa eta pentsamentua antolatzeko.

-Literaturarekin lotutako beste bi bideo ere baditugu:

Literatura modernoa: hastapenak

Literatura: 70eko hamarkada

 

-Ipuinekin eta kontalaritzarekin lotuta, berriz:

Nola kontatu ipuin bat?

Ipuinen transmisioa

Ipuinak eta txisteak

Hainbat pasadizo

 

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza