Literatura: 70eko hamarkada

Euskarazko literatura modernizatu zuten lehen lanen ostean, zer idazle eta lan plazaratu ziren? Zer berritasun ekarri zuten? 70. hamarkadan ipiniko dugu arreta. Bideo honek euskal literaturaren XX. mendeko bilakaera ezagutzeko balio du.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara, Literatura

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak: 

  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
  • Literatur ondarea ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Irakurtzeko zaletasuna
  • Idazteko eta literatur lanak sortzeko irrika

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egin: 70eko harmarkadako euskal literatura-lanak. Bideo hau ikusi aurretik, Literatura modernoaren hastapenei buruzko bideoa (60ko hamarkada) ikustea gomendatzen dugu, jarraipena ematen baitio. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

 

-70eko hamarkada entzuten duzuenean, zer datorkizue gogora? Zer gertatu zen? Zer giro zegoen Euskal Herrian (frankismoaren amaiera, aldaketa sasoia)?

-Ezagutzen dituzue garai horretako literatura-aldizkariak?

-Zer dakizue Pott bandaz?

-Garai hartako lan batzuk aipatzerik bai?

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ezagutzen ez dituzten terminoak, izenak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, Arantxa Urretabizkaiak Lur argitaletxeko ekipoan Ramon, Ibon, Aresti eta Kintana aipatzen ditu, izen-abizenak osorik esan gabe. Atzerriko hainbat autore aipatzen dira, eta baita Freud-en psikoanalisia ere. Terminologia: “ortodoxia kulturala”, “adierazkortasunaren krisia”, “krudelkeriaren antzerkia”, “modernismoaren kanona”, “espresionistak”, “kosmopolita”, “snob”, “performatibitatea”...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Harkaitz Canok dio euskal literatura "anomalia" bat dela, ez genukeela existitu beharko. Ados al zaudete?

-Zer iruditzen zaizue “elur erori berrian ibiltzea”? Zuen ustez, euskal literaturan oraindik egon al daiteke zapaldu gabeko lur-eremurik?

-Lur argitaletxea mugarri bat izan zen euskarazko lanen hedapenean. Zergatik?

-Ezagutzen al zenituzten bideoan aipatzen diren idazleak eta lanak?

-Zeintzuk dira ezagunenak zuentzat? Irakurri dituzue? Irakurritakoak komentatu...

 

Sasoi bateko literatura-aldizkariak on-line daude, Armiarma proiektuan: Ustela, Pott... baita lehenagokoak eta ondorengoak ere. Aukera bat: testu batzuk aukeratu eta gelan irakurtzea.

Pott Banda eredu moduan hartuta, 90eko hamarkadan Lubaki Banda sortu zuen idazle gazte talde batek. Harkaitz Canoren azalpenak: Lubaki bandaren sorrera eta Pott bandaren klona.

-Gaur egun ba al dago literatura-bandarik?

-Zer ezaugarri izan beharko lituzke modernoa izateko? Zer aldatu da ordutik hona?

 

Bernardo Atxagaren Ziutateaz lana iluna dela diote bideoan, eta Atxagak berak sufrimendu handiko garaia izan zela aitortzen du. Zer gertatu zitzaion? Soldaduska garaiko amesgaiztoen jatorria zein izan zen hobeto azaltzen du bideo honetan.  'Krudelkeriaren antzerkiarekin' izan dezakeen lotura ere azter daiteke. Ikus Atxagak Etiopia liburuaz dioena ere: Etiopia lana (00:55). Ruper Ordorika abeslariak (Pott bandako kidea) Etiopiako poemen bertsio musikatua egin zuen, liburua bera baino ezagunagoa bihurtuko zena: Hautsi da anphora. Atxagak disko horri buruz dioena: Ruperren lanaz.

Olaziregik “adierazkortasunaren krisia” eta Samuel Beckett idazlea (absurdoaren antzerkia) aipatzen ditu, Ene Jesus eta Etiopia lanei buruz ari delarik. Hizkuntzaren krisia, adierazkortasunaren porrota... Samuel Becketti buruzko azalpen hau komenta daiteke:

Egile irlandarrak idaztearen, hitz egitearen, inpotentzia irudikatu zuen Molloy edo Malone bezalako pertsonaia atormentatuekin. Bi Mundu Gerrak ezagutu ostean, bizitzaren absurdoa bera, alderik ilunena... testuratu zuen Beckettek. Horregatik dira haren fikziozko unibertsoak hain urratuak, hain hitsak... esperantza ororen hutsaltasuna bizi ondoren, literaturak berak geure buruaz hitz egiteko ere balio ez digulako” (iturria: Wikipedia)

 

Zergatik Panpox lanean Urretabizkaiak Sigmund Freuden psikoanalisiari kritika egiten diola dio Marijo Olaziregik: “Eduki , ez eduki”...

-Zer dio Freudek? Ezagutzen al duzue haren “zakilaren inbidia”ren teoria?

-Zer kritikatu dio feminismoak Freudi?

 

Urretabizkaiaren Zergatik Panpox Virginia Woolf idazlearen Miss Dalloway lanarekin konparatu izan dute. Hona hemen Olaziregik horri buruz dioena: 'Zergatik Panpox' lanaz (02:48tik aurrera).

Bideoan “idazle espresionistak” ere aipatzen dira. Espresionismoa zer den ere aipa daiteke, eta adibideak ipini (pintura, literatura, zinema...).

 

 3. 60ko eta 70eko hamarkadak aldaketa-sasoia izan ziren alde askotatik. Frankismoa amaitzen ari zen, diktadura lasaitzen zihoan, askatasunerako bideak irekitzen... 60ko hamarkadan euskal kulturaren berpizte bat gertatu zen (Ez Dok Amairu, euskalduntze-alfabetatzea, antzerkia...), eta eztanda horrek 70eko hamarkadan izan zuen segida (1975. urtean hil zen Franco, eta lehenengo hauteskunde demokratikoak izan ziren: Eusko Jaurlaritza sortu zenean, euskal kultura diru-laguntza publikoak izaten hasi zen. Orduan sortu zen, besteak beste, EiTB).

Bi hamarkada horietako giroa hobeto ulertzeko, bideo hauek ikusi eta komentatu daitezke:

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

  • “Hitzen arrastoan”. Bideoan aipatzen diren literatura-lanak hobeto ezagutuko ditugu, irakurri gabe ezin baita jakin nolakoak diren.

Gure proposamena 10 liburu eskuratzea da, eta bakoitzetik zatitxo bat irakurri eta aztertzea. Orrialde bat edo testu zatitxo bat izan daiteke. Irakasleak egin dezake aukeraketa, eta ikasleei testuak banatu.

Ajea du Urturik, Anjel Lertxundi (1971)

Sekulorum sekulotan, Patri Urkizu (1971)

Haurgintza minetan, Mikel Zarate (1973)

Ene Jesus, Ramon Saizarbitoria (1976)

Ehun metro, Ramon Saizarbitoria (1976)

Oilarraren promesa, Joan Mari Irigoien (1976)

Zergatik bai, Koldo Izagirre (1976)

Ziutateaz, Bernardo Atxaga (1976)

Etiopia, Bernardo Atxaga (1978)

Zergatik Panpox, Arantxa Urretabizkaia (1979)

Bideoan 70eko hamarkadako liburu bakan batzuk baino ez datoz, eta posible da zerrendan beste liburu batzuk sartzea ere (ikus "Testuingurua" atala). Nahi izanez gero, Pott bandako hiru kideren liburu hauek ere sar daitezke, geroagokoak izan arren:

  • Narrazioak, Joseba Sarrionandia (1983)
  • Dudular, Joxemari Iturralde (1983)
  • Obabakoak, Bernardo Atxaga (1988)

Ikasle guztiek irakurriko dituzte proposatutako testu-zatiak, eta iritzi-trukea egin daiteke. Ondoren, binaka ipini eta bikote bakoitzak liburu bat azter dezake (zozketa egin daiteke, edo nahi dutena irakur dezatela, irakurgaia errepikatu arren). Liburua irakurri ostean, azterketa egiteko, taula hau baliagarria gerta dakieke:

 

Gaia: zeri buruzkoa da?

 



 

Lekua eta garaia: non, noiz... gertatzen da?

 



 

Denbora: orainaldian ala lehenaldian? Ordena: kronologikoa ala saltoak denboran?

 



 

Pertsonaia(k): izaera, ezaugarriak...

 



 

Narratzailea: 1. pertsonan, 2. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa?

 



 

Estiloa: sotila ala barrokoa? Esaldi laburrak ala luzeak? Nolako hitzak darabiltza?

 





 

 

Egindako azterketa eta ateratako ondorioak ikaskideekin partekatzeko, ahozko azalpenak egingo dituzte. Liburuari buruzko oinarrizko datuak eman ditzakete (izenburua, egilea, data) eta ondoren liburuaren ezaugarriak azaldu (gaia, pertsonaiak eta nola dagoen idatzita).

Gehiago irakurtzeko gogoz geratu denak hortxe ditu liburuak. Irakurtzera gonbidatu! Ikasle guztiek liburu bat irakurtzeko konpromisoa har dezakete, eta ondoren literatura solasaldia egin (gainera, nahi izanez gero, egilearekin harremanetan jar daitezke, galderak egiteko; gure klasikoak bizirik egotearen abantaila baliatu dezakete).

Bideoan aipatzen diren beste idazle batzuen lanak ere ekar ditzakegu gelara: Gabriel García Márquez, Juan Rulfo, Thomas Bernhard, Franz Kafka eta Annie Leclerk. Eta 70eko hamarkadan nazioartean sona izan zuten beste liburu batzuk irakurtzea ere proposatu dezakegu. Adibiderako: Patricia Highsmith idazlearen Ripley trebea.

 

  • Sormena lagun. Ikasle bakoitzak testutxo bat sor dezake: narrazio labur bat, poema bat... Abiapuntu moduan, Mirari Sagarzazu marrazkilariaren lau komiki-tira izango ditugu:

Mirari Sagarzazuren komiki-tira1Mirari Sagarzazuren komiki-tira2MIrari Sagarzazuren komiki-tira3Mirari Sagarzazuren komiki-tira4

  1. Komiki-tira aukeratu (onena gela lau taldetan banatu, eta talde bakoitzeko kide guztiek tira bera lantzea izango litzateke; komiki-tirak inprimatuta banatu)
  2. Istorio bat asmatu eta komiki-tiretan esaldiak idatzi, bakarka
  3. Komiki-tiran inspiratutako narrazioa, poema, testutxoa... idatzi, bakarka (emaitzak ez dauka marrazkietan agertzen den istorioari buruz izan beharrik, baina gutxieneko lotura bat izatea komenigarria litzateke; adibidez, pertsonaia, lekua...).
  4. Sormen-lanak partekatu, taldean (4 taldetan banatuta: komiki-tira bera landu duten guztiak elkarrekin)
  5. Sormen-lanak elkartu eta forma eman, taldean (komiki-tira bera landu duten guztiak, 4 talde): irakurketa ozenerako testuak aukeratu, testu berriak sortu...
  6. Irakurketa ozena egin, taldeka (4 taldeek, irakurgaiak guztien artean banatuta), ikaskideen aurrean

 

Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke. Testuak maketatu, osatutako komiki-tiretako bana aukeratuta, eta literatura-aldizkaria presta dezakete. Grabazioa ere izan daiteke, irudiz lagundutakoa (irakurketak grabatu egin daitezke). Talde bakoitzak erabaki dezala proiektu artistikoari zer forma eman eta nola zabaldu. Aukera bat: 4 taldeen lanak elkartzea (antzeko bidea egin baldin badute).

 

  • “Eman iritzia”. Ikasleak booktuber bilakatuko dira. Euskarazko liburuei buruzko iritzia emango dute, Youtube-n zintzilikatzeko egingo dituzten bideo laburren bitartez (minutu eta erdi artekoak). Zer egin behar dute?
    • Liburu bat/ipuin bat aukeratu eta irakurri (euskarazkoa, noski)
    • Idazlea nor den esan
    • Liburuan/ipuinean zer kontatzen den azaldu
    • Iritzia eman, zer gustatu zaien eta zer ez adieraziz

Ikusi Booktuberboom lehiaketarako prestatutako bideo batzuk. Adibiderako: Sara izeneko gizona, Atlas sentimentala, Beti oporretan, Behi euskaldun baten memoriak, Bilbao-New York-Bilbao, Gose jokoak, Nola heldu naiz ni honaino.

 

5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: ikus-entzunezkoa, ipuin-kontaketa, audio-narrazioak… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan eta hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

 

Euskal literatura 70eko hamarkadan

 

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Euskal literatura anomalia bat da, ez? Euskal literaturak ez luke existitu behar, euskerak ez luke existitu behar. Pronostiko guztien arabera, hilik egon beharko genuke. Orduan, euskal literaturaren anomalia zoragarri horietako bat da, gure anormaltasunaren gauza… bentajak eta desabantailak, baina abantailak ere bai, da: gure klasikoak bizirik daudela gehienak. Hori ez da munduko ia inungo literaturatan gertatzen. Klasikoa nor da? Saizarbitoria da klasikoa, Bernardo Atxaga klasikoa da, Arantxa Urretabizkaia klasikoa da... Gure literaturaren gaztetasunaren seinale da esatea oraindik idazten ari diren idazleak ya klasikoak direla, ez?

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Idazle izan nahi duzunean eta batez ere holako herri batian eta garai haietan, eta… ez dago… da… desertu batean zaude. Orduan, ez dago orientaziorik, oso zaila da.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Alde hortatik kriston suertea izan genuen, ezta? Dena asmatzeko, dena... modernoa izatea oso errexa zan, ezta?

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Suerte hori izan gendun, dana egiteko zeon. Eta horrek ere zeukan grazi bat, eta ematen zigun, era berean, askatasun haundiya.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Horrek eman dizkigu aukerak, bide-urratzaile izateko. Uste det Anjel Lertxundik esaten zuen, berak sentitzen zuela, ba, nekezagoa zela euskeraz idaztea, ez? Ba nolabait elurretan joango bazina bezela. Inork ez du zapaldu elur hori eta orduan sartzen dezu zangoa, ba, izterreraino, eta gero beste pauso bat. Inork ez du bide hori zuk baino lehen ibili. Ez? Inork ez du… ze dakit, ba, ni idazten hasi nintzenean jazzari buruz, jazza gustatzen zitzaidalako, ba, euskeraz oso gutxi zegoen. Ta sentitzen zinen, ba, zerorrek lexikoa hautatu edo asmatu behar zenuela, ez? Funtzionatzen du honek euskeraz? Ez? Niri dagokit. Pues pentsa, ze lan neketsua eta ze lan ederra, ez? Pioneroaren lana. Dana elurtza erori beharrian, oinez ibiltzearen plazerra, inor ibili ez den lekuan.

 

Pausoak elurretan: Lur argitaletxetik Pott bandara

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Euskal literaturari dagokionez, 70ak, bueno, ya 60etan hasi, 70ak eta 80ak, Pott banda azaldu arte, dira urte klabeak.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Rikardo Arregiren asmo bati jarraiki hasi ginen gu batez ere, eta zan dibulgazio liburuak euskeraz ateratzea. Euskaraz liburu irakurterrezak eta entsaio-liburuak batez ere bultzatzea eta tartean baita literatura ere, literatura modernoa. Eta nik esango nuke alderdi hori bete gabe zegoela.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Helburua zan: bat, euskera batua horrek garrantzia haundia zeukan eta bi, guk frogatu nahi gendun euskera gai zala edozertaz jarduteko. Orduan, bi atal zitun Lur-ek: bata zan literatura eta bestia zan saiakera.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Hauxe da Lur ekipoaren lehenbiziko alea edo bilduma, Euskal Elerti 69 deitzen dena.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Ba izan giñan Ramon, Ibon eta ni, eta Bizkaiaren aldetik Aresti eta Kintana. Esaten genun orduan, ez dakit guztiz egia dan, bainon nahiko egia bada: gu ginala lehenengo argitaletxe laikoa, praileen menpe ez zegona.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Jendeak nahi genuen erostea liburuak irakurtzeko eta literatura gustatzen zitzaiolako, eta ez euskerari laguntzeagatik, ezta?

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Eta baita ere garai hortan dago beste literatura esperimental bat, zeresan haundia emango duten eta ematen duten idazleena: Zergatik bai Koldo izagirrerena, testu zoragarria. Bai? Bueno, bakarrizketa bat, bueno, garaiko… nola esango nizueke? Ikusten da garaiko giroa hizkuntzarekiko, gatazka, jazarpena...

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Hemen Sekulorum sekulotan nobela, ba, Ramon Saizarbitoriak egindako hitzaurre eder batekin dago hemen, nere lehen eta azken esperimentu abangoardista.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Ya esperimentatzen goazen eta Sekulorum sekulotan Patri Urkizurena. Punturik gabe idatzitako nobela. Esperimentazioa modan jartzen da. Eta, ordun, ba, pixka bat oso urte gutxitan pasatzen gara nobela existentzialistatik nobela… esperimentazio, ba, bueno, berritzaileenak gure literaturan bizi ditugu oso urte gutxitan.

 

Ajea du Urturik eta Oilarraren promesa

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Gero ya 70eko hastapenetan Hegoameriketako literaturaren eragina: Andu Lertxundiren Ajea du Urturik edo Irigoienen Oilarraren promesa edo Mikel Zarateren Aurkintza minetan

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Eta bai egon zan eragin haundi bat. Sasoi baten asko irakurri zan zera, García Márquez. Gero baita Vargas Llosa eta beste batzuk ere baziran. Eta horrek be eragin haundixa euki zaban, realismo majikoak, euskal literaturan.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Batetik dago literatura sozial bat eta gero bestetik dago Hegoameriketako, ba, bueno, fantasia berri horren oihartzun eta eragina: Rulfo, Márquez baino gehiago bere egiten duen literatura. Eta egiten du, gainera, nobela alegoriko forman. Klaro, frankismo garaian gaude, ezin da diktadorearen jazarpena salatu, eta ordun alegoriak erabiltzen dituzte. Eta nobela hoiek ere oso inportanteak izan ziren.

Joan Mari Irigoien (Donostia, 1948): Ni gogoratzen naiz Pedro Paramo y el llano en llamas irakurri nuenean, gelditu nintzala... bueno, ze ze gauza ederra! Eta, gainera, orri gutxirekin. Eta, bueno, orduan hango eragina batez ere lehenengo liburuetan, Oilarraren promesa eta Poliedroaren hostoak, nabari daiteke, ba, García Márquez-ena eta Juan Rulforen eragina, ba, nabariya, e.

 

Ustela aldizkaria

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Idazle izan nahi duzu, eta ez badago iñolako... nora junik ez baldin badago, ba, zuk zeorrek egiten dezu. Kasu honetan, errexena, biderik errexena da, ba, aldizkari bat egitea. Guk su txiki bat egin gendun, Koldok eta biyok, ba, Ustela. Eta gero Susperregi zan argazkilariya, eta gero Josetxo, Pasaiko pintore bat, eta hua… Hurbildu giñan eta egin genun hori, baina izan zan txotxakin egindako su txiki bat.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Izagirrek eta Atxagak, bueno, kaleratu zuten ale hura, eskela haiek, garaiko ortodoxia kultural eta kultura ulertzeko modu oso instituzionalizatu zaharkitu baten kontra, literatura eta kutltura egiteko modu berriak planteatzen zituzten. Ilustrazioak eta itxura –diseinua bera– begira ze inportantea zen. Literaturaren autonomiaren garaia da, berrikuntzarena...

 

Ene Jesus eta Ehun metro

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): 70eko buelta hortan badago… batetik dago Egunero hasten delako eta gero Saizarbitoriaren beraren bilakaera izugarria Ehun metro eta Ene Jesusekin. Bai? Non euskal literaturak oso urte gutxitan azaleratzen duen adierazkortasunaren krisia, esan nahi eta ezinaren – gai oso… literarioan oso inportantea izan zana, Beckett eta beste idazleekin– krisi hori irudikatzen du euskal literaturak Ene Jesusekin.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Oker ez banago, tiro bat hartzen duen militante baten azkenengo ehun metroak kontatzen ditu, ezta? Oso… gai aldetik ere oso zera da. Bueno, garai hartan, gainera, horrelakoak gertatzen ziran, ze enfrentamenduak sarri izaten ziran ETAkideen eta poliziaren artean eta abar. Eta hori kontatzeko modu hori eta trantze hori, ehun metro horiek kontatzea, ba, oso-oso berritzailea izan zan.

 

Ziutateaz eta Etiopia

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Ziutateaz. Atxagaren nobela bakarra, itzuli ez dana. 76koa hori ere. Bai? Eta diktadorea bizirik zegoen garaitan idatzitakoa, soldaduskan seguraski. Oso nobela... krudelkeriaren antzerkiaren […] hortxe daude. Bai, izugarria da nobela hori. Oso giro beltza.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Bai, hori zuzenean soldaduskatik aterata, hango amesgaiztoak ziran, ez? Sufrimendu ikaragarriya ez zan izan soldaduska bea neretzako, baizik eta soldaduskan neon bitartean gertatu ziran hainbat gauza, soldaduskaz kanpokoak.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Bai, nik uste det dela Atxagaren beharbada libururik radikalena izango da Ziutateaz; beharbada Etiopia baino gehiago. Ziutateaz bada liburu bat iluna, esango nuke; baita ere, batzuetan jarraitzen zaila... Ez oso… Ez dauka zerikusi askorik gero Atxagak jorratu dituen bideekin. Esan dezagun, idazkera klasikoago bat-edo landu du. Baina liburu horretan bazen… ba, ez dakit, nik hartzen diot Thomas Bernhard baten atmosfera edo bestelako giro bat. Ez? Beharbada ez dakit esan kafkianoa, baina pixka bat igual bai. Pertsonaia oso-oso hiritarrak baita ere, euskal literaturan oso arrotzak zirenak, ez? Inkluso momentu batean irakurleari beharbada artifizialak suertatzeko arriskuarekin. Hartzen zituen… Uste dut arrisku asko hartu zituela liburu horretan.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Ez dut berriro irakurri; sufrimendu haundiya eragiten dit liburu horrek.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Eta, noski, Etiopia, Atxagarena, 78an, adierazkortasunaren krisiaz ari garenean. Bai. Hau da… pff! Batzuk enpatxo literario bezela kalifikatu zutena poesia-liburu bikaina, belaunaldiak markatu dituena eta modernismoaren nolabaiteko kanon erabatekoa markatu zuena.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Etiopia zen beste liburu bat guretzako izan zena klabea, ez? Oso-oso liburu jostaria zen, ez? hipermodernoa zen, komiki zatiak zeuden, gauza asko ez genituen ulertzen, erreferentzia biblikoak zeuden... Bueno, zen liburu agorrezin hoietako bat, ez? bueltatzen zinena. Eta oraindik ere esango nuke badela. Bere misterio kutsua mantentzen du... Bai, guretzako izan zen: “A, hau egin daiteke euskaraz? Bueno, beraz ez dago hain gaizki idazle izatea. Saia gaitezen ildo horretatik”, ez?

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Nik uste dut berritasun handia ekarri zuela Atxagak, beste freskura bat.

 

Pott banda

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Irudikatu ezazue Arriaga antzokia; irudikatu ezazue irakurle, literaturzale apasionatu kuadrilla bat.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Joxe Mari Iturralde eta Ordorika Ruper eta… Batez ere bi hoiek eta gero hoien bidez Joseba Sarrionandia eta abar, eta gero etorri zan Jon Juaristi ere eta... Parre itten det ze, bueno, gero oso jende desberdina giñan. Eta Manu Ertzilla eta gero inguruan zebiltzan marrazkilariak eta horrela.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Pottek errotik iraultzen du ipuingintzaren garai hartako panorama: beste aire, beste erreferentzia literarioak ekartzen ditu, literatura egiteko beste modu bat, ba, bueno, espresionistak, autoreak, Kafka, zinea… beste kontu batzuk.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Oso atsegina zan, ba, taldia, ta asko… Nik uste det hoi ere eskola bat, asko erakusten geniyola elkarri. Eta, bueno, gainera, pixkat halako –ez dakit nola esan– espezialidadiak bezela zeuden. Nik uste det Iturralde zala kosmopolitena, gehiena ibilitakoa hor kanpotik. Eta, bueno, Sarrionandia zan orain bezela, ikasle... txingurriya bezela, hau irakurri bestia irakurri ta ez dakit nungo papera ta… Eta Jon Juaristi zan, ba, nola esango nuke? 'Snob', ez? Pixka bat beste literatura hori. Literatura hori; nik esaten det aristokrata izan nahi duten burges txikiena.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Kuriosoa da Potten belaunaldiak nola markatu zuen kanona eta ze eragin euki zuen bereziki poesian eta ipuingintzan. Eta Narrazioak eta Obabakoak markatzen dute biek ala biek euskal kanona genero laburrean. Eta genero hori, ba, horrek arrakasta soziologiko eta irakurleen aldetik haundia du.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Esango nuke guk performatibitatea Pott bandaren bidez jaso genuen, ez? Sarrionandia, Atxaga, Jimu Iturralde... beraiek egiten zituzten irakurraldi hoiengatik hasi ginen gu ere irakurraldiak egiten. Guk asumitzen genuen idazleak ezin zuela etxe zuloan geratu. Bazuela… Bere lanak irakurri behar zituela, defendatu behar zituela, jendeaurrean eman behar zituela… zarata atera behar zela.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Aldizkari hori atera genuen aurrera nolabait. Hamarretikan bederatzi inuzentziya zan. Erabat inuzenteak ginan. Ni erabat inuzentea, ni bederatzi eta erdi. Inuzenteak. Ez dakit, ba, pensatzen nun atera ta… aldizkaria eta hortxe barra-barra zabalduko zala eta euskaldun guztiek luzatuko zutela eskua, aldizkari baten eske ta hola, jo. Zenbat ipurlan egin behar izan genittun. Ba! Baina, bueno, egin gendun eta hor apurtu egin gendun nik uste det… horma bat apurtu gendun. Beira, gure inuzentzian eta gure ttikiyan ta gure txotxak eta gure zeak, baina hor apurtu egin gendun zerbait.

 

Zergatik panpox

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Gero dator Zergatik Panpox 79an. Eta Zergatik panpox da –erabat ados nago Txuma Lasagabasterrekin– nobela... perfektoa. Gustatzen zait izugarri bere laburtasunean.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): A, bai, bai, Zergatik panpox ikaragarria da.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Franco hil zan, eta halako batean hasi zitzaidan berriz idazteko zera hori sartzen. Eta, Franco hil bezain pronto, nik nere inguruan nabaritu nuen aldaketa nagusia eta berehala gertatu zana da nere inguruko bikoteak desegiten hasi zirala, askatasun zera bat sortu alako. Eta, gainera, nere inguruan gizonak ziran alde egiten zutenak. Eta nik orduan ez neukan bikoterik, ez neukan seme-alabarik, bainan agiyan horregatik etortzen zitzaizkidan ingurukoak negar egitera, gizonak utzi zitulako. Eta hemen makina bat malko jasota nago. Eta halako batian pentsatu nun: ba hau kontatuko det. Hortik etorri zan.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Zergatik Panpox da berria zentzu askotan: pertsonaia femeninoa, ama abandonatu bat, gorputzaren... badakizue Adrian Jilkek esan zuena: “Gorputza da nere gotor gatazka leku”. Gorputzarekin idazte hori, emakume… Ba, bueno, Annie Leklerk eta besteek idazten zituzten testuen antzera, hilekoa, gorputza, amatasuna, amatasuna bizitzeko modu… bueno, ez hain idealizatua, semearekin panpoxekin harreman edipiko hori... Freud-i eta Freud-en psikoanalisiari egurra... Hasiera hori: “amestu dut zakil bat dudala hankatartean”... Badakizu, psikoanalisi klasikoan eduki ala ez eduki... feminismoak ondo kritikatu duen kontu hori.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Zergatik Panpox, gainera, hor bere txikitasunean, ez? Ia-ia ipuin luze bat kontsideratu daitekeen narrazio ba, ez? Zenbat gauza kontatzen diren hor.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Interesgarria batez ere, ba, emakumearen ahotsari ematen diolako halako sinesgarritasun bat, ezta? E? Egiantzekotasun bat.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Erreferentzi bat nire gizonezkoz hornitutako euskal letren munduan, ba, “ui! beira honek zelako gauzak esaten ditun”, ezta? Andrazko ikuspegitik. Eta imajinatzen nitun andrak ere ziren zinekoak. Zinemako andreak ikusten nittun hor.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Emakume ikuspegi bat be bai, falta zana beharbada euskal literaturan. Eta, bueno, aitzindaria izan da.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Ni ez nintzan ezer arrarorik egiten ari, nik txikitatik irakurri izan ditut liburuak emakumeek idatziak. Hemen ez zegon, bainon emakume idazleak bazan mende bat gutxienez edo mende eta erdi… gauza normala ziran. Ni ez nintzen ezer arraroa egiten ari, gertatzen da inguruan beste inork euskeraz ez zula egin.

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Izan zitekeela europarra eta modernoa euskeraz. Oso gauza modernoak esaten zituelako, oso gai potenteak lantzen zituelako, musikaren etenik gabeko bakarrizketa horrekin... Ia-ia ikusi egiten zan esaten zuena, sentitu eta ikusi ere bai.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Ahozkotasunaren lanketa hori, ez? Baita ere, ba, Saizarbitoriak ere bazuena bere hastapeneko liburu hoietan...

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Gerra galdu zutenen seme-alabak gaztarora heldu eta letretan hasi giñanian, hor sortu zan etena. Haien seme-alabak –gehiago semeak alabak baino– egin genun etena, eta gaurkotu gendun literatura. Eta orain gure literatura da inguruko edozein literaturaren pareko.



-Bideo hau beste bideo honen jarraipena da: Literatura modernoa: hastapenak (50-60 hamarkadak)

-Gaiarekin lotutako beste bideo batzuk:

-Bideo honetan bereziki 70eko hamarkadako lan batzuk datoz (asko geratu dira kanpoan, ezinbestean). Bideoan aipatzen direnak:

-Anjel Lertxundiren Ajea du Urturik (1971)

-Patri Urkizuren Sekulorum sekulotan (1971)

-Mikel Zarateren Haurgintza minetan (1973)

-Ustela aldizkaria (1975)

-Ramon Saizarbitoriaren Ene Jesus (1976) eta Ehun metro (1976)

-Joan Mari Irigoienen Oilarraren promesa (1976) eta Poliedroaren hostoak (1983)

-Koldo Izagirreren Zergatik bai (1976)

-Bernardo Atxagaren Ziutateaz (1976) eta Etiopia (1978)

-Pott banda (1977)

-Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox (1979)

-70eko hamarkadako lan interesgarriak ugariak dira. Lan batzuk aipatzearren, bideoan ez datozenak:

-Arantxa Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondokoak poesia-lana (1972)

-Andu Lertxundiren Unik arrats artean (1970), Goiko kale (1973) eta Hamaseigarrenean aidanez (1979). Marijo Olaziregiren iritzia.

-Gotzon Garateren Goizuetako ezkongaiak (1979), Esku leuna (1977), Elizondoko eskutitzak (1977) eta Lehortean (1979).

-Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren hamabosteko bazkalondoa (1979). Olaziregiren pasartea.

-Xabier Gereñoren lanak.

-80ko hamarkada ere oso aberatsa izan zen literaturgintzan. Hamarkada horretako lan aipagarrienen artean, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) eta Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) daude. Oh! Euzkadi literatura aldizkaria (Donostia, 1980) ere aipatzekoa da (bideoan Ustela eta Pott aipatu ditugunez). Hamarkada horretan hamaika dira lan esanguratsuak plazaratu zituzten idazleak (Itxaro Borda, Mariasun Landa, Pako Aristi, Koldo Izagirre, Inaxio Mujika Iraola, Hasier Etxeberria...).

-Euskal literaturaren historiari buruzko hainbat ikerlan eta liburu daude, gehiago jakin nahi duenarentzat.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza